«Analfabetoa nintzen Che ezagutu eta ikastera behartu ninduen arte»


2021eko uztailaren 27an
Cherekin gerrilari ibili zen B. Rodriguezekin elkarizketa
«Analfabetoa nintzen Che ezagutu eta ikastera behartu ninduen arte»
Benigno Rodriguez, Cherekin gerrilari ibilia
Eguna argitu zuenetik sekulako `balacera' hasi zen Churo aldean, Boliviako paraje galdu batean dagoen zintzurrean. Alde batetik, ELNko (Askapen Nazionalerako Armadako) talde ttiki bat, 17 gerrilari; bestetik, inguratzen ari zitzaizkien bi mila militar. Ilunabarrean Darío Alarcón Ramírez eta bere taldekideak gainerakoekin elkartzen ahalegindu ziren. Orduantxe jakin zuten Che Guevara preso hartu eta La Higuerako komandantziara eramana zutela. Biharamunean esan zuen irratiak gatazkan zebilela hil zela Che. 1967ko urriaren 8a ez dute sekula ahantzi bizirik suertatu ziren sei lagunek.
Che eta gainerakoak hil ondoren borrokan segi zenuten zuek?
Sei lagunek lortu genuen Churoko zintzurretik ihes egitea eta borrokan segi genuen Txileko mugara heldu arte. Gogor borrokatu ere, 56 aldiz egin baikenuen topo etsaiarekin eta 106 hildako edo zauritu eragin genizkion.
Handik gutxira bizirik suertatu ginen seiotatik -bizirik baina ez osorik, gehienok baikenuen zauririkÑato borrokan hil zen egun gutxira. Inti eta Darío 1969an eta 70ean tiroz hil zituzten beren segurtasun etxeak aurkitu zituztenean.
Boliviatik 1968an aldegin nuen nik neuk eta Kubara itzuli nintzen gorputz barruan neuzkan bi balak ken ziezazkidaten. Horren ondoren berriro Boliviara itzuli nintzen Inti Pereiraren gerrilariekin.
Elkarrizketatuaren hitzak entzun ahala iger liteke zer zela eta jarri zion `Benigno' goitizena Che Guevarak. «Izakera ona eta eskuzabala duelako» esan ohi zuen. Cherekin emandako urteak ez dituzu, antza, berehalakoan ahantziko.
Ahantziezinezko esperientzia izan zen. Eta, nahiz eta ahaztu nahi izan, oroitzapenak etengabe ate joka ari zaizkizu. Are gehiago zenbait gauza ikusten ditudanean. Besteak beste, Cheren premiarik badugula gaur egun ere. Edo zer nolako maitasunaz onartzen duten belaunaldi berriek, zer errespetuz gogoratzen bere irudia, bere etsenpluak, bere oroitzapena. Gehiago lan egitera behartzen nau horrek guztiak, Cheren ideiak barreiatzera. Chek ez zuen soilik Amerikan gauzatu nahi bere ametsa, mundu osoan baizik.
Benignoren aurpegian suma liteke bere bizitzaren gogortasuna, orain arteko ibilbidea ez duela samurra izan. Sierra Maestratik Boliviako oihanetara jo zuen, Congon ere zapuztutako ahaleginik egin ondoren.
Nekazaria nintzen ni Sierra Maestran. Hantxe ezagutu nuen Che 1957ko urtarrilaren 14an. Borrokaren hasiera zen eta 60 bat lagun ari ziren horretan. Neu ere elkartu egin nintzaien eta Cherekin ibili nintzen hil zuten arte.
Kubako garaipenaren ondoren, 1959ko urtarrilaren 1ean, zera eskatu nion Cheri, Argentina askatzera jo zezanean neu ere berarekin eramateko. Baietz agindu zidan. Cherekin noranahi joan nahi nuen, bere ondoan nire bizitzak zentzurik bazuela sentitzen nuen. Niretzat eredugarria zen Che, alor guztietan gainera.
Argentinara jotzeko intentzioz baldin bazebilen, zergatik aukeratu zuen azkenik Bolivia Che Guevarak?
Estrategikoa izan zen arrazoia. Bolivia Amerikaren erdi erdian dago eta badu mugarik beste bost herrialderekin, Cheren borrokaren premiarik bazutenak guztiak. Hego Amerikan, garai hartan, Kolonbian eta Venezuelan zebilen, soilik, gerrila. Bolivian ez zegoen, baina bagenuen azpiegitura armaturik prestatuta hara heldu ginenerako. Urrian abiatu ginen Kubatik eta 1966ko azaroan heldu ginen Boliviako oihanera. Urtebeteko esperientzia izugarria, eta aldi berean ederra izan zen.
Ederra izan zen historiaren partaide izateko aukera eman zigulako, beste guztiei han ibili ginela kontatzeko modurik izan genuelako. Eta izugarria izan zen geure buruetan jasan behar izan genuena alor guztietan: eguraldi benetan txarra, osasun arazoak, naturaren enbatak... Zeren eta etsaiarekin borroka egitea gogorra bada, ez dira hobeak hango eguraldiak sortzen dituen arazoak.
Gogorra izan zen zeren eta ez genuen inoren babesik; urruti genituen familia, seme-alabak. Baina hori guztia bigarren mailako kontua zen guretzat, gure eginkizuna gerrila sortzea eta sendotzea baitzen.
Che Industria ministro izan zen Kuba askatu berrian. Zer zela eta erabaki zuen klandestinitatera pasa eta Afrika zein Amerikako hainbat herrialdetan borrokatzea?
Cheren helburu nagusietakoa, nik ezagutu nuenetik, zera zen, Kuba askatu orduko borrokan segitzea Latinamerika askatzeko. Kubako iraultza tinko zebilela ikusi zuen bezain pronto, beste norabait abiatzeko garaia heldua zela sentitu zuen.
Parisen dabil Benigno azken hilabete honetan bere liburua aurkezten, `Los supervivientes del Che'. Zer moduzko harrera egin dizute?
Harrigarria izan da hemen, Frantzian. Ez nuen uste Cheganako horrenbesteko begirunerik zegoenik, ustekabe benetan atsegina izan da niretzat. Gazteen artean ez ezik heldu askorengan ere sumatu dut hori. Frantziara etorriz geroztik belaunaldi ezberdinetako jendea aurkitu dut Cheri buruz miramendu eta errespetu handiz hitz egiten duena.
Horixe bera gertatu zitzaidan Euskal Herrian, urrian, han izan ginenean. Maitasun handia diote han Cheri, eta indarberritu egiten nau horrek. Euskaldunek beste arrazoi bat ere badute Che maitatzeko, alegia, euskal jatorria zuela gerrilariak. Euskaldunek badakite hori eta euren artekotzat jotzen dute.
Analfabeto izatetik liburuak idaztera, ez da hori ibilbide arrunta. Konta iezaguzu zure bilakaera hori.
Che ezagutu nuenean analfabetoa nintzen. Bera hasi zen niri idazten eta irakurtzen erakusten, ikastearen grina eta harra niganatzeko ahaleginetan. Hasieran ez zidan grazia handirik ere egiten, zeren eta nuen denbora libreaz gozatu nahi nuen. Chek, berriz, ikas nezan nahi zuen, eta bere tarte libreetan klaseak ematen zizkidan. Medikua zen lanbidez, baina irakaskuntzan arreta handia jartzen zuen.
Ikasteko harra hasi zitzaidan bueltaka barruan. Abezedarioa ikasi nuenean egunkariak irakurtzen hasi nintzen. Bolivian geundela, 1966ko abenduaren 30an, klaseak jasotzen ari ginen oihanaren erdian. Azterketa batzuk egin nituen, eta Chek, zuzendu ondoren, eskua eman eta zera esan zidan: « Lehen ataleko seigarren mailara heldu haiz». Harro sentitu nintzen, eta titulu hura jasotzeak emandako pozagatik-edo hauxe esan nion: «Zin egiten dizut, hemendik bizirik irtetea lortzen badut, Kubako unibertsitateko lehen harmaila bederen zapalduko dudala». Bostekoa tinko eman zidan eta zera esan, «horiek dituk hartu beharreko konpromezuak eta ikusiko duk zein baliagarria izango zaizkian noizbait».
Kuban, hasieran, utzikerian jausi nintzen. Pentsatu ere egin nuen halako batean «zertarako hasi behar ote dut ikasten, Chek ez du jakingo eta zertan nabilen, ikasketak utzi ditudan edo ez». Baina Cheganako konpromezu politiko eta moralik banuela jabetu nintzen berehala. Eta berak hitza ematen zuenean bete egiten zuen beti, kosta ahala kosta. 1985an Historia lizentziatura eskuratu nuenean oso pozik sentitu nintzen neure buruarekin, bete egin bainuen emandako hitza.
Che mito bilakatu da, baina berak hainbeste borrokatu zuen sistemaren produktu ere bihurtu da nolabait.
Zoritxarrez, bada horrelako arriskurik. Bada nobleziaz egiten duenik, eta bada interes komertzialak bultzatuta ari denik ere. Tamalgarria da aprobetxamendu hori, bera beti agertu izan baitzen horren aurka. Horrek ez dio Cheri balorerik kentzen, inork ezingo dio sekula kendu, baina bere karisma gutxietsi egiten du zeozer.
Kuban erabili izan dugu bere irudia, baina beti ere nobleziaz eta diru bila ibili gabe. Kamisetak egin izan ditugu eta «Che Guevara» erakundeko kide guztiei eman. Ikurtzat erabiltzen dute kamiseta. Bere egunkaria berriz dohainik banatu zuen Kubak mundu osoan, gero zenbaitzuk negoziorik egin badute ere horren kontura. Irlan, ordea, argitaratu eta dohainik banatu zen astebetez.
Europan, ordea, oso bestelakoa da Cheren irudiaren erabilera.
Londresen Che Guevara izeneko garagardo bat ikusi nuen. Ez zait bidezkoa iruditzen, Cheren irudiari etekin komertziala ateratzeko modua da hori. Hala eta guztiz, eta kontsolatzeko edo, zera pentsatzen dut, garagardo hori edaten duenak Cheren irudia duelako eskatzen duela. Parisen, berriz, taberna eta jatetxetan aurkitu izan dut bere irudia. Ez dira lekurik aproposenak, nire ustez. Eskolan, unibertsitatean, parke batean agian... Baina ezin dut kritikatu, taberna jabeak Cheganako zeozer sentitzen duelako jarriko baitu bere irudia.
Bizitza osoa Ernesto Che Guevarari eskainia eman duzu.
Ahalegin guztiak egiten ditut berarekiko konpromezuak betetzearren. Bere ideiei eusten ez ezik, berak irakatsi zidan bezalakoa izaten segitzen saiatzen naiz. Egunero lan egin, egunero ikasi, albokoari lagundu, dakidana irakatsi. Ahal dudan bitartean Cheren oroimena gordetzen ahaleginduko naiz.
Gogorra al da bizimodua gaur egungo Kuban?
Aitortu beharrean gara zaila dela gure egoera. Ekonomiak behera eta behera egin digu, eta herritarrei jaten emateko ere nahikoa lan bada. Edo edozein alorreko premiak asetzen. Sekula ez genuen pentsatu herrialde sozialistetan ustelkeria hain urruti helduko zenik, hain itsatsia zegoenik. Horienganako gure menpekotsuna ikaragarria zen, eta horiek jaustean eskuak lotuta ditugu, kapitalismoak ez baitigu ezer onik ekarriko.
JULEN ARRIOLA
Benigno Rodriguez eta Jean Cornier Parisko kaleetan.
Che Guevara hurbil hurbiletik ezagutu zuten bi gizonok.
14-16,17

GaiezPolitikaNazioarteaEstatuak/NaBOLIVIA
PertsonaiazRODRIGUEZ5
EgileezARRIOLA2Politika

Azkenak
2025-02-17 | ARGIA
Ikasle feministek elkarretaratzea egin dute Gasteizko EHUko campuseko irakaslearen sexu erasoak salatzeko

Gertatutakoak ez direla kasualitatea azpimarratu dute. Unibertsitateko eremuetan indarkeria matxista gertatzen dela azaldu dute, eta arazoa sistematikoa dela. Protokolo bat eskatu dute erasotuak babesteko. Erasotzaileak inpunitate osoarekin jokatu duela salatu dute.


Bi futbol taldek planto egin dute irain arrazisten aurrean Bizkaian eta partiduak bertan behera geratu dira

Gaztelueta C -Berango C gazteen futbol partidua bertan behera geratu zen Larunbatean. Jokatzen ari zirela Gaztelueta C taldeko gazte batek aurkariari "beltz zikin madarikatua" deitu zion. Gorengo erregional mailako Otxarkoaga-Iturrigorri partiduan ere... [+]


Bederatzi pertsonari lau eta hamar hilabete arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie Voxen kontra protesta egiteagatik Bilbon

Atxuri auzoan 2019ko azaroaren 5ean Voxen kontra egin zuten bederatzi pertsonaren kontrako epaia iritsi da. Akusatuek ez dute espetxean sartu beharko.


2025-02-17 | Axier Lopez
Itziarren semea?

Ia mende batez, Euskal Herrian ez da belaunaldirik tortura ezagutu ez duenik. 1960tik 5.379 lagun dira ofizialki, baina askoz gehiago dira, publikoki torturatu gisa agertzeak min egiten duelako oraindik ere. Eta seguruenik, oinarri-oinarrian ez delako ezer aldatu. Polizia... [+]


Eneko Anduezak PSE-EEko idazkari nagusi izaten jarraituko du

PSE-EEren zuzendaritza berriak alderdikideen %95en onespena jaso du. Anduezak proposatutako Batzorde Exekutiboan aurreko 26 kideetatik zortzi aurpegi berri daude soilik.


Europak toki bat aldarrikatu nahi du Ukrainako bake negoziaketan, AEBen bazterketaren aurrean

Macronek egindako deiari erantzunez, NATOko eta Europako agintariak Parisen elkartuko dira astelehen honetan, AEBek eta Errusiak iragarri ostean Ukrainako gerra amaitzeko elkarrizketei heltzekotan direla. Europak diru asko xahutu du Ukraina laguntzen, eta gerra amai dezakeen... [+]


Erantzukizun publikoak hartzea eskatu dute Euskal Herriko Torturatuen Sarearen aurkezpenean

Torturak jasan dituzten 900 lagun bildu dira Donostian Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkezteko, otsailaren 15ean. Ekimenak torturatuen bozgorailu izan nahi du, eta oraindik torturen berri eman ez duten herritarrak sarera batzera animatu dituzte. Eusko Jaurlaritzari eta... [+]


Labrazaren defentsan
"(Oiongo osoko bilkuraren) helburua argia da, legez legitimatzea tramitazioan irregulartasun nabarmenak dituzten megaproiektu energetikoak"

Joan den asteazkenean egun gogorra eta desatsegina bizi izan genuen, ez bakarrik Labrazarentzat, baita zentral eoliko,... [+]


Gazteen arteko genero arrakalak gora egin du kokapen politikoari dagokionez

Azken hogei urteetako gazteen kokapen politikoa izan dute aztergai The Economisten. Europan 18-29 urte arteko gizonak emakumeak baino posizio kontserbadoreagoetan kokatzen dira. 


Gasteiz inguruan Vitoria Solar 1 eta 2 parke fotovoltaikoak eraikitzea onartu du Eusko Jaurlaritzak

Parke bakoitzak hirurogei hektarea izango ditu, eta 32 milioi euroko aurrekontua du proiektuak. Ingurumen eta baimen teknikoak berretsita, egitasmoari hirigintza baimena baino ez zaio falta eraikitzeari ekiteko.

 


Industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioak milaka lagun batu ditu Iruñean

Arriskuan dauden BSH, Sunsundegui, Nano Automotive, Siemens Gamesa, Tenerias Omega, Tasubinsa eta Volkswagen enpresetako langile batzordeek haien egonezina azaldu dute eta Nafarroako Gobernuari "benetan bermatzailea den legeria bat artikulatzea" eskatu diote.


Tentsio betean, preso truke berria egin dute Israelek eta Hamasek

Su-etena hitzartu eta hilabete bete denean, lehen faserako adostutako 33 bahituetatik 25 askatu ditu Hamasek. Israelek, berriz, 985 preso utzi ditu aske. Bigarren fasea martxoaren 2an da indarrean sartzekoa, baina bi aldeek jarraitu beharreko urratsak zehazteko daude... [+]


Analisia
Nostalgiari ‘sold out’

Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]


Zedarriak Foroari erantzuna
Defentsan inbertitzea

Zedarriak Foroak Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua txostena aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean. Bertan, EAErako gomendioak jasotzen dira, Draghik eta Lettak Europako Batasunerako aurkeztu dituzten txostenak erreferentziatzat... [+]


Eguneraketa berriak daude