«Abertzaleen aukera herri programetan parte hartu eta erabakietan eragitea da»


2021eko uztailaren 19an
Didier Borotrarekin elkarrizketa Iparraldeko egoera instutuzionalaz
«Abertzaleen aukera herri programetan parte hartu eta erabakietan eragitea da»
Didier Borotra, Miarritzeko auzapeza eta UDFko senadorea Frantziako Parlamentuan
Miarritzeko alkate eta Frantziako Parlamentuan senadorea. Bayrouk zuzentzen duen UDF alderdiko kide. Akitaniako Kontseiluko lehendakariorde izan da bost urtez. Euskal sendi ezagun bateko semea da Borotra.
Eginen al diguzu zure buruaren definizio bat, politikari gisa?
Zentroko politikaria naiz. Ene joera politiko ideologikoak kristau-demokratak dira. Europarra eta demokrata definitzen dut neure burua. Demokrata naizen aldetik, sufragio unibertsalaren bitartez eraikitzen den sistemaren aldekoa nauzu. Bere bitartez hautatzen den gehiengoaren erabakiak errespetatzearen aldekoa.
Miarritze biziki aipatua da egun. Udalbatza anitza zuzentzen duzu, abertzaleak barne direla. Berriki, EKErekin akordioa sinatu duzue. Mintzaiguzu amiñi bat honetaz guztiaz.
Duela bost urte, ia esparru ideologiko guztia hartzen zuen kandidatura baten barruan hautatua izan nintzen. Programa batu eta aurrerakoi bati jarraiki, Miarritze herriaren identitate eta baloreak gordetzen saiatzen ari gara.
Hiria hornikuntza berriez garatzea nahi dugu, turismoa dugun diru-iturri nagusia indartu aldera. Aldi berean, herrigintzako politika berbideratuz etxebizitza askoren suntsiketa debekatu dugu; geronen hiriaren identitatearen ezaugarri direlakoan.
Miarritzeko identitatea euskalduna da antzinatik, iragan bateko heredentzia singularra. Geroago, Miarritzek beste arkitektura eta kultura hartu zituen. Biziki garrantzitsua da historia ezagutzea hiriaren garapena ulertu eta aitzinatu ahal izateko.
Abertzaleekin dugun harremana, Miarritzeri buruz daukagun ikuspegi beretsuan garatzen da. Beren xede politikoekin bat ez natorren arren, lurrari dugun atxikimendu berak _Euskal Herriaren garapenaren eskubidean oinarrituak_ posibilitatzen ditu harreman hauek. Politika hau, alderdi guztion artean sinaturiko akordio baten ondorio da.
Zentzu honetan, hiriaren garapen eta bere identitatea balioztatzen duen politika bat martxan jarria dugu. Euskara, euskal kultura eta hezkuntza bermatzen dituen proiektuak lantzen ari gara. Euskal Kultur Erakundearekin, eta Nafarroa Beherea eta Zuberoako hainbat udaletxerekin dihardugu lanean.
Ipar Euskal Herriak berezko erakunderik gabe, funtsezkoa du auzapezen lana. Zertan dira zeuon ekimenak?
Alkateen ekimenak hiru biltzarretan garatzen dira gaur egun. Berauek ongi bereizi behar dira, ordea. Bat, hiru eskualde historikoen biltzarren ondokoa dugu. Erakunde hau oso da dinamikoa, bere helburuak ez dira nahi bezain zehaztuak ordea.
Andre Luberriagak kudeatzen duena dago bestalde, euskal joerako hautetsiak biltzen ditu. Atentzio handiz jarraitzen dut berau, Luberriagak egiten duen lana oso baliagarria baita Euskal Herriarentzat. Aldeak alde, hurbil sentitzen naiz berarengandik.
Hirugarrena, hautetsien kontseilu bat da. «Euskal Herria 2010» proiektuaren inguruan eratua; erabat boluntarista. Iparraldeko kosta eta barnealdearen arteko proiektu komun bat lantzera zuzendua. Biltzar horrek, Erregio eta Departamenduko Garapen Kontseilu Nagusiaren laguntza duela, Baiona-Angelu-Biarritz distrituaren garapena zuzentzea du zeregina; Ipar Euskal Herrian garapenean baitezpadakoa.
Mintza gaitezen beraz, BAB distritua eta barnealdearen arteko garapen eraginkorraz. Zertan da afera hau?
Frantziako Euskal Herriaren garapen ekonomiko, politiko eta kulturalaren plangintzan, BAB delakoa da gakoa. BAB distrituaren alkateetako bat naizen aldetik, Iparraldea, bai barnealdeari begira bai Hegoaldeari begira, garatzearen aldekoa nauzu.
BABen garapena, eta ipar-euskal kosta bere osotasunean, ezin direla deslotu ez barnealdeko garapenetik, ezta Hegoaldetik ere diot neuk. Euskaldun garen aldetik, proiektu orokorra garatu behar dugu; guztienganako solidaritatean.
Jakes Abeberri abertzalea, zure udalbatzan auzapezorde, oso kritikoa azaldu da berriki. Ez baitu nonbait ikusten Iparraldea osotasun batean garatzen ari denik. Zer diozu zuk zeuk?
Jakesekin ados nago zenbait aspektutan. 23 urtez Baionan eramandako politikaren ondorioz, distritu honek bere abantailak lortu baititu. Langabezi tasa beste inon baino apalagoa da distritu honetan. BAB distriturako garatu izan den plan ekonomikoa berrikusi behar da, beraz. Miarritzeko udalbatza osoak ere halaxe dio. Gure udala prest dago distrituaren proiektua berdefinitzeko, baita BABeko gure herrikideak Iparraldeko herri arteko egitura juridiko naturalago batean bil daitezen behartzeko; eskuarmenaren perimetro geografikoa berplanteatzeko. Miarritzeko Udalak bere asmo eta ekimenak norabide horretan garatu nahi ditu, eta halaxe eskatu die Angelu eta Baionako udalei ere.
Kostaldeko goi-mailako turismo guneek ez ote dute barnealdeko nekazari mundua desagertaraziko?
Barnealdeko eta itsas parteko turismogintza ez dira elkarren aurka, osagarriak baizik. Barnealdeko turismoa ez da garatuko laborantza bizirik ez bada, eta laborantza berez ez da aski barnealdea biziarazteko. Turismoak eta laborantzak lagundu eta osatu behar dute elkar. Frantziako Euskal Herriaren garapenaren erronka handienetakoa bat horretan datza. Horretarako, Iparralde osoaren politika ekonomiko oso bat garatu behar dugu, beti ere laborarien iritziak kontuan hartuz, bistan da.
Maastrichtez geroztik, garapen ekonomikoaz hitz egin da usu. Frantzia eta Espainia artean gaudela, nola bizi dituzu Ipar eta Hegoalde arteko harreman politikoak?
Batetik, Hegoaldea da Frantziako Euskal Herriaren garapenerako eremu posible bat. Bestetik, Iparraldea oinarria da Akitaniako erregioarekiko mugaz gaindiko harremanetan. Haatik, Euskadi eta Nafarroako gobernu eta diputazioekiko lankidetza ez da zeregin samurra.
Lehenbizi, frantziar eta espainiar erakundeak ez dira jatorri berekoak. Bigarrenik, eskuartze eremuak ez dira elkarganatzen, eta aldi berean, elkar ezagutzeko, elkarrekin eta sakonean aritu beharra daukagu oraindik ere. Aitormen politiko handiak egin baino, egunez eguneko lan txikiak ekarriko digu elkar ezagutza eta lankidetza.
Bestalde, Europa berria eraikitzen hasi denetik, hego eta ipar arteko harremanak gehiago garatu ez izana, Espainiak monetaz eginiko manipulazioari ere egotzi behar zaio. Monetaren debaluazio konpetitiboak, pezetaren debaluazioa ekarri du azken hiru urteotan: % 30. Frantziak senperrenak egiten ari da bere moneta truke-paritatean mantentzeko. Testuinguru horretan, ez da aski esatea jatorri berekoak eta herri bat osatzen dugula. Ekonomia eremuan, Hegoaldean eta Iparraldean, diziplina bera ezartzen ez den bitartean, nekez garatuko ditugu gure harremanak. Beraz, Euskal Herriaren onerako, ene ustez, soluziobide onena moneta bakarra izatea da.
Europa berrian, ikusten ahal duzu Akitania, EAE eta Nafarroak osaturiko gune politiko-ekonomiko berezko bat?
Ez da ene ikusmolde politikoa. Agian, egunen batean, bi aldeetako komunitateak eskualde batean bilduko dira; hori, baina, ez dut oraingo Europaren eraikuntzaren barruan posible ikusten. Hiru gobernuen arteko harremanak orain diren baino garatuagoak izan beharko lirateke. Borondate politiko kontua da, beti ere, era natural batez ulerturik, elkarlanean oinarriturik.
Alta, ez dut sinesten eskualde nazional berri baten eraikuntzan. Mende honen erdialdeko ikuspegi bat da, gaur egun guztiz zaharkitua. Eskualde komun hauetan dauden errealitate ezberdinek pragmatismo baten alde lan egitea eskatzen dute.
Euskal Departamendu bati oniritzia emango al zenioke, ordea?
Ene iritzirako, ez da berebizikoa Euskal Departamendua sortzea. Departamendu horrek ez baitu signifikazio politikorik izanen. Ezin dugu pentsatu inola ere, esaterako, euskal gobernuak duen eskuartze politikoa izanen dugunik. Departamendu hori, finean, Frantziako administrazioaren beste kate-maila besterik ez da izanen. Kontseilu Nagusiaren esanetara dagoena.
Egia da Euskal Herriaren hautetsi biltzarra izango zela, baina, erakundeak daudenean daudela, garapen proiektu bati elkarrekin ekitea askoz garrantzitsuagoa ikusten dut nihaurk uneon.
Zeure ustez, abertzaleak izanen al dira sekula ezker edota eskuin frantziarren alternatiba politikoa?
Ene iritziz, ez. Arrazoi bategatik: populazioaren osaketa oso kosmopolita ari da garatzen Europan. Ipar-euskal kostaldean dagoen populazioaren herena kanpotarra da. Abertzaleak ez dira espresio sozial aski handirik, eta boterea eskuratzeko modua sufragioa den bitartean, alternatiba sendo bat osatzea ezinezkoa egingo zaiela uste dut.
Abertzaleen oraingo aukerak, herri programetan parte hartzea, erabakietan eragitea eta ardurak konpartitzea dira. Azken urteotan, abertzaleek badute eragin erreala eta positiboa bizitza publikoan. Bere ikusmoldeak malguagoak bihurtzen doazen ahala, are eragingarriagoak izanen dira egiteko publikoan. Instituzioetan parte eta ardura hartzen duten neurrian, are emaitza politiko onuragarriagoak bilduko dituzte. Egungo Europan, joko demokratikoan aritzea dute aukera bakarra.
MIKEL ASURMENDI
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakUDF
PertsonaiazBOROTRA1
EgileezASURMENDI1Politika

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude