"Etxekoandre batek bere etxea bezala gestionatu behar da hiria".


2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Plazandreok alderdiari buruzko elkarrizketa
"Etxekoandre batek bere etxea bezala gestionatu behar da hiria".
Juana Aranguren, Plazandreok-eko zerrendaburua Donostian
Estreinako, hilaren 28an soilik emakumez osaturiko hautagaitza aurkeztuko da Donostian, Plazandreok alegia. Juana Aranguren da zerrendaburua. Bilbon jaioa, 23 urte daramatza Donostian ofizioz abokatua den honek.
Zer bilatzen zenuten Plazandreok sortzearekin?
Ideia orain bi urte sortu zen, Donostiako Talde Independiente Feministatik. Talde honek pentsatu zuen emakumeok politika instituzionalean ere parte har genezakeela. Nahikoa dela, gure ordua dela eta ordezkaritza politikoa izateko eskubidea dugula pentsatzen dugun emakumez osatua dago.
Plazandreok-ek emakumeok ahots propioa izatea eta ahots propioz jardutea bilatzen du. Kontuan har gaitzaten du helburu, hots, demokrazia areagotzea eta zabaltzea. Gu politikan sartzearekin demokrazia handiagoa izango da, partehartzaileagoa izango delako gure ahotsa politikara gehituko duen neurrian.
Aldaiaren bahiketaren ostean eta alderdien erreakzioaren ondorioz, kanpainako bi ekitaldi bertan behera utzi behar izan dituzue.
Maiatzaren 13rako ekitaldia antolatua genuen eta Lasa eta Zabalaren gorpuak zekartzatela eta manifestazioa zegoen. Hilaren 20an, aldiz, geldialdia egin zen eta ez ziguten aurretik ezer galdetu. Alderdiek mitinak goizez zituzten eta geldialdia arratsaldeko 3retatik aurrera egitea erabaki zuten. Inork ez zuen pentsatu, ordea, guk ekitaldia arratsaldeko 8etarako prestatua genuela. Eguerdiko 12etara aldatu behar izan genuen, horrek dakartzan arazo guztiekin. Ez gaituzte kontuan hartu. Emakumeak ikustezinak garela dirudi.
Alderdi handien egituretara lotuta ez dauden talde edo ekimenekiko jarrera baztertzailea dagoela adierazi duzue orain gutxi.
Bazterketa handia dago. Legeak ezartzen dituen dohaineko tarteak ez dizkigute eskaintzen, ez telebistan ez irratian. Bizirik betikoek jarraitzea dakar horrek. Hiritar ekimen eta taldeena propaganda hutsa da, gero ez baitizue aukerarik ematen jendeak zu ezagutzeko eta zure alternatibak eskaintzeko. Alderdi handiek kontrolatzen dute politika eta ondorioz, ez dago tokirik beste ekimenentzat. Guri behintzat ahalik eta oztopo gehien jartzen dizkigute.
Bat zatozten alderdiren baten bitartez zuen aldarrikapenak bideratzen saiatu al zarete?
Ezagutzen ditugun alderdietan inork ez du gure interesen defentsa asumitu. Ez gara inongo alderditan ordezkatuta sentitzen. Gure ordezkaritzaren % 100 eskatzen dugu, ez dugu % 30engatik borrokatu nahi. Gainera, nork ordezkatuko gaitu guk geuk baino hobeto?
Guztiek hitz egiten dute ohizko alderdien krisiari buruz, baina azkenean beraiek dira funtzionatzen jarraitzen dutenak eta alternatibek ez dute aurrera egiten...
Bizitza politikoko polarizazioa eta gizartean dagoen haserrea dela eta, ez dago animo edo ilusio politiko handiegirik. Jendea politikaz ahazten joaten da, abstentziora eta boto zurira joz. Horiei egiten diegu dei, berriro politikaren ilusioa senti dezaten, politika baita gure bizitza erabakitzen duena.
Plazandreok alderdi ezkertiarrekin etsitako emakumezko zerrenda dela esanez gero, gezurra esango al genuke?
Plazandreok plataforma plurala da. Ez dugu gure burua definitzen, ez gara ez ezkertiar ez eskuintiarrak. Ezkerrak eta eskuinak ez dute gure interesen defentsa beregain hartu. Emakumeen interesak beti bigarren maila batean jartzen dira, eta ez lehentasun gisa. Eta hori da nahi duguna.
Europako herrialderen batean zuena bezalako esperientzia baten erreferentziarik ba al duzue?
Gertuagoko esperientziarik ere badugu, Ermuan. 1987an emakumezkoen hautagaitza aurkeztu zen eta 20 botogatik ez zuten lortu ordezkaritza. Islandiako kasua ere hor dago. Politika instituzionala egiteko Emakumeentzako Aliantza taldea eratu zen. Parlamentuan ordezkaritza lortu dute eta Reykjavik-eko alkatea ere taldekoa da.
Zer du Donostiak gainontzeko hiriek ez dutena, zuena bezalako hautagaitza posible izateko?
Horrelako zerbait egitera animatu diren donostiar batzuk baino ez. Emakume askoren begirada Donostian jarria dago uneotan. Ordezkaritza lortu ala ez, ekimen hau martxan jartzea eta Plazandreok eratzeko gai izatea beste emakume batzuentzako adibide edo erreferentzia izango da.
Zein boto mota eta zein kopurutan espero duzue jasotzea?
Inkestak egiteko ahalmenik ez dugunez, ez dakigu zenbateko boto kopurua atera dezakegun. Hala ere, baikorrak gara. Kalera irteten garenean oso ondo hartzen gaituzte. Emakumeek politika egiteko garaia bazela esaten digute, eta gauzak aldatuko direla. Harrera oso ona izan da, baina hori botoetan nola islatuko den ez dakigu.
Emakume zein gizonezkoei egiten diegu dei botoa emateko. Demokrazia inklusio sistema denez gero, ez dut uste inongo gizonezko aurrerakoi emakumeok ahots propioz hitz egitearen aurka dagoenik. Eguneroko bizitzako gure gestioaz eta zentzunaz baliatzen diren gizonezkoak, zentzun horren aplikazioaz balia daitezke bizitza politikoan.
Donostiako zein gobernu modutan egongo zinatekete prest parte hartzeko?
Aurkezten garen lehenengo aldia denez eta antzeko esperientziarik izan ez dugunez, itunen kontuak ez digu burukominik eragiten, nahiz eta jakin hauteskundeak eta geroko gakoa direla. Alderdiek gure interesak eta gaiak asumitzen dituzten neurrian egingo ditugu itunak. Ez daukagu lehentasunik, aldez aurretik ez dugu inor baztertzen. Batipat gainontzeko alderdietako emakumeei gauza asko planteatuko dizkiegu, beren alderdiei kasurik egin ez eta emakumeentzako hobekuntzak bultza ditzaten.
Donostian emakumearen egoerak lehentasunezko zein eginbehar eskatzen ditu?
Aukera berdintasunerako departamentua eratu behar da. Departamentu horrek ekinbide-plangintza positiboa eratuko luke. Plangintza hori ez genuke guk diseinatuko, departamentuak baizik, ikusten diren beharren arabera. Badakigu zein diren behar batzuk, baina sakoneko azterketa egin behar da guztien berri izateko: adibidez, etxebizitzan, ea familia-zama duten zenbat emakumek ezin duten etxebizitza eskuratu. Garraioei dagokienez, garraioaren areagotzea planteatzen dugu.
Emakumearen etxe bat eratzea ere planteatzen dugu. Udal eraikuntza bat egon dadila emakumearen etxea izango dena, emakumeak bil daitezen. Emakumearen etxe horren barruan, harrera etxea izango litzatekeen lekutxoa egotea ere eskatzen dugu: tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak bertara joan daitezen, eta lagundu ditzaten.
Zergatik eta zertarako aukera-berdintasunaren kontzejalia?
Ekinbide-plangintza positiboa eratzea da kontua. Alderdi askok bultzatuko luketela diote, baina hauteskunde kanpainan baino ez dute esaten, ondorenean ez baitute martxan jartzen. Behar horiek zein diren zehaztu behar da, sail bakoitzean konponbideak eskaintzeko. Politika berrikusi behar da, bere osotasunean, emakumeon ikuspegia gehitu ahal izateko. Emakumeak hiri honen populazioaren erdia gara, eta gure interesei eta eguneroko bizitzarekin zerikusia duten gaiei Udaletik ere ekin behar zaie.
Bizitza publikoa feminizatzeaz hitz egiten duzue. Zertan datza?
Udaleko edozein gairi ekiten zaionean, erabiltzaileen erdia emakumeak direla kontuan hartzea. Loiolako hizketaldi batean emakume batek esan zuen moduan, etxekoandre batek bere etxea gestionatzen duen bezala gestionatu behar da hiria. Hots, lehentasunak zein diren eta behar garrantzitsuenak asetuta daudenean, orduan ikusi beste batzuk egin ahal daitezkeen.
Zein dira lehentasuna eman behar zaien donostiar emakumeen behar oinarrizkoak eta zein alde batera utzi beharreko proiektu faraonikoak?
Lehentasunak sailez sail aztertu behar dira. Ez dago nahikoa haurtzaindegi eta daudenak garestiak dira, etxeko asistentziaren gaia areagotu behar da, adinduentzako eguneko egoitzak gehitu, etxetik kanpokoaz gain etxeko lanak ere banatu behar dira... Ezkontzen diren emakumeen erdiak ordaindutako lana utzi eta dohainekoarekin gelditzen dira, beraiek bakarrik egiten baitute. Ikuspegi publikotik ez dira kontuan hartzen emakumeek dohainik egiten dituzten lanak.
Proietu faraonikoei dagokienez, krisi garaian behar sozial handiei eutsi behar zaie. Baliabideak berbanatu behar dira, populazioaren gehiengoa ongi bizi dadin eta beraien beharrak ahalik eta ongien ase ahal ditzaten. Obra handiei ekiteko garai hobeen zain egon behar da.
JAUREGI, Mikel/ZUBIRIA, Pello
8-9,10,11

Gaiez\Politika\Euskal Herr\Taldeak\Alderdiak\PLAZANDREOK
Pertsonaiaz\ARANGUREN5
Egileez\JAUREGI5\Politika
Egileez\ZUBIRIA2\Politika

Azkenak
2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Eguneraketa berriak daude