"Izakera sektarioa dugu euskaldunok eta zorte txarra izan dugu beti"

  • Franco hil ondorengo aurreneko lehendakaria, EAko buruzagia, europarlamentario ohia eta kamerak maitatzen duen politikaria bilatu dugu. Eta Iruñeko Gaztelu enparantzako egoitza historikoan aurkituta argazkiak egitera kalera jaitsiarazi dugunean, posatzeak oso urduri jartzen duen gizonarekin egin dugu topo. Gure pozerako, agian politikaria ere azkenean pertsona suertatuko da.


2007ko otsailaren 21ean

ARGIAko dokumentazio sailean arakatuta, dugun Garaikoetxearen argazkirik zaharrena 1977koa da. Aralarko San Migelen egin Alderdi Egunekoa.

Garai hartatik giro baten, politikari ilusioz begiratzeko modu baten eta emozio batzuen oroitzapena gordetzen dut. Modu hori zimelduta dago gaur, tamalez. Gogoan dut joera abertzale ezberdinetako jendeek antolatu genuen hitzaldi ziklo bat, eta nola erabili genuen «Euskadi» hitza lehenbizikotz jendaurrean. Sekulako zirrara sortu zuen «Euskadi» hitza aipatze hutsak. Begira, gaur «Euskadi» hitza lurperatzen ari gara. Herri honen trajediaren erakusgarrietako bat horixe da, ikonoklastak garela, baita geure baitan zirrararik sakonena sorrarazi duten gauzekin ere.

Alderdi Egun hura injenuotasun handiz antolatu zen, eta azpiegitura zailtasun handiz. Hala iritsi ziren asko, Enkarterrietakoak-eta, jadanik dena bukatua zenean. Gaur hura ez da posible, dena teknikaz aztertzen da, azpiegiturak bermatzen dira, komunikabideak eta batik bat telebistak errez irits daitezela... Ordukoa politika egiteko modu injenuoa zen, sofistikaziorik gabea, eta ilusioz betea.

Orduko pertsonalitate haietatik zein duzu gogoan bereziki?

Manuel Irujorekin harreman oso berezia izan nuen. Aspalditik bidaltzen zizkidan gutunak: gero jakin nuen duela gutxi hila den Inzaren galtzerdietan pasatzen zirela. Irujok asko bultzatu ninduen erantzunkizun organikoak har nitzan. Ikastolen mugimenduan sartua nintzen, Principe de Viana erakundean... eta zalantzak nituen alderdi batekin publikoki azaltzeaz.

Baina Ajuriagerrarekin ere harreman espeziala izan nuen. Harrokeriarik gabe esan dezaket nigan konfidantza izan zuela. Nazioarteko harremanen ardura har nezala eskatu zidan, berarekin zenbait bidaia egin ondoren: gizon gaztea eta Bizkaitik urrun bizi nintzena izanik, asko eskertu diot eman zidan konfidantza. Belaunaldi hartako pertsonalitate guztiek piztu dute nigan mirespen handia. Zer esan Joseba Elosegiz...
Joseba Elosegi asko estimatu omen zenuen.

Nire bizitzan aurkitu dudan gizonik leialenetako bat izan da. Armadaren Madrilgo museora zihoanean, han zeukaten ikurrina harrapatzera, aurretik nigana etorri zen: «Hau eta hau egitera noa». Disziplinaz eta garai hartan lehendakaria zenari zor zion errespetuaz, oso beste garai bateko kontzeptu bat zeukan. Joseba Elosegiren mila pasadizo konta nitzake, baina belaunaldi oso bat izan zen holakoa, ez nuke bereizketa mingarririk egin nahi. Gaur, politikan, askoz gehiago jotzen da erosotasunera.

1977tik honera, Nafarroa eta Hegoaldeko beste hiru herrialdeak elkarrengandik urrunago ageri dira.

Irudipen hori dago zabaldua, eta errealitate instituzionala ere hala da. Baina gauzen sakoneko errealitatea beharbada ez da horrela. Garai hartan gauzak neurtzeko barometroa kalea zen, giroa. Gaur bototan neurtzen dira gauzak. Baina kalean, manifestazioetan, gazte jendearen artean, giro euskalduna nabaritzen da, Nafarroko euskaltasuna oso militantea delako. Euskal Herriaren batasunaren kontrako indar politikoak makalagoak bezala dira.

Garai hartan batzuek egin nahi izan genuena arinegi kritikatu izan da. Nafarroa zer zen jakinik _eta hala azaldu da gero_ Hego Euskal Herriaren batasun politikoa guk posible ikusten genuen modu bakarrean lotu nahi izan genuen: orduan autodeterminazioaren leloa bereganatu, Nafarroa Euskadi zela esan eta Gaztelu Plazako egoitzan ikurrina zeukan PSOE konprometituz. Horregatik egin zen Itun Autonomikoa, Maisonave hotelean sinatu zena, bere oinarrien artean autogobernu marko berrian Nafarroa Euskal Herriaren gainerakoarekin integratuko zela zioena. Pasadizo bezala, esango dizut, bazkalondoan gure hitzaldietan ari ginela, PSOEko ordezkari bat zutik jarri eta erdara hutsez aritzea aurpegiratu zigula, ea non zegoen gure euskara. Hola zegoen giroa orduan.

Esplika iezaguzu guzti hori zergatik aldatu zen.

Hasteko, 77ko hauteskundeetan D'Hont legeak gaiztakeria bat egin zigun: Nafarroako ezkerrak diputatu bat gehiago eta UCDk bat gutxiago atera balute, oso bestelako hautetsi batzarra sortuko zen. Baina gehiago ere gertatu zen. Parlamentario gehienek baten aldearekin marko bakarra ez osatzea erabaki ondoren, Iruñean egindako bilkura batean Diputazioan gestora bat antolatzea proposatu nuen, udaletxeetan bezala. Gauzak aldatzeko aukera hori gero HB osatuko zutenen jarreragatik alferrik galdu zen, seguruenik 77ko hauteskundeetan parte hartu ez zutelako. Egunen batean horretaz ere hitzegin beharko da. Asko hitzegiten da ura pasata gero, baina ahal zena egin zela iruditzen zait.
Espainiako Konstituzioaren eta Gernikako Estatutuaren erditzeak ere oso gertutik ezagutu zenituen.

Horietan ere, gehien borrokatu genuen puntua izan zen Nafarroak beste hiru herrialdeen eskubide berak edukitzekoa. 36koan bertan Nafarroari besteekin elkartzeko gehiengo kualifikatua eskatzen zitzaion. Gure negoziaketetan, lehenik eskuinak nahi izan zuen Nafarroari besteekin elkartzeko botoen %75a exijitzea; 2/3etara pasa ziren gero eta azkenik onartu zuten gehiengoarekin aski izatea.

Hurrengo oztopoa izan zen Nafarroaren erabakia behin bakarrik egin ahal izatearena, eta hor egin nuen planto. Gogoratzen naiz, bilkuratik aterata, Ajuriagerra eta Iñigo Agirrerekin. Arzalluzek asko hitzegiten du gauzotaz, aginte faktikoak-eta aipatzen ditu, baina ez daki horretaz ezer, ez baitzen han egon. Azkenean gure tesia nagusitu zen, Nafarroak beste hiruen eskubide berdinak zituela, etenik gabeko eskubideak.
Ezin esan geroztik gauzak asko hobetu direnik.

Errealitatea oso da egoskorra. Bortizkeriak eta horren inguruan antolatu den nahasketa guztiak hesi bat eraiki dute. Nafarroan halako inbasio sentimentu bat zabaldu zen. Aizpunek 77an esan zidan: «Orain arte zuek egin duzue ofentsiba politikoa. Hemendik aurrera gurea ikusi beharko duzu». Lan gogorra egin dute indar nafarzaleek, eta bortizkeriak aitzakia ezin hobea eskaini die. ENAM inguruko taldeek dinamikotasun handia erakutsi dute, baina beren inguruan hesi bat eraiki ere bai. Euskadiren ikuspegi oker bat indartu da, kolonialismo politikoaren beldurra. Ondo manipulatuta, baina EAEk krisi irudia ematen du, langabezia Nafarroaren bi halakoa duena... Orduan baino abertzale gehiago daude Nafarroan gaur, eta 36an eta 31ean baino askoz gehiago _garai hartan ez ginen %9tik pasatzen_ baina ghetto abertzale handi bat dago.

Bortizkeria politikoak bakarrik ezin du hori esplikatu...

Hasteko, PSOEgan oportunismo handi bat dago, jokabide vasquista batetik Nafarroako sozialistak gainerakoetatik banatzera pasatzen direnean. Lider haiek traizio handia egin zuten. Baina euskal sentimendu handirik ez zuen gidari askok eboluzionatu egin du, eta bortizkerian aurkitu dute navarrismoan murgiltzeko estakurua. Egia esan, bortizkeria bukatuz gero ez dakit zenbaitek zertaz hitzegingo lukeen, bere diskurtsoa agortu egingo bailitzateke.

Nafarroan sortu, hazi eta hezi, EAEn lehendakari izan, sorterrian minorian... Nola bizi du hori Garaikoetxeak?

Nire sustrai guztiak hemen daude. Eta gaur gehien kezkatzen nauena aipatu dizudan eten hori da. Nafarroako Gobernuan holako aliantza bitxian horregatik gaude: ikuspegi politiko urrunetatik elkarbizi behar dugula erakusteko, naturaltasunez onartu behar dugula osagai politiko eta kulturazkoak ezberdinak direla, eta kultur osagai horietan datzala Nafarroaren oinarria.

Nafarroan euskal pizkunde garaiko Campion, Oloriz eta abarrek, abertzaleak izan edo ez, naturaltasunez onartzen zuten Nafarroa zela jatorrizko Vasconia. Autokritika bat ere badago honetan, beraz. Alegia, jatorrizko komunitatearekiko atxikimendua ipini behar dugula aukera politikoen aurretik.

Ikusten al duzu 2010. urterako Hegoaldearen artikulazio modu bat?

Ez naiz probidentzialista, baina aukera sortu den bakoitzean zorte txarra izan dugu. 1933an Iruñeko Gaiarre antzokiko batzarrean, Lizarrako Estatutoa bozkatzeko, udal gehienak aldeko botoa ematera zihoazen. Eta unanimitatez onartzen ari zenean gertatu zen zoritxarra: Agirrek urrezko azken hitza eman nahi izan zuen, eta behin bat hasita, Doneztebeko Azaola hasi zen kontra mintzatzen, polemika biztu zen berriro... eta boto gutxi batzuengatik galdu zen aukera.

Historia aztertzen badugu, kasualitate gaiztoz josia daukagu. 1839an, Foruak galduta, lau lurraldeak batean hasi ziren negoziatzen, eta taktika eta erradikaltasun kontuengatik Nafarroak bide bat jarraitu zuen eta beste hiru lurraldeek beste bat. Horregatik diotsut: nik zer dakit zertan bukatuko den guzti hau? Duela lau urte orain EAE eta Nafarroako Gobernuen artean sortu den erakundea aipatze hutsa erokeria izango zen. Bi gobernuetan egoteko baldintzatzat ipini genuen guk, eta hor dago. Bilakaerak konfederal kutsukoa izan beharko du seguruenik, vasco-navarroa. Aspaldi esan nuen hori, eta sekulako kritikak jasan nituen.

Nafartarra izanik EAEn iritsi zara gorenera. Eta sorterrian onarpen berdina ez duzu lortu. Nola bizitzen da hori?

Naturaltasunez. Nafarroa nolakoa den badakit, Lekunberrin egotea zer den eta beste muturrean egotea zer den ere bai. Ongi dakit ze garrantzia dugun hemen, Araban zenbat garen dakidan bezala. Ama bat ere hola maitatzen da, nahiz eta zahartua egon eta batzuetan gogaikarria izan. Bestalde, politikari bezala ilusioetatik ere bizi naiz. Politikan helburuak erdietsitakoan zimeltzen dira ilusioak.

Abertzaleen arteko zatiketa bortizkeriak bakarrik ezin du esplikatu...

Bereizketak taktiketan oinarritzen direnean, beti dago konponbidea, baina zatiketa printzipioetan sustraituta dagoenean leizea izugarria da. Beste garai batean kontraesan nagusia abertzaleen eta espainolisten artean koka zitekeen, baina une honetan hori ilundua dago eta kontraesan nagusia euskaldunen artekoa da. Espainiarrek hori nahi zuten hain zuzen. Tamalez, kontraesan nagusitzat bortizkeria bai-ez horretan datza. Baina EAn ez dugu onartzen beste kontraesana horregatik iluntzerik.

Bortizkeriaren gaian bilakaerarik ikusten duzu?

Olloraren kontuak-eta aipatzen dituzte, baina Ajuria Eneko mahaiak eboluzio bat egin badu funtsean EAren jokabideagatik izan da. Gizarte giroan, kalean, batzuen eta besteen arteko borrokaren gaiztotzean... okerrera egin dugu. Estrategia bat dago horretan, begiratu Oldartzen txostenari. ENAMen zoriontsu daude giro honetan. Eta Madrilen ere bai, abertzaleen arteko borroka interesatzen baitzaie.
Gauzak aldatzeko bidegurutzeak izan dira. Zu lehendakari zinela, mahai bat antolatu zenuen. Aljerreko saioa hor egon zen. Iaz zerbait mugi zitekeela zirudien...

Tamalez, badira herriak, gizarteak, izakerak, burubidean sartzeko leher egin arte nekatzea behar dutenak. Hemen lege hori beteko dela dirudi. Aipatzen duzun 83ko saio hura egin nuenean, gogorik txikiena Madrilgo gobernuak zeukan. ENAMekoen jarrera ikusita ere, ez nuen itxaropen handiegirik. Azkenean, Banco de Vizcayan jarri zuten bonba haren ondoren, mundu guztiak alde egin zuen, eta hala bukatu zen. Aljerreko saio hartan, egoera ez zegoen behar bezain heldua.

Duela gutxi Reynolds irlandarrak zera esan zidan: «Gogoan dut Adams eta McGuinessek duela 19 urte agintea hartu zutenean, izugarri gogorrak ziren. Heldutasunera iristeko denbora behar izan dute». Hemen gauzak azkarrago hobetuko al dira!

Aspalditik aipatzen da gatazka enkistaturik gelditzeko arriskua...

Abertzaleok, oso kontutan eduki behar dugu enkistamendu hori Estatuarentzako oso koste eramangarria dela. Euskadirentzako, aldiz, jasangaitza da. Mugimendu abertzalea kontraesan horretan odolusteak etekin onak ematen dizkie Estatuaren estrategei.

Hogei urte barru, bilobek «baina zer pasatzen zen orduan?» galdetzean, zer esplikatuko diezu?

Askotan esan diet nire kideei ez dugula esan behar hemendik hogei urtera lotsaraziko gaituen ezer. Hogei urte barru harrituta egongo gara: baina nola zegoen hainbeste sektario, hainbeste ikonoklasta... Eta zein ezintasuna bere arerio nagusia non den jabetzen ez den herri honena!
Hemen beti egon dira agramondarrak eta beamondarrak, oinaztar eta ganboarrak, karlistak eta liberalak... Izakera nahiko sektarioa dugu, halako primitibotasun bat ere badugu. Akiduraz iratzarriko gara. Bortizkeriazaleen akiduraz, eta ETA lau egunetan suntsituko zutela uste zutenen agortzez.

EAJ PPrekin ituna egin nahian dabil...

Nik garbi esan nion Aznarri: gurekin ezer egiteko, autodeterminazio eskubidea aurretik. Beste batzuek nahiago dute jabego historikoaz hitzegitea, edo, nork daki, telebistaz. Pujol gutxienez Kataluniarako pezetataz mintzo da. EAJ sozialistekin ere berdin aritu da: tratu ona telebistan, etekin partidistak, eta autogobernu mailan emaitzarik ez. Gu lehengoan gaude. UCDrekin ituna egitea eskandalua izango baitzen, Madrilen. Beste gauza da Euskal Herrian, herritarrek hemen aukeratu dutena asumitzera behartuta zaude.

Itoiz urtegiaz bi hitz.

Mikaztuta nauka Itoizek. Ez dakit gure jarrera ongi esplikatzen ez dugun edo gaizki ulertzen zaigun. Nafarroaren ur beharrak aztertu behar dira lehenik, horren arabera Nafarroako ubidea, eta behar horien neurriko urtegia. Prozedura alderantzizkoa izan da, baina gu tiraka ari gara urtegiaren ondoan kanalak garrantzia izan dezan. Bi muturretako manikeoen erdian, eta denen harrikadak jasaten. Entzutegi Nazionalak ere neurri batean guri eman digu arrazoia.

Ondo dago bortizkeria salatzea, baina gaia behar den moduan zuzendu behar dugu. Irtenbide baketsuaz galdetzen badidazu, ezkor samar nago. Auzitegi Gorenaren erabakiaren zai daude denak, eta horrek ezingo ditu denak pozik utzi.


Azkenak
Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan zehar, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte,... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Sostengua adierazi diote Marieniako lurren aldeko borrokari hogei kolektibok

Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu... [+]


Langile bat hil da Zornotzan, Forest Trafic SL enpresan

Boroa industrialdean hil zen 41 urteko I.P.C langilea, abenduaren 30ean biltegiko inbentarioa egiten ari zenean. ELA eta LAB sindikatuek, eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman dute istripuaren berri.


Heldu-lekua eta kortsea

Arrazoi pedagogiko edo metodologikoengatik, historialariok joera dugu iraganeko aldi historikoak zatikatzeko eta epetan banatzeko. Badira den-denok ezagutzen ditugun aro tradizionalak (Historiaurrea, Antzinaroa, Erdia Aroa, Aro Modernoa eta Garaikidea); baina baita horien... [+]


2025-01-02 | Leire Ibar
AEBetako New Orleans eta Las Vegas hirietako gertaerak “eraso terrorista” gisa ikertzen ari dira

Agintariek ez dute baztertu bi gertaerak elkarren arteko loturarik izatea. New Orleansen, kamioneta baten gisari batek jendetzaren aurka egin du hamabost hildako eta 35 zauritu eraginda. Ordu batzuk geroago, Las Vegasen, Trump International Hotelaren parean auto bat lehertu da,... [+]


Real-PSG partiduan begian zauritutako beste pertsona baten kasua berriz irekitzeko agindu du auzitegiak

Donostian 2024ko martxoan jokatutako futbol partiduaren aurretik Ertzaintzak egindako kargetan, Amaya Zabarte zaleaz gain bigarren pertsona bat zauritu zuten, ustez foam pilota batekin begian jota. Orain, kasu hori ere ikertzeko agindu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.


2025-01-02 | Leire Ibar
Nazioarteko Pilota Federazioak Espainiako Federazioak egindako akusazioak gezurtatu ditu

Espainiako Federazioak salatu du ez zaiola parte hartzen utzi iragan asteburuko Nazioarteko Pilota Federazioaren biltzar nagusian, eta hori “bidegabekeria” dela. Biltzar hartan onartu zuten, bozketan, Euskadiko federazioa nazioartekoaren eskubide osoko kide gisa... [+]


Al-Jazeera telebistaren Zisjordaniako egoitza itxi du Palestinako Aginte Nazionalak

"Sedizioa bultzatzen duelako" hartu du Al-Jazeeraren zabalpena eta lana "aldi baterako" debekatzeko erabakia Palestinako Aginte Nazionalak. PAN "Israelekin lerrokatu izana" deitoratu du komunikabideak, argi utzirik "mehatxuen eta intimidazioen... [+]


Europako ekialdea errusiar gasik gabe utzi du Ukrainak, Gazpromekin hautsita

Gazpromekin zuen kontratua ez du berritu Volodymyr Zelenskyren gobernuak eta, asteazken goizean, Europa ekialdea hornitzeko gasaren fluxua eten du errusiar konpainiak.


Eraikiz kolektiboa: “Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.

 


2024-12-31 | Julene Flamarique
24 urteko espetxe-zigorra bete ostean libre da Guillermo Merino durangarra

Merino 2001. urtean atxilotu zuten, eta dispertsioa jasan du, zigorraren zati handi bat Euskal Herritik kanpoko kartzelatan igaro baitzuen baldintza “zailetan”. Orain, askatasuna berreskuratu du.


Eguneraketa berriak daude