«Arazo politikoak ez dio herriari arnasarik hartzen uzten»


2021eko uztailaren 19an
Bernardo Atxaga idazleari elkarrizketa
«Arazo politikoak ez dio herriari arnasarik hartzen uzten»
BERNARDO ATXAGA
Borobila eta puntua», «Etiopia», «Ziutateaz» eta lehen garai haietako lanetatik, Asteasuko arotzaren semeak bide luzea korritu du «Obabakoak»era iristeraino, euskal literaturaren marka guztiak hautsiz atzerrian. Antzerkia, poesia, ipuina, haur literatura, eleberria eta gidoigintza lantzeaz gain, hizlari eta solaskide atsegina dugu. Argitaratzaile lanetan ere hasia da, Emak Bakia kluba dela medio. Garai eta nazio desberdinetatik edaten duen artistaren ganbara oparoko azken emaitza, Urte Zaharrerako kalean ikusi nahi luke Bernardo Atxagak.
ARGIA. «Gizona bere bakardadean» izenburuko liburua bukatzear daukazu. Zer aurreratu dezakezu zure lan berri honetaz?
BERNARDO ATXAGA. Aurreneko orrian urte bat eta egun bat jartzea erabaki nuen: 1982ko ekainaren 27a. Alde horretatik ezin daiteke «Obabakoak» izan, zeren eta bere oinarri literarioa baita ez daukala egun bat eta urte bat. Bi anaia jarri ditut, eta urte horretan berrogei urte dituen pertsona baten historia atzerantz. Ez dago hemen kokatua, Barcelonatik 60 kilometrora dagoen hotel moduko batean, egotetxe batean baizik. Baina bertako guztiak euskaldunak dira eta Poloniako futbol selekzioa dago bertan. Esan behar da, halaber, ez dela eleberri bat, hiru baizik. Trilogia bat da, aurrenekoa hau da, baina beste bi ere izango dira.
A. Zein da idazteko erabiltzen duzun sistema?
B.A. Oso aldatuta nago. Hiru urtetan fitxak egiten joan naiz: Koprotkinen «Printze anarkista»ren aipu bat, garai bateko ETAren eskupaper bat kopiatu, trenean ikusitako halako gizon betilun baten erretratua egin... Gero bi koaderno bete ditut burutazioekin, kontrolik gabe. 280 ohar dauzkat. Eskuz idazten dut. Gero makina elektronikora pasatzen dut eta azkenik ordenagailura. Zuzenean ordenagailura idazten duen pertsona, adibidez, oso gaizki moldatzen da parrafoarekin. Parrafoa da idaztearen muina, arnasa, testu baten indarra hor dago. Hori ordenagailuz ezin da.
A. Poesiarik argitaratzeko asmorik ba al duzu?
B.A. Donostian ostrukari buruz eman berri dudan errezitaldia handituz joango da, eta denborarekin, hori izango da seguru asko nire hurrengo poema liburua. Eta titulua ere hori izango da: «Lezio berri bat ostrukari buruz». Beharbada datorren urtean.
A. Argitaletxeez kexatu izan zara. Zer hobetu behar dute?
B.A. Oso gai luzea da. Mundu honetan gauzarik zailena aukeratzea da, mila testu daude erreskan, eta horietako bi bakarrik dira egokiak. Urtero ehun edo berrehun itzulpen bakarrik argitaratu daitezke. Horiek ez badira ondo aukeratzen... Bestalde, nire ustez edizio alternatiboak egin behar dira, panfleto edo liburu izango ez den gauza bat atera behar dugu. Zaila da azaltzea. Hau Italian egiten da, «Luxia» izena izango du. Horretarako dauzkagu aukeratuta testuak. Esate baterako, «Basque children`s camp» izenekoa; hemendik gerratean Inglaterrara eraman zituzten umeen kronika da. Marxen biografia egin zuen anderearen eskutik etorri da liburu hori. Errazena da dokumentu horiek ez ateratzea.
Horrez gain, nik egindako hiru elkarrizketa aterako ditugu eta Orwellek nazionalismoari buruz idatzitakoa. Aita Zabalak baimena ematen badigu, Pello Errotaren alabaren bizitza hartu eta lau pasarte onenak aukeratu eta gaurko euskara literarioan jarriko ditugu errespeto guztiaz. Hori pentsatzen dugu lantzea: abangoardia edo memoria.
A. Erdaraz zerbait idazteko tentaziorik ba al duzu?
B.A. Erdal mundura ez pasatzeko benetako indarra eduki behar da eta ideia batzuk buruan, bestela nik uste dut pasatuko nintzatekeela. Zergatik? Oso deigarria delako alde askotatik, ez bakarrik diru aldetik. Gozotasun gehiago jasotzen da euskal mundutik baino. Gazteentzat idatzi nuen «Behi euskaldun baten memoriak» liburua oso gaizki tratatu dute Euskal Herrian, eta erdal munduak oso ondo. Hemengo kritikak irakurri nituenean kolpea hartu nuen. Handik urtebetera Galimard etxeak erosi du. Orduan zein dut anaia?
Atzo aurkitu nuen testuliburu bat. Bi liburu dira eta berrogei idazleren testuak egongo irakurgai bezala. Zein aukeratu ote dute nirea? pentsatu nuen nire inozentzian, nire harrotasunean hori pentsatu nuen. Hartu, eta denak zeuden, eta ni ez. Holandan oso ondo tratatu naute, adibidez; agian komeni zait hara joatea. Askotan solaskide gehiago eta anai-arreba gehiago aurkitzen dira kanpoan. Datu bat delako esaten dut, ez eraginik duelako nire bizitzan. Euskaraz idazten jarraituko dut inongo arazorik gabe.
A. Belaunaldiak falta dira euskal literaturan. Beharrezkoak al dira kultura batentzat?
B.A. Literaturan funtsezkoa irakurlea da, ez belaunaldiak. Hemen fenomeno interesgarria euskaldunberrien fenomenoa da: jende gaztea, jende ikasia. Benetako irakurle izango diren hiru milatik gora baditugu, ez dago arazorik. Idazleen artean ideologia gehiegi dago, horrek kalte egiten dio idazleari. Idazle batek bere bizitzaren ardatz bezala nazionalismoa hartzen badu, kosta egingo zaio liburu onak idaztea.
A. Oso alegiazalea zara. Zergatik estilo hori?
B.A. Tresnak ditut, kontatzeko garaian beti langileak behar dira. Ostruka adibidez, oso lagun ona da, edozein gauza kontatzea daukazu. Erregistro bat badut alde horretatik. Liburu berrian ez. Jende askok hitz egiten du fabulaz goitik behera begiratuta, baina niri fabulak asko gustatzen zaizkit. Eskolan, entziklopedian, fabulak irakurtzen genituen. Aurreneko inpresio estetikoa, bestalde, elizan jaso genuen: musika, latinezko errezoak, ipuinak, Biblia... Mundu hori «Obabakoak»en laburtu nuen. Orain mundu hori atsedenean daukat eta beste mundu batera abiatu naiz, errealistagoa, pixka bat «Etiopia»n agertzen den mundura.
A. Ezagutzen al duzu Toni Morrison Nobel saritu berriaren lana?
B.A. «Jazz» eleberria ezagutzen nuen. Badu gure kasuarekin harremana. Niretzat poz handiena izan da estatu mailan dauden Morrisonen bost liburuak «Obabakoak» atera nuen bilduman egotea: «Tiempos modernos. Ediciones B». Hori oso ondo etorri da, bide batez gure bilduma horri izena ematen diolako.
A. Euskal kulturan, zein da ikusten duzun alor ahulena?
B.A. Gure kulturaren oinarria dago ahul, eta oinarri hori da ez dagoela kritikarik. Aspaldian Euskal Herrian ez dago benetako kritikarik. Arazo politiko batengatik. Politikariek lepotik helduta dute herri honetan ia dena, geldituta dago arazoa, txartzen, baina geldituta. Arazo politikoak ez dio ia arnasarik hartzen uzten herriari. Horrekin bizitzen ikasi beharko dugula ematen du, eguraldi txar batekin bizitzen ikasten den bezala. Jende bat itsutu egin da herri honetan eta jende hori bi tokitan dago: Herri Batasunaren inguruan eta Ajuria Eneko Itunaren inguruan. Gaurko itsuek a zer zakartasuna, a zer biolentzia, a zer amorrazioa duten hitz egitean! Kontuz horien inguruan. Txotxak eta papertxoak ibaiko zurrunbiloaren inguruan bezala mugitzen hasten bagara, zulora goaz; gainera, ematen du bi zurrunbilo horien artean dagoena erdian dagoela eta ez da hori. Bi zurrunbilo horietan ez dagoena ez dago erdian, leku guztietan baizik. Bi zurrunbilo horiek dena erraustu egiten dute, irentsi. Egoera larria da benetan, kontuz ibili behar dugu. Euskal arazoak dudarik gabe soluzio bat eduki beharko luke. Paperean oso erraza da, eta ez bada konpontzen da oso negoziatzaile txarrak dauzkagulako, alde bietan. Eta ez bada konpontzen, denok ordainduko dugu ondo; baita gure ondorengoek ere.
A. Uda honetan, euskaraz dakien batentzat kalean ibiltzea tortura dela esan zenuen.
B.A. Euskaldunak, pixka bat zakar hitz eginda, zakur bezala tratatzen gaituzte: ogi kozkorra ematen zaio zakurrari bakea eman dezan. Euskal Herrian jende batek euskara eta euskarazko bizitza bigarren mailako herritar bezala hartzen du praktikan. Eta asko euskaldunak dira, hizkuntzarekiko harreman faltsua dutenak. Gure bizimodua defenditu behar dugu. Borroka bakarra kalitatearena da. Ahalik eta hitzaldi prestatu eta onena eman, dudan onena ematera joan. Gure esparru guztietan hori behar da. Errespetoa behar dugu, gure lehen mailatasuna defenditu behar dugu euskaldun bezala. Edo lehen mailakoak izango gara edo ez gara izango. Aspaldi honetan kanpoan ez dut elkarrizketarik eman bi edo hiru egun aurrez prestatu gabe. Frantzian edo Estatu Batuetan euskaldunoi buruz zerbait aterako bada eta nire hori bada, asko zaindu behar dut.
A. Igarle fama baduzu. Nola ikusten duzu etorkizuna?
B.A. Munduaren neurria gure bizitza da. Bat doaz. Munduaren etorkizuna gure etorkizuna da. Ibaiaren barruan gaude, ez kanpoan. Horregatik 80 edo 90 urteko jendea oso katastrofista da eta umea zoriontsua. Ez dut mundu erraza ikusten, seguru asko nire bizitza ere ez dudalako erraza ikusten.
A. Bukatzeko futbolaz hitz egin dezagun. Atletic zalea omen zara.
B.A. Etxetik dator zaletasuna, amaren aldetik, gerra garaitik. Iribar jokalari mitikoa zen niretzat. Arieta ezagutu nuen. Gaur egun nire lagunik handienetakoa Ernesto Valverde «Txingurri» da. Gasteizko gure auzunekoa da. Azken «Garziarena»n bere anaia Mikelen marrazkiak ageri dira. Logroñesen Asteasuko Lopetegi dago eta hori ere jarraitzen dut eta Zubizarreta ere bai, nire liburua famatzen duelako beti. Batzuetan San Mamesera joaten gara, nekatuta gaudenean etxean egoteaz.
Joxemi Saizar
32-36

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakATXAGA1
PertsonaiazATXAGA1
EgileezSAIZAR2Kultura

Azkenak
Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


Eguneraketa berriak daude