"Ostiralero autobus bat erretzea gatazka artifiziala da erabat"


2021eko uztailaren 19an
Xabier Markiegi Arartekoari egindako elkarrizketa
"Ostiralero autobus bat erretzea gatazka artifiziala da erabat"
Xabier Markiegi, Arartekoa
Bere ekimen-ardatza beti biktimarekin egotea dela azpimarratu digu, eta Arartekoa «euskal herritar guztiontzako» erakundea dela. Zierbenan zinegotzi, Bizkaiko Batzar Nagusietan apoderatu, legebiltzarkide eta orain Arartekoa. Baina kargu politikoez gain ere, ibilbide luzea egina du Xabier Markiegik politikagintzan. Eta, jakina, esatekorik asko dauka.
Tolerantziari buruzko Bartzelonako jardunaldietan intolerantzia patologia gisa definitzen zenuen. Euskal gizartea gaixo al dago?
Haustura sozial handia gertatu da euskal gizarteko bi sektoreren artean. Trantsizio baketsua eta erreformista aukeratu duten euskal herritar gehienak batetik, eta hausturaren aldeko apustua egin duen gutxiengoa bestetik. Azkenok ez dute onartzen bere garaian gehiengoak onartutako autogobernu maila. Bi sektoreon artean egon daitezkeen politika, kultura, gizartea, aldarrikapen historikoak eta antzerako gaien inguruko eztabaidak gizalegez burutu daitezke, nahiz eta desadostasunak egon. Eskubide historikoei buruzko ikuspegi ezberdinen, nazio-eraikuntzari buruzko estrategia ezberdinen eta abarren arteko desadostasunak izan arren, haustura eragin duena indarkeriaren erreferentea da. Erreferente hori egongo ez balitz, gai horiek guztiak inolako arazorik gabe eta lasaitasunez eztabaidatzen arituko ginateke.
Haustura gizartearen baitan baldin badago, herriaren birkonposaketa ere gizartearen baitan gauzatu beharko da. Ibai-ertz bietatik adiskidetzea eta negoziaketa nahi duten eskuek irten behar dute. Bi sektoreetan esku asko dira horren bila dabiltzanak, baina aldi berean bi sektoreetako jarrera muturrekoenak gogortzen ari denik ere bada. Baina bi aldeetako moderatuenen ahaleginek ehun soziala egin behar dute. Uneotan, garrantzitsuagoa da laugarren solairuko bizilaguna bigarrengokoarekin adiskidetzea ez dakit zein konferentzia antolatzea baino.
Euskal gizartearen arazorik nagusiena intolerantzia dela uste al duzu?
Euskal gizartean intolerantzia maila izugarria dago, bestea alboratzeko bizia edota askatasuna kentzerainokoa. Hain intolerantzia fenomeno larriak eragiten dituen indarkeriaren erreferentea egongo ez balitz, ETArena zein beste aldekoarena, ez litzateke inguruko gizarteak baino tolerante edo intoleranteagoa izango.
ETAk dio Euskal Herriaren eskubideekiko Espainia eta Frantziako estatuek mantentzen duten intolerantziaren ondorio direla bere ekintza armatuak.
Euskal herriak edo erroldatutako euskal herritarron multzoak hautestontzian adierazten du zer nahi duen, eta horixe da herriaren borondatea. Euskal gizartean badira eroso sentitzen ez diren herritarrak, espainiar eta frantziar estatuen jarrerak intolerantetzat jotzen dituztenak. Aldiz, beste herritar batzuk ez dira deseroso sentitzen, eta ez dute ikusten bi estatuen aldetik halako intolerantzia mailarik dagoenik. Ikuspuntu horretatik, inork ezin du bere gain hartu euskal herritarron ordezkaritza.
Beraz, zatitutako bi alde horiek adiskidetzeko nahitaezkoa da indarkeria amaitzea...
Bartzelonara eraman nuen agirian agertzen nuenez, oso garrantzitsua da ETAren indarkeria babestu duten sektore sozialek ETArekin hitz egitea. Guztiok esan diogu jada ETAri geratzeko, aspertu gaituela, bere oinarri sozialak izan ezik. Arduratzen nauena da indarkeria babesten aritu den baina jadanik bide horretatik gerra galduta dagoela pentsatzen duen sektoreak ETArekin hitz egiteko askatasun eta ausardiarik ez izatea. Hori da falta den azken elkarrizketa, alderdi politikoen artekoa edota ETA eta Gobernuaren artekoa baino garrantzitsuagoa.
NATOn sartzeari euskal herritar gehienek emandako ezezkoa aipatzen duzu ponentzian, eta hala ere barruan gaude. Nola uler daiteke kontraesan hau?
Behin Autonomien Estatua onartzen dugunean, Estatu osoaren borondatea autonomia guztien borondatearen baturaz egiten dela onartzen dugu. Kasu honetan euskal herritarrok NATOren kontrakoak ginela argi geratu zen, baina ez zen nahikoa izan.
Dena den, Estatuak kontuan hartu behar du herri honek, erroldatutako euskal herritarren multzoak, borondate propio hori duela. Eta sentikortasun hori, beste gai batzuetan, gainontzeko autonomietako Arartekoen aldetik sumatu dut Bartzelonan: intsumisioa dela, euskara dela, tratu txarrak...
Datu positibotzat, zenbait taldek borroka armatuari uko egitea aipatzen duzu. ETA-pm-ren desagerketak zer irakatsi dizu?
Diktaduraren azken garaiko manifestazioetako lelo nagusia «Askatasuna, Amnistia eta Autonomia Estatutua» zen. Diktaduratik eskubideak ezagutzen dituen erregimenera igaro ginen, euskal preso guztiak kartzelatik irten ziren 77ko urriko amnistiaren bitartez, eta azkenik, Autonomia Estatutua. Herri honen gehiengoak Estatutuari baietza eman zionean gure zeregina amaitua ikusi genuen.
Euskal Herrian bizi dugun indarkeriaren ardura norena da?
Egiten dutenena soilik, eta neurri batean babesten dutenena, alde batekoa izan zein bestekoa.
Egun gogor salatzen da GAL. Bere garaian GALen ekintzei amaiera emateko edota beren egileak atzemateko beharrezko guztia egin al zen?
Ez, utzikeria garrantzitsuak behintzat izan ziren. Euskal gizartearentzat berez gai makurra izateaz gain, ustez egin den bezala Estatuaren aparatuek egiteak zuzenbidezko estatuaren deslegitimazioa dakar, sinesgarritasun galera. Etsipena ere sortarazten du. Bakearen alde lanean ari bazara, eta bat-batean indarkeri-irudi izugarriak heltzen bazaizkizu, azkenean esaten duzu: joan daitezela San Mamesera eta has daitezela elkarri tiroka, baina utz gaitzatela bakean.
GALek utzi dio bere jardunari, baina ETAk une batean esango balu «nahikoa da, hemen utziko dugu», pare bat belaunaldi beharko lirateke bakearen, tolerantziaren, elkarrizketaren... kulturak gizartean behar bezalako sustraiak bota eta zauri guztiak ixteko.
GAL afera argitzeko orduan egin ez zena orain egingo al da?
Justizia ohardun bada zuzenbidezko estatuaren sinesgarritasuna birloratzeko duen arduraz, bere esku dago. Justiziak afera guztia argitara atera behar du eta errudunei dagozkien zigorrak ezarri.
ETA armak uztera behartuko dutenak gazteak izango direla esan duzu. Zertan oinarritzen duzu baieztapena?
Egun agertarazten zaigun euskal gazteriaren irudia ez da benetakoa. Kaleko bortizkeriaren igoera honek
Intifada berri baten itxura eman dezake, hala ez delarik. Kopuruz oso fenomeno txikia da eta gazte gehienek ez dute ildo horretatik jotzen, besteek iskanbila handiagoa egiten duten arren. Estrategia baten arabera finkatutako fenomenoa da, gatazka artifiziala, zeharo efektista: ostiralero autobus bat erretzea gatazka artifiziala da erabat, eskubide historikoekin, independentziarekin edota presoekin zerikusirik ez duena.
Posible ikusten al duzu elkarbizitza giro berria Espainiako Konstituzioak, Gernikako Estatutuak eta Nafarroako Foru Hobekuntzak zehaztutako lege-esparru berberean?
Guztia hobetu daiteke, eta lege horietarik bat ere ez da behin-betirako, guztiek baitaramate erreforma klausularen bat. Baina niri, herritar gehienei bezala, autonomia honetan bizi daitekeela iruditzen zait. Kantitatez eta kalitatez, gure autogobernua munduko eta, zalantzarik gabe, Europako handienetakoa da. Jakina, helburutzat independentzia duena Estatuaren baitan egindako edozerk ez du inoiz gustora utziko. Baina eredu honek herritar gehienen nahiak asetzen ditu, duela 30 urte pentsaezina baitzen orain daukaguna izango genuenik. Beraz, eredu hau bere emaitzak ematen ari da.
ETAk bere amaiera erabaki behar duela diozunean, zer ulertu behar du erakundeak desagerpenerako deiaz gain?
Dei bezala balio badio, ni pozik. Bere jardunari amaiera emateko nik eta herritar gehienek esateaz gain bere oinarri sozialek esaten badiote, ezin hobe.
Nola ikusten duzu adiskidetze eszenatokia?
Senecaren hitzak hartuta, «elkarrenganako barkamen kontratuak» soilik ekar diezaguke bakea: batetik, elkarbizitzarako baldintza minimoetarako kontratua bermatzeko ahalegina egin behar da; bestetik barkamena dago, guztiok eman behar baitugu amore; eta elkarrenganakoa azkenik, guztiok hartu behar baitugu parte, alderen bat kanpoan geratuz gero bere horretan jarraituko baitugu.
Hori gauzatzeko akuilu lanak egin ditzaketen bi agente daude: gizarte mugimenduak eta alderdi politikoak. Hauek hainbat gauza egin ditzakete txinparta piztu eta adiskidetzea edo elkarrenganako barkamen kontratua sustatzeko. Gizarte mugimenduek beren eremuan, gizartean. Alderdi politikoek elkarrizketarako eta aipatu kontratua egiteko eremuak zabaltzeko ahaleginean, elkarrizketa eta tolerantziaren eguneroko praktikaren bitartez.
Elkarrenganako barkamen kontratua proposatzen duzu. Elkarri-ren borondateen kontratuaren eredu bera al dela ean al genezake?
Ez du zerikusirik. Elkarrenganako barkamen kontratua Rousseauren kontratu sozialaren antzeko zerbait litzateki, hots, elkarbizitzarako oinarrizko arau batzuk ezartzea; elkarren arteko errespetua, pentsamolde guztien errespetua... Alegia, euskaldun eta, era berean, espainol sentitzen den euskal herritarra ez fusilatzea; eta azken honek ez dezala fusilatu euskaldun bakarrik sentitu eta herri hau estatu independente nahi duena. Gehiengoen jokoa da azken batean: gehiengoz erabakitzen da eta gutxiengoa errespetatu egiten da, zapaldu gabe; baina, noski, gutxiengoarekiko errespetuak ezin du izan gutxiengo horrek esaten duena egitera artekoa.
Atxilotuz gero, euskal herritarrak segurtatuta al dauka torturatuko ez dutela?
Ez dut uste, eta halaxe esan nien gainontzeko Arartekoei Bartzelonan; eta ahal den neurrian hori ekiditeko lan egin behar dela erabaki genuen. Toki-aldaketetan, presoa daramaten funtzionariek espetxe edo komisaldegi bakoitzean zerbitzuan dagoen funtzionari-buruari edozein gora-beheraren berri eman behar diote; eta jarraian, medikuak presoaren egoera aztertu behar du eta inolako gora-beherarik izan den ikusi. Protokolo honen bitartez, toki-aldaketetan tratu txarrak kasik erabat ekiditea lortu da.
Aldiz, atxiloketa egoitzetan eremu opako bat geratzen da, egungo legeriak jasotakoa: inkomunikazioa. Presoa inkomunikazio egoeran egoteak eremu opako hori ahalbideratzen du, eta eremu horretan tratu txarrak gerta daitezke.
Intsumisioa euskal gazteriaren belaunaldi oso bat hunkitzen ari da. Arartekoak esan edo eskaintzekorik badu?
Asko esan eta eskaini diet. Egindako gestioak Justizia Ministerioari eta Espainiako Arartekoari zuzendu dizkiet, intsumisioaren despenalizazioa eskatuz, eta zigorren bat jarri behar zaiela pentsatzen badute neurriz kanpokoa ez izatea eskatuz. Orain Espainiako Arartekoaren gestioen zain egon beharra dugu, harremanak mantentzen hasia baita aipatutakoa Kode Penalean jasotzeko.
JAUREGI, Mikel/ ZUBIRIA, Pello
8-10,11


GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakBesteakArartekoa
PertsonaiazMARKIEGI1
EgileezJAUREGI5Politika
EgileezUBIRIA2Politika

Azkenak
2024-10-17 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez die etxebizitza-alternatibarik eskaintzen Gasteizen dauden Gazako bost familiari

Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]


2024-10-17 | Hiruka .eus
Lan-esplotazioa eta sexu-erasoak egotzita atxilotutako pertsonen taberna margotu dute, Getxon

Hainbat emakume-langile esplotatu eta horiei sexualki eraso egin dieten jabeen taberna pinturaz margotu zuten ezezagunek domeka gauean Getxoko Areeta auzoan. Pinturaz gainera, aldarri bat ere margotu zuten ondoko horman: "Erasoen aurrean klase batasuna".


2024-10-17 | Cira Crespo
Herriaren ahotsa onartuko duzu

Gaur gauean, urriak 17, 88 urte faxistek Jose Ariztimuño, Aitzol, hil zutena. Fusilamendu pelotoiaren aurrean ez zuela isilik gelditu nahi irakurri berri dut. Soldaduei tiro egitea kosta egin omen zitzaien, behin eta berriz agindu behar izan omen zieten su egiteko. Hala... [+]


Lanaldi murrizketaren aurka agertu da Carrefour, Ikea eta Eroski parte dituen banaketa-enpresen elkartea

Espainiako Lan ministro Yolanda Diazen proiektuaren aurka agertu da Banaketa Enpresa Handien Elkartea (Anged): "Joko-arauen aldaketa" ez du onartzen.


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dute magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


2024-10-16 | Leire Ibar
TikTokek bazekien neska nerabeak gizonezkoen aurrean diru truke biluzten zirela

TikTok enpresaren barne-dokumentuen filtrazio batek adierazi duenez, enpresa jakitun zen 15 urteko hainbat neska zuzenekoetan biluzten zirela gizonezko helduek bidalitako txanpon birtualen truke. Sare sozialeko hainbat dokumentutarako sarbidea ahalbidetu zuen akats bati esker... [+]


2024-10-16 | Julene Flamarique
Italiak lehen migratzaileak deportatu ditu Albaniara eta Von der Leyenek ekimena Europa osora zabaltzea proposatu du

Kritiken artean deportatu ditu Italiak hamasei errefuxiatu Albanian eraiki duen "harrera-zentro" batera. Proiektua 2023. urtean erabaki zen Meloniren Italiaren eta Albaniako Ramaren arteko akordio bat izan zela eta, eta "migrazio-kudeaketak bizkortzea" du... [+]


2024-10-16 | Iñaki Murua
On Ángel!

Goiburu hori soilik irakurri eta ezinezkoa nor den edo nor zen asmatzea, baina bazen nor!

Ángel González Olvera, Mexikon ezagutu genuen duela 11 urte bertsolariok hango inprobisatzaileekin jardunaldi batzuetara gonbidatu gintuztenean. Mendi gain batean bizi zen,... [+]


Tlatelolcoko sarraskiaren aitortza

Mexiko Hiria, 1968ko urriaren 2a. Hilabete batzuk lehenago, ekainaren 22an abiatutako ikasle mugimenduak mitin bat antolatu zuen Hiru Kulturen Plazan, hiriko Nonoalco-Tlatelolco unitatean. Mexikoko ejertzitoak eta Batallón Olimpia talde paramilitarrak bildutako ikasleei... [+]


Merkatu librearen mitoa

Erdi Aroan Jaungoikoa jaun eta jabe zen bezala, garai modernotan merkatuaren eta bere lege zurrunen menpe bizi gara. Goi mailako soldata erraldoiak merkatuak zehazten omen ditu; izan ere, Iberdrola edo BBVAko CEO-en sariak beraien arloko merkatuek finkatzen omen dituzte, nahiz... [+]


Hezitopia dinagu zain

Tomas Mororen Utopia liburuko utopiarrek leitzea maite omen zuten. Hizkien bueltako hezkuntza onaren ondorioz, haurtzaroan hasi eta helduaroan ere aritzen ei ziren, inork manatu beharrik gabe, leitzen eta ikasten eta gehiago leitzen. Pentsa, aisialdia horretara emanak bizi zuten... [+]


2024-10-16 | Edu Zelaieta Anta
Bira osoa

Sandra Cisnerosek idatzitako The House on Mango Street mugaldeko liburuan pertsonaia baten txakurrak bi izen ditu: bat, espainolez; bat, ingelesez. Beharbada kontu harrigarria gerta liteke lehen begiratuan, baita liburu baterako ere, baina lasaiago pentsatuz gero ohartuko gara... [+]


Popuerzakoa

Iraileko igandeetan ohitura da gure inguruetan Erniora igotzea, Zelatunen dantzan aritzea eta txorizo muturra, edo, jatea. Eguraldi txarrenaz ere ez da jenderik falta izaten. Aurten lagunak goizago abiatu eta ni berandututa, bakarrik nindoan estratan gora, beherantz zetozen... [+]


Abdallah: Israelen lagun amerikarrek kartzelan hilik nahiko luketen libanoarra

Berrogei urte eginen du urriaren 24an Georges Ibrahim Abdallah libanoarra atxilotu eta preso sartu zuela Frantziako Estatuak, eta horrenbestez Europako preso politiko zaharrena da. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea... [+]


Eguneraketa berriak daude