Produktua kalean, irrifarrea ahoan?
Lan honek iraun duen urte t'erdian, hasieratik, buruan neukan guztiak amaiera izango ote zuen pentsatu dut. Urte t'erdi hori igarota, esperotakoa irten da. Kontuan izanik medioa eta lan tresnak aldez aurretik ia ezezagunak nituela, emaitza pozgarria da. Produktuaren planteamentu bera ere medio ezezaguna esperimentatzeko bidetik joan da.
Apustu latza Txalapartak egin duena. Arriskua ere neurri berekoa?
Arrisku ekonomikoa bada. Aldez aurretik Zabaltzenek hainbat kopia erosteko konpromezua hartu zuen arren, beti dago dirua galtzeko arriskua. Nolanahi ere, Txalapartak etorkizunera begiratu du; bazekien estrategikoki erronka honi eustea ezinbestekoa zela. Multimediaren eta argitalpen elektronikoen lasterketan Euskal Herriak beste herrialdeekin batera abiatzeko aukera zuen eta aprobetxatu egin behar zen.
Disko txiki honen atzean zenbat lan dagoen susmatu al dezake inork?
Produktua polita eta erakargarria bada, jendeak zehazki zenbat ez du jakingo, baina lan asko dagoela bai. Txalapartak kaleratutakok, kalitate aldetik jendeari ez diola hutsik egingo uste dut. Aurrez beste CD-ROM batzuk erabili eta ondoren hau hartzen duen jendeak nabarituko du atzean ezkutatzen den ahalegina.
Askotan pentsatzen da garrantzitsuena CD-ROMa bera ateratzea dela, baina ez da ahaztu behar hori euskarria besterik ez dela. Gure erronka euskarri honen erabilpenak aprobetxatuz, kalitate oneko eta gustagarria den produktua kaleratzea izan da.
Abantailarik ere bazenuten, lehenago ETAren historiaren entziklopedia kaleratu baitzuen Txalapartak.
Zortzi aletako entziklopedia hura oinarritzat hartu dugu eta edukina banatzeko zeukan eskema jarraitu: kronologia, agiriak, kontakizuna, hildakoak eta abar. CD-ROMean, ordea, atal bakoitzari beste elementu zenbait erantsi dizkiogu: bideoa dela, kantuak, hitzak...
Kantuek erabilpen ludikoa dute baina horretaz gain, historia azaltzeko balio duten neurrian hautatu ditugu. Bideoak, berriz, dokumentazio funtzioa betetzen du nagusiki. Sartu ditugun 30 zatietan, «23-F»ko kolpea edota 68ko Aberri Egunaren moduko irudiak ikus daitezke.
Horiekin guztiekin batera, hiztegi politikoa ere ageri da CD_ROMean. Oraindik argitaratu gabe zegoen liburukote honek, Euskal Herriarekin lotura duten 600 terminoren azalpena dakar. Kontakizunerako egokia izan zitekeela pentsatuz gehitu dugu elemetu hau; kontakizunaren osagarria da batetik eta zuzeneko kontsulta ere eskaintzen du.
Hainbeste atalen artean ez al da erraza izango nahastea?
Menu nagusiak aukera ematen du elementu guztien artean bakarra aukeratzeko. Kantuetara joanda ere, ondoren beste gai bat hauta daiteke. CD-ROMean zehar ibiltzeko bide ezberdin ugari eskaintzen ditugu. Garrantzitsua da material asko izatea baina era berean beharrezkoa da datu zehatzak aurkitzeko erraztasuna izatea. Horregatik, aurkibide sistema osatua zein hitzen bidez datuak bilatzeko lan tresna sartu ditugu. Kontsultatu eta soilik arakatu nahi dituen erabiltzailearen premiak bermatuta daude.
Aipatutako elementu guztiak sailkatuta daude baina bide batez beraien artean lotuta. Azken finean, entziklopediari erantsitako audio eta bideo osagaiak, gainerako informaziora joateko modua dira eta horrela historia deskubritu.
Aspaldiko agiriak, irudiak, kantuak, erabili dituzue. Bitxikeriarik ere izango duzu kontatzeko.
Kantuekin, esaterako, Elkarrek eta IZk fin lagundu diguten arren, zenbait abestiren bertsio originalak aurkitzeak lanak eman dizkigu. Carreroren «Yup la-la» Baionako Gure Irratian zegoen zinta batean aurkitu genuen. Gezurra dirudi baina «Kalera borrokalari» kantuarena ere- azken urteotan hainbatetan entzuna-, bertsio grabatu bakarra dago, duela zazpi urtekoa. Jende askok pentsatzen duenaren aurka, kantu hori ez da Pantxoa eta Peiorena.
Azken urteotan ordenadoreen laguna, baina ARGIAren hasierako urteetan, «Susa»n, edota «Euskaldunon Egunkaria»ren sorreran izan zinen. Beste garai batzuk al ziren?
Bai eta ez. Orain teknika askoz ere aurreratuagoa da, baina ARGIAn, orain 14-15 urte, lehenengo fotokonposaketa sistemari heldu zionean, hori garai hartan puntakoa zen. Alde horretatik, ez dut uste desberdintasunik dagoenik ordukoa eta oraingoaren artean.
Aldatzen direnak bitartekoak dira. Garai batean ezin pentsa zitekeen edozeinek ordenadorea eta inpresora etxean izanda, aldizkaririk atera zezakenik. Multimediaren meritua da hori: oso baliabide gutxirekin edizioa edonork egin dezake. Edizioaren demokratizazioa bideratu du. Behingoz ez daukagu zertan gure inguruko `handiak' baino askoz ere txikigoak izan; inoiz baino gehiago gure gaitasunaren araberakoa da emaitza.
Euskal prentsan izan duzun esperientzietan bada konstante bat: ez zara soilik produktua egiteaz arduratu; atzean eta ondoren egotea ere garrantzitsua al da?
Horixe da betidanik gehien gustatu izan zaidana. Kazetari edota idazle baino gehiago `konspiratzailea' izan naiz. ARGIAn aritu nintzenean ere, interes handiagoa nuen kultura proiektua bera, euskal kulturaren oinarri izango zen neurrian, aste horretan idatzitako erreportaia interesgarria izatea baino. Noski, honek ez du esanahi nire idatziak txukunak izatea nahi ez nuenik; baina beti egiturengatik sentitu dut pasioa. Egitura mailako aurrerapausuak emateak zirrara berezia eragin izan dit beti. Alegia, jendeak ikusten duena baino gehiago interesatzen zait atzean ezkutatzen den guztia.
Zure begietatik nola igaro da idazmakinetik ordenadorerako jauzia?
Aldez aurretik dirudiena baino normaltasun handiagoz ematen dira tamainu honetako urratsak. Telefonoa sortu zenean ere jendea beldur zen jende arteko harremanak desagertuko ote ziren. Aurrerapen hauek errezeloa dakarte beraiekin eta gainera osasuntsua deritzot errezelo horri; komenigarria da giza faktoreak indarra gal ez dezan.
Zuk ere baduzu, beraz, teknologia berrien arriskuaren errezeloa.
Bai, baina ezbedirdindu egin behar dira errezeloa eta beldurra. Beldurrak norberak barruan ditu eta horiek diagnostikatu eta gainditzen saiatu behar da. Iruditzen zait, ordea, erreparo horien atzean askotan aurrejuizioak ezkutatzen direla eta horiek denborarekin desagertu egiten dira. Teknologia berrian lilura edo modernidadearen lilura da nik ikusten dudan ondorio kaltegarria. Deshumanizazioaz ere hitz egin dezakegu baina kotxeek ekartzen duten deshumanzizazioaz egin dezakegun neurri berean.
Duela 20 urte nabarmenak ziren ordenadorearekiko errezeloak, ezker alderdietako jendearengan bereziki. Hori, baina, bere onera etorri da eta garrantzitsua da hura ez gogoratzea. Ez dut sinisten, zenbaitek dioen moduan Internet-arekin etxe zuloan geldituko garenik. Askotan planteamentu katastrofistak dira eta horietan ez da erori behar.
Kazetaritza eta multimedia produktu hau ezezik, literatura ere landu izan duzu eta genero ezberdinak, gainera. «Ofizio asko pobre seguru», dio esaerak.
Ez naiz sentitzen ofizio askoko pertsona; disziplina askotakoa akaso bai baina ofizioak espezializazio handia eskatzen du. Gehiago naiz disziplina askotako usnatzailea, piska bat ipurterrea ere banaizelako.
CD-ROM hau osatzeko orduan ongi etorri zait. Medio honetan aritzeko beharrezkoa baita aurrez alor askotan aritzea. Lehen esaten nuen `konspiratzaile' izatearen gauzatze praktikoa da CD-ROM hau.
MAITE ARTOLA