«Hipokresia handia dago hizkuntzaren gaian»


2021eko uztailaren 19an
Xabier Kintana Euskaltzainari elkarrizketa
«Hipokresia handia dago hizkuntzaren gaian»
XABIER KINTANA
Euskararen erle langile definitu du Haritxelharrek. Hiztegiak, itzulpenak, eleberriak, artikuluak... piska bat denetarik egin izan du euskararen inguruan. Euskaltzaindiaren inguruan aspaldidanik ibilia, euskaltzain oso egin berri dugu.
Zein asmorekin sartu zara Euskaltzaindiko etapa berri honetan?
Euskaltzaindian ez zara sartzen, sartu egiten zaituzte. Eusebio Erkiaga hiltzean proposamen bi egon ziren, eta Bitoriano Gaindiaga eta bion arteko lehiaketa estuan azkenean ni aukeratu ninduten. Euskaltzaindiak badu erronka nabari bat. Euskara ofiziala da, eta hizkuntza ofizial batek dituen helburuak euskarak oraindik ez ditu erabat burutuak. Euskararen batasuna ezinbestekoa da, irakaskuntza eta administrazioa ate joka ari direlako. Euskaltzaindiaren erronkarik nabariena normatiba gero eta zehatzagoa ematea da. Jendea erabakien zain dago. Erabakiak ortografia, gramatika, izendegi eta lexiko aldetik.
Zer falta du horretarako Euskaltzaindiak?
Denbora, eta baliabide tekniko eta ekonomikoak. Euskaltzaindikook ez dugu dirurik kobratzen. Ohorea da, abertzaletasunagatik edo euskaltzaletasunagatik egiten den lana. Gure lanetik aparte sartzen ditugu orduak. Akademietan gauza normala da. Baina pentsatzekoa litzateke, ekonomiaren, kirolen edo turismoaren arduradunak horretara ordu libreetan dedikatuko balira zer gertatuko litzatekeen.
Euskararako zenbat diru inbertitzen den kontuan hartuta, nik esango nuke kiroletan edo Bilboko erakustazokako erakusketa batean inbertitzen dena baino gutxiago dela. Euskaltzaindiak, bere alorreko erabakiak hartzeko, aldeko eta kontrako iritziak aztertu behar ditu, dokumentazio zahar eta berria arakatu, eta horretarako lan asko eta denbora asko behar da.
Aspaldi idatzi zenuen «Ukronia» ipuina, garai hartako Euskaltzaindia kritikatuz. Orain, zer aldatuko zenuke?
Frankismo denboran Euskaltzaindia luzaro katakunbetako egoeran bizi izan da. Egoera hori aldatu egin da teorian, baina ez guztiz praktikan. Nahiz eta euskara ofiziala dela jakin, hainbeste urtetan hortik kanpo egon izana hain barneraturik daukagunez, oraindik ofizialtasuna ez bagenu bezala funtzionatzen dugu sarritan oro har euskaldunok. Euskaltzainen artean nolabait hori gertatzen da: euskara zaletasun, maitasun bezala interpretatzen da, baina ez eguneroko premia gisan.
Nolanahi ere, badago erritmo arazo bat. Arlo batzuetako jendeak eskatzen duen erritmoa eta zenbait euskaltzainek markatzen dutena ezberdinak dira.
Hori hizkuntza eta akademia guztietan gertatzen dela uste dut: akademia hizkuntzaren premien atzetik doa. Euskaltzaindiaren kasua are nabariagoa da. Gainerako akademiek denbora luzean gauzak konpontzeko izan dute aukera eta guk hori epe laburragoan konpondu behar dugu. Euskaltzaindiaren barneko organigramaren arazoa da, baina egoeraren ondorioa ere bai.
Ditugun premietan zeintzuk dira lehentasunak? Lehen arlo batzuk aipatu dituzu, baina hor daude ebakerarena, azentuarena...
Edozein herritan planteatuko balitz hizkuntza ofizial bat, jadanik hamalau urtez ofiziala dena, eskola guztietan irakatsi behar dena eta oraindik bere fonetika erabaki ez duena, hori zoro lana litzateke. Nire ustez lotsagarria eta ulertezina da hamalau urtetan oraindik erabakirik ez izatea. `Jauna' nola ahoskatu, `mutila' nola ahoskatu... Hori lehenbiziko momentutik erabaki beharrekoa zen.
Gure artean ika-mikak eta sokatirak izan ditugu eta Euskaltzaindiak, sarri askotan erabaki bat hartzeko bitasuna edo hirutasuna dagoenean, badaki talde edo joera baten alde egiten den neurrian besteak haserretu egingo direla. Orduan, inor ez haserretzeagatik, askotan ez da ezer erabakitzen. Ondorioa izaten da gauzak luzatzea, problema gero eta handiagoa izatea, anabasa, kaosa eta ikasle-irakasleen noraeza. Nire ustez fonetikarena oinarrizko puntua da. Azentuarena beharbada zailagoa da. Euskarak ez du gaztelerak bezala azentu pertinentea, eta asko aldatzen da. Hala ere, telebista eta irratian adibidez, esatariek eredu bat hartu beharko dute, beste hizkuntza batzuetan egin duten moduan. Txillardegi ibili da bizienik azentuaren arduraz. Euskaltzaindian hainbeste gauza batera daudenez, gauza batzuk atzeratu egiten dira, baina lehentasunak mailakatu beharko genituzke.
Euskalkien inguruan zeresana ugaltzen ari da.
Nik ez dut uste euskalkiei gainerako hizkuntzetan ematen zaiena baino garrantzia handiagoa eman behar zaienik. Nik argi eta garbi esaten dut, euskalkiek beren burua euskara batuan urtu behar dute. Zibilizazio hizkuntza guztietan gertatzen den kontua da. `Berri' eta `barri' esatea, ez da euskararentzat aberastasuna, gauza bera esaten dugu, bariante bat besterik ez da. Berdin aditz formekin edo deklinabidean, bata ala bestea aukeratu behar da. Hala ere euskalkiek badute garrantzia handia lexiko patrimonial kontuan. Lexiko iturri moduan erabiltzeko amahizkuntza kulturik ez daukagu, eta maiz euskalkietan agertzen diren hitzak ditugu lexiko aberastasunaren iturri. Sintaxian ere euskalkiak aberatsak dira, gure prosa monotonoa izan ez dadin.
Korpusaren gaiak utzita, hizkuntzaren estatusari dagokionez Espainolaren Akademiak egindako adierazpenak hautsak harrotu ditu.
Real Academiak egin duena gauza lotsagarria da. Bere burua Espainia guztikotzat hartzen du, eta pentsa daiteke bere ardura Estatuko hizkuntza guztiak direla. Frankismo garaian euskaldunen eta katalan hiztunen eskubideen alde ez zuen hitz bat atera eta orain protesta horiekin dator.
Katalan gizarteak izugarrizko adoreaz hartu du hizkuntzaren erronka eta kontsekuenteki aurrera doa. Gu galiziarrak baino okerrago gabiltza. Fraga jo ta ke ari da Galiziako parlamentuan galegoz egiten. Gure parlamentuan lehendakariarengandik hasita gazteleraz ari dira. Ez dut ulertzen nola eska diezaiokegun jendeari euskaraz bizitzeko, gure herriko lehen pertsonaia publikoek erabiltzen ez badute. Abertzaleak direla aitortuz gainera, hori da grabeena. Zenbat politikarik menderatzen dute euskara batua, landua, mintzatzerakoan? Zenbatek idazten dituzte euskaraz artikuluak? Beren benetako kultura eta estimatuen daukatena erdarazkoa baldin bada, ze proiektu eskaini nahi digute? Hipokresia handia dago.
Politikagintzan ere egin duzu ibilbidea.
Ni politikagintzan gehiegi ez naiz ibili. Abertzale izan naiz beti. Sasoi batean ezker abertzalearen baitan egon ondoren, batez ere borroka armatuaren kontuagatik saihestu nintzen. Une honetan EAren inguruan nabilela gauza ezaguna da. Hala eta guztiz ere, alderdietako diziplina nekez jasaten dut eta ez nago afiliaturik. Politika, txarrik onenaren aukera moduan ulertzen dut. Alderdi politiko bat ez da ezer santua, ez da helburua, helburu politikoak lortzeko bide bat da.
Abertzaleak beherantz eta zatiketa gorantz?
Horrela da. Azken buruan euskaldun-fededun hori bizirik dago. Bibliaren liburu lodia sinestetik, marxismoaren liburu lodiak eta beste liburuak sinestera pasatu gara. Ez dakigu gure buruz pentsatzen, ideologia eta alderdi santuak sortzen dira. Kontsignen bidez funtzionatzen dugu. Nor bere barrutik sortzen den zentzu komuna landu behar genuke. Uste dut zentzu komun horrek agintzen duela une honetan, txikikeriak eta gorrotoak alde batera utziz, zer egin behar dugun. Oinarrizko gauzetan batasuna behar-beharrezkoa dugu.
Euskal Unibertsitatea?
Ni unibertsitatean nabil, eta badakit ez duela egiten egin dezakeen guztia euskararen alde eta irakaskuntzaren alde eta EHU Euskal Unibertsitatea izan dadin. Askotan, egiten ez bada, Arte Ederretako irakasle euskaldunen kasuan bezala, Hezkuntzatik dirurik ez dagoelako da. Zentzu horretan, sinestezina egiten zait Arzalluzek esatea zer nolako antieuskaldunak diren Mosquera, Mayor Oreja eta Buesa. Azken batean Buesa berak eta bere alderdiak hor jarritakoa da.
Aurrekontu arazoa hor dago. Baina bada gauza larriagorik. Ikasleek beraiek ere beren ekintza eta pankarta asko erdara hutsez egiten dituzte. Askotan, Administrazioari eskatzen zaiona ez zaio eskatzen gizarteari. Nekez ibiliko gara erakundeei dena eskatzen, kezka bera gizartean bertan ereiten ez dugun artean.
EHU da balizko Euskal Unibertsitatearen hazia?
Daukagun bide bakarra da. Badira Euskal Herrian beste bi unibertsitate, Nafarroakoa eta Deustukoa. Ez dago konparatzerik Deustuan ematen diren euskarazko klaseen kopurua eta EHUn ematen dena. EHUn irakasgaien % 40-50 inguru euskaraz ematen dira. Hazi bat izatekotan hau da landu behar duguna. Gero, badaude arazo asko. Administrazio eta zerbitzuetako pertsonalari epe bat jarri zaio, batzuen aburuz luzeegia, euskaraz ikasteko. Irakasleei ez zaie inolako eperik ipintzen. Badirudi ez dutela inolako ahaleginik egin behar herri honetako beste hizkuntza ofiziala jakiteko, ikasle gehienek badakitelarik. Moralki ezezik, kultura aldetik ere onartezina iruditzen zait.
Naturzale eta hizkuntzazale aitortzen duzu zure burua. Bada hor sakoneko loturarik?
Naturan, arazo eta aberastasun nagusia dibertsitatea da. Gure planeta aberasten duen ezaugarri nagusia bizitzaren dibertsitatea da. Hizkuntzak giza kulturen oinarria diren aldetik, planetako gizakien kultur dibertsitatearen seinale dira. Espezie bat, tximeleta bat edo landare berezi bat zaintzen badugu, gure planetaren bio-patrimonioaren zati direlako, uste dut arrazoi berdinarekin edo handiagoarekin zaindu beharko genituzkeela hizkuntzak, giza-patrimonioaren ondare direlako. Ez da bakarrik kontserbatzea, baizik hedatzea eta garatzea. Kontua zera da, bai naturan eta bai kulturan, bakoitzari bere ahalmenen neurrira garatzeko bidea uztea.
JON SARASUA
28-32

GaiezHizkuntzaEuskaraErakundeakEuskaltzain
PertsonaiazKINTANA1
EgileezSARASUA2Hizkuntza

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude