"Bosniakoaren ostean, munduak lezioa ikasi duen itxaropena dut".


2021eko uztailaren 19an
Meho Kodro futbolariari elkarrizketa
"Bosniakoaren ostean, munduak lezioa ikasi duen itxaropena dut".
Meho Kodro
Defentsek beldurra diote. Atezainek zer esanik ez. Bere golek izen berezia daukate «kodrazoak». Hamaika lagun utzi dituen Mostarretik urrun badago ere, beti dago hango berrien zelatan. Bosniak kezkaturik daukanez, SOS Balkanes-ekin batera ahal duenean laguntzen du.
Lau denboraldi daramatzazu Realean jokatzen. Ligan 127 partidu inguru jokatu eta 62 aldiz jaso dute aurkako atezainek baloia sareetatik; kurrikulum paregabea. Egin iezaguzu lau urte hauetako azterketa.
Primeran gogoratzen dut emaztea eta bederatzi hilabeteko haurrarekin 1991ko irail hartan Donostiara iritsi nintzeneko hura. Hotel batean eman genituen lehen egunak, eta giro aldaketa eta hizkuntza zela-eta, hasieran arazoak izan genituen. Gero, lauzpabost hilabetez irakasle batekin jardunaz, arintasuna lortu genuen.
Kirolari dagokionez urte onak izan dira niretzat. Lehen urtean, hogeita lau partidutan, hamahiru gol egin nituen. Bigarrenean, nire herriko gerra eta sendiaren zatiketa zela eta, egoera apur bat aldatu zen, ahulxeago ibili nintzen. Iazkoaren antzera, laugarren denboraldi hau nahiko ondo doa.
UEFAra sartzea erreala da, edo amets edo utopia bat?
Aurredenboralditan, beti, taldeko jokalari guztiok UEFAn sartzeko nahia eta gogoa izaten dugu. Baina bada beste talde mordo bat lehiaketa horretan sartzeko asmo eta aukera gehiago dituztenak. Beraz, jakin badakit talde txikia garena eta txapelketak poltsikoratzea... arrunt zaila da. Aurtengo Liga txanpa batean dago eta gu erdi bidean gaudenez, goikoak ez dauzkagu hain urrun ere...
Donostiako taldea bigarren itzuliko taldea dela esan ohi dute.
Hala diote, baina egia esan lehengo urtean hori ez zen inondik inora ere bete. Hala bedi.
Salva Iriarterekin ia dozena bat partidu egin dituzue galdu barik. Hala eta guztiz ere jarraitzaileak nahiko urduri daude.
Daukagun akatsetariko bat zera da, ez garela joko ona partidu askotan zehar mantentzeko gai. Lehia batzuk nahiko ongi jokatu ostean, eta inor gutxik huts egitea (gu geu barne) uste duenean, punta-puntakoa ez den talde baten aurrean kale biribila egiteko gauza gara.
Adibidez, Ligako talde bikainenetarikoa duen Zaragozaren aurkako norgehiagoka edota Compostelaren partiduaren artean, alde izugarria dago, eta aste batean jokatu genituen biak. Hor zerbait gertatzen da. Talde handien aurka jokatzean, ezertxo ere galtzeko ez dugunez, lotsagabe jarduten dugu. Baina aurkaria erraz menperatu behar dugunean, azken pasea edota gar apur bat falta izaten zaigu.
Emaitzak direla eta, zer nolakoa da aldagelako giroa?
Gure arteko harremana primerakoa da. Egoera ez da larritzekoa eta jakin badakigu azken aldi honetan nahiko ondo jokatzen ari bagara ere, zer hobetu edo zuzendurik badugula. Profesionalak gara eta akatsak, hanka sartzeak onartu eta hitz eginez konpontzen dira. Bestela jai dugu.
Azken denboraldietan gol mordoa egin duzu. Izan al daiteke Meho Kodro 94-95 tenboraldiko pitxitxia?
Noizik eta behin gerta daitekeela pentsatzen dut, baina amets horrek ez nau kezkatzen. Zamorano, adibidez, talde benetan indartsu batean dabil; ni, aldiz, askoz umilago batean. Nire golak taldearentzat dira.
Velez Mostarren ere gol asko sartzen nituen, baina ez nuen inoiz pitxitxia eskuratu. Belgradeko Izar Gorrian, Pancev izeneko jokalari handia zegoen garai hartan, eta bospasei urte bere itzalean eman nituen.
1992. urtearen hasieran Bosniak autodeterminazioaren erreferenduma egin zuen. Apirilean EBko Atzerri ministroek independentzia onetsi zioten, baina gerra atarian zegoen. Nola gogoratzen dituzu une haiek?
Egia da Bosnia-Herzegovina herri bezala onartu zutela, baina eraso ezberdinak direla medio, lurraldearen %70 kendu digute. Ez zait politikaz hitz egitea gustatzen, baina denok dakigu zer gertatu den, eta komunitate internazionalak egin duena baino askoz gehiago egin zezakeen gerra bertan behera uzteko. Ez dute ezertxo ere egin.
Gatazka hasieran dagoeneko Donostian nengoen eta albisteak zirela eta, hamaika tira-bira izan nituen buruan. Hala ere, gerrak denbora gutxi iraungo zuela ustea nuen. Triste eta ulertezina gertatzen da garai bateko lagunak elkar hiltzen aritzea. Min hau guztia politika eta `norbaitek' nahi izan duelako gertatu da. Eta munduak eta NBEk zer portaera hartu duten ikusita, lurjota geratzen zara.
1992ko ekainaren 8an, NBEko Segurtasun Kontseiluak, Sarajevo babesteko eta giza laguntza hiritarrrei iristeko mila bat kasko urdin hedatzeko ebazpena jakinarazi zuen. Ez al duzu uste une hura momentu funtsezkoa izan zela, laguntzarako giza irtenbidea urratu beharrean, irtenbide politikoa lortzeko?
Gertaera hamaika eratan geldi zezaketen, bai politikoki bai gizalegez. Argi dago ez dutela egin nahi izan ez dutelako. Mundu guztiak daki eurentzat zerbait garrantzitsua bazegoela Bosnia-Herzegovinan... zeren eta gerra hamabost minututan geldi zitekeen. Diruak, tamalez, dena lor dezake. Badakit munduko leku askotan iskanbilak gertatzen ari direla, baina ez dut nirea ez den herriez mintzatu nahi. Gertatzen ari dena ikusita, ez da harritzekoa bosniar eta batipat Sarajevoko herritarrentzat NBE esperantza izpirik ere ez duen erakundea izatea.
Beraz NBE gatazkei aurre egiteko sinesgarritasun osoa galtzen ari den erakundea bihurtzen ari al da?
Eraso egiten ari zaizkion herri bati soilik giza laguntza luzatzen diote. Bosnia-Herzegovinan gertaturikoa oso tristea da. Hainbat haur, heldu eta zaharrek gorriak eta bi jasan dituzte, edota errefuxiatu edo preso daude. Kasko urdinak ere erasotzen edo inguratzen dituztenean, apenas egiten dute ezer. NBE bezalako erakunde batek ezin du hori onartu, ez baitituzte beraiek ere, munduko herrien ordezkari direnak, aintzakotzat hartzen.
Gatazka pil-pilean zegoenean, Bosnia-Herzegovinan sartzeko ahalegina ere egin omen zenuen.
1993ko udan, Adriatiko itsasotik sartzeko asmoa nuen, baina une hartan, bosniar eta kroaziarren arteko gerra hasi zen eta ez nuen modurik izan. Era berean, ihesi zetorren jendeak sartzeko aukerarik ez nuela jakinarazi zidan.
Bosniarrek arma enbargo gordina dute. Hau dela eta ezin dute defenditzea den eskubide zilegizkoa erabili. Honek gerraren agonia luzatzen du, ez?
Jakina. Hasieratik jasan dugu arma enbargoa eta hori ez da, inondik inora ere, zilegi. Lotsagarria da benetan! Berrehun edo hirurehun mila pertsona hil dira, eta armak izan bagenitu herritar gutxiago hilgo ziren. Planeta osoak, telebista tarteko, han gertatu den guztiaren berri daki eta Bosnia-Herzegovinakoaren ostean, eta munduko beste edozein lekutan halakoren bat berriz gerta ez dadin, lezioa ikasi duen itxaropena dut.
Urte honen hasieran esan zenuenez, jendeak Bosnia ahaztea ikaragarritzat ikusten zenuen.
Jendeak ez du ahaztu. Gatazkaren irudiak, telebistako irudiak ikustean, ikusentzule asko hunkitu eta tamalgarritzat jo zuten gerra. Hasieran entzundako albisteek hotz uzten zaituzte, baina denboraren poderioz gauzak ahantzi egiten dira... Gerra hirugarren urtean sartua dago, badakit ez dela bertan behera geldituko, baina dagoeneko ez da garai batean bezain interesgarria. Arazo bat hasieran handi bihurtzen da; denborarekin indarra galtzen du. Problema ez da Bosnia-Herzegovinarena soilik, Europa eta munduarena ere bada. Hori dela eta munduan batasun gutxi dago, ez baitago erakunde ahaltsuetan konfiantzarik. Interes ekonomiko eta politikoak daudela bistan da, eta argi eta garbi dago bati baino gehiagori guda ez amaitzea interesatzen zaiola.
Zure elkartasuna egunerokoa da. Zenbait senide Bosniatik Donostiara ekarri dituzu.
Denbora batez, hamalau lagun inguru izan nituen eta ahal nuenean lagundu nien. Egun bederatzi dauzkat, guraso eta ahaideak tartean direla eta nik bakarrik lan egiten dut. Beraz, egia da futbolean jokatu eta familiarentzat ahalik eta diru gehien poltsikoratu nahi dudala. Jende guztiak ongi dakien bezala, nire gurasoek une honetan ez daukate ezer ere. Etorkizunari begiratu beharra daukat.
Une honetan Bosnia-Herzegovinaren % 70 serbiarren esku dago. Zein izango da zure herriaren geroa?
Bosnia-Herzegovina banandu egin nahi dute. Banaketa honetan bosniar eta kroaziarrentzat herriaren %51 izango litzateke, eta gainontzeko guztia serbiarrentzat. Bosniarrek, zatiketa honen aurrean, arazoa gizalegez konpondu nahi dute, ez kontaktu taldeek eginduten eran. Batek daki nola amaituko den gatazka, gerta daiteke borroka egoera honek urteak irautea.
Bosnia-Herzegovinan, eta Euskal Herrian, Sarajevo Aske eta Bateratuaren Deklarazioak zer nolako erantzuna izan du?
Harrera ezin hobea izan du. Sarajevon bertan, milioi erdi pertsonak sinatu dute hiria aske eta zatiezina dela aldarrikatzen duen agiria. Euskal Herrian ere 20.000 sinadura lortu dira eta beste behin, euskaldunok sufritzen ari den bosniar herriari elkartasun paregabea erakutsi diozue.
ODRIOZOLA, Jon
28-32

GaiezKirolaFutbolaTaldeakReal Socied
GaiezKirolaFutbolaJokalariak
PertsonaiazKODRO1
EgileezODRIOZOLA3Kirola


Azkenak
Errege Magoen desfilean zati lasaiak tartekatu dituzte, autisten elkarteek aldarrikatuta

Dezibelio eta argiztapen muturrekoak ohiko diren makro-ikuskizunen eta makro-estimuluen garaiotan, autismodun haurren bueltako elkarteek aspalditik egindako eskaera zabaltzen ari da pixkanaka, baita Errege Magoen desfileetan ere: ez musika, ez argiztapen, ez abiadura... [+]


Urtarrila, intxaurrondoaren loaldia

Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez.


2025-01-06 | Nagore Zaldua
Itsas-bare kantauriarra
Ohartarazpenaren artelanak

Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa... [+]


2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]


2025-01-06 | Garazi Zabaleta
Trebatu elkartea
Lehen sektoreko erreleboa bultzatzeko egitasmoa Gipuzkoan

Urteak daramatza martxan Ipar Euskal Herrian Trebatu elkarteak, laborantzan proiektua abiatu nahi duten pertsonek aurrez trebatzeko aukera izan dezaten. Ipar Euskal Herriko proiektua eredutzat hartuta eta ideia berari tiraka, Gipuzkoan ere izen bereko elkartea sortu dute aurten... [+]


LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


Eguneraketa berriak daude