«Unibertsitatean, gizartean bezala, euskararen kontrako jarrera dago»


2021eko uztailaren 19an
Pello Salaburu EHUko errektoreari elkarrizketa
«Unibertsitatean, gizartean bezala, euskararen kontrako jarrera dago»
PELLO SALABURU
Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara errektoreordea dugu Pello Salaburu azken hiru urteotan. Agintaldi istilutsua Salabururi egokitu zaiona. Euskaltzain honek Leioako bulegoan hartu gaitu, eta egin beharreko balantzea egin eta entzun diren zurrumurruez mintzatu gara berarekin. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kontrako iritzia nagusia izan da, 103 prozesu juridiko zabalik dauzkan unibertsitate baten kontuez aritu garen solasaldian.
Pello Salaburu hurrengo Hezkuntza sailburua izan daiteke?
Lehenbiziko berria da zuk azaltzen didazun hori. Ez dut ezertxo ere entzun. Eta gainera, ez dut uste orain arte elkarrizketetan aritu diren alderdiek Pello Salaburu deituko luketenik. Hala ere, hain urrun ikusten dudanez, ez zait burutik pasatu ere egin.
Datorren udaberrian Goirienak Errektoretza utz dezanean, errektoregai aurkeztuko zara?
Hori beste kontu bat da, baina egia esan ez dut neure burua aurkezteko asmorik. Azken hiru urteotan ikerkuntzatik oso urrun nabil eta birziklaketa txiki bat beharko nuke.
Eta Euskara errektoreorde kargua berriro eskainiz gero?
Pentsatuko nuke.
Goi mailako euskal hezkuntzaren alde ekiteko, zeri deritzozu egokiena, Hezkuntza Saileko lanari ala errektore izanik egin daitekeenari?
Hezkuntza Sailean jarriko denari, argi izango balu zer egin Unibertsitatearekin. Dudarik gabe, Hezkuntza Sailean dago giltzarria.
Ikasturte honetan bukatuko duzu agintaldia. Heldu da balantzea egiteko garaia.
Arlo desberdinak aztertu behar dira balantzea egiteko, baina orokorrean esango nuke positiboa izan dela. Puntu ilun batzuk egon dira, Euskara Batzordearen protagonismo eskasa kasu. Agian ez dut asmatu eta nire ustez Euskara Batzordearekin gauza gehiago egin behar izan nituzkeen. Oztopoak gainditu behar izan ditugu, Hezkuntza Sailetik ateratzen diren diru aurrekontuak adibidez, baina badaude zenbait datu balantzea positibo izaten laguntzen dutenak.
Egungo gobernu taldea hasi zenean ez zen 100era heltzen euskaraz irakasten zuten irakasleen kopurua, eta une honetan 586 dira. Ez dira nahikoak eta Arte Ederretan dauden istiluak ildo honetatik datoz, baina azken hilabeteotan irakasleen kontratazioa erabat geldituta dago ez baititugute baimenik ematen irakasle berriak kontratatzeko. Euskarazko testuliburuetan ere hazi gara; administrazioko langileen euskalduntzearekin jarraitu dugu inongo laguntzarik gabe, langile finkoak ez direnek ez dutelako liberatzeko aukerarik...
Oro har balantzea ez da txarra. Gestio ekonomikoari dagokionez ere, EHUk lehendabiziko aldiz izan du kanpoko auditoria batek egindako txosten positiboa. Egin dudanaz pozik nago. Eztabaidagarria izan daiteke, baina azken batean gauzak egin eta pausoak eman dira. Euskarak presentzia handiagoa du Unibertsitatean; oso urrun nik nahiko nukeen tokitik, baina baieztapen hau ezin da eztabaidatu.
Baina «Egunkaria»n argitaratu diren datu batzuen arabera, Euskal Herriko Unibertsitatean diharduten ikasleen % 10ek soilik ikasten dute euskaraz.
Datu horiek zuzenak dira, baina ezin dira gauzak horrela planteatu. Hau da, % 100ek euskaraz ikastera heltzea ezinezkoa da ikasleen % 80 erdaldunak direlako. Beraz, gure helburua zein da? % 20ra heltzea.
Kopuru horrekin, ez al da oztopatzen eskoletan eta ikastoletan egindako lana?
Gehienak ez diren arren, euskaldun batzuk Unibertsitatera heldu eta gazteleraz ikastea nahiago dutenak ere badira. Honekin batera, aztertu beharra dago Unibertsitatera heltzen diren ikasle euskaldunen euskara jakintza. Biziki kezkatzen nau atal honek azken azterketa batean agertu diren emaitzengatik. Abiapuntua, hala ere, ez luke ikasleen kopuruak izan behar, euskaraz irakasten diren ikasgaien kopuruak baizik. Une honetan ikasgaien % 40 euskaraz ematen dira. Hor egin behar ditugu ahaleginak. Politika egokiena hori da, ikasgai guztiak euskaraz eskaintzea.
Zeintzuk dira ikasgaien % 100 euskaraz ematera heltzeko oztopoak?
Unibertsitatean borondate politikorik ez da falta, lehenago falta izan den arren. Sail guztiek irakasle gehiago nahi dituzte, eta jakin badakite nonbaitetik sartzekotan euskara adarretik sartuko direla. Nolanahi ere, honek ez du esan nahi euskararen alde daudenik. Nik uste dut unibertsitatean, gizartean gertatzen den bezala, euskararen kontrako jarrera berezia dagoela.
Zergatik ez ditugu euskaraz irakasten duten irakasle gehiago? Legebiltzarrak onartzen dituen aurrekontuak aldatzeko Hezkuntza Sailak eskatu behar du, baina Hezkuntza Sailean unibertsitateaz arduratu direnak euskararen kontrakoak dira. Eta Hezkuntza Sailari errespeto osoa zor diot eta gainera ez dut kritikatzen kritikatzeagatik. Bestetik, Hezkuntza Sailak ez du politika unibertsitariorik egin.
Arte Ederretako afera, beraz, Hezkuntza Sailarena da? Hain zaila da EHUrentzat 5 irakasle kontratatzea?
Eskuloturik gaude, ez dugu baimenik izan, ez dugu dirurik. Gaur Arte Ederrekoak dira eta bihar Psikologiakoak. Beharra dago eta behar horri Hezkuntza Sailak erantzun behar dio, baina badirudi sail hau soilik mobilizazioen aurrean esnatzen dela. Arte Ederretakoa horrela konponduko da, ikasleek euren haserrea agertu dutelako.
Egoera honetan non gelditzen da unibertsitatearen autonomia?
Unibertsitatearen autonomia kolokan dago guztiz. Unibertsitatearen autonomia irakaskuntza eta ikerkuntza autonomia da, eta ez dezagun pentsa beste gauza bat denik. Eskuloturik gaude: ezin dugu zehaztu Legebiltzarrak onartu behar duen aurrekontua. Tasak ere Legebiltzarrak onartzen ditu...
Hezkuntza Sailean PSE egoteak zer ekarri dio EHUri?
Oro har kaltegarria izan da, ez baitu unibertsitate politikarik egin. Gustatuko litzaidake ikustea non dauden idatzita 10 lerro, bi folio, Unibertsitateari buruz. Dudarik gabe, hurrengo agintaldian gauzak aldatuko dira. Gainera, gobernuan ez dira gauza batetaz ohartzen: unibertsitatean ikasteaz gain, hemen sartzen diren 60.000 lagun hemen egongo ez balira, sekulako saltsak antolatzen egongo liratekeela kalean, lanik gabeko jendea delako. Unibertsitatea koltxoi bat da eta horrek kostu bat dakar. Bost axola zaie unibertsitatea.
Beste elkarrizketa batzuetan aipatu izan duzu euskarazko postuetara ez dela nahiko irakasle aurkezten, prestakuntza arazoak direla medio. Nori dagokio prestakuntza? Noiz aterako gara irtenbiderik gabeko zirkulu honetatik?
EHUk ez du irakasle gehiago Hezkuntza Sailak ez duelako dirurik ematen, baina egia da horretaz gain beste arazo batzuk daudela. Espezialitate batzuetan oso zaila da euskaraz klaseak eman ahal dituztenn irakasleak aurkitzea: jendea prestaturik ez dagoelako edo pertsona hauen irteera profesionalak irakasle izatea baino hobeak direlako. Eta nik ezin diot irakasle bati legeak esaten duena baino gehiago ordaindu. Ingeniariak, ekonomilariak...
Dena den, arazo nagusia dirua da. Guri dagokigu irakasle hauen prestakuntza, baina horrek ere kostu bat dakar. Azken urtean 22 lagun prestatu ditugu irakasleak aukitzea zaila den sail batzuetan lan egiteko, baina lege aldetik ere figura hori zehaztea zaila da eta gainera Hezkuntza Sailaren baimena behar dugu hauek kontratatzeko. Unibertsitatearen euskalduntzeak ez du erremediorik ez bada Hezkuntza Sailarekin batera egiten.
Hau da, Hezkuntza Sailak eta Unibertsitateak elkarrekin martxan jarritako plangintza behar du euskalduntzeak. Plangintza honetan parte hartu behar du Unibertsitateak, Gizarte Kontseiluak eta Hezkuntza Sailak, eta uste dut gorago dagoen beste norbait sartu beharko litzatekeela anitz urteko plangintza hau Legebiltzarrak onar dezan. Euskalduntzearekin batera Legebiltzarrak zehaztu beharko luke zein unibertsitate nahi duen hemendik 10 urtera. Helburuak zehaztu beharko lirateke eta baliabideak jarri.
Irakasle kaleratuen aferari buruz zer diozu?
Arazo honek konponbide bakarra du. Legelbiltzarrak lege berezi bat onartu behar du eta irakasle izandako hauek eskatzen duten figura sartzea. Tartekorik ez dago. Guri ezin digute eskatu legez bete ezin duguna.
Gaur bertan eurek sinatutako eskutitza agertu da «Egunkaria»n, eta aingerutxoen irudia ematen dute. Eta hori ez da horrela; hemen denok ezagutzen dugu elkar. Nire kontra esaten dituztenen artean batzuetan arrazoi izango dute eta beste batzuetan ez, baina gu beraientzat aingeruak ez garen bezala, haiek ere ez dira izango.
Gai honetan, eurek kontrakoa esanagatik, bakezaletasun gutxi izan da. Aski da inguruan daudenei galdetzea. Badira hainbat gauza bitxi... Guk ateratzen ditugun plaza publikoek halako baldintzak eskatzen dituzte, onartzen badituzu ondo eta ez badituzu onartzen ez aurkeztu. Beti esan dut irakaslego propioaren alde nagoela, eta esate baterako, Galizian badira antzeko figura betetzen duten irakasleak, hauen eskakizunekin zerikusirik ez duten arren.
Dena den, bere garaian Gobernu Batzarra izan zenean nik kontra bozkatu nuen bozkatu beharrekoak hiru atal zituelako. Lehenengo biak legez kanpokoak ziren, eta hirugarrena irakaslego propiaren aldeko proposamena zen. Nik, dudarik gabe, horren alde bozkatuko nuke eta nik bezala jende askok. Ezin genien diru publikorik eman ilegaltasunean murgiltzen diren pertsonei. Ez dut ulertzen nola ez diren Legebiltzarrera hurbildu, irtenbide bakarra hori baita: Legebiltzarrak onartu behar du figura hori. Madrilen errekurritu egingo balu, orduan Madrilen konpondu beharreko afera izango litzateke.
MYRIAM GARTZIA
28-32

GaiezGizarteaIrakaskuntzUnibertsitaEHUErrektoreak
PertsonaiazSALABURU1
EgileezGARTZIA3Gizartea

Azkenak
Errege Magoen desfilean zati lasaiak tartekatu dituzte, autisten elkarteek aldarrikatuta

Dezibelio eta argiztapen muturrekoak ohiko diren makro-ikuskizunen eta makro-estimuluen garaiotan, autismodun haurren bueltako elkarteek aspalditik egindako eskaera zabaltzen ari da pixkanaka, baita Errege Magoen desfileetan ere: ez musika, ez argiztapen, ez abiadura... [+]


Urtarrila, intxaurrondoaren loaldia

Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez.


2025-01-06 | Nagore Zaldua
Itsas-bare kantauriarra
Ohartarazpenaren artelanak

Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa... [+]


2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]


2025-01-06 | Garazi Zabaleta
Trebatu elkartea
Lehen sektoreko erreleboa bultzatzeko egitasmoa Gipuzkoan

Urteak daramatza martxan Ipar Euskal Herrian Trebatu elkarteak, laborantzan proiektua abiatu nahi duten pertsonek aurrez trebatzeko aukera izan dezaten. Ipar Euskal Herriko proiektua eredutzat hartuta eta ideia berari tiraka, Gipuzkoan ere izen bereko elkartea sortu dute aurten... [+]


LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


Eguneraketa berriak daude