«ETA eta Estatuaren arteko elkarrizketak ez luke zerikusirik euskaldunokin»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Hauteskunde orokorretako kanpainan ETAren atentatuak eta ondorioak
«ETA eta Estatuaren arteko elkarrizketak ez luke zerikusirik euskaldunokin»
Jose Luis Elorza, PSE-EEko Gipuzkoako zerrendan hirugarrena Kongresurako
Aspalditik Beasainen bizi den arren, sortzez idiazabaldarra. Bere garaian LABen jardun zuen. EIAn egondakoa, gero EEn, azkenik PSE-EEren «epe luzerako proiektuaren aldeko apostua» egiteko.
Sozialistak hauteskundeotara espektatiba txarrekin iritsiko zaretela dirudi. Espainian eta baita hemen ere jaitsiera handia iragarri zaizue.
Euskadi maila eta Estatu maila bereizi behar ditugu. Inkesten arabera PPrekiko lau puntutik hamaika arterako galera dugu uneotan. PPk irabazteko aukera gehiago dituen arren, ez ditut pronostiko guztiak alboratzen. Gainera garrantzitsua izango da oso irabazleak zenbateko diferentziaz irabazten duen. Hau elementu klabea izango da gerora, Madrilgo Gobernuaren osaketa baldintzatuko baitu.
Euskadin egoera ezberdina izan daiteke. Herrialde bakoitzean emaitzak erabat ezberdinak izan ohi dira. Gipuzkoan emaitza onak espero ditut, Gipuzkoan irabazteko aukera handiak baititugu. Araban, berriz, UA aurkezten ez denez, boto portzentaia garrantzitsu baten mugimendua egongo da. Bizkaian Estatuko tendentzia bera ematea oso posible da, PPk igoera nabarmena ezagutu baitu bertan.
Militante sozialista zen Fernando Mujikaren eta zuen oso hurbilekoa zen Tomas y Valienteren hilketek botoetan eraginik izango dutela uste duzu?
Bi hilketok alderdi sozialistari mesede egingo dioten ez dakit, baina zalantzarik gabe, gorde ditzatela horrelako mesedeak. Honelako gertaerek sentimendu aldetik eragin handia izaten dute, baina ez dakit zenbaterainoko eragina izan dezaketen bozkatzerakoan. Horrelako gertaera batek, programetan eta hauteskundeetan esaten diren beste milaka gauza garrantzia gabeko gisa uzten ditu.
Zein klabetan interpretatzen dituzu ETAren azken denborako ekintzak, eta azken biak zehazki?
Horrelakoak gertatu eta HBkoren batekin hitz egiten dudanean beti gauza bera gertatzen zait: «Estatuaren errepresioaren ondorioa da; gatazkak irauten duen artean horrelako ondorioak izango dira» eta antzerakoak esaten dizkidate. Joko horretan jokatzea oso zaila da, eztabaida politikoa aurrera eramaterako denok arau berdinekin jokatu behar baitugu.
Euskal herritar gehienok sekulako gogoa dugu amesgaizto honekin amaitzeko. Arazoa da nola amaituko den, ezen estrategia ugari erabili baitira: kontaktoak edo elkarrizketak izan ala ez, halako Santo Domingora bidali ala ez... Bide horiek ez garamatzate inora. Gainera, politikoki zerbait hitz egin behar bada, ETAk ez dauka inongo aukerarik gauzak planteatzeko, ez baitu inor ordezkatzen.
Eta non geratzen da negoziazio prozesu batean ETAk berarentzat aldarrikatzen duen protagonismoa?
ETAk ez ditu planteamenduak egiten, atentatuak baino, eta atentatuak egin ostean baldintzak jartzen ditu: «Ez badira baldintzok betetzen, sufrimenduak jarraitu egingo du» esaten du. Horren aurrean komandoak atxilotu eta pertsona horiei legea aplikatzeko ahaleginak egin baino ezin dezakegu egin. Hortik aurrera, atentatuei amaiera emanez gero, ETArekin hitz egin daiteke, baina ETAk dituen arazoak konpontzeko baino ez: presoak... Baina hau guztia fase hori amaitutakoan. Aurretik ETArekin negoziazio politiko batera joan? Hor ez dut ikusten irtenbiderik, zeren eta, nor ordezkatzen du ETAk? ETA ez da aurkezten hauteskundeetara; bere babesa HBri ematen dio, eta HBk emaitza batzuk lortzen ditu, herri honen zati bat ordezkatuz.
Politikoki hitz egiteko, joko politiko bat dago. HBrekin eztabaidatu dezakegu politikoki, eta nahi diren gai guztiak planteatu. Baina azkenean joko demokratikoak, herri honen gehiengoak erabaki behar du; eta herri honen ordezkaritza Parlamentuan dago.
«Komandoak atxilotu eta legea aplikatu» diozunean, polizi-bidea planteatzen duzu?
Poliziak bere lana bete behar du. Atentatuen egileak atxilotzen saiatu behar du, epailearen aurrera eraman eta Justiziak erabaki dezala. Poliziak ez du aukerarik politikoki ezer konpontzeko.
Arazo politikoak politikoki konpondu behar dira. Legebiltzarra eta alderdiak horretarako daude: hitz egiteko, akordioetara iristeko... Beste biderik ez dago. ETAk Estatuarekin hitz egin nahi duela? Hitz egin dezala, Estatuak nahi badu, baina horrek ez du zerikusirik euskaldunokin, ez baitute Euskadi ordezkatzen. Euskadi alderdiok ordezkatzen dugu, bakoitzak bere ordezkaritzarekin Parlamentuan.
Egun batzuetako ikuspegiarekin, zer esan nahi du Fernando Mujikaren hilketak?
Batetik, giza-elementu komuna du atentatuan hildako beste edozeinekin. Bestetik, Fernando Mujikak historikoki funtzio garrantzitsuak bete ditu sozialismoan. Alde honetatik, berak ordezkatzen zuen guztiaren kontra joan dira zuzenean.
Nolako giroa dago azken egunotan Gipuzkoako sozialisten artean?
Alderdiari min handia egin dio, baina horren aurrean egin dezakegun gauza bakarra da gure jarrerei eta balore edo bide demokratikoei areago eustea. Guztiok bat egin dugu benetan garrantzitsua dena defenditu eta aldarrikatzeko.
ETAk hauteskundeotan eskua sartuko zuela behin eta berriro esan zen, baina halako eragina izatea espero al zenuen?
Hori beraiek prestatutako estrategia da, ETAren atentatu zuzenen bitartez zein HB bultzatzen ari den estrategiaren bidez: gatazka kalera ateraz, tentsioa areagotuz... Egunotakoa estrategia horren barruan emandako beste urrats bat da. Nork daki hurrengo asteetan zer gertatuko den eta ETAren hurrengo helburuak zein izango diren?
Oso komentatuak izan dira Tomas y Valienteren azken artikulu eta saiakerak. Bere esaldietako bat hauxe: «Ez dakigu nola konpondu ETAren arazoa, eta geuk konpondu beharra dugu».
Indarkeriaren arazo garrantzitsuena euskaldunon artekoa da. ETAren atentatuak bizitzeaz gain, gero horrek herriz herri eragina dauka HBren ordezkaritzarekin. Eguneroko bizitza baldintzatzen du horrek.
Orain arte egin diren gauzetatik at, beste bideren batetik saiatu beharko litzateke?
Hemen urrats asko eman dira: bake mugimenduak, Elkarri-ren saioak, Ajuria Eneko, Madrilgo eta Iruñeko Mahaiak, hainbat foro eta elkarrizketa politiko... Bestelako saiorik egin? Ez du askorako balioko aurretik ez badago jarrera edo borondate argia urratsak emateko. Borondate horrek ENAMen munduan agertu behar du.
ETAk bere ekintzak areagotuz gero, horrek erantzun inkontrolatuak eragin ditzakeela esan du orain gutxi Felipe Gonzalezek. Orain hamar urteko adierazpenak gogorarazi dizkie askori hitz horiek...
Felipe Gonzalezek horrelako zerbait dioenean, denek GAL aipatzen dute. Gauza bat argitu behar da: ETAk atentatua egiten duenean, lehenengo sentsazioa agresibitatearena da. Gonzalezek, nik uste, zera esan nahi zuen: jende askok hala pentsatzen duela pertsonalki. Baina horrek ez du esan nahi hori astakeriak egiteko bermea denik. PSOEk hamaika aldiz adierazi du egin beharrekoa legea errespetatuz egin behar dela.
GAL aipatu duzu. Sekula argituko da erabat?
Azkeneraino iritsi eta GALen arduradunek legearen aurrean beste guztiek bezala ordaintzea nahiko nuke. Espetxeratu behar dena, espetxeratu. GAL etikoki deitoragarria izan da, politikoki desastre hutsa eta polizialki erru galanta.
GAL aferan bi gauza dira azpimarratzekoak: gertatutakoaren errealitatea bata, eta azken urteotako instrumentalizazio politikoa bestea. Azken hau Gobernuaren eta Felipe Gonzalezen irudiak zartatzeko erabili dute. Politikoki, PSOEren Gobernuak erantzukizun argia du kontu honetan: ez zen gai izan GAL ekiditeko. Beste erantzukizunak juridikoak eta penalak dira. Hor harrapatutakoak egokitzen zaion zigorra bete dezala.
Emaizkiozu hiru arrazoi gure irakurleari PSE-EEri botoa emateko.
Lehena: sozialismo demokratikoan sinesten duenarentzat garrantzitsua dela sozialismoak Euskadin indarrak areagotzea. Bigarren arrazoia: alderdi sozialistak sinesten du herri honen etorkizuna Europaren barruan dagoela, eta horretarako Europaren proiektua defenditu egin behar da. Eta urteotan PSOEn gauza bat nabarmendu bada, izan da apustu indartsua egin duela Europaren eraikuntzan. Eta hirugarrenik, desmitifikazioa eman behar dela hainbat sinbolorekiko: euskara, euskaldunak, ikurrina... Euskaltzaleen munduak ez du soilik ikurrina, dantzariak, bertsolariak, aizkolariak eta abar izan behar; Bruce Springsteen entzun eta bertsolariekin aspertu egiten dela esaten duena ere euskaltzale amorratua izan daiteke. Euskararen mundua ireki egin behar da.
Hamalau urteko agintearen ondoren, ez al da aldaketarako unea iritsi Espainiara?
EAJk urte asko daramatza hemen agintean, baina inori ez zaio burutik pasa ez ote den iritsi ordua Euskal Herrian ere aldaketa emateko. Estatuan planteatu egin da, bai, baina planteamendu interesatua da. Ez gaude PPri boterea emateko prest.
Martxoaren 4an ez al da krisian sartuko Eusko Jaurlaritzako koalizioa?
Ez dago arrazoirik hori gertatzeko. Eusko Jaurlaritza hauteskundeetako emaitzekin osatu zen, eta emaitza horiek ezin dira aldatu. PSE-EEren aldetik ez da horrelako ekimenik izanen, eta etortzekotan, EAJtik etorriko litzateke. Baina epe motzean ez dut hori posible ikusten, Ardanzak berak oreka mantentzea duela helburu azaldu izan baitu.
MIKEL JAUREGI
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakPSE
GaiezPolitikaEuskal HerrNegoziazioa
PertsonaiazELORZA3
EgileezJAUREGI5Politika

Azkenak
2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Eguneraketa berriak daude