«Ezkongai asko jartzen digute baina Elkarri-k ezkongabe jarraituko du»


2021eko uztailaren 19an
Bittor Aierdi Elkarriko koordinatzaileari egindako elkarrizketa
«Ezkongai asko jartzen digute baina Elkarri-k ezkongabe jarraituko du»
Bittor Aierdi, Elkarri giza mugimenduaren bozeramaile eta Nafarroako koordinatzailea
Hirugarren guneaz mintzatu zaigu Elkarri azkenaldion. Lurraldea koordinakundetik Elkarrira bidean gizarte mugimenduetan jo eta su murgilduta jadun du Bittor Aierdik. Berarekin hitz egin dugu Elkarri-ren azken agiriez, eta oro har Euskal Herriko egoeraz.
Batek eta bestek esan dute Elkarri aldatu egin dela. Nola azalduko zenioke garapena Elkarri sortzen ikusi eta geroztik urrun egon den bati?
Duela hiru urte jaio zen Elkarri eta egungoa bera dira. Ez dugu ezer berria esan. Elkarri-k betidanik kritikatu ditu indarkeriazko ekintzak. Kasu honetan, aukeraketa berezia egin du azken urteko ekintzen aurrean. Hausnarketa ondokoa da: Vallecasekoak, Valentziakoak eta historian eman den bahiketa luzeenak zein eragina duten bakea, elkarrizketa eta negoziazio prozesuan. Ezin dugu indarkeria horren egilearen arabera beste aldera begiratu.
Elkarri-k hamar kritika egiten baditu giza eskubideen kontura, bederatzi Estatuari egiten dizkio eta bat ETAri. Baina hau ere beharrezkoa da, bestela ez baikinateke bitartekaritza sozialaren funtzioa betetzen arituko. Baina gure lana ez da indarkeria salatzea, horretarako badaude beste batzuk.
Elkarri alderdi politiko bat antolatzera doala uste du zenbaitek.
Elkarri giza mugimendu bezala jaio da, eta giza mugimendu bezala hilko da. Hirugarren guneaz hitz egiten dugunean ez dugu esaten hauteskundeetarako erakunde politikoa izango denik. Hirugarren guneaz mintzo garenean, eremu soziologiko berria dagoela esaten dugu, eta aukera berria lan egiteko.
Lehiak, banaketak eta antzeko mamuak uxatu egin behar dira. Elkarlanerako jaio gara, ez inorekin lehiatzeko. Apustu argia egin dugu negoziaketaren bidean lagundu nahi duten guztiekin elkarlanean jarduteko. Kritikoak izango gara helburu horrekin bat ez datozen ekintzekin.
Ajuria Eneko Itunaren eta ENAMaren arteko hirugarren gune sozio-politiko bat definitu duzue. Nork egituratu dezake gune hori?
Elkarri-k kokatzen du bere burua gune berri horretan, beste agente, ekintza, pertsona, erakunde eta faktore askorekin batera. Gune horretan laguntzeko prest gaude, baina inolaz ez koordinatzaile izateko.
Gune berriak ez du zertan ahots bakarra izan behar. Ahots ugari izan ditzake, eta dinamika ezberdin eta anitzak. Gero ikusiko dugu gai den elkarlanerako eta konponbideak eskaintzeko.
Ezker Abertzaleko kritikoen habia bihurtu nahi izan al du Elkarri-k?
Hau ez da kritikoen erreserba; hau gune berri eta eraldatzailea da, aniztasunaren eta independentziaren ezaugarria duena. Hori argi utzi nahi dut, askotan justuak ez diren deskalifikazioak entzun behar izaten baitituzte Elkarri-n egon eta sekula Ezker Abertzalean egon ez direnek. Elkarri-k bere baitan Ezker Abertzaleko jende asko badu ere, eremu hori eta erreserba kontzeptu hori gainditu egiten du.
Nola uztartzen dituzue joan den apirilean ETAk plazaratutako komunikatuaren inguruko itxaropenak eta urtarrileko zuen salaketa?
ETAren apirileko komunikatuak balorazio positiboa jaso zuen Elkarri-tik, proposamen zehatz eta demokratikoa eskaintzen baitu gatazkari irteera emateko. Gauza da nola uztartu hori eta urte amaierako gogortze ekintzak. Elkarri-k urtarrilaren 1eko agirian mezu argia helarazi zion ETAri: Elkarri eta herritar gehienak negoziaketaren alde daude; Elkarri-k eta herritar gehienek indarkeria ekintza guztiak, Estatuarenak bereziki, salatzen dituzte; Elkarri-k giza eskubideez, Euskal Herriaren etorkizunaz, lurralde batasunaz hitz egin beharra dagoela uste du; baina bide honetatik ez goazela inora ere esaten dio ETAri.
Joan den udazkenean, ETAren azken ekintzak baino lehen, ba al zegoen itxaropentsu egoteko datu zehatzik?
Bazegoen halako giro bat, halako mezu eta informazio batzuk, zerbait gertatzen ari ote zen-edo, PSOE eta Gobernua hauteskundeen aurretik azken kartutxoak erretzen ari ote ziren-edo azaltzen zutenak. Baina Vallecasekoak, Valentziakoak eta beste zenbait gauzak ez diote lagundu giro horri. Gaia hoztu egin da. Gainera, Euskal Herrian egoerak bi astetik behin aldatzen dira.
Ezker Abertzaleak azken urte honetako estrategiarekin negoziaketa hurbilagotzen ari dela uste du.
Negoziaketa, uneotan, ez dago indarkeria gehiago erabiltzearen menpe. Ezker Abertzaleak Estatuari oso garbi utzi dio ez duela ETArekin amaituko, ezta Ezker Abertzalearen fenomenoarekin ere. Estatuak ere garbi utzi du ETAri min egin diezaiokeela, eta ETAk ez duela erabat baldintzatzen Estatua. Biek erakutsi dute sekulako indarra. Guk diogu uneotan gauzak berdinketa infinitoko egoeran daudela, eta indar gehiago erabiltzeak ez dituela lorpen gehiago ekarriko.
Zerk ekar dezake negoziaketa?
Nazioarteko laguntza premiazkoa da, beste gatazketan ikusi legez. Bestetik, beharrezkoa da negoziaketarekin konprometitutako gizartea. Apurka akordio politiko txikiak lortzen joateak ere hurbil dezake negoziaketa, beti ere gogoan izanik bakea prozesu bat dela. Hiru horiek eta berdinketa infinitoaren kontzientzia izateak, indarkeria gehiago erabiltzeak baino azkarrago ekarriko dute negoziaketa.
Kaleko istiluez duzuen iritzia zein da?
Ez gaude ados tenkatze-estrategia horrekin. Baina beren arrazoiak entzun, ezagutu eta ulertu behar dira, ikusi zer eskatzen duten, eta indarkeriazkoa ez den garapen politiko demokratikoa eman. Sabotaje asko egiten badira presoen sakabanaketarengatik, jakin nahi nuke zer nolako garapena izango lukeen kaleko estrategia honek sakabanaketa bertan behera utziko balitz. Jendeak ez baititu kutxazain automatikoak erretzeagatik erretzen, arazoi politikoengatik baizik.
Soziologo talde batek Eusko Jaurlaritzarentzako ENAMen inguruko gazteriaz egin duen diagnostikoaz zein iritzi duzue?
Ikerketak ez du sakonera jo eta ez du ekarpenik egiten. Kaleko indarkeria politikoa da, eta indarkeria politiko hori gaindituko da gatazka politikoa gainditzen denean. Hau hain sinplea izanik, ikerketak ez du esaten.
EAJk baketze gaian markatu duen estrategian murgilduta ikusten zaituztete askok.
Sinesgaitza da guri gertatzen zaiguna: egun batetik bestera ETAren aurpegi leuna izatetik, EAJren bozeramaile izatera pasatzen gara. Batzuentzat Estatuaren laguntzaileak gara, besteentzat ETAren kolaboratzaileak; orain, berriz, EAJren kolaboratzaileak. Ezkongai askotxo jartzen dizkigute.
Elkarri herrentzat jo, eta beti norbaiten laguntza izan behar duela esatea ez da justua. Elkarri independentea da, onerako eta txarrerako. Mesedeak ordaindu beharko bagenitu, alderdi askori pagatu beharko genizkioke, ez soilik EAJri. Beraz, Elkarri-k ezkongabe jarraituko du aurrerantzean ere.
EAJk egin dezakeen guztia egin al du?
Guztiok egin dezakegu gehiago. EAJk are gehiago. Interesgarria da EAJren jarrera. Eta horren adierazgarri Aznarren kontrako atentatua eta gero elkarrizketaren aldeko jarrera berretsi izana. Dena dela, hori guztia gauzatu, mamitu eta zehaztu egin behar da.
Zazpi hilabete eta gero, Ajuria Eneko Ituna berriro bildu da. Mesederako ala kalterako?
Aspaldion PPk bahituta izan ditu gainerako alderdiak, kontsentsuaren aitzakiaz, inmobilismoa, tinkotasuna eta isolamendua indartuz. Lan eskema errotik aldatu eta elkarrizketaren konpromezuan, sakabanaketaren amaieran eta akordio sozial eta politikoan aurrera egitea erabakiz gero, ongi etorriak bilera hauek. Betikoarekin jarraitzeko baldin bada, hobe behin betiko bertan behera uztea. Balio ez badute, eta orain arte garbi dago ezetz, tresnaz aldatu behar da. Negoziaketa demokratikoaren bidea hartu ez duen guztiak porrota segurtatuta dauka.
Elkarrizketaren aldeko alderdiek PPrekin kontsentsua hautsi behar dutela planteatu du Elkarri-k. Itxuraz, baina, martxotik aurrera PP kontuan hartu beharko da edozein negoziaketa aurrera eramateko...
PPren jarrera gogorrak bahituta ditu gainerako alderdiak. Ituna eta beste edozein ekimen geldituta dauka. Lehenengo urratsak emateko PPri ez zaio itxaron behar. Prest ageri diren alderdiek eman ditzatela lehenengo urratsak, eta PP gerora gehituko zaie. PPri ez zaio egun duen beto eskubidea eman behar.
Euskal preso politikoen sakabanaketak daraman prozesua epe laburrean aldatzeko modurik ikusten al duzue?
Presoen sakabanaketa Itunaren porrot politiko izugarria izan da. Dohainekoa eta justua ez den indarkeria izan da, eta hori defenditzen duenak Estatuaren indarkeriaren apologia egiten du. Ohardun dira porrot egin duela politika horrek, eta sufrimendu eta tentsio gehiago eragin duela. Ez dute aldatzen seguru aski PPren eta «ABC»ren beldur direlako, hauek Ezker Abertzalearekiko ahultasun keinu gisa aurkeztuko dutelakoan.
Zein izan daitezke ondoko hilabeteetarako klabeak?
Batetik, nazioarteko atentzioa deitu eta nazioarteko laguntza lortu. Bigarrenik, hauteskundeen ostean Madrilgo gobernu, oposizio eta aliantzen osaketa. Hirugarrenik, hirugarren gune honen garapena. Bestetik, orain arte lortu diren emaitzen _bake konferentzia, borondateen kontratua..._ garapena. Bosgarrenik, gatazkan dauden edukiei buruzko eztabaidaren garapena. Azkenik, ea euskal gizarteak jarrera aktiboa mantendu eta indartzen duen bakearen alde.
MIKEL JAUREGI
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakBesteakElkarri
PertsonaiazAIERDI1
EgileezJAUREGI5Politika

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude