«Euskal Herriak bizi duen gatazkak izugarrizko atzerapena ekarriko du»


2021eko uztailaren 19an
Ramon Trecet kazetariari elkarrizketa
«Euskal Herriak bizi duen gatazkak izugarrizko atzerapena ekarriko du»
RAMON TRECET
Ezbairik gabe, «aitzindari» izango litzateke Ramon Treceti paratu beharreko adjetiboa. Berari esker iritsi zen rock-and-rolla Hego Euskal Herrira eta berak ekarri digu NBAko saskibaloia, eta, hurbilago, musika berrien eremu zabala. Pasioak eta gorrotoak pizten dituen gizona, Donostiara egindako bisita batean harrapatu genuen Madrilen kultur zelatari postu ezin hobea duen gizon hau.
ARGIA. New age, musika berriak, aro berria... Nola azaltzen diozu jendeari zer den zuk hainbat bidetatik ezagutarazi duzun musika?
RAMON TRECET.
Beti erantzun bera ematen dut: musika berriaren eremua plaza bat da, eta plaza horretara kale ezberdinak iristen dira eta bertan bat egiten. Kale horietatik musika ezberdinak heltzen dira: batetik rocka, bestetik folk musika, baita jazza eta klasikoa ere. Doinu mota guzti horiek enparantzan nahasten dira, eta elkar kutsatzen dute. Oso zaila da musika bat zer den zehatz-mehatz azaltzea, askotan egileak berak ez baitaki zer den egin duena.
A. Duela 25 urte, hastapenetan, rock musika landu zenuen. Hego Euskal Herrian eta estatuan aitzindari izan zinen. Orduko sasoiak gogoan, parekotasunik ikusten al duzu gaur egungoarekin alderatuz?
R.T. Rockarekin hasi ginenean, maisu izan nuen Angel Alvarezi eta bioi gaur musika berriekin gertatzen den bera gertatu zitzaigun: izugarrizko hesiak gainditu izan behar genituen, hesi mentalak batipat. Guk jarri genituen Aretha Francklyn edo Drifters-en lehen diskoak. Hesi horiek nolakoak diren eta non dauden ezagutzen ditudalako ez naute harritzen gaur egun musika berriek dituzten zailtasunek.
A. Madrilen egiten duzun lanagatik, begirale toki paregabea duzu. Nola ikusten duzu kanpotik Euskal herriaren egoera?
R.T. Hemendik aldegin nuenez geroztik oso gertutik jarraitu dut Euskal Herria. Nire ustez politika eta kultur mailan ematen ari ziren urratsak ez ziren egokiak eta horrek min ematen zidan. Nire aburuz, Euskal Herriak izugarrizko aukerak zituen era aproposean garatzeko eta ez da horrela gertatu. Denborak, zoritxarrez, arrazoia eman dit. Oso atzeratuak gabiltza eta beste 20 edo 25 urte igaroko dira dagokigun lekua berreskuratzerako.
A. Hain handia al da atzerapena? Hala baldin bada, zerk eragin du atzerapen?
R.T. Kultur alorrean, Europan atzeko puntan gaude. Hiru arazo ikusten ditut: lehenengoa, iraultzaren bidez konkista eskuratu nahia izango litzateke. Porrot egin duen ideia izan da hori eta, haatik, Euskal Herrian oraindik horrekin gabiltza. Bigarrenik, nazionala nazioartekoaren gainetik jartzea. Hori beste akatsa da: nork bere kultura defenditzearen alde nago, baina horrek ez du esan nahi kanpotik datorren guztiari oztopoak eta trabak jarri behar zaizkionik. Azkenik, alde bakoitza ixtearen ondorioz, gizartea mila zatitan hautsi da. Hemen egiten dugun aurreneko gauza pertsonak alderdien arabera sailkatzea da, eta horren ondoren eraikitzen ditugu hurrengo iritzi guztiak. Gure arazoak era bortitzean konpontzeko jarrera daukagu: indarkeria fisikoa, hitzaren bidezko bortizkeria...
A. Horrek zer ondorio ekarri ditu? Zein izan da emaitza eguneroko bizimoduan?
R.T. Zatiketa eta hain hausnartua daukagun bortizkeria horrek edozein ekintza, ekimen edo asmo eten egiten du. Hori da euskal gizarteari aurrera egiten uzten ez dion arazoa, lehen aipatu dudan atzerapen horren sortzailea. Ez nau harritzen azken bolada honetan hainbeste jendek nahikoa dela esan izanak.
A. Arlo oso ezberdinak lantzen dituen gizona zara: saskibaloia, rugbya, musika... Ur oso desberdinetan murgitzen zara.
R.T. Kazetaritzan kultura falta izugarria sumatzen dut, kulturan oraindik hirugarren munduan gaude. Musikan, berriz, Erresuma Batuarekin alderatuz gero, galaxia desberdinetan bizi gara. Michael Nyman txarra dela edo musikaz ez dakiela esatea ezinezkoa da Ingalaterran, han bai baitakite Nymanek musika ikasketak egin dituela 13 urtez. Hemen, ordea, neronek entzuna dut Nymanek musikaz ez dakiela. Europarako atxikimendua ez du soilik ekonomikoa izan behar, kultur arlokoa ere bai.
A. Jende askok entzuten du zuk egiten duzun saioa, jarraitzaile sutsu asko dituzu gainera. Hainbeste jenderentzat erreferentzia den norbaitek nola eusten dio erantzukizun horri?
R.T. Saioa prestatzerakoan ona egin behar dudala bakarrik pentsatzen dut, eta ez zait sekula bururatzen norbaiti lagundu behar diodanik. Ez dut nire burua inoren subentzionatzaile ikusten. Nire sinesgarritasuna ildo horretatik etor daitekeela deritzot. Erantzukizuna ez datza esan edo egiten duzun gauzetan, nola esan edo egiten dituzun baizik. Neureak ez du saio arduratsua izan behar, musika plazerra baino ez baita. Arteak ez du zerikusirik duintasun edo erantzukizunarekin.
A. Josean Gascak eman al zizun saskibaloiaren definiziorik onena?
R.T. Joseanek zera zioen: bost gizon baloi batekin baleta egiten, hori da saskibaloia. Aurten, baina, Minessotan beste esaldi ikaragarri bat topatu dut eta zeharo txunditurik utzi nau: «Benetako saskibaloia airean gertatzen da, herriek euren askatasuna konkistatzen duten tokian, jokalariak mitologiara pasatzen diren heroiak bihurtzen diren tokian». Hori irakurri nuenean malkoak atera zitzaizkidan.
A. Saskibaloi partidu bat komentatzeko oso estilo berezia erabiltzen duzu, oso amerikar tankerakoa. Zer dela eta?
R.T. Saskibaloia joko bezala ulertzen dut, eta nigan, bederen, izugarrizko grina sortzen duen kirola da. Sentitzen dudan hori entzuleari biziarazten saiatzen naiz, broma txikien bitartez, eta abar.
A. Bingen Mendizabal, Joxan Goikoetxea, Juan Mari Beltran, Juan Carlos Perez, Juanjo Etxeberria... talde nahiz bakarlari ugarik dihardute Euskal Herrian musika berrien inguruan. Nola ikusten dituzu?
R.T. Sasoi onean dago euskal musika berria inondik ere. Belaunaldi on baten aurrean gaude. Zuk aipaturiko izen horiei beste hiru gehituko nizkieke euskal musikaren bilakaeran oso garrantzizkoak iruditzen zaizkidanak: Benito Lertxundi, Amaia Zubiria eta Txomin Artola. Dena den, hemen daukagun arazoa oso bestelakoa da: ez dakigu egiten duguna kanpoan saltzen. Duela gutxi euskal musikari bat etorri zitzaidan disko bat grabatu zuela esanez. Edinburgh-en sal al litekeen galdetu nion, eta berak, harrituta, ezetz esan zidan. Berriro graba zezan esan nion.
A. «Bila ezazue edertasuna, protesta horrek bakarrik merezi baitu mundu nazkagarri honetan». Zure ohizko esaldia da hori.
R.T. Esaldi hori Phil Ochs musikari eta poetaren liburu batean irakurri nuen. Azken 25 urteotan izan dugu lagun emazteak eta biok. Niretzat esaldi horrek zentzu berezia du, norbera mugiarazten duena bilatzera bultzatzen baitu.
A. Baina hain nazkagarria al da mundu hau? Non bilatzen duzu zuk edertasuna?
R.T. Nazkagarria da, baina nire ikuspegia ez da mugiezina: mundu higuingarria izanik, alda dezagun. Goazen Bosniara, mundua nazkagarria den ala ez ikustera.
Bestalde, edertasunaz inguraturik bizi naiz: nire emaztearen barne edertasuna izugarria da, seme-alabak ere hor ditut, lagun bikainak... Edertasuna edonon eta edonoiz aurki daiteke. Estatu Batuetan «Philadelphia» filmea ikusi nuela, ordura arte gorrotoa nion Bruce Springsteenen kantua entzun eta negarrez hasi nintzen. Hain iruditu zitzaidan ederra!
A. The Beatles taldeak disko berria plazaratuko du aurki. Hori nostalgia ala marketina da?
R.T. Hori rock-and-rolla izan den guztiaren `heriotzaren muxua' da. Rockak, izan dituen izar distiratsuenak hilobitik berreskuratu behar baldin baditu, horrek zera esan nahi du: behin betiko ehorzketa bizitzen ari garela. The Beatles taldea, disko horretan, duela 25 urteko musika egiten saiatuko da eta mundu guztiak kantu freskoak eta atseginak direla esango du. Inork ez baitu Beatles-en oina zapaltzeko adina ausardiarik izango. Rockarekin etsiturik nago, eta etsipenaren itsaso honetan musika berriak izan dira bizirik mantendu nautenak.
A. Kantu gregoriarrak izugarrizko arrakasta izan du estatu mailan, bat-batean gainera. Erresuma Batuan ere musika erlijiosoa kantatzen ari den talde bat puntan dabil. Zer ari da gertatzen?
R.T. Jendeak zerbait berria nahi du. Nazkatua dago. Guzti honetan bitxiena zera da, jendeak bere kabuz bilatu dituela musika hauek. Disketxeen ekinaldirik gabe. Aurrerantzean handitzen joango da fenomenoa.
A. 1968ko belaunaldia dugu beti hizpide. Zu garai hartakoa zara. Iragana beti oraina baino hobea al da?
R.T. Txorakeria galanta da hori: iragana beti oraina baino txarragoa da. 1968ko belunaldiak gauza bakarra genuen ona, nahiko utopikoak ginela. Bestela, 68a urte gogaikarria izan zen: Martin Luther King hil zuten, Vietnam pil-pilean zegoen, tanke errusiarrak Txekoeslovakian sartu ziren, Bob Kennedy hil zuten... 1968an kaka pila izan zen.
Iñigo Herce
34-38

GaiezKomunikabidKazetariak
PertsonaiazTRECET1
EgileezHERCE1Komunikabid


Azkenak
Errege Magoen desfilean zati lasaiak tartekatu dituzte, autisten elkarteek aldarrikatuta

Dezibelio eta argiztapen muturrekoak ohiko diren makro-ikuskizunen eta makro-estimuluen garaiotan, autismodun haurren bueltako elkarteek aspalditik egindako eskaera zabaltzen ari da pixkanaka, baita Errege Magoen desfileetan ere: ez musika, ez argiztapen, ez abiadura... [+]


Urtarrila, intxaurrondoaren loaldia

Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez.


2025-01-06 | Nagore Zaldua
Itsas-bare kantauriarra
Ohartarazpenaren artelanak

Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa... [+]


2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]


2025-01-06 | Garazi Zabaleta
Trebatu elkartea
Lehen sektoreko erreleboa bultzatzeko egitasmoa Gipuzkoan

Urteak daramatza martxan Ipar Euskal Herrian Trebatu elkarteak, laborantzan proiektua abiatu nahi duten pertsonek aurrez trebatzeko aukera izan dezaten. Ipar Euskal Herriko proiektua eredutzat hartuta eta ideia berari tiraka, Gipuzkoan ere izen bereko elkartea sortu dute aurten... [+]


LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


Eguneraketa berriak daude