"Komeni zaienean edo erremediorik ez dutenean HBrengana jotzen dute".


2021eko uztailaren 19an
Xabier Olano HBko bozeramaileari elkarrizketa
"Komeni zaienean edo erremediorik ez dutenean HBrengana jotzen dute".
Xabier Olano, Gipuzkoako Batzar Nagusietan HBko bozeramailea
Gipuzkoako Batzar Nagusietarako HBko lehen hautagaia, Xabier Olano egun HBko bozeramailea da berton. 13 urte udalgintzan, egun Usurbilgo Udaletxean funtzionaria da. Gaur egun HBk bizi duen «apartheid» egoera azaldu digu besteak beste.
Zein itxura hartzen diozu Gipuzkoan osatu den gobernu berriari?
Batzar Nagusietako kideetatik erdia baino gehiago biltzen duenez, badu babesa. Baina sakonean ezegonkortasun dexente du, oso ezberdinak diren hiru talde biltzen baititu. Zaila egingo zaie gai askotan, euskal kulturarekin zerikusia dutenetan batipat, ados jartzea, batez ere PSE-EE eta EAri. Azken batean, PSE-EEk eredu estatala defenditzen du eta alderdi espainola da.
Zer iruditu zaizu Roman Suduperen programa?
Programa jarraitzailea da. Adibidez, aurreko legealdian EAk askotan defenditu zuen departamentu murrizketa ez dute egin. Baztertzailea ere bada. Talde guztien integrazioa bilatzen saiatu beharrean, hiruren artean banatu dituzte programa eta sail guztiak, eta kitto.
Oiartzungo alkateak dio udalei autonomia kendu nahi zaiela. Herri bateko funtzionaria izanik, aldaketarik sumatu duzu?
Hemen hainbeste erakunde sortu ditugu, udalak, diputazioak, Jaurlaritza, Estatua eta Europa, ezen bakoitzak konpetentziak hartu behar dituela eta ahulena udala denez, denek udalei kendu nahi dietela. Udala izanik herritarrengandik gertuen dagoen erakundea, udalak askoz ahalmen gehiago beharko lituzke.
HB ez al da oposizio zailean geratzen IU eta PPrekin?
Hauteskundeetako emaitzen eraginez lotuagoa gaude. Orain arte gai askotan HB zen giltzarria eta gai askotan erabakigarriak izan ziren HBk hartutako jarrerak. Orain gobernua osatu den bezala osatuta, gure joko esparrua nahiko murritza da eta zaila izango da oposiozioko beste taldeekin adostasunera iristea.
Aurreko legealdian bezain erabakigarriak ez izateak zein ondorio izango du HBn?
HBk suertatzen zaizkion baldintzetara egokitu behar du. Orain lau urte gure jarrerak gai asko erabakitzeko balio izan zuen: autobidearen gaia, `Euskaldunon Egunkaria'rena, udal finantziaziorako fondoarena... Orain, badirudi ez dela hain erabakigarria izango. HB, baina, saiatuko da oposizio eraikitzailea egiten, proposamenak egiten eta PSOE, EAJ eta EAren artean zirrikituak irekitzen.
Hirukoak Biltzar Nagusietatik demokrazia kanporatu duela esan duzu orain gutxi. Zer esan nahi duzu horrekin?
Mahaiaren osaketan hartu dituzten erabakietan, hain demokratak diren horiek demokrazia erabat alboratu dutela. Batzar Nagusien mahaia osatzeko bost kide izendatzen dira. HBk proposatu zuen bost kide horiek talde ezberdinetakoak izatea: mahai horren lehendakaritza egon zedila boto gehien jasotako taldearen esku, EAJren esku, lehendakaritzaordea bigarrenaren esku, bosgarrenera arte. Zer hori baino demokratikoagorik? Ez zuten inolaz onartu, eta euren artean banatu dituzte kargu guztiak.
Kontrol organua izan behar duen Batzar Nagusietako mahaia osatzeko beraiek bakarrik sartzea, besteekiko errespeturik ez izatea da.
Ez al zaizu gehiegikeria iruditzen EAJk eta EAk GALekin agintzen dutela esatea?
Ez diegu ukatzen nahi duten kideekin biltzeko eskubidea. Baina hiru alderdi horietako bat PSOE denean, herri honek ondo dakien bezala GAL auziarekin PSOE goitik behera zipriztinduta dagoenean, guk genion EAk eta EAJk GALekin batera gobernatzen dutela.
HBri apartheida inposatzen zaiola salatu duzue.
HBren edozein proposamen, zentzuzkoena izanda ere, batzuek automatikoki bazter uzten dute. Apartheida oinarririk gabeko bazterketa politikoa da. Euren teoriari jarraiki, ez didate esango PP eta PSOE demokratak direla eta HB, berriz, ez.
Esaterako, joan den ostegunean banatu ziren Batzar Nagusietako hamaika batzordeak talde politikoen artean. Begira apartheida nola agertzen den, ezen banaketa hori ez zuen soilik EAJ-EA-PSOE hirukoak egin, baizik eta laugarren hanka bilatu dute PPn, laugarren hanka espainola. Batzorde guztiak banatu dituzte lauren artean. Eta IU-EBri ere eskaintza egin zioten. Aldiz, Gipuzkoako bigarren indarra den HBri eskaintzarik ere ez diote egin. Ez dugu guztiena eskatzen, dagokiguna baino ez.
Egoera hori nola gaindi daiteke?
Batzar Nagusiei dagokienez, proposamen mordoa egiteko asmoa daukagu, proposamen eraikitzaileak eta errespetuz egindakoak. Gero, baztertzen gaituzten edo ez, egoera politikoak adieraziko du. Komeni zaienean edo beste erremediorik ez dutenean, HBrengana jotzen dute. Gogoratu autobidearen gaia, gogoratu 92ko aurrekontuarena... Orain ere, behar badute, etorriko dira. Ea noiz hartzen duten behar hainbat zentzu eta noiz hasten gure proposamenak aztertzen.
Aurreko legealdian EArekin zenbait gauza egin zenituzten. HB gobernuan egoteko aukerarik ez al zegoen?
Orain gauzak dauden bezala nahiko zaila zen, baina aukerak bazeuden. Eskaintza egin genien EA eta EAJri hiruren artean gobernua osatzeko, baldin eta gobernu horrek ezaugarri minimo batzuk bazituen: batetik, jarrera guztiak errespetatu behar dituela, bigarrenik, hemengo baliabideak Euskal Herrian erabiltzeko aukera eman behar duela, eta hirugarrenik, ahalik eta pauso gehien eman behar direla Euskal Herriaren bakebidea bultzatzeko. Baina EAJk nahiago izan du bigarren indarrari baino hirugarrenari eta laugarrenari deitu.
«Aldaia askatu» espaloi batean eta «Euskal Herria askatu» bestean. Zer gertatzen da?
Zoritxarrez, gehiegizko tentsioa jasaten ari gara egun. Hala ere, tentsio hori ezin dakioke alderdi bati soilik leporatu. Nahiago nuke beste garai batzuk etorri eta tentsio hau gainditzeko ahalik eta urrats gehien emango balira. Horretarako giltzarri nagusiena, ordea, hirukoan, itunean edo nahi izanez gero EAJn ikusten dut. HBren aldetik egin dira zenbait eskaintza, erakunde armatuak ere egin du agiri batean eskaintza garbia, eta orain beste alderdiari falta zaio borondatea.
Tentsioaren probokatzaile gisa zuek azaltzen zarete kontramanifestazioak antolatzeagatik...
«Euskal Herria askatu» lelopean egin ditugun agerpenek zilegitasun osoa dute, beraiek egiten dituztenek duten bezalaxe. Tentsioa sortzen da batzuk hala nahi izan dutelako, Espainiatik eraso bortitza dagoelako gure izaera desagertarazteko eta eraso horretara EAJ eta EA ere prestatu direlako. Jasaten dugun tentsioaren ardura nagusia EAJk dauka, eta EAJren barnean pertsona berezi batzuk.
Asteotako tentsioa zer da, irteerarik gabeko bidearen hasiera ala posizio finkatze gogorra?
Sokatira saio baten antzekoa da. Denok dakigu epe ertain edo luzera irtenbideak negoziatua izan behar duela, baina aurrez bakoitzak soka beregandik ahalik eta hurbilen jarri nahi du.
Ez al da hautsiko soka?
Ezetz espero dut. Une honetan posizio finkatze batean gaude. EAJko ordezkari batzuek elkarrizketa-bideak ireki behar direla esan dute, eta HBk gauza bera esaten du. Beraz, soka eten baino lehen ekin beharko zaio.
Ikusten duzu horretarako giro eta modurik?
Elkarrizketa hasteko, aurrez beste alderdia errespetatzetik hasi behar da. Saiatu dira azken egunetan Ezker Abertzaleari jipoia ematen bazter guztietan: horra udaletan egin dituzten lapurreta lotsagarriak, Batzar Nagusietan, kalean eman duten egurra... Astoaren jokoa egiten dute: azenarioa erakutsi, baina atzetik egurra eman.
Ardanza lehendakariak elkarrizketarako aukerarik ez dagoela esan du, ahul dagoen Gobernu zentrala horretan hasiz gero PP eta «ABC» gainean izango lituzkeelako.
Elkarrizketarik ez badago martxan, batez ere da Espainiako Gobernuaren ahultasunagatik. Hala ere, horretan EAJk ardura badu. Ezin daiteke kanpora begira egon eta Espainiako Gobernuak ez du borondaterik esan, eta kitto. EAJ bera has daiteke Ezker Abertzalearekin hitz egiten, eta nahi badu bederen, EAJk zeregin garrantzitsua izan dezake.
Egoera honetan HBko hautetsiek zer nolako politika egin dezakezue erakundeetan?
Saiatu behar dugu inposatu nahi diguten bazterketa urratzen eta konponbiderako ahalik eta proposamenik zentzuzko eta argienak egiten. Hori egiten badugu, herritarrak jakingo du nor ari den ahalegintzen herri honen bakebidean eta nor oztopak jartzen eta bazterketak egiten.
ZUBIRIA, Pello/JAUREGI, Mikel
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
PertsonaiazOLANO4
EgileezJAUREGI5Politika
EgileezUBIRIA2Politika

Azkenak
Euskarazko hezkuntzaren alde, ingeleseko saio gehiagorik ez

Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]


2025-04-15 | Irutxuloko Hitza
Urrian zabalduko dute Basque Culinary Centerren Donostiako GOe egoitza berria

Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikinaren lanak azken etapan sartu dira dagoeneko, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko (BCC) zuzendariak azaldu duenez, astelehenean Donostian egin duten bisita instituzionalean.


2025-04-15 | Bertsozale.eus
Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2025eko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]


Gerra piztu zenetik bi urte
Sudanen paramilitarrek 350 pertsona hil dituzte asteburuan errefuxiatuen kanpalekuetan

NBEren esanetan, gatazka hasi zenetik gutxienez 13 milioi sudandarrek euren bizilekuetatik alde egin behar izan dute, eta biztanleriaren erdiak elikagai eskasia du. RSF Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarrak asteburuan egin dio eraso Darfur eskualdeari, eta... [+]


Zentsura mozioa onartuta, UPNk Noain-Elortzibarreko alkatetza galdu du

AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta... [+]


2025-04-15 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Milioika abokaturekin edo igerilarirekin, AEBak berrindustrializatu?

Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.


Baionako Xingar Ferian salatutako bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.


Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Hilberria
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Eguneraketa berriak daude