"Hobe komertziala balitz baina ezin dut musikaren garrantzia alboratu"


2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Maiatzaren erdialdean izango da kalean J. C. Perezen «Hau berua» bigarren diskoa

Geminis honen aurpegia berriz ere taula gainean ikusteko parada izango dugu aurki. Kontzertuetako martxara itzultzeak errespetua ematen diola aitortu digu, ordea, Juan Carlos Perezek. Bere aurreko diskoaren unibertso hermetikoa alboratuz, «Hau berua» izenekoarekin goxatuko ditu bazterrak.

Doinu beroak al dakarzki Juan Carlos Perezek «Hau Berua» bere bigarren diskoan?

Izenak ez du kantuen ezaugarriekin zerikusirik, diskoaren izenburua amaierarako uzten dut beti eta izen arrunten alde egiten dut, abestiak idazterako orduan azalarazten dudan barnekotasunari pisua kentzeko.

«Hau berua», diskoko kantu baten izena da. Luis Aguilen musikoak ere badu beroari buruzko kantu bat, ikaragarri gustatzen zaidana. Asko erlazionatzen dut Tenesse Williamsen antzezlanekin edota Lusianako beroarekin gainera. Hasieran runba bat sartzeko asmoa ere banuen, baina azkenean atzera egin nuen gainontzeko tenpoen alboan -lasaiagoak- ez zuelako ongi ematen.

Jendeak «Hau berua» entzutean disko komertzial baten aurrean dagoela pentsa dezake...

Hobe horrela balitz, poztuko nintzateke. Baina diskoa ez da inolaz ere komertziala; kantuak barruan dituzun sentzazioekin idazten ditut eta behin osatuak ez dakit azaltzen nola konposatu ditudan. Benetan atsegin handia izango nuke diskoa komertziala balitz, baina ezin dut. Egunen batean lortuko dut musikaren traszendentzia hori alboratu eta zerbait arinagoa konposatzea.

«Atlantic River», zure bakarkako lehen diskoan, pianoa bera eta doinu malenkoniatsuak genituen nagusi. Zer da azken honetaz?

Gitarra gehiago sartu dugu. «Atlantic River» kontzeptualagoa zen, egitura itxiagoak zituen. Ordurarteko guztiarekin apurtu nahi izan nuen, jendeak Itoizen doinuak jarraitzen nituela pentsa ez zezan. Irla bat nintzen. Oraingoa, aldiz, errazagoa da. Pop musika da, ni ere pop musikoa baitnaiz. Hori da nire hizkuntza eta ezin dut besterik aukeratu. Nire ustez egungo musiko guztiok egiten dugu pop-a. Beatles-etatik hasi eta New Age-eraino pop musika dela esan daiteke. Gero eta gehiago nabarmentzen dira hasieran nituen eraginak: Marvin Gate, soul-a eta antzeko erritmoak.

Aurreko beldurrak utzi eta disko hau publikoari begira konposatu duzula esan badaiteke, antzematen al zaio Itoizen kutsurik?

Ez dakit parekotasunik baduen, ikusi egin beharko da. Piskanaka ari naiz neure bidea egiten eta oraindik ez dakit oso ondo nondik nora joko dudan, mantso ibiltzen naiz. Beharbada laugarren edo bostgarren diskoetarako lortuko dut estiloa finkatzea. Nolanahi ere, nahiz disko honetan zein hurrengoetan igarriko betiko Juan Carlos Perez dela, ezin dut aukeratu. Barnean daramat musika hori.

Doinu eta erritmoei dagokionean, ba al dago berritasunik, esperimentatu al duzu?

Erritmo eta egituretan ez dago berezitasunik. Oso disko sanoa osatu dugu; niretzat sanoa dena egiten saiatu naiz. Aurreko diskoan parte hartu zuten lagunetatik gehienak gonbidatu ditut berriz; guztira hamabi gara. Musika tresna berri bakarra bibafronoa da, aspalditik nuen gogoa harek dituen doinuak sartzeko. Horretaz gain, Fran Iturberen gitarrak indar handia du.

Idatziari garrantzi handia eman zenion «Atlantic River»en; oso testu landuak ziren. Erreferentzi metaliterario horiei eutsi al diezu berriz?
Ez, literaturaren garrantzi hori alde batera gelditu da «Hau Berua»n. Musikala da erabat, musikak berea du indarra. Pop musika da horren adibide garbiena; estilo horretan hitzek ez dute garrantzirik. Hainbeste urte eta gero musikarekin edozein lekura iritsi zaitezkela ohartu naiz. Alde horretatik, Itoizen izpiritua berreskuratu dut; orduan ere musikarekin edonora iristen ginen. Gaztetan musika musikagatik atsegin genuen baina gaur atzetik funtzio batekin dator musika eta inguru horretan baztertua sentitzen naiz. Musikak berezkoa duen espresio indarrak gaur ez du baliorik.

Zure ahotsa al da diskoaren protagonista nagusia?

Zenbait kantutan ahotsa ez dago lehen mailan; baina bigarrenerako ere ez dut utzi. Ez dut uste ahotsak protagonismoa galdu duenik. Abestien hitzak nireak dira, gehienetan aurrez pentsatuta nituen istorioez osatuak. Testua askoz ere arinagoa da, musikari garrantzi handiagoa ematen baitiot. Era guztietara zaila da hala ere hitza eta musika ezkontzea.

Zortzi urte pasa dira zuzenenan entzun zintuztegunetik. «Atlantic River» kaleratu ondoren kontzertuak emateko bigarren diskoa atera arte itxaron beharko genuela iragarri zenuen. Prest al dago Juan Carlos Perez?

Orain arte Itoizen errentatik bizi izan naiz eta bada garaia taula gainera bueltatzeko. Errespetu handia ematen dit itzultzea baina astiro kontzertuak prestatzen hasi behar dut. Udara baino lehen bost emanaldi inguru eskainiko ditut, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Neguan Iruñeara iristeko asmoa ere badugu. Hori bai, kontzertu guztiak areto txikietan izango dira.

Jendeartera ateratzea erronka garrantzitsua da niretzat, ezagutzen ez nauten belaunaldi berrien iritzia jasko baitut. Batzutan pentsatzen duzu jendeak zerorrek dituzun erreferentzia berdinak dituela edota norberak egindako lana ulertzen duela, baina ez da beti horrela; ona da barietatea.

Kontzertuez gain, zer nolako promozio lana egingo duzu?

Musika izpiritua berreskuratzeko nahiari jarraituz, bideo bat grabatzeko asmoa dut. Josu Vernerok egingo du. Diskoaren izenburuak berak asko laguntzen dio proiektu honi. Zerbait berezia egin nahi dut, ez baitut alferrikako lana atsegin. Gainera ikusentzuneko komunikabideez kanpo geratzen naiz, nahiz eta arlo horretan lanik egin izan dudan.

Zer irakatsi dizu «Atlantic River»rek?

Gauza asko, ikuspuntu teknikotik bereziki. Jendearen harreraren beldur izan gabe gauzak egin daitezkeela ikasi dut; lehen ez neukan lasaitasun hori. Hala ere, nire musikak izan duen aldaketa ez da aldez aurretik pentsatua izan; behartu gabe atera zait. Aurrekoa ondo saldu zen beti ere kontuan harturik disko hermetikoagoa zela eta horrek beste lan bati ekiteko orduan segurtasuna ematen du.

Zer deritzozu Euskal Herrian dagoen bakarlari musikoen egoerari?

Euskal Herrian bakarlari asko dago. Niri dagokidanez, oraindik ez naiz bakarkako lanera ohitu, denbora asko egin baitnuen taldean. Bakarlarien egoerari dagokionez, uste dut musiko euskaldunak errealitate `birtual' batean bizi garela. Azpiegitura osatua dago erabat, eta kalitatezko gauzak egiten dira baina gero kontzertuetara esaterako ez da jende asko gerturatzen eta gainera euskal musika entzutera soilik euskaldunbak etortzen dira.

37 urterekin iritsi al zaio musika mailako heldutasuna Juan Carlos Perezi?

Baietz esango nuke: bai musikan eta baita gainontzekoan ere. Oso mantso dator hala ere nire heldutasuna. Oso makala naiz eta hori diskoaren doinuetan igartzen da, tenpoak makalagoak dira. Denborarekin argiago ikusten dituzu gauzak, onerako eta txarrerako. Freskotasuna galtzen da, baina esperientzia irabazi. Dena den, azkarregi da nire musika bidearen amaiera bilatzeko. Lauzpabost disko grabatu ondoren perspektiba zabalagoa izango dut, Itoizekin gertatu zitzaidan bezala. Irrika eta presa dut momentu horretara iristeko baina ezin dut lana beste modu batera egin.

 


IXIAR ROZAS


Azkenak
2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Eguneraketa berriak daude