«Bizkorrak balira, alderdi guztiek beteko lukete Itunaren azken agiria»


2021eko uztailaren 19an
Begoña Lasagabaster EAko politikariari egindako elkarrizketa
«Bizkorrak balira, alderdi guztiek beteko lukete Itunaren azken agiria»
Begoña Lasagabaster, Eusko Alkartasunako zerrendaburua Gipuzkoatik
Martxoaren 3ko hauteskundeetan diputatu aukeratuz gero, ostera berriro, Madrileko lanak amitutakoan, bere abokatu lanbidera itzuliko da. 1992az geroztik, EAko batzorde eragileko kide, Nazioarteko Harremanetan lanean. Irundarra, 33 urte ditu.
EAk Gipuzkoan diputatu bat lortuz gero, Kongresuan ikusiko zaitugu. Zer eman diezaioke Begoña Lasagabasterrek Madrilgo Kongresuari?
Batetik, alderdi baten ordezkari gisa, alderdiak dituen proposamen, ekimen eta pentsamoldeak eramango ditut. Hauetako batzuk ezagunak dira, azken urteetan eraman ditugunak baitira, eta beste batzuk berriak, aurkitzen dugun egoeraren araberakoak.
Bestetik, Begoña Lasagabaster pertsonalki saiatuko da, bizitza politikoan kargu publikorik izan ez duen pertsona bezala, jendeak kalean nahi eta eskatzen duena eramaten, herri honetan jende askok pentsatzen duena eraman eta zer nahi dugun ezagutarazten.
EAk Manuel Ibarrondo eta Koldo Amezketarekin kontatzen du berriro. Zer interpretazio eman diezaiokegu honi?
Bere garaian oinarriko afiliazioarekin asko identifikatzen ziren pertsonak dira, eta hori esanguratsua da. Karisma duten pertsonak beharrezkoak badira ere, beste batzuei lekua utzi zien. Orain oinarriko afiliazioak biok berriz zerrendagai izatea garrantzitsua dela erabaki du, oso langileak direlako, nolabaiteko karisma dutelako eta egin dituzten gauzetan ilusio handia jarri izan dutelako.
Ez da izango, bada, oinarriko afiliazioak ez duelako ikusten pertsona berri karismatikorik?
Ez da horrela. Alderdiaren batzar edo beste edozein bilkuretan jende berri ugari ikus daiteke. Baina ez politikoki edo estrategikoki interesatzen delako, oinarrian ere jende berri asko dagoelako baino. Elkartetxeetara joaten bazara, udal batzordea eta jende gehiena berriak dira. Hala ere, pertsona baten oroitzapen ona izanez gero, bere lana ondo bete bazuen eta langile fina izan bazen, itzuli nahi duenean jende guztiak horiek hartu nahi ditu. Bizitza honetan lan egin nahi duen eta lan egiteaz arduratzen den jende gutxi aurki baitaiteke.
Jende askok galdetzen du ea abertzaleak Madrilgo Parlamentura zertara doazen...
Erabaki guztiak guk har ditzakegun unera arte, eta kontuan hartuz egunero guregan eragina duen legegintzaren zati handi bat han egiten dela, interesgarria da gai eta kontu guztiak landu edo egosten diren lekuan egotea. Badakit ez didatela kasu handiegirik egingo, batik bat Euskal Herriari dagozkion gaietan, baina lanari, ingurugiroari, osasun publikoari, komertzioari eta abarren legeei buruz hemen jendeak zer nahi duen nahikoa garbi dugu. Interesgarria da, gutxienez, hori plazaratu eta hala agertzea.
Euskal Herriko gai zehatzetan sartuz gero, hil ala bizikoa da Madrilera joatea. Hala Euskal Herriko errealitatearen berri eman baikenezake. Guztion artean herritarren portzentaia handi bat ordezkatzen dugu, eta horien iritziaren berri eman genezake.
Baina ez al du atsekabetzen Madrilen aldarrikapen abertzaleen alde lanean jardun eta inork kasurik ez egiteak?
Bai, baina zuk egindako lana hor geratuko da, eta agian noiz bait aterako da lan hori argitara eta kontuan hartuko dute. Nahiz eta askotan basamortuan oihuka ari zarela dirudien, hor egoteak, esan beharrekoak esateak eta lan egiteak zenbait gauza ez ahaztea eragiten du. Hor egon behar da.
Martxoaren 4tik aurrera, Xabier Albisturrekin izan duzuen esperientzia txarra atzean utziko duzue...
Oso gogorra izan da. Nik beste pertsona batzuk ordezkatzen ditut, ordezkatuko ditudan konfiantza duten pertsonak. Bestelako irizpideak baldin baditut, badira beste bide batzuk planteatu ahal izateko. Nik nere jendearen babesa dut eta errespetu osoa zor diet. Zentzu horretan, politikoki, Albisturren jarrera ez da zuzena izan.
EAk ERC eta BNGrekin talde parlamentarioa osa dezakeela zabaldu da, eta hauek lotua dagoenik ukatu egin dute.
Hauteskundeetan ezik, beti konpondu izan gara ondo beraiekin. Orain arte Europako Parlamentuan soilik gauzatzen ziren EA eta ERCren arteko akordioak beste foro batzuetara eramatea ona zen ala ez aztertu genuen. Bakoitzak bere ideia eta programa propioak ditu, baina zenbait gai garrantzitsu baditugu amankomunean. Beraz, botoemaileek nahikoa boto eta diputatu emanez gero, eta Kongresuko araudiak baimentzen baldin badu, talde parlamentario bat osatzea pentsatu genuen. Modu horretan koordinazio maila handiagoa izango dugu, eta amankomunean ditugun gai batzuk iritzi publikora hobeto helarazteko modua izango.
Iñaki Anasagastik orain gutxi esan du EAJ-EA hauteskunde-plataforma batek Gipuzkoan nagusitasuna kenduko liokeela HBri. Pentsatu al du EAk aukera hori aurrera eramaterik?
Edozein politikarik edo alderdik planteatzen dizkigun ideiak pentsatu egiten ditugu. Baina uneotan horrelakorik ez dela komuni iruditzen zaigu. Gainera, beste alderdi politiko bat «izorratzeko» plataforma bat planteatzea ez da oso serioa. Akordio edo plataforma bat planteatzen baduzu, amankomunean dituzun gai eta helburu zehatz batzuk bideratzeko da. Hori da nik ulertzen dudana elkar-laguntza akordioaz. Baina akordioa beste norbaiti oztopoa jartzeko bada soilik, ez zait gustatzen, ez da positiboa. Positiboa litzateke ahaleginen bateratze horri esker herriarentzat praktikoak, zuzenak eta onak diren gauzak aterako balira.
Horrelako eskaintzak beti prentsaren bitartez eta bi egun lehenago egiten dira. Oso kutsu elektoralista dute, zera esanez bezala: «Ikusten, guk proposamena luzatu genien, baina beraiek ez zuten nahi izan». Gauzak serioski egin behar dira, bestela ez egin eta kitto.
Nola daude uneotan EA eta HBren arteko harremanak iazko bilera motz eta gatazkatsuaren ostean?
Ez dute aurrera egin. Eta horrek tristezia eragiten dit, herri honetan ezin baitugu orain gauden moduan segitu. Legealdi honek erabakigarria izan behar du arazo hau gainditzeko.
Guztiok egin behar ditugu ahaleginak, eta are gehiago gizarteak eskatzen dituen joko arauak betetzen ez dituenak. Baina horrek ez du esan nahi beste alderdi politikoek gatazkaren irtenbidea gauzatzeko arduran erantzukizunik ez dugunik. Guztiok mugitu beharra daukagu, bere horretan egotea, geldi, astakeria bailitzateke.
Euskal Herriko baketze prozesuan aurrerapausoren bat emateko aukerarik ikusi zenuen pasa den urtean?
Oso zaila da jakitea zer egosten ari den HBren barruan. Baliteke aurrera egiteko moduko giroa egon izana iaz, baina gero atzera egin dugu berriro. Askotan gertatu izan da hori.
Argi dagoena da antzeko beste gatazka batzuk elkarrizketaren bidera heltzen ari direla: Irlanda, Kortsika, El Salvador... Eta hori da konponbide bakarra. Egia da giro bat sortu beharra dagoela, baina egia da baita ere une batean estrategia zehatz batek geratu egin behar duela. Beraiek ezin dute jarraitu orain bezala.
Jende askoren irudipena da beste aukera bat galdu dela. Noren erruz?
Irudipen hori badago, baina aukera berriak eman eta eragin behar ditugu. Hori da gure ardura. Noren erruz galdu den aukera hori? Guztien erruz. Baina erabakia herriaren esku utziko duen giroa sortu behar da. Behin aukera hori badagoela ikusi eta hitz egiteko konpromezua hartzen dugun unean, beste aldeko erantzunak su-etena izan behar du.
Ajuria Eneko Itunaren azken bileran egon da mugimendu bat, une zehatz baten herriak esaten duena errespetatuko dela onartu zen neurrian. Horra urratsa. Beraz, giro hori ari da sortzen. Orain, ahaleginetan jarri dezagun, eman diezagutela beraiek zerbait: ezin dira bi bahitu eduki...
Noiz eta nola hitz egin behar da ETArekin?
Bi elkarrizketa mota daude: elkarrizketaren zati bat isilekoa da, eta bestea publikoagoa, jada zer negoziatu nahi dugun dakigunean gauzatu beharrekoa. Gainera, ETAk zehazki bereak diren arazoak negoziatu beharko lituzke, nahiz eta denoi eragiten diguten gaiak izan. Beste kontu bat da herri honi dagozkion gaiei buruzko negoziaketa orokorra. Hori ez da ETAren edo Gobernuaren kontua soilik.
Baina beraiek ahalegin handiagoa egin beharko dute, aurrera daramaten estrategiarengatik. Hots, nik ondo edo gaizki hitz egin dezaket, eta kaltea eragin; baina kalte hori konpontzeko modukoa da. Aitzitik, ETAk aurrera daramatzan ekintzen ondorioak eta kalteak konponezinak dira.
Joan den apirileko ETAren agiria, armen presiorik gabe, edozein mahaitan jartzeko modukoa dela esan zion Gorka Agirrek iragan astean ARGIAri.
Eztabaidatu, edozer eztabaida daiteke. Baina pistola bat eskuan duzula mintzo bazatzaizkit, horrela ezin dudala hitz egin esango dizut. Hitz egiteko eseri eta hiru hanka baino ez dituen aulkia jartzen badidazu, ez gaude berdintasun egoeran. Ez balego presio eta estrategia hori, zergatik ez da hitz egingo?
Zein sentsazio utzi dizu Ajuria Eneko Itunaren azken bilerak?
Lehenengo sentsazioa poz handiarena izan nuen. Ikusita aurreko egunetako adierazpenak eta zenbaiten jarrerak, bilera ez zela oso ona izango zirudien. Baina gero alderdi politikoek herriak dioena errespetatuko dutela azaltzen duen agiria onartzea, Konstituzioaren pasarte famatu horri aipamenik egin gabe, oso adierazgarria da.
Zer ekar dezake hitzarmen horrek?
Ikusteke dago, baina idatzia dagoena idatzia dago. Hori bai, agiria sinatu zuten jaunei eta beraien alderdiei esan behar zaie konpromezuak betetzeko direla. Beteko duten? Zalantza handiak ditut. Baina bizkorrak balira, herri honentzat ona zer den ikusiz, bete egin beharko lukete.
MIKEL JAUREGI
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEA
PertsonaiazLASAGABAST2
EgileezJAUREGI5Politika

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude