«ELA eta LABen arteko harremanak are sendoagoak izango dira»


2021eko uztailaren 19an
Rafa Diez, LABeko koordinatzaile nagusiari elkarrizketa
«ELA eta LABen arteko harremanak are sendoagoak izango dira»
RAFA DIEZ
LABek eta ELAk elkarlanari ekin ziotela oraintsu dira bi urte. Tarte honetan sindikatu abertzaleen arteko harremanak sendotu egin direla diosku Rafa Diezek, eta are sendoagoak izan daitezkeela aurrerantzean. Apirilean, kongresua izango du LABek.
Lanbide Heziketa Iraunkorra, Forcem izenekoa dela-eta hitz gogorrak entzun ahal izan dira azken egunotan. `Serbio-sindikalismo' eta antzekorik ere egotzi die LAB-ELAri CCOOeko Santi Bengoak. Argituko al diguzu zer gertatu den Forcem asuntuan?
Heziketa Iraunkorraren inguruan gertatutakoa adibidea besterik ez da, Hego Euskal Herrian hainbat alorretan gertatzen denaren erakusgarria. Sindikatu abertzaleok, ELAk eta LABek, gehiengo garbia dugun arren, ez dugu ahalbide legezkorik hainbat gai aurrera bultzatzeko. Kontratu sistema, despidoak, lan-legeria, industria politika... Hori guztia Madrilen erabakitzen dute. Euskal sindikalgintzaren eskubideak bahituta dituzte, eta horrek defizit demokratikoa adierazten du alor honetan ere.
CCOOek eta UGTk PSOEri txantajea egin omen diote Forcemen kontuan.
Ez dakit txantajea elektoralik izan ote den, baina edonola ere, garrantzizkoena zera da: UGTk eta CCOOek sindikalgintza eredu guztiz zentralista dutela, antiabertzalea, batere autonomiarik gabea. UGTren jokoan sartu da CCOO eta gaur egun Madrilen txotxongiloa besterik ez da sindikatu hau. Bere afiliatuei ez die argitu hemengo CCOOek zer gertatu den Forcem asuntuan. Eta gure aldetik oso erraza da esplikatzen: euskal langileoi milaka milioi pezeta lapurtu dizkigute. Beste hainbat gaitan bezala, Madrilen esku gaude horretan ere.
Forcem-en dirua beren finantziazio ezkuturako erabiltzen ote duten CCOOek eta UGTk? Daturik ez dugu horretaz, baina bai susmorik. Kontuan izan 60.000 milioi pezeta inguru erabiltzen direla Estatu espainiarrean Heziketa Iraunkorrerako. Eta oso eroso dabiltza hor CCOO, UGT eta CEOE. Azken jokabideak ikusirik, susmoak areagotu egin zaizkigu. Alegia, balitekeela Forcemen dirua bi sindikatuon azpi-finantziaziorako erabili izana.
Zertan dira, eta izango, LABen eta KASen arteko harremanak, «Karramarro» txosten famatuaz geroztik?
Orain artean ezagutu dugun KAS desagertua da, edo erakuntza eredua erabat aldatu da behintzat. Horren ondorioz, LABek ez du inolako lotura organikorik KASekin. Horixe da LABen kongresuan ere, datorren apirilean, erakuntza ponentziak aldarrikatuko duena. Hau da, Ezker Abertzaleko erakunde guztiekin `harreman pribilejiatuak' izaten segitzea, baina LABek autonomia osoa izatea bere estrategia eratzeko.
Zer dela eta aldaketa hau? KASek horrelaxe erabaki zuen -geuk ere parte hartu genuen erabakian- eta ongi ikusten dugu, sindikatu bezala, planteamendu hau. Erronka berria izango da guretzat, eta hurrengo urteotan ikusiko ditugu horren emaitzak.
«Sindikalgintza gehiago, politikagintza gutxiago» adierazten al du aldaketa honek?
Ez. LABen izaera sobera argia da: klase sindikatua, abertzalea, sozio-politikoa gara. Interbentzio eta eskuhartze politikotik kanpo geratzeak antzua bilaka lezake gure jarduera. Ezinbestekoa da guretzat Euskal Herriak dituen arazo sozio-ekonomikoei erantzunak ematea arazo poilitikoei bizkarra eman gabe. Elkarri estuki uztartuak daude guztiak, eta arazo sozio-ekonomikoak konpontzen ez baditugu nekez egingo dugu aurrera eraikuntza nazionalean. Eta alderantziz.
Hauteskunde sindikalen emaitzak zer iruditu zaizkizu, bai zeure sindikatuari dagokionez bai oro har?
Emaitza onak direla iruditzen zait LABek eskuratu dituenak. Hego Euskal Herri osoan hedatzea lortu dugu, bai lurralde bai sektoreka, eta sendotu egin da sindikatua. Beraz, geroak ekarriko dituen erronkei aurre egin ahal izateko egoera hobean gaude. Oro har begiratuta, berriz, mapa sindikala geroz eta abertzaleagoa ageri zaigu. ELA-LABek eta CCOO-UGTk dituzten ordezkari kopuruen arteko diferentzia areagotu egin da, 20 puntukoa batez beste momentu honetan.
Sindikatu abertzaleak gorantz; baina politika alorrean ez al da alderantziz gertatzen ari, abertzaleen boto kopurua urritzen bederen?
Zail da uneotan traslazioak egitea alor sindikaletik alor politikora. Nolanahi dela ere, EAJk Madrilekin dituen loturek eraman dute abertzaletasuna impasse moduko gune horretara. Jeltzaleen estrategia bestelakoa balitz, Madrilekiko loturak etengo balituzte, gatazka politikoaren korapiloa askatzerik ere balegoke. Alor sindikalean berriz, bestelako biderik jorratu izan da. LAB eta ELAren arteko elkarlana, adibidez.
Hausnarketa komunak ari gara egiten bi sindikatuok zenbait gairen inguruan azken bi urteotan. Hausnarketak eta ekimenak. Oso inportantea da, nire ustez, ELA apolitizismotik irten eta alor sozio-politikoan ere murgildu izana. Izan ere, sindikalgintzak sozio-politikoa behar du izan, zeren eta bestela neo-liberalismoaren erasoak jan egingo baikaitu.
ELA eta LAB elkarlanean hasi zirela oraintsu dira hain justu bi urte. 1994ko otsailaren 19 hartatik gaurdaino sendotu ala moteldu egin dira harremanak?
Sendotu, esango nuke nik, eta ahalegin horretan dihardugu egun ere. Elkarlanak, ene ustez, bi adar behar ditu izan. Bata sozio-politikoa, eta bestea sozio-ekonomikoa. Lehenbizikoan, ELAk eta LABek eskuhartze eta protagonismo handiagoa beharko lukete Euskal Herriko zeregin politikoetan. Bigarrengoan, sozio-ekonomikoan, esan beharrik ez buru-belarri aritu beharko dugula egoera larri honi _langabezia, desoreka sozialak..._ aurre egiteko ekinean. Geldi ezin dugu egon, derrigor mugitu beharko gara, eta elkarrekin mugitu ere. Eta ondorengo hilabeteotan espero dugu ELA eta LABen arteko harremanak sakontzeko pauso gehiagorik ematea. Bi sindikatuon elkarlanak izan behar du, nire ustez, nazio eraikuntzarako `motorea', zentzu zabalenean.
LABek Alditransen egindako konzentrazioek ez al dute zapuztu elkarlan giroa?
Tirabirak beti izaten dira, izango ere seguru aski, baina ELA-LABen elkarlana ezin dugu koiunturalismoaren baitan utzi. Lehentasunak finkatu behar ditugu, eta dudarik ez aldian aldiko tirabirak baino pisu handiagoa izango duela bi sindikatuen arteko harremanak sendotzeak.
Apirilean, bestalde, kongresua egingo du LABek. Zer berrikuntza ekarriko dizkio sindikatuari ?
Hausnarketa bat eraman nahi dugu apirileko kongresura: sindikalismoa hortxe dago; LAB hor ari da, gorantz; ordezkari kopuru handiagoa dugu... Baina hori ez da nahikoa. Zergatik diodan hori? Sindikalismoa oso ahula delako. Eta ahulezia nabarmena du gainera. Ezin liteke aritu sindikalgintzan, adibide bat aipatzearren, CCOOen modura, «azken urteotan hainbat eta hainbat greba orokor egin ditugu» aldarrikatuz, horrekin dena egina balego bezala. Gainera, esandako greba horietako asko `biziraupen sindikalagatik' egin izan dira.
Sindikalgintza zahartu egin da, ez du jakin neo-liberalismoak sortutako desafio berriei bere burua egokitzen. Eta horregatik iruditzen zait hain garrantzitsua kongresuan hausnarketa sakona egitea honetaz. Sindikalgintzak bi esparrutan aritu beharko du aurrerantzean: lantegietan eta gizartean. Zeren eta beren lanetik bizi direnen, edo bizi nahi dutenen artean zatiketarik ari baita sortzen: lanpostu tinkoa dutenak, behin-behinekoak, langabetuak, autonomoak, jubilatuak, aldi bateko kontratuak dituztenak... Koherentzia teoriko-praktikoa behar dugu, sindikatuaren izaera sozio-politikoa indartu, alternatiba berriak aurkitu eredu ekonomiko honi.
Horretan ahalegintzen ez bagara autokonplazentzian jauzi gintezke. Lan merkatutik kanpo geratzen ari den hainbat jenderengana hurbildu behar dugu, eta horregatik egingo dugu apirileko kongresuan hainbat aldaketa gure barne egituretan.
Azkenik, zer diozu Fernando Mujika Herzogen hilketaz?
Gatazkak lehengo berean segitzen duela adierazten du nire iritziz, eta honenbestez, geroz eta beharrezkoagoa da Euskal Herria eta Estatu espainiarraren arteko auziari irtenbide politikoren bat aurkitzea, negoziazioaren bideari ekitea. Euskal herritarrok gure etorkizun politiko, sozial eta ekonomikoaren jabe izateko dugun eskubidea onartzea, horixe litzateke gatazka amaibidean jartzeko aukera.
XABIER ARANBURU
22-26

GaiezEkonomiaSindikalginSindikatuaLAB
GaiezEkonomiaSindikalginSindikatuenELA-LAB ako
PertsonaiazDIEZ2
EgileezARANBURU6Ekonomia

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude