«Beldur txikiz josita dago kultur mundua»


2021eko uztailaren 19an
Joxerra Gartziari elkarrizketa Leioan
«Beldur txikiz josita dago kultur mundua»
Joxerra Gartzia
Ikastoletan jarduna, irratian saiatua, telebistan ibilia, unibertsitatera sartua, idazleen elkarteko ordezkari eta bertsolarien arteko perrexil. Berrogeita bi urte `gaztez', euskal kulturgintzan ikuspegi zabal samarra dutenetako bat da. Gogoetarako joera dauka, eta hitz jario samurra.
Unibertsitateratu berri samarra zara. Zer aurkitu duzu?
Gizartearen isla, bere gauza on eta miseriena. Kanpotik pentsatzen nuen gizarteko istiluak hemen apur bat baretu egingo zirela, jakintza eta gogoeta tarteko. Baina hemen gaiztoagotu egiten dira istiluok. Interes politikoei interes pertsonalak eta interes akademikoak gehitzen zaizkie hemen. Ondorioz, istiluen mapa gizartean baino ere korapilatsuagoa da.
Herri eleaniztun batzuetan unibertsitate elebakarren bidea hautatu dute. Hemen beste bidea daramagu. EHU izan liteke euskal unibertsitatearen hazia?
Euskararen ingurutik datorren batentzat oso gogorra da ikustea EHUn euskarak zer kontsiderazio gutxi daukan. Euskara ez da ikusi ere egiten. Adibidez, egin berri dira Bilbon Semiotikako II. Jardunaldiak, gure Sailak eta Euskal Semiotika Elkarteak antolatuta. Ez jardunaldi osoan, ez idazkietan ez dago hitz bakar bat ere euskaraz, euskara sinbolikoki erabiltzera ere ez dira iritsi.
Semiotikoak dira, eta alboan daukaten hizkuntza oso bat ez dute ikusten.
Zer unibertsitate da hau?
EHU da Euskal Herrian dagoelako. Baina egotez aparte Euskal Herria Euskal Herri izan dadin ekarpena egin beharko luke. Gehiengoak funtzionatzen du unibertsitatea inongoa ez balitz bezalatsu. Badago ahalegin handia egiten ari den jendea ere, baina ez dakit zenbateraino ez ote diren bi unibertsitate batean sartuta.
Euskal kulturgintzan alor asko pasatakoa zara. Ikuspegi horretatik, adjetiba ezazu Eusko Jaurlaritzako kultur politika.
Adjetiboa baino atzizkia jarriko nioke: eza. Eta adjetibo bat jartzekotan, erratikoa. Kultur politikarik eza. Gehiago egin izan da kontabilitatea, kultur politika baino: zenbat diru daukagu, zenbat dira eskaleak. Lehentasunak behar dira, gizartearekin eztabaidatu ondoren.
Gogoeta falta eta gogoeten trukaketa falta?
Bai, eta gero denekin ondo gelditu-nahi bat beharbada. Denei dirua banatzen zaie baina ez da proiekturik aurrera ateratzen. Horrek dakar denei behar dutena baino gutxiago ematea. Lehentasunak markatu behar dira. Adibidez, «Egunkaria» bada edo ez da euskararentzat proiektu estrategiko bat? Lehentasunak. Eta lehentasunetarako dirurik ez badago, ikusi egin beharko da zergatik ez dagoen dirurik.
Zertan gastatzen da diru hori?
Orain dagoen taldean disposizio hobea dago traturako, baina diru gutxi dago banatzeko moduan.
Andu Lertxundik duela hilabete batzuk idatzi du administrazioa inpunitatezko trajez jantzita dabilela. Zer gertatzen ari zaigu? Zerk sortu du ideia libreen plakaje hori? Bere galderak, zure erantzuna.
Ekimen pribatuaren dirua ez da sartzen euskara munduan, eta diru publikoaren esku geratzen gara guztiz. Jende gehienaren egoera da: behar duena baino gutxiago jasotzen du eta badu ezinegon bat, baina era berean ez da oso itxurosoa diru hori jaso eta beste eskuarekin xaxaka aritzea. «Gaizki gaude baino protesta egiten badugu okerrago egongo gara», hori da euskarazko kulturaren miseriarik handiena. Eta badakit badaudela oraindik lista beltzak, ostrazismoak...
Zuk elkarrizketa honetan nahi duzun guztia eta nahi duzun tonuan esango duzu, Idazleen Elkartetik tratuan zabiltzala kontuan izanik?
Bai, arrazoi batengatik: duela pare urte erabaki dut askoz arrisku handiagoa dela tragala-tragala hori. Irentsiz geure buruari eta gizarteari kalte handiagoa sortzen diogu. Giro ustel eta beldur txikiz jositakoa sortzen dugu isilik egonez. Beldur txikiak dira handienak. Maiuskulaz aipatzen duten beldur hori (borroka armatutik datorren hori) estatistikoki oso txikia da. Piska bat mugituz gero, beste beldurrak agertzen dira, produktore txikiengan, proiektuak lantzen dituztenengan...
Sistematikoki gehiegikeria horiek salatzen hasi behar dugu. Batetik, laguntza eskatzea ez da limosna eskatzea. Teorian, gizartearentzat onuragarri diren neurrian eskatzen da laguntza.
Laguntza eskatze horrek ukatzen digu guri egiten den kultur politika kritikatzeko eskubidea?
Praktikan bai. Praktikan badakigu otzan eta esaneko izanda hobeto ibiltzen dela, eta gehiago igotzen dela. Uste dut normaltasunera iritsi behar dugula. Proiektu bat aurkezten badut baiezkoa edo ezezkoa irizpide egoki batzuen arabera jaso behar nuke. Hori kultura guztietan da beharrezkoa, baina gurean, hain txikia, hil edo bizikoa. Bestela ideologikoki kastratutako esparrua sortzen ari gara.
Gure kulturaren idatzizko eta ahozko esparruetan zabiltza sartuta. Zerk erakarri zintuen bertsolaritzara?
Lilura magiko batek. Gaztetxotan halako erakarmen bat sumatzen nuen. Gero plazer hutsez, juerga giroan, kantu zahar eta abarrekin batera. Euskadi Irratian sartzean bertsoaren inguruan zerbait fuertea egiteko enkargua jaso genuen, Herri Irratia zelako bertso munduko erreferentea. Modu profesionalean bizita, begiratu ingenuo hori galtzen duzu. Lehen askoz gehiago gozatzen nuen bertsolaritzaz. Bertso saio batekin gozatze hutsa edo lau lagun elkartu eta bertso-juerga egitea zailagoa zait orain.
Zer dakarkio bertsolaritzak gizarte honi?
Bertsolaritzak zaharraren zaharrez azkenean historiaren trena harrapatzen du, historia bueltaka dabil eta. Frantziako Iraultzaz gero egon den idatzizkoaren nagusitasunaren ondoren ikusentzutekoen arora pasa gara. Gu modernizatu gabe harrapatu gaitu, horregatik dauzkagu ahozkotasunari dagozkion errelejo batzuk. Baina montatu dugun sistema dezimononiko honekin tematzen bagara, lortuko dugu abantaila hori deuseztea.
Adibidez, eskola sistema astakeria da. Zenbat eta gorago mutuago hezitzen ditugu ikasleak. Hizketan ez dakiela iristen da jendea. Nire ikerketatxoa hortik egin nahi nuke: bertsolaritzak kulturgintzan daukan garrantzia, ahozko erretorikarako aukera bat eskaintzen du, kazetaritzan ere aprobetxatzeko modukoa.
Esan ezazu bertsolaritzaz buruan daukazuna.
Telebistaren kontu hori purian dagoenez, momentuko fruituengatik duintasuna saltzea ez dut uste ez bertsolaritzarentzako eta ez euskal kulturgintzarako onuragarri izango litzatekeenik. Ikusi egin behar, noski, duintasuna non dagoen eta hori, baina kezka horrekin beti ibili behar da. Euskal kulturako beste esparrutan dagoen ezinegon hori, diru apurtxo bat jasotzeagatik egindako tragala guztiengatik da asko. Bertsolaritzak, nik kalkulatzen diodan balore handienaz aparte, ahozkotasunaren esparru fuerteena izateaz aparte, badu beste bat: autonomia batean ibili da.
Gero, gizartean ezinezko diren gauza batzuk gertatzen dira bertsolaritzan, oso eskala txikian. Hizkera mailan egin den batu-moduko bat, erretorikarekin zerikusia duena. Eta ideologien arteko elkarbizitza ere, nik uste inon ez bezala ematen dela.
Idazleen Elkartean, Bertsolari Elkartean eta abarretan zabiltza. Gizartegintza ulertzeko modu bat da?
Baina a posteriori. Behar bat ikusten duzu eta hori aurrera ateratzeko tematuta sartzen zara gauzetan.
ETB barrutik ezagutu duzu. Telebista publiko bat telebista kontrolatu bihurtzen duten mekanismoak zein dira?
Diseinua bera izango da. Administrazio Kontseilu bat dago, baina horretan ez dut sekula sinetsi. ETBren kudeaketa beti egon da EAJren esku, eta TVEn PSOErekin gertatzen dena gertatzen da hemen ETBrekin, eta seguruena sartuko litzatekeen beste partidu batek beste hainbestetsu-edo egingo luke. Arriskua sisteman bertan dagoela dirudi. Hori iritsi naiteke ulertzera, ez onartuta ere: alderdi batek bere buruaren zerbitzurako erabiltzea telebista. Baina grabeena da kapritxo pertsonalak modu feudalean sartzea. Hori ikusi izan dut nik, eta gutxiago ulertzen dut.
Zer datorkigu gainera hedabide aukera berriekin?
Medio indartsuenean, telebistan, aukera izugarri haziko da, kable bidez. Hor euskararen presentzia ez da areagotuko, eta egiten dena galduago egongo da itsaso horretan. Orain ETBk euskaldunon kohesio funtzio bat betezen du behintzat, eta hori gal lezake. Kable bidez banaketa edonork egin dezake lizentzia lortuz gero, eta berdinean utziz gero euskara likidatzea litzateke. Hor neurri politikoa hartu behar da, lehentasunak markatuz, gauzei aurrea hartuz.
Datorkigun hori burujabetasunerako argudio bat gehiago da ala argudio bat gutxiago?
Kontua Espainian geratu den bezala geratzen bada ihes egingo digu, ezingo dugu ezer bideratu. Estatu zentralak eta udalek dute zeresana, autonomiak puenteatuz. Burujabetasunaren beharraren aldeko argudioa da. Hor derrigorrez sartu beharra dago. Benetan arlo horretan euskara aurrera ateratzeko de facto izan beharko genuke buruaren jabe, bestela merkatuaren legeak euskara eskualde askotatik kanpora utziko luke.
Euskararen aldeko ahalegin horrek guztiak zergatik merezi duen ustekabez galdetzean, erantzuna ez daukagu herdoildu samarra?
Kontua gero eta gehiago ekologikoa da. Ni ez naiz ari inoren alde majoa naizelako, ezingo nuke bizi bestela; nire buruaren alde ari naiz. Ari naiz gordetzen munduan bakarra den gauza bat, euskara. Pisako dorrea eror ez dadin zenbat diru gastatzen ari den ikusten dugu. Horrek adina balioko du hizkuntza batek, mundu ikuskera oso bat gordetzen duen sinbolo multzo batek. Gu ari gara desberdina eta gurea den gauza bati eusten, jakinda guk egiten ez badugu hurrengo belaunaldiak jai daukala, hil edo biziko kontua da. Horregatik gara akaso antsioso samarrak. Merezi ditu estres batzuk.
Koka zaitez «ezker» hitzaren inguruan.
Kokatuta nago, hor nago. Mundua ulertzen saiatzen naiz ezkerreko kultura batetik. Maiz konturatzen zara gero zure diskurtsoa eta praxia ez doazela batera. Gure burua ukatzea tokatu zaigun belaunaldia gara, baina asumitu egiten da. Hor segitzen saiatzen naiz. Dogma gabeko ezkertiar izateak etengabeko arreta eskatzen du. Zerikusia du justizia askatasunaren baldintza moduan hartzearekin, elkartasunarekin, zure etxearen garbitzaileaz duzun tratuarekin... gauza askorekin du zerikusia. Gehiegirekin, denak ondo egiteko.
JON SARASUA
29-33

GaiezKulturaKulturgintz
GaiezKulturaBertsolaritGaijartzail
GaiezGizarteaIrakaskuntzUnibertsitaEHUIrakasleakBesteak
GaiezKomunikabidIrratiaEuskadi irrEsatariak
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakGARTZIA1
PertsonaiazGARTZIA1
EgileezSARASUA2Kultura


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude