"Euskaldunok badakigu zer den gure herriko `besteak', judutarrak, izatea"

  • Jaioterri duen Goiherrin elkartu gara zaldibiarrarekin. UNEDetik kaleratu zutenetik, Pamiela argitaletxeko «Marulanda» sailaren zuzendaritza beste erritmo batekin eramaten du. Ez da geldirik egoten den horietakoa, baina. Joan den hamarkadako eta oraingo euskarazko poesiagintzaz, munduko literaturaz eta bere bilakaera literarioaz jardun dugu Pamielaren azken sirenaren harian: «Gabeziaren Khantoreak» bere azken argitalpena, non idazlearen poemak biltzen diren. Beste literatura, normalizatua ez dena, nahiago du, «normalizatuko guztia ez da ona».


2007ko otsailaren 21ean

«Gabeziaren khantoreak» liburuan bildu dituzu 1980tik aurrera argitaratutako poemak; aldatu egin dituzu, baina.

Ez ditut hainbeste moldatu. Aldaketa batzuek hobeto adierazten dute esan nahi nuena. Beste batzuk, ordea, esan nahi nuena ere aldatu egin dute.

Hasieran bada Foix-ren testu bat, non kontatzen duen behin kaxoi batean poema batzuk aurkitu zituela, eta idazkariari ea norenak ziren galdetzerakoan, esan zion bereak zirela; «Nereak dira?», Foixek harrituta.

Gauza bera gertatu al zaizu zuri ere?

Ez, nik nire poemak ezagutzen ditut, baina berriz irakurtzean hura bera ez naizela konturatu naiz. Gainera, txarrerako zentzu batean: injenuoago zara gaztetan, malizia sartzen zaizu, orduan eta gutxiagotan gorritzen zara... Liburuko burutazio horietan, poemak idazterakoan sentitu eta ikusten nuena jaso dut; bestalde, zenbait kritikok egindako kritika eta adierazpenei erantzuna izan da.

Eraginik izan al dute horiek zugan?

Neureari tematiago eusteko arrazoia izan dira. Normalean oso kritiko gutxik daki poesia estimatzen. Oso gutxi kuantifika daiteke poesiaz. Poesia ez da subjetiboa. Poesian bi momentu daude: Bata da zerbait burura etortzen zaizunekoa, baina gero teknika bat behar da, eta hori gabe ere ezin da poesiarik egin.

Eta zure poesiaren bilakaera bigarren une horretan oinarritu al da?

Hasieran uste duzu burura etortzen zaizun orok balio duela, baina urteak pasatakonturatzen zara denak ez dizula balio. Poliki-poliki, zure amarrak askatzen ari zaren eran, aldeko haize oso gutxi geratzen zaizu, beste ipar bat duzu.

Amarrak askatzen joanda, bultzatzen duen haizea non bilatzen duzu?

Itsas sakon bat bakarrik dago, eta ez dakizu nora zoazen. Hasieran beti ikusten da portua, baina gero eta arriskutsuagoa da literatura. Une batetan joku bat da, baina gero arriskuaren itsasoan sartzen zara. Portuak ez daude eskuragarri.

«Gabeziak»en ondorengo poemek, baina, zer eskaini diete hasierakoei?

Bazirudien nire lehen liburua kaleratzea «argitaratzailearen mesede» modukoa zela. Bigarren eta hirugarrengoetan nire grina hori ez zela horrela frogatzea zen.

Garai hartan, gainera, euskara batuaz idazten zena, salbuespenak salbuespen, gauza gogortu bat zen, batua hizkuntza artritiko bat zen; malgutasuna gabea. Poesia eremu oso tristea zen orduan. Literatura pontifikatzailea zen, ez zuen jendearen esperientzia biltzen.
«Derrotaren fabulak» eta «Osinberdeko khantoreak» idatzi nuenean hitzak gainezka egiten duen gizarte batean aurkitu nintzen. Hitza bere buruari bueltaka ariko balitzaio bezala. Ez da hitzegiten norbere baitatik. Poesia egiterakoan, biluztasuna bilatu nuen, ez erretorika. Egun erretorika, zentzurik txarrenean, kirol komentariogileen artean dago. Hizkuntz biluzi eta tentsoa egin nahi nuen ordutik aurrera. Tentsio ez dadila izan, ordea, «txiripa» bat, bilatutako zerbait baizik. Hizkuntzaren erritmo soziala etengo bagenu bezala, pentsamenduaren erritmo pertsonalera eramateko.

Nola aldatu da zure testuinguru poetikoa hasi zinetik hona?

Nirekin batera hasi zen azaldia filologoena izan zen. Daukagun lilura hitza da, hiztegiarekin idazten da asko. Azkueren hiztegia asko irakurtzen dut nik, eta azkenaldian Mitxelenarena.

Orain beste belaunaldi bat dator, sintaxi barrokoarena. Euskal literaturan jende gutxik irakurri ditu euskal tradizioko testuak, eta uste du asmatzen ari dela, oso modernoa dela. Esan nahiarekin kezkatzen den jendea falta zaigu. Inor ez da berria eta ez du esango beste norbaitek esan ez duena, baina ahalegin bat egin behar da. Euskal Herrian, ez dakit zergaitik, badago literatura irakurtzeko joera. Normalean poesia ona egiten da hemen, egiten den gauzarik onenetakoa. Joseba Sarrionandia, Koldo Izagirre, Itxaro Borda, Jose Luis Otamendi... aipatuko nituzke, baina hainbeste daude onak!

Balioei dagokionez bilakaerarik egon da?

Egunerokotasunera hurbildu gara. Itxaro Bordaren kasua oso aipagarria da, baserritarra izanik kaletarrok ikusten ez ditugunak ikusten ditu lertxunetan, hostoetan... Poesiarekin ez da identifikatu izan baserritarra.

Esan izan didate gauza txikiekiko ardura, egunerokotasunari lotura, emakumea naizelako dela. Hurbiltasun hori, ordea, ezagutza mailan dago. Ezagutzen duzun gauzei buruz egiten baduzu poesia, gauza txikietan erreparatuko duzu. Baina ezagutzen ez duzun gauza bati buruz eginez gero, tradizioak modan jarri duelako-edo, jeneralidadeak besterik ez dituzu egingo. Literaturatzat jotzen da poesia zenbait erreferente dituenean bakarrik. Hiperbalorizatu egin da irakasleek ikasleei transmititu dieten literatura hori eta, alderantziz, norbere esperientziatik abiatuta egiten denari balioa kendu.

Jaten ematen duen literatura kontsumorako literatura da, baina egitekotan nahiago dut ahitzen ez den literatura lortzea. «Normaltzea, herri txikia garela...» gehiegi aipatzen ditugu Euskal Herrian. Zer esan nahi du normaltzeak? Mundu guztia den bezala izan behar dugula, amerikanoa, esaten duten bezala? Proiektu bezala, nik nahiago dut beste produktu bat, beste bizikera eta beste literatura, ez normalizatua. Normalizatuta dagoen guztia ez da ona. Beharrezko parametroa da, baina ez bakarra.

Kanpoko zein poeta dituzu erreferente?

Edmond Jabès bereziki. Judutarra da, Egipton sortua baina 60.ean Frantziara joana. Frantzian konturatu omen zen judu zela, sartu zen kalean jartzen zuelako: «Judutarrak hormara». `Beste' izateaz asko idazten du. Xalbador Garmendiak beti esaten zigun: «Euskara zergaitik ez da hil?». Euskaldunak, judutarrak bezala, estaturik gabeko herria gara. Horrelako herriek ez dute beren historia ezagutzen. Ez daukagu ezagupide korronte ofizial bat hezkuntzan... Euskaldunontzat Euskal Herria gure hizkuntza da, eta honi diogun atxekimenduarekin salbatzen dugu herria, nahiz eta estatua ez lortu. Euskaldunak beti gutxiengoa gara, baina sekula egon al da orain adina euskaldunik? Euskal Herrian atzerritar sentiarazten ez gaituen gauza bakarra gure hizkuntza dugu. Guk badakigu zer den `beste' izatea, gure herriko juduak izatea; gure herriko juduak, masoiak, «marikoiak»... Eta hori ez da, beharbada, gauza txarra.

Horrelako besterik topatu duzu?

Jorge Semprun ere asko atsegin dut. Hau ere judutarren kontzentrazio esparru batean izan zen. Eta kontatzen du nola handik atera zirenean elkarri esaten zioten: «Hau munduari jakinarazi behar diogu», baina batek aipatu zuen: «Baina munduak galdetuko digu zer gertatu zaigun?». Hori da gure diferentzia. Munduak galdetzen al digu nor garen, nora goazen, zer gertatzen zaigun?

Besteren artean ere, Marina Tsvietaieva gustatzen zait. Lesbianismoaren goraipamena egiten du liburu batean, baina bestalde amatasunaren premia aldarrikatzen du, seme edo alabaren haragitasuna. Oso garrantzitsua izan da niretzat.

Pamielako «Marulanda» sailari helduta, kanpoko literatura ezagutzeko sentsibilitate haundia al dago euskal idazleen artean?

Orain arte oso gutxi ekoiztu da euskaraz, eta zaila da topatzea euskal idazle bat besteen berri ez daukanik. «Marulandan» idazle batentzat garrantzitsua izan den idazle kanpotarra itzultzen saiatzen gara alde batetik, baina bestalde idazle horren antologia on bat egiten.

Zuk Mariá Manent aukeratu duzu sailerako. Zergatik?

Kasualitatez irakurri nuen, eta nintzen konturatzen zergatik atsegin nuen ( hori ez zait inoiz gertatu). Beraz, itzultzen hasi nintzen. Zerbait atsegin dudanean euskarara itzultzen dut. Deskribapen oso zehatzak egiten ditu, ia biologoa balitz bezala. Gure eskola surrealismoa izan da, baina honek kontrako joera dauka. Deskribapen zehatza egiten du, ezagutzen duenak bezala idazten du. Gehien harrapatu nauena hori da, gertutasunetik idaztea.

Ez dute elkar kolpatzen «Marulanda»ko zuzendari eta idazle lanak?

Ni literaturara ez naiz modu profesional batean hurbildu, nahiz eta irakasten aritu. Orain, dena den, lehorte une batetan nago, dispertsio une batetan, eta egunen batean «zart!» egingo dut.

Pamielako sirenari bildumei zuzendutako atala zabaldu dio zure liburuak.

Hasierako liburuak argitaratu nahi genituen berriz ere, eta orduan otu zitzaigun bilduma egitea, baina ondoren beste batzu osatu eta argitaratzeko ere. Hurrengoak Jose Luis Otamendi eta Koldo Izagirrerenak izango dira.

Tesia lantzen diharduzu orain, XVI eta XVII mendetako euskarazko testuetan agertzen den emakumearen irudiari buruz. Zein ataletan duzu ikerketa?

Etxepare aztertzen ari naiz orain. Batzuk diote Etxepare feminista zela, testu zehatz bat dela eta. Baina hori ez da horrela, gehiegi sinplifikatzen da. Interesgarria da erlijio gaietan emakumea aztertzea, Eva eta ama-birjinaren irudia, esaterako. Ikuspegi soziologiko batetik aztertu behar da. Oraingoz teilatua jarri diot tesiari.

Hilabete da UNEDetik kanporatuak izan zinetenetik. Zer gertatuko da euskara departamentuarekin?

Euskara departamentua hasieratik zegoen, baina gure asmoa beste lekuetan eskaintzen ez ziren gaiak ematea zen, trataera ezberdinarekin. Euskal filologia irakastea lortu nahi genuen, baina hamahiru urteko gure lanaren lekukoa Filologia Hispanica karreran euskarazko ikasgai bakarra izan da. Eta orain horrek ere ez du irakaslerik, ni bainintzen. Nik ez dut itxaropenik Bergarako UNEDengan.

Hala ere, premiek jarraitzen dute eta ez dugu etsiko, bakoitzak ahal duen moduan jarraituko du.

 

ARANTXA ERASUN


Azkenak
2025-02-13 | Axier Lopez
Balea eta izurde sarraskiaren aurkako boikota

Faroe uharteetan, Ipar Atlantikoko artxipelago bat, Danimarkaren kontrolpean, urtero ehunka zetazeo hiltzen dituzte –normalean milatik gora–. Batzuek "tradizioa" deitzen diote, hainbat mendetako antzinatasuna duelako. Baina odolez gorritutako hondartzan... [+]


2025-02-13 | Gedar
Errusiako gasa Europara itzuli da, TurkStream bidetik

Ukrainako fluxua eten ostean, Errusiako gasa jasotzen jarraituko duela iragarri du Eslovakiak, eta Transnistriak uko egin dio Europaren "laguntzari".


GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldea
“Nola da posible irakasleak EHUn jarraitzea? Urteak daramatza erasoak egiten, eta jakina zen”

Gasteizko Campuseko Filologia Hispanikoko irakasle baten aurkako salaketen berri izan bezain azkar, asanblada irekia egin zuen GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak. Aste bakarrean “hamarnaka” salaketa eta testigantza berri jaso dituzte. Irakaslearen... [+]


Aski Da mugimendua Irungo Udalarekin bildu da: hizkuntza politika berri baten lehen urratsak?

Gabonetako argiak pizteko ekitaldia espainolez egin izanak, Irungo euskaldunak haserretzeaz harago, Aski Da! mugimendua abiatu zuen: herriko 40 elkarteren indarrak batuta, Irungo udal gobernuarekin bildu dira orain, alkatea eta Euskara zinegotzia tarteko, herriko eragileak... [+]


1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Irakasle baten jazarpena eta ukituak
EHUk baieztatu du hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela

EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]


Tabakoaren kea irensten duten haurrek erretzaile aktiboen antzeko arrastoak dituzte DNAn

Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.


2025-02-12 | Hala Bedi
Maren Lazpiur (Ikasle Abertzaleak): “Gizartean gertatzen ari den gorakada erreakzionario horretan, unibertsitatea ez da salbu gelditzen”

Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]


Netanyahuk gerrarekin mehatxu egin du larunbatean preso trukea egiten ez bada

"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]


2025-02-12 | Euskal Irratiak
Marieniako lurren aldeko militanteen epaiketa, irailaren 9ra gibelatua

Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]


Adimen artifizialean 200.000 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu du Europak

Otsailaren 10 eta 11n ehun bat estatuburu elkartu dira Parisen, Adimen Artifizialaren sektoreko ordezkariekin batera, AAri buruzko laugarren gailurraren kari. Abiadura handian garatzen ari den teknologia horri buruzko kezkak eta galderak entzun badira ere, ez zen horientzako... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


Teknologia
Bilakaera kontzientea

Zer jakin behar dut? Norekin erlazionatu behar dut? Non bizi behar dut? Ardura horiekin gabiltza gizakiok gure gizarteen baitan bizitza on baten ideia bizitzeko bidean. Ondo erantzuten ez badakigu, bazterretan geratuko garen beldurrez.

Joan den astean, kanpoan geratzearen... [+]


Eguneraketa berriak daude