«Akordioak ez dira inoiz helburu, bitarteko baino»


1996ko urtarrilaren 21ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Erramun Osa AEKko koordinatzailearekin elkarrizketa
«Akordioak ez dira inoiz helburu, bitarteko baino»
Erramun Osa
Urtea eta akordioa estreinatu berriak AEKn, abiapuntu berri batetik abiatuko ei dira euskalduntze alfabetatze prozesuan. Euskalduntze prozesuaren etorkizunaz eta AEKren eman beharreko urratsez aritu gara, erakundearen Bilboko egoitzan, koordinatzaile nagusiarekin.
Badira egun batzuk jada Jaurlaritzarekin akordioa sinatu zenutenetik. Gauza hauek hotzean baloratu behar ei direla-eta, zelan ikusten duzu orain hitzartutakoa?
Abenduaren 30ean bertan esan genuen akordio hori abiapuntua besterik ez zela AEKrentzat.
Horrekin zer esan gura duzu?
Etorkizun hurbilean lan ugari dagoela egiteko, eta erronkak ere ez direla gutxi. Akordio honek funtsean bide bat zedarritzen du baina gero bide hori ibiliz egin beharko da: euskaltegien mapa egin beharko da, eta halaber arloko plangintza, etorkizuneko irakaslegoaren auzia bideratzeko lan batzordea... Lan egiteko konpromezua dago akordioaren atzean, era horretan elkarlana gauza dadin arloko partaideen artean. Gero etorkizun hurbilak esango du bide hori emankorra den edo ez.
Behin eta berriz azpimarratu duzue hau ez dela prozesuaren amaiera. Zein abiapuntutan zaudete?
HABESEA legearen bideak -EAEn behintzat- ez du ahalbidetu herri ekimenaren eta erakundeen arteko elkarlan giroa, alderantziz baizik: dibortzioa egon da. Erakundeetatik politika bat gauzatu da eta politika horrek berea eman du. Horregatik, abiapuntua aipatzen dugunean denbora galduaren bila goazelako da. Gure beste kezka bat honako hau da: ea zer nolako lekua aitortzen zaion euskalduntze alfabetatzeari hizkuntz politikaren barruan. Batzuentzat euskalduntze alfabetatzeak ez du garrantzi berezirik eduki, edo bigarren mailako garrantzia aitortu izan zaio.
Herri ekimena itotzeko politika ere garatu da. Egun azterketa bat dago egiteke, kontuan hartu behar delako Euskal Herrian gaur egunean sektore batzuk euskalduntze alfabetatzera hurbiltzen ari direla; sektore horiek dira, hain zuzen, ustez hezkuntza formalak euskaldundu behar zituenak baina euskalduntzeko gauza izan ez denak. Beraz, alde horretatik hausnarketa serioa egin behar da.
Bestetik, beste hausnarketa serio bat egin behar da hein handi batean garai batean euskalduntze alfabetatzean inplikatuta zeuden sektore batzuk bidean galdu direlako. Azkenik, lehentasunak ere markatu beharko dira. Edozein negoziazio-prozesuren inguruan kultura berezia sortzen omen da, eta negoziatzeari ekitean gauzak beste perspektiba batetik ikusten ei dira.
Zeintzuk dira eman beharreko urratsak?
Guk behin baino gehiagotan esan dugu euskalduntze alfabetatzeak oinarri berriak behar dituela. Oinarri berrien artean irakaslegoaren prestakuntza aipatzen badugu, esaterako, irakaslegoaren oinarrizko eta etengabeko eguneratzeak euskalduntze alfabetatzearen oinarrizko bitarteko izan behar duela esan nahi dugu. Horrez gain, euskalduntze alfabetatzeak egungo eskaintza berregokitu egin behar du, eta gizarte sektore berrietara iritsi, batez ere errentagarritasunari begiratuz. Arlo zehatzetan hizkuntzaren erabilera ahalbide dezaketen giza taldeak ere kontuan hartu behar dira eta eurentzako eskaintzak bideratu; egungo eskaintza orokorretik datozen ikastaldeei begira jarraikortasuna bermatu.
Eta zer eskatzen dio horrek AEKri?
Euskalduntze alfabetatzeak gure iritziz eite orokor berria behar du, ezin da orain arteko inertziazko dinamika horretan sartu, beste era batera antolatu behar da, beste era bateko moduloak behar dira, beste era batera arautu beharko da dirulaguntza politika, bitarteko nahiko bideratu beharko da euskalduntze alfabetatzea eraginkorra izan dadin eta abar luzea.
Zer ikasi du AEK-k prozesu luze honetatik?
Negoziazio prozesuak lehenengo eta behin erakutsi duena izan da borondatea dagoenean aurrerapausoak eman daitezkeela. Prozesu luze eta gorabeheratsua izan da, eta momentu jakinetan akordioa oztopatu edota luzatu duten hainbat elementu gero azkenean prozesu bukaeran hein handi batean gainditu egin dira, eta beste batzuk (1996 eta 1997an zein lan egingo eta abar) zintzilik geratu dira.
Hala ere, hor daukagu «Egunkaria»ren kasua: akordioa sinatu zen, baina orain zailtasun nabarmenak daude berau agindu moduan garatzeko. Ez dizu zer pentsatua ematen?
Baten batek galdetu izan didanean ea ez al garen beldur elkarrizketa prozesuak AEKren dinamika baldintza dezan, beti esan dut AEKideengan eta AEK sustengatzen duen euskaltzale multzoarengan konfiantza osoa daukadala.
Zein zentzutan?
Jende batek oso baldintza kaskarretan lan egin baldin badu eta egun ere hala baldin badihardu, etorkizun hurbilean zabaltzen den eszenatoki berrian ere lan egiten segituko du. Akordioak ezerezean gera daitezke benetan dinamikarik ez badago eta akordio horiek benetan tresnatzat hartzen ez baditugu. Niretzat, akordioak ez dira inoiz helburu, bitarteko baino.
Bitartekoak, zertarako?
Gure lana hobetu eta eraginkortasuna handitzeko. Azken batean, AEK tresna bat da, akordioak eurak tresna diren moduan. Hala ere, kontuan izan behar dugu akordio hau EAEko administrazioarekin dela soilik, eta Euskal Herria ez da hor amaitzen. Euskalgintzak arazo eta oztopo larriak ditu nola Nafarroan hala Iparraldean.
EAEko kasura mugatuz, zenbateraino baldintzatu dezake akordioa balizko konfigurazio politiko berri batek?
Euskarak oro har plangintza orokorra behar du; arlo desberdinetan ahalegin handiak egiten ari dira, bai administrazio bai herri mailan, baina nik behintzat faltan botatzen dut plangintza orokor bat, euskararen berreskurapena eta normalizazioa benetan ekarriko dituena, helburu estrategiko eta mailakatu batzuk planteatuko dituena eta horien baitan erakunde desberdinak uztartzeko gauza izango dena eta erakundeak eta herri ekimena jokaleku komun baterako bidean jarriko dituena. Plangintza hori gauzatzeko beharbada baldintza politiko egokiagoak zeuden garai batean gaur egun baino. Martxoaren 3ko hauteskundeek beharbada hizkuntz politika baldintzatu dezakete. Argi dago alderdi batzuek duten pisuaren arabera era batekoa edo bestekoa izan daitekeela hizkuntz politika. Funtzionarien euskalduntzerako bigarren planarekin zer gertatzen ari den ikustea baino ez dago.
Printzipioz plan hori irailerako burututa egongo zela iragarri zuten, eta oraindik burutu gabe dago, hain zuzen ere adostasunik ez dagoelako funtzionarien planteatu beharreko eskakizunak zehazterakoan: batzuek plateatzen dute moteldu egin behar direla eskakizun horiek eta beste batzuek orain arteko martxan segi nahi dute. Horrek guztiak eragina izango du, duda izpirik gabe, orain arte ere izan duen moduan.
Funtzionarien kontuari lotuta, Jose Mari Zeberio kanpoan uzteko arrazoietako bi funtzionarien asuntuan eta AEKrekiko akordioan Mari Karmen Garmendiarekin izan dituen desadostasunak direla esan da...
Gurekiko izan zituzten negoziazioei dagokienez, hasiera batean Joseba Arregi izan zen Jaurlaritzaren delegazioburu. Aurreakordioak sinatu ondoren Mikel Etxeberriak hartu zuen Jaurlaritzaren ordezkaritzaren pisua; ondoren hauteskunde autonomikoak izan ziren, eta hauen ostean Mari Karmen Garmendia izendatu zuten Kultura sailburu.
Honek Jose Mari Zeberio izandatu zuen gurekiko harremanetarako, eta ondoren ordezkaritza oso-osorik aldatu zuen. Nik ez dakit bestelako irakurketarik behar den; gauza jakina da prozesu hau oso luze joan dela.
95eko urtarrilean Jose Mari Zeberiok oratu zion gurekiko negoziaketen kontuari eta eten bat ere izan zen apiriletik ekainera bitartean. Hiru gai nagusiren inguruko desadostasunek eragin zuten etena: AEKren onarpena, irakaslegoaren homologazioa eta dirulaguntzak. Azkenean manifestazio nazionala izan zen tartean, ez bakarrik EAEn bizi genuen egoera agerian uzteko, baita Nafarroan zein Iparraldean geneuzkan eskakizunak garbi uzteko ere. Ekainaren bukaeran harremanei berrekin genien, eta uztailaren 11n aurreakordioa erdietsi. Aurreakordio horrek AEKren batzar nazionalaren onespena izan zuen eta Jaurlaritzak atzera bota zuen aurreakordio hori. Beraz, ematen du Jaurlaritzaren partetik desautorizazio bat eman dela; batetik, Jaurlaritzak iritsitako aurreakordio hori atzera bota zuelako; eta bestetik, gero ordezkaritza oso-osorik aldatu zuelako. Baina hemen aldaketak etengabe ari dira gertatzen, eta ez soilik hizkuntz politikan. HABEn ere izan dira, esaterako.
«Egunkaria» eta AEKren arazoak bideratzen hasiak direla dirudi. Arregiren garaia gaindituta, kontsentsuaren garaia izan daitekeenean sartu al da euskalgintza?
Oraindik goiz da hori esateko. Akordioak edukiz bete behar dira. Hitzek euren ondoan ekintzak behar dituzte. Lehen aipatu duzu «Egunkaria»rekin gertaturikoa, esaterako. Nahiko kezkagarria da 94an «Egunkaria» Joseba Arregirekin akordio batera iristea publizitate instituzionala desblokatzearen inguruan eta gaur egun horretan aurrerako urratsik ez ematea. Horrek esan nahi duena da hitzak borondate baten adierazle izan daitezkeela; baina euskaltzaleak aspaldidanik hitzez gain ekintza eske ere ari dira. Erakundeen aldetik euskara berreskuratu eta normaltzeko benetako borondaterik baldin badago, beti izango dute herritarren lankidetza, arlo guztietan.
HBk ertzainek AEKn ikastearen inguruan esanikoen kontura izan zen ika-mikaren bat edo beste...
AEK-k alderdi guztiekin dauzka harremanak, eta konpromezu garbia dugu horren inguruan: alderdiekin dauzkagun harremanak inoiz ez ditugu publiko egiten. Hainbat bilera izaten ditugu eurekin eta guk gure planteamenduak azaldu eta konpromezu sendo eta gardenak eskatzen dizkiegu. Bi aldeetatik akordiorik ez badago, ez dugu inoiz publiko egingo bileretan esandakoa. Hori hasteko. HBk prentsa oharra atera zuen, eta AEK-k prentsa ohar horretaz duen iritzia AEKri helarazi zion, eta nik uste dut HBk egoki ikusten duen neurrian kontuan hartuko duela. Ez da AEKren funtzioa alderdi politiko batek zilegitasun osoz akordio honen zein bestelakoaren gainean izan dezakeen iritzia kritikatzea. Horregatik, auskalo zer arrazoirengatik polemika sortu nahi izan bada, ez naiz izango polemika horretara egur gehiago botako duena.
AEK egoera normalizatura iritsiz joan ahala, ez du hasierako herri mugimenduaren izpiritua galduko?
Nik jendearengan konfiantza osoa dut. Geure jendearengan konfiantzarik ez badaukagu, alferrik gabiltza. Guretzat akordioak ez dira inoiz helburu, bitarteko baino. Euskalgintzan lan handia dago egiteko. Zerbait garbi daukagu, hots, AEK-k akordioarekin zein akordiorik gabe epe laburrean bere dinamika indartu behar duela. Egin daiteke lan bat euskaltegietan, baina lan hori ezerezean gera daiteke inguru egokirik ezean. Ezin dugu mugatu irakaskuntza lau hormetara, eta horregatik guk irakaskuntza beti erabilerarekin uztartu izan dugu. Normalizatuz joan ahala, horren guztiaren ahultzea etor daitekeela? Gure nahia justu alderantzizkoa da. Alegia, akordioak bide eman dezala gure jarduera eraginkorragoa izan dadin.
Eta AEKren IX. mintegia, noizko, non eta zein erronka nagusirekin?
Zestoan izango da, martxoak 21, 22, 23 eta 24an. Erronka nagusia: herri dinamika bizkortzea, euskararen berreskurapenarekin bat letozkeen herritarrak antolatzea. Iritzi eta jarrera desberdinak dauzkaten euskaltzaleak biltzea ez da batere erraza, baina euskararen berreskurapenak zerbait behar baldin badu da proiektu komun horretan bat egitea euskaltzale guztiok. Ezinbestekoa da AEK-k bere dinamika bizkortu eta gainerako ekimenekiko urratsak ematea.
AITOR ZUBEROGOITIA
29-33

GaiezHizkuntzaEuskaraAlfabetatzeAEKBesteak
PertsonaiazOSA3
EgileezUBEROGOIT2Hizkuntza

Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude