«Artistak iraultzaile izango ez balira, leizezuloetan pintatzen ginateke»


2021eko uztailaren 19an
Alberto Schommer argazkilariari elkarrizketa
«Artistak iraultzaile izango ez balira, leizezuloetan pintatzen ginateke»
Alberto Schommer
Hiru liburu berri argitaratzeko asmoa du Alberto Schommer argazkilari ospetsuak. «Verde» izena eramango duena osatzen ari dela, Donostian `harrapatu' du gure kamerak. Bere ibilbidea eta beste hainbat gairi buruz mintzatu zaigu.
ARGIA. Egunotan, Gipuzkoako herrietako jaietan argazkiak egiten ari zara. Kamerari zerbait berezia eskaintzen diote jaiok?
ALBERTO SCHOMMER. Olaberrian izan nintzen, Segura herriaren aurka herri kiroletan lehiatzen ari zenean. Aizkolariak, korrikalariak, txingak eta harrijasotzaileak zeuden. Zoragarria zen. Oso inguru familiakoa zen, eta erritmo handia zegoen guzti horren osotasunean.
A. Zerbait berezia eskaintzen dizu Euskal Herriko pertsonak?
A.S. Dudarik gabe. Euskal Herriko pertsonak nortasun handia dauka, bere ezaugarriak bereziak dira. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko jendearen ezaugarri fisikoak ezberdinak dira. Pertsonaren aurpegia ikusi eta jakin dezaket nongoa den. «Azul» liburua Donostiari buruz egin ondoren, Gipuzkoari buruzko ikuspegi orokorra izango da prestatzen ari naizena: «Verde».
A. Zein da zure jarrera herri bati buruzko argazkiak egiteko garaian?
A.S. Habanan izan naiz aurten lan bat egiten, eta bertako jendea ekarri nahi nuen nire argazkietara. Bertako jende xehea. Horretarako, gobernukoek edo bestela pentsatzen zutenek esaten zidatena egiterik ez nuen nahi. Jendea den bezala ezagutu nahi nuen, herri horri buruzko benetako ikuspegia izan; eta oso pozik nago. Hau izan da egin dudan lanik hoberenetarikoa.
A. Nola sentitzen zara egunkarietako lehenengo orrialdeetako argazkiak begiratu eta Ruanda edo Jugoslavia ohiari buruzko argazkiak ikusten dituzunean? Bizitzaren alderik gordinena horrelako moduan adierazteko gai ikusten duzu zure burua?
A.S. Badago gatazkak dauden toki batean argazkiak egiteko jende espezialdua. Dokumentalak egiten dituzte, errealitatearen fotokopiak. Argazkilari talde handietako profesionalak artistak dira, izaera ematen diote argazkiari, eta ikusten duten guztia ordenatu egiten dute aldatu gabe. Beste batzuek minetik minik handiena ateratzen dute, itxaropenetik itxaropenik handiena, eta ez da zuzena; mina eta itxaropena nahastu egiten direlako. Itxaropenik izango ez balitz jendeak bere buruaz beste egingo lukeelako.
Ni ez nintzateke lan hori egiteko egokia izango, aurretik finkatutako ideia batekin joango nintzatekeelako. Gizakien mina edo itxaropena landu nahi izango nituzke, eta ez nintzateke kazetari ona izango, ez nukeelako errealitatea islatuko. Ezin dezakegu arinkeriaz jardun.
A. Nola ikusten da Madriletik Euskal Herriko egoera?
A.S. Gaizki. Katalunia eta Euskal Herria bereziki gaizki, beren kasa bizi nahi dutelako. Galiziarrek ez dute protestatzen, beraz, ez daude hain gaizkietsiak. Euskal Herrian bortizkeria dago eta Katalunian ez, eta ikuspegia okerragoa da Euskal Herriarekiko. Politikariek ikusten dute bi herriok beren kasa jardun nahi dutela, baina ez dago argi zein izan litekeen bidea, estatu federala izango den, autonomia, independentzia... Ezjakintasunaren ondorioz sortutako beldurra da.
A. Zein izan daiteke Euskal Herriko egoeraren irtenbidea?
A.S. Giltza errespetua da. Errespetuz egin behar dira gauzak. IRAk su-etena iragarri berri du, zuzenena izango litzateke. Nire ustez, elkarrizketak bortizkeriarik gabe izan beharko luke.
Gu nortasun eta indar handiko herria gara, historia daukagu, autonomia izan nahi dugu, gure foruak, gure eskubideak, eta izan eta defenditu behar ditugu. Euskaraz hitz egin behar dugu, baina ez dakiena baztertu gabe. Bat bestearen aurka borrokatu baino, elkar ulertu behar dugu. Bakoitzaren berezitasunetik abiatu eta unibertsalera iritsi. Alderantziz egingo bagenu Coca-Cola besterik ez genuke edango. Ez dugu jendea txakolina edatera behartuko; txakolina edatera gonbidatuko ditugu etortzen direnak, eta kanpora irteten garenean Valdepeñas hartuko dugu, esaterako. Ikuspegi unibertsala izan behar dugu.
A. Kulturaren bizkortze eta hedapenerako lehentasun zerrenda egingo bagenu, zein tokitan ipiniko zenuke Guggenheim Museoa?
A.S. Guggenheimek daukan irudi, indar eta botere handiarekin, New Yorkeko Museoaren ekitaldiak zabaltzen baditu, eta Euskal Herrira eta Espainara moldatzen baditu, ona izan daiteke. Baina aurretik zeuden probintzia museoak eta gainerako ekitaldiak baztertu gabe. Kultura sortzen badu eta beste hainbat gauza babestu, oso ondo.
A. Aurten sortutako Schommer Fundazioaren helburu bat zaletu bezala argazkigintzan dihardutenei profesionaltzeko aukera eskaintzea da.
A.S. Baina epe luzerako helburua da. Argazkigintza eskola nazionala sortu nahi dugu.
A. Zein izan beharko litzateke gaur egun fundazioen zeregina?
A.S. Fundazio bat sor daiteke hildako artista baten obra gordetzeko, edo fundazioak izan dezake bizirik dagoen artistaren baten obra. Fundazioa hila edo bizia izan daiteke. Fundazio batek bizia izan behar du, sortzaile izan behar du, ideiak trukatzeko tokia... Nire fundazioak bi areto ezberdin dauzka Gasteizko Arte Ederretako Museoan: batean nire obrak ikus daitezke, eta bestean mundu osoko argazkilarienak.
A. 25 urte bete berri dira Arantzazuko Basilika berria 14 apostoluekin zabaldu zenetik. Gogoratzen dituzu garai horretako istiluak? Artearen helburua izan behar al du bide berriak irekitzeak?
A.S. Ikusi nituen 14 apostoluak bide bazterrean. Oteizaren laguna nintzen, eta basilika berritzen parte hartu zuten gainerako artistak ere ezagutzen nituen. Iraultza beti aldaketa da, eta artea etengabeko aldaketa. Artistak iraultzaile izango ez balira leizezuloetako pintura lantzen egongo ginateke oraindik, edo kubismoa margotzen... Arteak aldatu egin behar du, askotan akatsak eginez. Iraultzaile batek sinesten badu beti zuzena dela, aurretik zegoena baino hobea, iraultzaile txarra da. Iraultzailea berriztatzailea da, baina huts egin dezake. Artista da iraultzailerik handiena, benetako iraultzailea. Adierazpide berriak bilatu behar ditu etengabe: kontzeptu eta forma berriak.
Castro egoera oker baten aurka altxatu zen, aldatu eta egoera zuzen bat lortu asmoz. Bera bidegabea da orain, baina aurrerakuntzarik ekarri du. Kubako herria behartsua da, ez dauka ezer baina ez da miserablea. Kultura daukate, Latinoamerikako gainerako herriek izan dezaketena baino aberatsagoa. Baina une honetan Castrok agintea utzi behar du herria lur jota baitago. Artistak ez dio inoiz ispiluan bere buruari begiratu behar, ezin du errepikatu, egiten badu sortzaile kaskarra izango delako. Castro ispiluari begira dago, artista eta sortzaile izateari utzi dio, eta une honetan min egiten dio herriari.
A. Asko aldatu al da haurtzaroan ezagutu zenuen Gasteiz?
A.S. Dexente aldatu da. EAEko hiriburu administratiboa denez gero sumatu dira egindako diru inbertsioak. Kirola lantzeko toki ugari daude orain. Bi itsas talde daude egun, polikiroldegi ugari, eta emaitzak kirol ezberdinetan ikus daitezke, saskibaloian besteak beste. Kultur arloan ere nabarmenak dira hobekuntzak. Kultura dastatzeko aukerak ugaritu eta hobetu egin dira. Hor dago, konparazio baterako, Arabako Arte Ederretako Museoa, Irudi eta Teknologia Berrien Zentroa... Euskaraz ere gero eta jende gehiagok hitz egiten du.
A. Nola izan ziren zure hastapenak argazkigintzan?
A.S. Gazte nintzenean margolaritza, literatura eta zinema landu nituen, baina ez argazkigintza. Argazkigintza ez zitzaidan batere gustatzen. Behin, Feliu zinema zuzendariak «La familia del hombre» liburua utzi zidan. Pixkanaka argazkiak egiten hasi eta mundu honetan murgildu nintzen.
JOXI GOIKOETXEA
28-32

GaiezKulturaArteaArgazkigintArgazkilar
PertsonaiazSCHOMMER1
EgileezGOIKOETXEA7Kultura


Azkenak
Errege Magoen desfilean zati lasaiak tartekatu dituzte, autisten elkarteek aldarrikatuta

Dezibelio eta argiztapen muturrekoak ohiko diren makro-ikuskizunen eta makro-estimuluen garaiotan, autismodun haurren bueltako elkarteek aspalditik egindako eskaera zabaltzen ari da pixkanaka, baita Errege Magoen desfileetan ere: ez musika, ez argiztapen, ez abiadura... [+]


Urtarrila, intxaurrondoaren loaldia

Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez.


2025-01-06 | Nagore Zaldua
Itsas-bare kantauriarra
Ohartarazpenaren artelanak

Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa... [+]


2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]


2025-01-06 | Garazi Zabaleta
Trebatu elkartea
Lehen sektoreko erreleboa bultzatzeko egitasmoa Gipuzkoan

Urteak daramatza martxan Ipar Euskal Herrian Trebatu elkarteak, laborantzan proiektua abiatu nahi duten pertsonek aurrez trebatzeko aukera izan dezaten. Ipar Euskal Herriko proiektua eredutzat hartuta eta ideia berari tiraka, Gipuzkoan ere izen bereko elkartea sortu dute aurten... [+]


LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


Eguneraketa berriak daude