Irribarreari irekitako leihoak


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Asisko Urmeneta komikilaria nola sartu zen komikien munduan
Irribarreari irekitako leihoak
Asisko Urmeneta komikilariak bere lanaren nondik norakoak kontatu dizkigu
Komikiaren 100. urteurrena ospatzen ari dela eta, ARGIAko orriak irribarrez eta alaitasunez betetzen duten komikilariez zertxobait gehiago jakitea ere aproposa gerta daiteke. Oraingo honetan, Asisko Urmenetak tinta eta pintzela alde batera utzi eta arte honetan izandako hasierak oroitu, eta lanari buruzko istorioari egin beharko die aurre.
EZ da hau aldizkari honetako orrietan gazte honen komikiak ikusi ahal ditugun lehen aldia. Mattin lagunari esker jarri zen ARGIArekin harremanetan duela bost bat urte, eta duela bi astez geroztik astekari honetako politika saileko orrietan ikus dezakegu berriro marrazkilari honen lana.
Betidaniko afizioa
BETIDANIK atsegin izan du marraztea. Etxean, gainera, giro aproposa aurkitu zuen horretarako, aitak, amak eta anaiek ere marrazten zutelako. Gauzak horrela, 1985. urtean egin zuen bere lehen komikia, Iruñeko Udalak antolatu zuen lehiaketa batean, berak eta lagun batek parte hartu zutela. Ez zen gauza hor geratu, lehiaketa hau eta hurrengo biak irabazi egin baitzituzten. Asiskok dioenez,
«beharbada nik irabazteaz nazkatuta zeudelako edo, laugarren urtean lehiaketako epaimahaikide izateko deitu zidaten».
Hauek izan ziren komikigintzarekin izan zituen lehen kontaktuak.
Harrezkeroztik hasi zuen hainbat fanzine eta komunikabidetako bidaia: «Navarra Hoy»k argitaratzen zuen «Nafarroa Gaur», «Ttipi-Ttapa», «Taupada», «Xut»... besteak beste.
«Baina oso zail da. Beti karpeta besapean hartu eta batetik bestera zure lana besteei erakusten ibiltzea oso gogorra zen; horregatik pentsatu genuen guk zerbait egin behar genuela. Horrela sortu zen `Napartheid'»,
dio Asiskok. Urte batzuk eman ditu bertan marrazten, baina orain txanda jende gazteagoak hartu behar duela iruditzen zaio.
Duela bost urte inguru ARGIAtik deitu zioten bertan parte hartzeko. Orduan ezagutu zituen Mattin eta Morau, marrazkilari eta gidoilaria. «TXT» komiki orrian hasi zen bere marrazki sarituak argitaratzen beste komikilari batzuekin batera, baina aldizkari honetako irakurleei egin zitzaien inkesta batean orri hau gutxien estimatzen zen atala zela izan zen emaitza, eta hori dela eta «TXT» desagertu egin zen. Handik aurrera Asisko, Mattin, Iren, Larra eta Pelman txandaka beste komiki orri bat egiten hasi ziren.
Komiki politikoa
URTE batzuk pasa dira harezkeroztik eta beste hainbat lan egin ondoren, ARGIAko politikako orrian komiki tira bat egiteko proposamena heldu zitzaion duela gutxi Asiskori. Horren emaitza duela hiru astez geroz ikusi ahal dugun «Gibel Aitzi» marrazkia dugu. Izen hau jartzeko arrazoiak marrazkilariak azaldu dizkigu:
«Izenak atzekoz aurrera esan nahi du. `Gibel' hitza atzealdea adierazteko erabiltzen da, eta `aitzi'ren esanahietako bat ere `kontra' da. Bestalde, Nafarroako Zaraitzu aldean `belaitzi' hitzak `biluzik' esan nahi du, eta nire pertsonaiak ere larrugorritan ageri dira. Guztiarekin hitz joko bat egin dut».
«Gibel Aitzi» tiran 3 pertsonaia daude; giza garapenean oinarritzen dira hauek. Nolabait tximinoa nola gizondu zen agertzen da bertan. Lehen pertsonaia `sapiens'a da. Nahiko berria da hau eta helduen moduan irakurri eta aipamenak egiten dituena. Bigarrenak ikuspegi kritikoago bat eransten du, ikuspegi politigoago bat bilatzen du. Hirugarrena `afarensis'a da. Hau ez da hain politikoa, ikonoklastagoa da. Hau eskema politikoei ihes egiten saiatzen da, umorea gehitzen dio komikiari eta ez du politikoki zuzena izan behar.
«Gibel Aitzi»z gain, apiriletik aurrera Asiskoren beste komiki bat ikusteko aukera izango dugu: «I am the Pellot». Aspaldiko egitasmoa da berau, eta hizkuntzaren inguruko bitxikeriak kontatzea izango da marrazki honen helburua.
«Zenbait herritan hau egin izan da, adibidez Galizian `Historia de la lingua', edo `L'histoire de la langue' Frantzian. Euskal Herrian antzeko gauza bat egiteko asmoa nuen. `I am the Pellot' komikian euskararekin eta euskaldunekin loturiko istorioak kontatuko ditugu. Horretarako dokumentatzen ari gara, baina nahiko zaila egiten ari zaigu hau egitea, garai interesgarrienak gutxien dokumentatuta baitaude».
Apiriletik aurrera irakurri eta ikusteko aukera izango dugun marrazki hauek independenteak eta autokonklusiboak izango dira. Gehigarri batean agertuko dira eta beraien luzera ez da beti berdina izango. Helburua ordea bat izango da: flash-en bidez hainbat gauzaren berri ematea, gure gizartean pertsona gutxik ezagutzen dituzten historiak era atsegin batez erakutsi nahi dizkigute Asiskok eta beste kide batzuek.
Lan hau aurrera ateratzeko, Asisko Urmenetak eta lagun batzuek talde bat sortu dute propio, Anitz Txintxon (Idorra) deiturikoa.
«Marrazkilari bakarra ni naiz taldean. Besteek batez ere dokumentazioa bilatu, lortu eta gidoiak egiten dituzte. Lankidetza honi nik ematen diot batasun puntua»,
adierazi digu Asiskok.
«I am the Pellot, biba festa!» izenaren atzean istorio oso bat ezkutatzen da. Egilearen esanetan,
«Pellot Hendaiako kortsario bat izan zen. Bere biktimak hainbat `azerikeriaren' bitartez erakartzen zituen. Itsasontzi bat ikustean sotoan gordetzen ziren piratak. Orduan, itsasontzia gerturatzen ikustean, `I am the Pellot, I am the Pellot!' oihukatzen zuen Pellotek. Ingelesak, pilotua zela ulertuz, inguratu egiten ziren eta hori aprobetxatuz abordajea egiten zuten `Biba Pellot! Biba festa!' ahots batez oihukatuz».
Asisko Urmenetarentzat bere lanak ez du beste inorenaren antzik, baina bere ingurukoek beste autoreen eragina sumatzen diote. Bere estiloa Europako marrazkigintzan kokatzen du, baina asko atsegin zaizkio Latinamerika eta Italiako komikigileak,
«baina noski, nire lagunen lana ere asko atsegin zait. Nire estiloaren ezaugarri bat aipatu beharko banu, nire istorioen amaierak oso lasterrak direla esango nuke. Planteamentua lasaiagoa izaten da, baina bukaera leherketa bat bezalakoa da, Marx anaien filmeetan gertatzen den bezala. Nik gidoiari ematen diot garrantzi handiagoa. Ongi edo gaizki marraztea ez da ez zaila ezta erraza ere, horri ez diot hainbesteko garrantzia ematen».
Komunikatzea helburu
ASISKOK marrazteko grina honela azaldu digu:
«Marrazkiekin ez dut batzuetan irria bilatzen, zerbait komunikatzea izaten da nire helburu nagusia. Komikigintza beti umorearekin lotu izan da, baina ez du zergatik beti horrela izan behar. Batzuk artikuluen bidez komunikatzen dira, beste batzuk, berriz, argazkien bidez. Nik tinta eta pintzelaren bidez egiten dut hori guztia».
IDOIA TORREGARAI
42-43,44

GaiezKulturaArteaKomikigintzKomikilaria
PertsonaiazURMENETA1
EgileezTORREGARAI1Kultura

Azkenak
2024-07-23 | Ahotsa.info
Lizarrako txosnak erdigunean nahi dituztela aldarrikatu dute UPNren bazterketaren aurrean

Lizarrako Udalak datozen jaietarako aurreikusia dagoen jai herrikoien egitaraua arriskuan jarri du. Txosnak erdigunetik kendu eta urrun eta baztertua dagoen zonalde batera eraman nahi ditu.

 


Arabako diputatua zen Modesto Manuel Azkonaren hezurrak bere sorterrira itzuli dira, 88 urteren ostean

1936an fusilatu zuten frankistek, une horietan Arabako diputatua zela, eta herriko beste 42 fusilatuen hilobian bertan sartu zituzten Manuelen gorpuzkinak.


2024-07-23 | Gedar
Ia 100 pertsona migrante bizi izan dira Berango eta Getxo arteko baso batean

Iazko urritik eraiki dituzte hainbat kokaleku jatorri magrebtarreko ia 100 lagunek. Poliziak duela hainbat aste jaso zuen haiek basotik botatzeko agindua.


AEBek “portu humanitarioa” kenduko dute Gazatik, bertatik laguntzarik ia sartu gabe

25 egun baino gutxiagoz egon da martxan hasieratik polemikoa izan zen portua. “Distrakzio neurria” izan dela salatu dute eragile ugarik.


Milioika migratzaile esplotazioaren eta eskubide gehiegikerien biktima, Europako nekazaritza-sektorean

Langile migratzaileek indarkeria, lanaldi luzeak eta ordainketa eskasak modu ohikoan jasaten dituzte, Europako bederatzi estatutan egindako ikerketa baten arabera. Gutxienekoa baino soldata baxuagoak jaso ohi dituzte ia estatu guztietan, eta emakumeek are soldata baxuagoak.


Greba egingo dute asteartean Iruñeko FCC-ko langileek, Iosu lankidearen heriotza salatzeko

Lan istripuz 33 pertsona hil dira Euskal Herrian aurten. Azkenekoa, Iruñeko sanferminetan garbiketan lanean ari zen Iosu izeneko langilea. Kamioiaren gainetik erori zen eta hartutako golpe larriaren ondorioz hil da. LABek FCC (Iruñerriko Mankomunitateko... [+]


Bidenek uko egin dio hauteskundeetarako hautagaitzari, eta Kamala Harrisen alde egin du

“Indar guztiak presidente karguan zentratzea” erabaki duela adierazi du, eta Kamala Harris presideneteordeari “babes eta abal osoa” eskaini dizkio. Harrisek baieztatu du bere hautagaitza aurkeztuko duela Alderdi Demokratak presidentegai izendatu dezan... [+]


Hondakinak tratatzeko Artaxoako planta itxita mantentzeko agindu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak

Nafarroako Ecofert Sansoain enpresa itxita dago 20.000 tona hondakin toxiko legez kanpo jasotzeagatik Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik eta Tuterako (Nafarroa) Oleofat enpresatik.


Hamasei hondartza itxi dituzte asteburuan Lapurdin, uraren kalitate eskasagatik

Horrez gain, Biarritzen ostreopsisa atzeman dute, itsas alga toxiko mikroskopiko bat, eta karabela marmokak agertu dira Donostiako kostaldean.


Atsedenerako eskubidea eta beharra aldarrikatu dute zaintza arloko langileek Donostian

Manifestazioa egin dute etxeko eta zaintza arloko langileek igandean, hainbat eragilek deituta. Hitzarmenen premia eta aisiarako eskubidea aldarrikatu dituzte, oztopo burokratikoak salatzearekin batera.


Eguneraketa berriak daude