«Intelektualena, egun, basamortuan emandako ahots antzua da»


2021eko uztailaren 19an
Anjel Lertxundi idazleari buruzkoak
«Intelektualena, egun, basamortuan emandako ahots antzua da»
ANJEL LERTXUNDI
Txikitandik omen zekien idazteari ekingo ziola. 16 urte ingurura arte, ordea, ez zuen euskaraz egingo zuenik aurrikusi. Ordudanik urte asko igaro dira, baita liburu asko ere. Laster etorriko zaio 6 urtez landu duen eleberriaren aurkezpen eguna.
ARGIA. Eleberria kaleratu behar duzu laster. Zer aurreratu dezakezu?
ANJEL LERTXUNDI. «Otto Pette» izena du, eta Erdi Aroan kokatua dago; baina garai ez konkretu batean. Ez dago espazio fisiko konkretu batean lekutua. Idatzi eta gero konturatu nintzen lehen aldia dela pertsonaiak eta espazioak soilik nire irudimenean daudena. Oso garrantzitsua da hori niretzat. Oso fikziozkoa da eleberria.
Haur hizkeran «otto» osabaren diminutiboa da, baina baita otsorena ere. Erdi Aroko erresuma jakin bateko armadaburuaren historia kontatzen du: erregearen faboreak ditu eta Elizarekin izugarrizko aginte gatazkak. «Otto» horren zentzu bikoitza liburu bertan azaltzen da.
Pertsonaia hau da abiapuntua. Muturrera joan nahi izan dut, ez nire ikuspegitik, baizik eta kontrakotik hartuz haria. Arrisku bat da hori.
A. Zeintzuk izan dira liburu hau idaztean izan dituzun zailtasun handienak?
A.L. Alde batetik, irakurgarria izan behar zuen; eta istorio zahar baten oihartzunak izango zituena, bestetik. Eleberri beraren egiturak eman dit lanik handiena. Mozorroen liburu bat da. Pertsonaia guztiak, modu batekoak agertuagatik irakurleen aurrean, gero desberdinak suertatzen dira. Mozorroen jokoa da, eta horrek asko eskatu dit.
Dokumentazio aldetik ez dut lan zailegirik izan; garai hartako elikagaiak eta ohiturei buruzko datuak asko zehazten saiatu naiz.
Euskarak berak ere ez dit lan handiegia eman. Nahi nuena zehaztea lortuta, ez dut zailtasun berezirik izan. Hala ere, asko kostatu zait hizkerarekin asmatzea. Hain istorio zaharra izanik, euskara sinesgarria erabili behar nuen.
A. Hizkerarekin jarraituz, zure eleberri guztietan ikusi da euskararen erabilerarekiko kezka. Liburu bakoitza, aurrekoarekin konparatuz gero, aurrerapausoa izan da euskara menperatze aldetik. «Otto Pette» al litzateke gailurra?
A.L. Nire lehen liburua kaleratu nuenetik 25 urte igaro dira. Eta konturatzen naiz nire idazkeran, orain dela bost urte arte edo, bi bide egon direla. Bide bat nolabait esperimentala litzateke _lehen liburua horren adibide da_; bigarrena euskararen garapenari atxikia legoke. Haur literatura horrela ulertu beharko litzateke. Nire irakasle lanaren premiek literatura soila ez egitera bultzatu naute. Funtzionaltasunagatik.
Funtzionaltasuna, ordea, beste alderdi batetik ikusten dut orain. Obra literarioaren bidez egiten dudan saio linguistiko-literario horretan ekarpenik egin dezakedala uste dut. Zenbat eta literatura hobea egin, orduan eta mesede handiagoa egiten diogu euskarari.
A. Eta haur literaturari?
A.L. Haur literaturak autonomia handiagoa beharko luke. Orain askoz gehiago argitaratzen da. Bera ere nolabaiteko autonomia lortzen ari da, baina idazleei asko kostatzen zaie. Haur literaturak autonomia izango badu, eskolek errespetatu egin beharko dute. Nik autonomia literario osoz egiten baldin badut liburu bat, baina eskoletan gero subjuntibera lantzeko erabiltzen baldin bada, izorratu naute.
Eskolak haur literatura fagozitatu egiten du, eta bere interesetara moldatu. Haurren eskuetan utz ditzatela liburuak, noski; baina eskolak zenbateraino bultzatzen du irakurketa haurren artean? Inori ez zaio okurritzen haur bati esatea astero zinemara joan behar dela, eta jendea joaten da gero filmeak ikustera. Zergatik behartu orduan haurrak irakurtzera?
A. Zineman ere aritu izan zara. Zein da egin dituzun bi filmeek ekarri dizuten irakaspena?
A.L. Une jakin batean izan nuen aukera, eta egin egin nuen. Ondoren ere izan ditut aukerak, baina ez nengoen tenplean eta ez diet heldu. Ez dakit, ordea, datorren urtean edota bihar bertan horren inguruan zer egingo nukeen. Egin ala ez egin, ni idazlea naiz, ez zinemagilea.
A. Euskaraz egin zenituen zure filmeak. Egun erdaraz egiten dituzte euren filmeak hemengo zuzendariek, zuek baino askoz ere arrakasta handiagoa lortuz.
A.L. Gauza guztiekin gertatu den bezala, euskal zinemaren autonomia denborarekin lortuko dela uste dut. Euskal zinema izateko, tradizio propioa lortu behar da. Gu hasi ginen, baina bada beti ahazten den osagarri bat euskal zinema izateko: zinema egitura bat ez dugun bitartean, egiten diren filme euskaldunen aldeko apustua egingo duena, ezin da euskal zinemaz hitz egin. Eta gerta daiteke noizbehinka euskal filmerik izatea, baina euskal zinemarik ez izatea zentzu horretan, azpiegitura arazoak direla eta.
Euskal zinema geografiak mugatzen duen zerbait da, edota hizkuntzak markatzen duena? Azken hau balitz, Julio Medem eta Juanma Bajo Ulloaren filmeak eta Koldo Izagirrerenak oso gauza desberdinak lirateke. Niretzat, azken honena da euskal zinema.
A. Itzul gaitezen zure azken liburura. Alberdania argitaletxearekin kaleratuko duzu. Horrek Ereinekin izan dituzun urte luzetako harremanak eten direla esan nahi al du?
A.L. Ereinekin harreman onak izaten jarraitzen dut. Gertatzen da Alberdaniakoak eleberri honen hedapena gertutik jarraitzen ibili direla, Inaxio Mujika eta Jorge Gimenezen bitartez. Gainera adiskideak dira, eta argitaletxe berria sortzeko abenturan sartu dira, eta abenturak gustuko ditudanez, beraiei eskaini diet eleberria, laguntza legez.
Beste alde batetik, garbi utzi nahi dut lanbidez oso lotua egon naizenez argitaletxe batekin, erabat desbinkulatua egon nahi dudala orain beraietaz. Hurrengo batean zer publikatuko dudan eta non, ez dakidala.
A. «Otto Pette»n kontatzen duzun istorioak baditu hainbat ezaugarri egungo egoera gogorarazten dutenak. Nahita izan al da hori?
A.L. Gizarteak beti ditu agintea eta opresioaren arteko tentsioa. Hori da gure herriak bizi duena. Zuzenbidea, agintearen beharra... joko dialektiko hori historiaren ezaugarria da.
Guzti horretaz nik ez daukat beste inork baino gehiago esateko, baina bai tresna bat, idazketarena. Idazten ari naizela, hausnarketa egin eta forma berriak bilatzen saiatzen naiz, kezkatzen nauten gaiak bideratzeko. Liburuak ezin du idazlearen berdina izan, berak ere zerbait ikasi behar baitu idazterakoan.
A. Literaturaz ari gara, baina literaturaz gain beste lan batzuk ere egiten dituzu. Zure artikulista lana hor da, adibidez. Euskaraz aritzen diren idazle bakarrenetakoa zara.
A.L. 17-18 urterekin kazetaritza ikasketak egin nahi nituen. Beti izan dut joera kazetaritzarekiko. Askotan tentazioa izaten dut arlo hori uztekoa. Esateko zerbait daukadanean soilik idaztekoa. Pixka bat erreta nago. Errebelatu egiten nau beharrez idatzi beharrak; baina egia da, halaber, gauden egoeran ezin duzula nahi duzuna egin. Badira faktore asko horretan. Ez naiz lanean ari gaurko, biharko baizik.
A. Ohardun zara, beraz, bide bat ireki daitekeela hortik.
A.L. Nire kazetari lanean gehien interesatzen zaidana «Euskaldunon Egunkaria»n betetzen dudana dela. Nire medio naturala da, medio eus- kaldun batekin ari naizelako. «El Mundo»n egun idazten dudana, edota garai batean «Diario Vasco»n edota «Egin»en egiten nuena, pantaila lana zela iruditzen baitzait.
Aurpegia garbitu behar dute, eta horretarako erabiltzen naute. Hori jakinda, etekina ateratzen saiatzen naiz, baina beti dut inpresioa beraiek ateratzen direla irabazle.
A. Errepublika garaian, aldiz, askoz ere gehiago lantzen zuten artikulismoa euskal idazleek.
A.L. Egia da intelektualek ez dutela ezer esaten gure herriaren egoerari buruz. Arrazoietako bat izan daiteke ideologia handien porrotarekin intelektualen papera ezabatu egin dela. Egungo intelektual handiena telebista da. Berak inposatzen digu zerekin liluratu behar dugun, zerekin sentitu eta zerekin sufritu. Intelektualek egun ezin dute ezer esan. Beraiena, basamortuan emandako ahots antzua da. Norbera etsia egon arren, horrek ez du esan nahi, pentsatzeari uko egiten diozunik. Argi daukat ez dudala ukapen hori egin nahi.
Amagoia Iban
34-38

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakLERTXUNDI4
PertsonaiazLERTXUNDI4
EgileezIBAN1Kultura

Azkenak
2025-01-20 | ARGIA
Nazioarteko eskuin muturrak inguratuta hartuko du presidente kargua Trumpek

Donald Trumpek asteleheneko 18:00etan (12:00ak Washingtonen) egingo dio zin AEBetako presidente izateari. Europako eta beste hainbat herrialdetako eskuin muturreko estatu buruak gonbidatu ditu inbestidura ekitaldira. Egun bakar bat lehenago emandako mitinean aurreratu duenez,... [+]


2025-01-20 | Leire Ibar
Su-etena indarrean, Israel eta Hamas hasi dira bahituak trukatzen

Igandetik indarrean da Hamasek eta Israelek nazioarteko bitartekaritzarekin adostutako su-etena. Lehen egunean 69 emakume eta 21 nerabe askatu ditu Israelek, horietako bederatzi adingabeak, eta Hamasek hiru israeldar. Gazara laguntza humanitarioko 630 kamioi ere sartu dira.


Joxe Mari Esparza: “Txikitik handira borrokatu behar dugu, egunerokoan gertu ditugun gauzak aldatuz”

Tafallan, nekazal giroko etxe batean sortu zen 1951. urtean. “Neolitikoan bezala bizi ginen, animaliez eta soroez inguratuta”. Nerabe zelarik, 'Luzuriaga’ lantegian hasi zen lanean. Bertan, hogei urtez aritu zen. Lantegian ekintzaile sindikala izan zen;... [+]


2025-01-20 | dantzan.eus
Martxora arte kalez kale eta etxez etxe ibiliko dira kaskarotak Lapurdin

Bi asteburu direla atera dira lehen kaskarotak: Beskoitzekoak. Eta martxora arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira Beskoitzeko kaskarotak, baina ez bakarrak... [+]


2025-01-20 | Bertsozale.eus
Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa
Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

2025-01-20 | Euskal Irratiak
%221ko gainpopulatzea, Baionako presondegian

Alarma jo du, beste urte batez, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak. Abenduaren lehenean marka berri bat hautsi zen frantses estatuan, 80.792 pertsona atxiloturekin. Espetxe-administrazioaren aitzinikuspenen arabera, gainera, 86.000 baino gehiago izan litezke 2027an egungo... [+]


‘Goazen lagunok’: sare sozial toxikoetatik fedibertsora trantsizio kolektiboa

Trumpek AEBetako presidentetza hartuko duen eguna baliatuta, Goazen lagunok lelopean, multinazionalen jabetzako sare sozial "toxikoak" utzi eta fedibertsora trantsizio kolektiboa bultzatzeko kanpaina egiten ari dira eragile ugari. “Internet gizatiarrago batean... [+]


2025-01-20 | Garazi Zabaleta
Aleko
“Nekazaritza birsortzailerako eta proiektu kolektiboetarako test gunea da gurea”

Nekazaritzan trebatzeko eta proiektu propioak abiatu aurretik ekoizpenean eta merkaturatzean norbere burua probatzeko, abian dira gurean nekazaritzako hainbat test gune. Araban, 2023an abiatu zuten Aleko nekazaritzako test gunea, baina, antzeko egitasmo gehienekin alderatuta,... [+]


2025-01-20 | Iñaki Sanz-Azkue
Hotza maite duen igela

Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina espezie askoren biziraupenerako garrantzi handia izan dezakeena. Hezetasuna mantentzen du, zomorroak... [+]


2025-01-20 | Jakoba Errekondo
Euskal Herria banana errepublika

Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa x paradisiaca), baina gaur egun Ameriketan ere asko egiten da. Ekoizlerik handiena India da, eta esportatzaile... [+]


Aurtengorako irakurgaiak

Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]


Eguneraketa berriak daude