Nire azkenengo bandera izan da Kontxakoa


2021eko uztailaren 19an
Kontxako bandera Donibaneko-koek irabazi dutela eta, patroia mintzo
Nire azkenengo bandera izan da Kontxakoa
Juan Mari Lujanbio
Festa handia izan zuten joan den igandean Pasai Donibanen. Izan ere, oraindik Kontxako Banderan lortutako garaipenaren aztarnak kendu gabe harrapatu dugu «Donibaneko Aurraunlariak»eko patroia. Azken arrakasta honen zapore bereziaz, arraun taldearen etorkizunaz, eta bertako patroi lanetan joandakoez eta etorriko direnez mintzatu zaigu donibanetarra. Ate haunditik joango dela eta, asebeteta agertu da Juan Mari Lujanbio, izan ere hauek azken ziabogak ditu Donibaneko taldean.
Zure bizitzako pasarterik gozoena al da hau?
Bai, horrela da, azkeneko lau urteetan klub berria egin dugu eta hor ibili gara beti mutur muturrean, arrastaka bezala bandera hori lortzeko eta denak garrantzitsuak badira ere bandera honek beste emozio bat sortu dit. Esan dizudan bezala, lau urte besterik ez daramagu klub berriarekin eta jada Kontxako estropadan nagusitzeak meritu handia daukala iruditzen zait.
Baina patroi bezala zure laugarren Kontxako bandera da hau.
Bai, lehendabizikoak ilusio handia egin zidan; pentsa ezazu Donibanen 25 urte pasa zirela trapu horren arrastorik gabe, Etxabe patroi zela irabazi genuenetik eta 1986.ean lortutako harek poza handia eman zidan, batez ere herrikoentzat zekarrenagatik.
Gero 88 eta 90ean ere Kontxatik etxera irabazle etorri ginen ostera, baina aurtengoak beste zentzu bat du guretzat. Traba eta zailtasun handiak izan ditugu Pasai Donibanerengandik banandu ginenetik eta hainbeste oztopo gainditu behar izanak balio gehiago ematen dio aurten Kontxan egin dugunari, berezi samarra izan da, nolabait esateko «gehiegizkoa». Gainera azken urteotan dudatan nenbilen, utzi ala ez, eta hauxe zen tostetatik oporralditxo bat hartzeko modu egokiena, ate handitik.
Azken asteotako iskanbilajasatea kostako zitzaizun, ez da?
Bai, niretzako eta aldi berean arraunlarientzat tentsio handiko egunak izan dira. Agian neuk karga gehiago jasan behar izan dut, batik bat komunikabideen aldetik, baina bestela ere, itsasoari begira nahiko kezkatuta pasa genituen azken egunak. Abantaila genuen lehenengo jardunalditik, bandera ia ia helduta. Baina itsaso zakarrarekin edozer gauza gerta daiteke eta horretan zegoen geure beldurrik nagusiena. Ostegun arte San Juango itsas-ahotik atera ezinik ibili eta gero ostiralean hobera egin zuen pittin bat; larunbatean Kontxako badiara azkeneko aproba egitera joan ginenean itsasoa bare samar zegoen, olatua bai baina baga garbiarekin.
Estropadara etorrita, kanpoko ziabogetara bidean behin eta berriz burua erabiltzeko oihukatzen zenien arraunlariei?
Jakina! Hasi aurretik bi arerio gogor genituen, gertuenekoak Sanpedrotarrak eta Oriorekin ere ez zegoen fidatzerik; Zarautzen hartu genuen jipoiaren ostean errezelo piska bat geratu baitzitzaigun. Bagenekien Oriok estropada puskatzera irten behar zuela eta guri bihotzarekin baino arraunean buruz egitea komeni zitzaigun. Aurretik joaten utzi genien baina nik estropada oso ondo zihoala ikusten nuen, mutilen erritmoa ona zen eta hamahiru segunduko abantailari eutsiko geniola seguru nengoen. Beste hamar minututan topera jo beharra zegoen baina konfidantza osoz jardun ginen lanak amaitu bitartean.
Noiz konturatu zineten banderak Donibanerako bidea hartuko zuela?
Konfidantza gehiegi ezin duzu sekula hartu baina puntetara ailegatzen, uharte pare horretan, San Pedro atzean utzi eta oriotarrak traineru edo traineru t'erdiko abantailarekin ikusita, lauzpabost segundurekin gure aurreko errenta nahikoa zela eta badia barrurako bidea lasai antzera egin genuen.
Zer nolakoa iruditu zitzaion zure aitari ziabogako maniobra?
Ez dut oraindik hitzegiteko aukerarik izan, neronek oraindik ez dut estropadaren bideoa ikusteko astirik izan; jende asko esaten ari da txarra eman genuela baina nire ustez ziurtatzera joan ginen, ekin ondo ekin genion eta agian haizearen eraginez gure aurrekoak ez zuen garaiz arrauna sartu; dena dela berehala zuzendu genuen trainerua.
Ziaboga atzean utzi eta Donibanekoentzat Kontxako bandera. Ez al da sorpresa handia izan zuek irabaztea?
Begira, hori komunikabideen afera da. Haseratik San Pedro eta Orio famatu zituzten, pronostikoak era hildo horretatik jo zuten eta gu zokora, isil isilik, ez genuen beste erremediorik izan. Egia da denboraldian zehar gu baino maila hobea erakutsi dutela, Oriok esaterako zortzi bandera irabazi zituen aurten _geureak biderkatuz_ eta titulu garrantzitsuenak ere bai; San Pedrok aldiz ihaz jo zuen errepasoarekin _16 bandera_ edonori jar ziezaiokeen errespetua. Guk aurten estropada gutxi egin ditugu, lau bandera irabazi _Elantxobe, Pasaia, Xixon eta Hondarribikoa_ eta abuztu haseran zorrotz begiratu genion Kontxari. Bi urte generamatzan kaskoan baina muturrera iritsi ezinik eta «aurtengoak geurea behar dik» pentsatuz sekula baino sasoi hobean heldu gara iraileko lehenengo igandera. Beraz, pronostikoek besterik esan arren geu oso konfidantza osoz abiatu ginen Donostia aldera.
Harritzekoa bada ere, aurten ez da zalaparta handirik sortu estropadaren inguruan.
Geure giro honetan iskanbilarik ez gertatzea notizi bilakatzen da eta alde horretatik ere pozik egoteko modua badugu. Lehenengo jardunaldian Kortak enbarazu egin geniola eta, estropada inpugnatu nahi izan zuen, Orioren aldetik etorrita normala, Kortari beti soinua egitea gustatzen baitzaio arerioa urduri jartzeko. Gainerantzean, pisaketan ere ez zen eragozpenik izan eta itsasoaren egoera lagun, estropada eremuko lanekin ere z zen istilurik sortu
Azpimarratzekoa da txanda nagusiko lau txalupek estropada eremuko marka hautsi zenutela?
Horrek esan nahi du urtetik urtera kluben prestaketak hobetzen doazela eta horrenbeste hilabeteko lanak bere fruituak ematen dituela gauzak serio eginez gero. Errekorrak hausten ez da batere erraza eta garbi dago goi-goian gaudela. Teknikoki bakarrik ez, materialak azkarragoak dira eta guzti horri esker markak ez dute asko irauten, ez eta iraungo ere. Kontxako badian arraunean aritu ginenon artean bakar bat bera ere ez zen izan egurrezko txaluparekin, denak zuntzezko traineruak ureratu genituen eta horrela egurrezko trainerua goi-mailako lehiarako desagertzen joango den bezala poliki poliki arraun munduan teknika eta marka berriak egingo dira. Nire ustez urrezko boladak bizi ditu arraunketak eta egoera hori aprobetxatzen jakin behar dugu.
Kontxako banderak oraindik ere gainerako estropadetan lortutakoa bigarren mailan uzten du?
Nik uste dut geure helburu nagusia eta denena Kontxako estropada dela. Beste estropadetako garaipenak ere kontutan hartu behar dira baina Kontxakoaren itzalean ahaztuta. Ez luke horrela izan beharko, estropada guztitara irabaztera joaten garela baina entremandu guztiak Kontxara begira antolatzen dira. Guk bi talde dauzkagu eta denboraldian zehar dosifikatzen jardun gara Kontxara kaxkoan ailegatzeko. Orio eta San Pedrok denboraldian punta puntan ibili eta gero dezepzio handia hartuko zuten seguruaski, izan ere, aurretik egindakoa gutxietsi egiten da.
Kontxako bandera irabazi eta gero ba al dago gogorik arraunlarien artean tostatan segitzeko?
Beno, oraindik jardunaldi batzu gelditzen dira eta beti bezala irabazteko asmotan gabiltza. Izan ere, asteburu honetan Bermeoko estropada jokatuko dugu, Euskadiko traineru ligarako baliagarria eta lehen tokia mantentzekotan abiatuko gara. Pena bat izan da federazioak sponsorrik lortu ez izana, gisa honetako lehiaketa bat antolatu nahi izanez gero sari erakargarriak banatu behar baitira. Dena dela, liga denon artean bultzatu beharreko kontua da.
Toreroei baino gehiago kostatzen ari zaizu arraunketa uztea?
Egia da, bai, urte batzu badira arrastaka uzteko asmotan nabilena baina azkenean arrazoi bat edo beste bada beti tartean denboraldi berri bat jokatzeko. Baina lehen esan dizudanez, Kontxa irabazita samurrago egingo zait ihesaldia. Dozena bat urte badira traineruan pasa ditudanak patroi lanetan eta oraindik gazte sentitzen naiz beste zenbait gauza egiteko: zaldian ibili, andrearekin pasiatu edo lagunekin juergaxkaren bat jotzeko irrikitzen nago. Ez dizut esango betirako agurra denik baina momentuz nazkatuta ere banago eta atsedenak mesede handia egingo dit. Nire atzetik beste bi mutil badatoz patroi lanetarako eta berme osokoak: hain zuzen Igor eta Ion Ormazabal, aurten bertan patroi lanetan aritutakoa lehenengo traineruarekin.
Herrian jaso zenuten harrera goxoak, beraz, ez dizu segitzeko adina indarrik eman?
Igandekoa izugarria izan zen baina egun bateko zoramenak ez ditu urte luzeetan egindako sakrifizioak ahazten. Ia hamabost urte daramatzat eta ni bezalaxe badira beste lauzpabost arraunlari jada beteranoak: Etxabe, Azkue, Mendizabal, Arraras eta Aldasoro.
Nolanahi ere, klubak ordezkoak badauzka eta maila mantenduz aurrera segitzeko ez dago inongo arazorik.
Agian Donibaneko bi taldeak bilduz gero etorkizuna samurragoa litzateke?
Dudarik ez, baina gaur egun banandu gineneko giro berbera somatzen da. Bandera ospatzeko garaian duda-mudatan dabilenik hurbildu eta poztu ere egingo zen festa giroan parte hartuz, baina egia esateko bata eta bestearen jarrerak lehen bezain kontrajarriak daude. Arraunaren inguruko sua pizteko ez da pospolurik behar kaleetan zehar eta familiartean ere bada gorabeherarik. Nire kasuan, esaterako, familian badut Donibanen arraunean dabilenik eta hori gutxi balitz, andrea Trintxerpekoa eta bere aita sanpedrotarra jaiotzez eta izatez, Libiakoen jarraitzaile sutsua alegia. Pena izugarria da, kontutan har ezazu aurten lau traineru ureratu ditugula denboraldi honetan Donibanetik. Arraunlari mordoska horrekin koadrila bat egiterik izango bagenu, herri honetan goi mailako arrauna urte askoan segurtaturik legoke.
Beraz, Donibaneko larrosak bi kolore edukiko ditu oraindik?
Zoritxarrez bai. Nik neuk konponbidea garbi ikusten dut. Pasai Donibane eta Donibaneko Arraunlariak berriz elkartzeko ezinbesteko baldintza da Pako Prietok alde egitea; berak dirau hemen jaun eta jabe, bera da erregea eta gizon honek agintzen duen bitartean Pasai Donibaneko herriak arraun mailan bitan bananduta segituko du.
AGIRRE, Martin
28-33

GaiezKirolaArraunaEstropadak
GaiezKirolaArraunaBesteak
PertsonaiazLUJANBIO2
EgileezAGIRRE20Kirola

Azkenak
Migratzaileak delinkuentziarekin lotu eta mugen kontrola areagotzearen alde egin du Pirinio Atlantikoetako prefetak

Espainiako Estatutik Frantziakora “legez kanpoko” gero eta migratzaile gehiago igarotzen direla argudiatuta, mugetako kontrolak indartzea begi onez ikusi du Pirinio Atlantikoetako prefetak. Migratzaileek delitu txikietan “eragin hautemangarria” dutela... [+]


Kanibalismoa bizirauteko

Poloniako Maszycka kobazuloan duela 18.000 urteko arrastoak topatu zituzten XIX. mendearen amaieran. Baina berriki giza hezurrak teknologia berriak erabiliz aztertu eta kanibalismo zantzu garbiak aurkitu dituzte. 

Ez da ikerlan bat ondorio horretara iristen den lehen... [+]


Aliatuen errekorrak

Porzheim (Alemania), 1945eko otsailaren 23a. Iluntzeko zortziak jotzear zirela, hegazkin aliatuak hiria bonbardatzen hasi ziren bonba su-eragileekin. Erasoak sarraski izugarria eragin zuen denbora gutxian. Baina Pforzheimen gertatutakoa itzalean geratu zen, egun batzuk lehenago,... [+]


Zer gertatu da DBH 2n? “Ezohiko bi jaitsiera handi” nabarmendu ditu ebaluazio diagnostikoak zientzia eta gaztelanian

Matematika, zientzia, euskara, gaztelania eta ingelesa konpetentzietan EAEko ikasleek duten maila neurtzen duen ebaluazio diagnostikoaren emaitza festan, 13-14 urteko ikasleek zientzia eta gaztelanian izan duten deskalabrua "zuhurtziaz" gogoetatzeko beharra adierazi... [+]


Eta hemen gaude berriro, erlijioa eskolan

Otsailaren 3an hasi da gure umeak eta gaztetxoak eskoletan aurre-matrikulatzeko garaia, eta urtero bezala gogoratu nahi genizueke zergatik ez zaigun ideia ona iruditzen erlijioan matrikulatzea. Iaz artikula bukatzen genuen esanez “askori idazki hau ezaguna egingo zaizue,... [+]


Donostiako emakume batek salatu du Ertzaintza bere aurka oldartu ostean ZIUan amaitu zuela, konorterik gabe

Emakumearen familiako kideek jarri dute salaketa Bilboko Kolonbiaren kontsulatuan. Otsailaren 1ean jasan zuen erasoa, Donostiako Manterola kaleko diskoteka baten atarian. Hainbat testigantzen arabera, konorterik gabe egon arren berari kolpeka jarraitu zuen ertzain batek.


La Furia. Mimoa eta indarra
“Cascante Euskal Herria bada, zergatik ez dira jotak euskal kultura?”

Ilezko prakak, gerritik oinetaraino, latexa besoetan eta soinean, eta adatsa laranja gori. Horrela aurkeztu du La Furiak bere bosgarren lan luzea: Ultra. Horrek guztiak ederki islatzen du rap abeslariaren apustua: dena eman, bere irizpideen arabera.


Pantailen erabileraren inguruko hausnarketak

Tranbia txiki Arratia Institutuko Guraso Elkartetik pantailen erabileraren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu ikas komunitatean.

Azkenaldian kezka handia dago ume eta nerabeengan pantailek duten eragina dela eta. Ardura hori etxeko erabileratik eskola eta institutuetako... [+]


Hidrodukto batek zeharkatuko du Aiaraldea?

Petronorrek adierazi du asmoa duela hidrogenoa ekoizteko lantegia abiatzeko Bilboko Portuan eta erregai mota hori Tubacex, Tubos edota Vidrala enpresetara heltzeko, beharrezkoa izango dela hidroduktoa eraikitzea.


Hirigintza araudia malgutu eta etxebizitzen eraikuntza sustatzeko dekretua sinatu du Jaurlaritzak

Etxebizitza berrien promozioak ez atzeratzea da Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen dekretuaren helburu nagusietako bat. Zentzu horretan, udalei "autonomia" gehiago emango diela ziurtatu du Denis Itxaso sailburuak.


2025-02-19 | Nicolas Goñi
Mozambiken kontratatu zituen militarren torturak isilpean gorde ditu Total multinazionalak

Mozambiken gas eremu zabal batean erauzketa prozesu bat martxan ezartzeko prest zen 2020an TotalEnergies enpresa frantsesa, eta gunearen segurtasuna bermatzeko Mozambikeko unitate militar bat kontratatu zuen. Baina Afrikan egitekoa zuen "inoizko inbertsio pribaturik... [+]


Izena duenak badu izena

Bai, bai, holaxe. Ez naiz harago joatera menturatzen. Pleonasmo bat dela? Tautologia bat agian? Baliteke, baina egia-oste deitzen dioten garai honetan, oinarri-oinarrizko egitateak beharrezkoak dira. Begira, bestela, “Ez da ez!” lelo indartsuari. Bagenekien hori... [+]


2025-02-19 | Castillo Suárez
Porcelana Irabia

Baneukan lagun bat Porcelana Irabian lan egin zuena itxi zuten arte, eta jatetxe edo taberna batera joaten ginen aldiro kikara eta plateraren ipurdia begiratzen zituena pieza non egina zegoen jakiteko. Gauza bera egiten dut nik gauza zaharren azoketara joaten naizenetan:... [+]


Eguneraketa berriak daude