«Alderdi politikoen eraginez, jendea urrundu egin da abertzaletasunetik


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Irkus Robles-Arangiz kantari eta dantzariari elkarrizketa
«Alderdi politikoen eraginez, jendea urrundu egin da abertzaletasunetik
IRKUS ROBLES ARANGIZ
Aski lagun ezaguna dugu Irkus Robles Arangiz. Aste bitartean Bilboko estudioan lanean diharduelarik ere, asteburu oro bere haurtzaroko Beskoitzen iragaten ditu. Kantari eta dantzari izana, margolari aparta da egun. Txikitandik abertzalea, eta Euskal Herri osoan ibilia, oso ezaguna da Ipar zein Hego Euskal Herrian; Bidasoaren bi aldeetara. Beskoitzeko Leku Ederra baserrira eraman gaitu, eta hizketan izan gara Bilbon Iparraldeko enbaxadore esaten diotenarekin.
ARGIA. Jaio eta gutxira etorri zinen Ipar Euskal Herrira, zein izan zen arrazoia?
IRKUS ROBLES ARANGIZ. Gernikako bonbardaketa baino pixka bat lehenago, Santurtziko portuan itsasuntzi batean sartu gintuzten ama eta neba-arrebok eta Bordelera eraman. Handik, Kanbora jo genuen; bertan, erbesteratuen etxe batean izan ginen gure aita zenak etxe bat aurkitu bitartean. 1937ko abenduan heldu ginen Beskoitzeko etxe honetara. Hemen igaro nuen haurtzaroa.
A. Gerora Bilbora abiatu zinen, 1952. urtean.
I.R.A. Familia bi urte lehenago abiatu zen, eta ni urte hartan abiatu nintzen azkena, amarekin. Etxeko behi eta abere guztiak saldu arte itxaron nuen. Bilbora heldu eta gaztelera ikasi behar izan nuen lehendabizi. Bitxia da, baina ikasi behar, zinemara joanez, filme asko ikusiz. Bitartean, Artes y Oficios eskolara joaten ginen marrazten ikastera. Handik gutxira Firestonen hasi nintzen lanean, kartografo moduan. Kartografia ez da erakusten, ikasi egin behar da. Urte batzuetan ia 40 mapa ezberdin egin nituen.
A. Euskal Herriko maparik ere egin izan duzu.
I.R.A. 1967an konturatu ginen hemen ez zela Euskal Herriko maparik, debekatua baitzegoen. Anaiak eta biok egin genuen urte hartan gure lehenengo mapa. Mapa hori Joseba Gereñok argitaratu zigun. Lan horrek lantokitik botatzeko mehatxua ekarri zuen. Firestonen inorentzat maparik egitea debekatua geneukala zioten, baina funtsean, arazoa politikoa zen. Urteak aurrera joan ahala, Firestonek Euskal Herriko mapak egitea erabaki zuen. Gereñoren hartan, izenak erdaraz zihoazen eta itzulpena euskaraz. Firestonekoan, aldiz, Madrildik ez genuen Nafarroako izenak euskaraz jartzeko baimenik lortu.
A. Margolaritzari eskaini diozu azken aldian denbora gehien.
I.R.A. Artezaletasuna aitarengadik jaso genuen. Bera ez zen margolaria baina oso zalea zen, eta Bilbora heldu ginenean marrazten hasi ginen. Baina gero, Zoroak kantari laukotearen sorrera zela eta, Olaeta dantza taldean aritzen ginelako margolaritza baztertu nuen, ez bainuen denborarik. Ezkondu nintzenean ekin nion atzera margolaritzari, 70eko hamarkadan, eta 1973an egin nuen estreinako erakusketa.
A. Euskal Herriko mugez gaindiraino heldu dira zure margoak.
I.R.A. Madrilen, Bartzelonan kolektibo bat, Caracasen, Mexikon. Guztietan egin ditut erakusketak. Gainera, orain badaukat proposamena Parisen eta Berlinen egiteko. Une honetan Baionan eta Bilbon ditut margoak erakusgai.
A. Bizimodua Bidasoaren alde batetik bestera egin duzu. Nola konpondu zara Hego eta Ipar Euskal Herrian, batetik bestera mugituz? Zer nolako harremanak izan dituzu?
I.R.A. Neure bizitzan hiru aro ezberdin bereizi izan ditut: lehenengoa haurtzaroa izan zen. Jaio eta zentzumena izan nuenetik Bilbora abiatu arte. Bilbon hasi izan nuen aro berria, dantza taldea, kantari moduan, 1970 urte arte gutxi gora-behera; beste mundu batean bizi izan nintzen.
Gero, margotzen hasi eta euskal kulturan erabat murgildu nintzen, orain arte. Oso ezberdina izan da. Gogoratzen dut haur denboran, Beskoitzen, hasieran oso txarto konpontzen ginela bertako umeekin. «Espainolak», «muturbeltzak» deitzen ziguten. Gu oso borrokalariak ginen, beti joka. Oraindik ere jende anitzek gogoratzen digu «zuek gaiztoak zineten» esanez. Guk gure euskalduntasuna defenditzen genuen, nahiz eta jendea konturatu ez.
A. Euskalduntasun hori dela eta asko nabarmendu zineten Beskoitzen neba-arrebok?
I.R.A. Garai hartan batez ere anaia zaharrena, Koldobika, gerora 22 urte zituela hil zena. Dantzari bikaina izan zen, oso ona. Hark antolatu zuen 1947an herriko lehen euskal jaia. Bertan bildu ziren Zuberoako dantzariak, Baionakoak, Garazikoak, eta abar. Guk ere, hamar neba-arrebok, batera egin genuen dantza. Hori kultur mailan abiapuntua izan zen, jende askok oroimenean daukana. Beste anaiak ere, Ugutzek, markatu izan gaitu bere izaerarekin. Oso artista, kantuan aritutakoa, antzerkian Monzonekin ibilia... Ostatua ireki zuenean artista ugari hurbiltzen ziren hona. Gure arreba Estitxuk ere eragin handia izan du, kantuan buru-belarri ibilita. Orain oso dantza talde ona dago, Lizarraga elkartea ere sortu da -Beskoitzekoa baitzen idazle ospetsu hau-. Elkarte honek emango du zer esanik, literatura mailan edo.
A. Zure ingurua ez zenuen Beskoitzera bakarrik mugatu. Harreman asko egin dituzu inguruan.
I.R.A. Batipat Zuberoan, duela hamaika bat urte edo hasi bainintzen Xiberuko Botza irratian, berriak ematen astero. Han oso harreman sakonen garaia hasi zen. Orain Irulegiko irratian ere pasatzen ditut astero berriak. Gure anaia ezaguna izan da oso hemen Iparraldean, eta neu bere bidetik. Atzetik etorri naizenez bidea erraztuta izan dut haren anaia izategatik.
A. Hegoaldeko jendeak Iparraldeko enbaxadorea deitzen dizu. Zergatik?
I.R.A. Hegoaldetik Iparraldera joan nahi izan duen jende askok beti deitu izan didalako etxea erosteko, artista ala kantariren bat behar izan duelako. Jendea nigana etorri izan delako laguntza eske.
A. Zergatik izan duzu beti Hegoaldeko ohiturak eta kultura Iparraldera eramateko grina?
I.R.A. Jendea mugatuta sentitzen delako, bi kulturaren pean gaudelako. Batzuk espainolaren pean eta besteak frantsesarenean. Horrek eragiten du, askotan, sentipen hori. Baina horrekin apurtzeko, eta euskaldun sentitzeko, beharrezkoa da batetik bestera ibiltzea.
A. Zeintzuk dira muga horien ezaugarriak euskaldunen artean?
I.R.A. Pentsatu behar dugu Hegoaldeko gehienak kalean bizi direla eta beste mentalitate bat dutela. Iparraldekoa, aldiz, baserri girokoagoa da, eta honen ondorioz beste izaera bat du. Hala ere, uste dut nahiko berdinak garela, baina inposatu dizkiguten kulturek berezko diferentziak nabarmendu dituzte.
A. Abertzaletasunaren munduan ibilitakoa zara txikitandik. Nola ikusi duzu honen bilakaera?
I.R.A. Gure aitak oso garbi zituen gauza batzuk, eta hauen artean lelo bat zuen nagusia. Abertzaletasunari uko egitea baino, nahiago zuen seme bat desagertzea. Ume ginenetik entzun izan dugu hori. Gu abertzaleak izan gara, besterik gabe, eta gaur egun, aldiz, alderdi politikoen eraginez, jendea urrundu egin da nahiz eta denak abertzaleak izan. Aita Sabinozalea zen, eta esan dezaket edan dugula benetako abertzaletasunaren iturritik. Eskolan bertan gure borrokari buruz esaten genituen gauzak; eta jendeak zorotzat hartzen gintuen «gu ez gara frantsesak» esaten genuenean.
Iparraldeko zaharrek antzina euren burua euskalduntzat zuten, baina II. Mundu Gerratik eta, batez ere Algeriako gerraz geroztik, asko frantseztu da Iparraldea. 40 urteko prozesua izan da eta garai hartako gazteak frantsestuta daude buruan sartu baitiete frantsesak direla eta Frantzia defenditu behar dutela. Gerra hauek kalte handia egin dute, Frantziaren aldekoak izan baitira.
A. Zeure gerra partikularrak izan dituzu gaztaroan.
I.R.A. Antzerki munduan ibili nintzen Txinparta taldean. Herri txikietara abiatzen ginen euskaldun bezala, eta gure helburua euskararen erabilera bultzatzea zen,nahiz eta frankismo garaia oso gogorra izan. Beldur hori kendu nahi genuen.
AEK sortu aurretik, 1962 inguruan, Firestonen euskarazko klaseak ematen hasi ginen. LABen sartu nintzen eta ELAko jende askok txarto hartu zuen, gure aita ELAkoa zelako. Askotan aitaren etxera deitu zuten, «semea traidorea duzu» esanez. Aitari mina egiten zioten. Baina aitarekin beti egon naiz harreman onetan eta berak esan zidan, hori nire bidetzat hartzen banuen, ondo egindakoa zela.
A. Emaztea erbesteratuta izan zenuen hiru urtez, eta orduan, aitarenak eta amarenak egin, lanean eta beste hainbat auzitan jardun zenuen.
I.R.A. Esan dezaket ez naizela inoiz erakundean aritu, baina lanak egin ditudala. Seme-alabak zaindu, lanean ibili, eta bitartean ahal nuen guztia egin...
Jende asko ezagutu nuen garai horretan, eta neuretzat oso aberasgarria izan zen. Txarrak ere egon ziren batzuk, baina gutxienak izan ziren.
A. Gaur egungo auzietara itzuliz, zein iritzi duzu Ipar eta Hego Euskal Herriko ezker abertzalearen batasunaz?
I.R.A. Oso beharrezkoa da. Iparraldean beti izan dugu talde txikiak egiteko joera, eta oso beharrezkoa dugu elkarrekin bidea egitea, nahiz eta arazoak oso desberdinak diren. Azken batean, Euskal Herriko batasuna denontzat bera da, eskatzeko bideak berak ez diren arren. Horregatik, gainditu beharreko oztopoak desberdinak dira oso.
A. Guzti hau eta gero, zein etorkizun ikusten diozu abertzaletasunari?
I.R.A. Iparraldeak aurrera egingo du. Orain arte mamuak izan direnek, hots, abertzaleek, beldur hori galdu egin dutelako. Gaur posible da Herri Urrats-enlehendik inoiz joan ez diren zure herriko lau pertsona aurkitzea.
Orain artean propagandak esan izan du abertzaleak arriskutsuak direla, baina apurka konturatzen joan dira bidean aurkituko dituzten lagun bakarrak abertzaleak direla.
Patxi Gaztelumendi
34-38

GaiezKulturaArteaPinturaPintoreakROBLES-ARA2
PertsonaiazROBLES-ARA2
EgileezGAZTELUMEN1Kultura

Azkenak
Munstrok izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Baionako jendarmerian daude.


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude