«Etorkizunari buruzko hainbat pauso berriztatzaile emateko atarian gaude»


2021eko uztailaren 19an
Mari Karmen Garmendiari elkarizketa hizkuntz politikaz
«Etorkizunari buruzko hainbat pauso berriztatzaile emateko atarian gaude»
MARI KARMEN GARMENDIA
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako idazkari nagusia azken zortzi urteotan, Mari Karmen Garmendiak ez du aurkezpenik behar. Hitz erraz eta gozoko emakumea, urtetan jarrera zabal eta irekia mantentzen jakin du. Ezinbesteko erreferentzia puntua, bere hitzek oihartzun handia izaten dute beti. Lerrootan, hainbat kontuez aritu zaigu ormaiztegitarra, ez nahi izandako guztiez, baina.
ARGIA. AEDk hamar urte beteko ditu aurki. Zein funtzio bete dute han hemenka sortutako tankera honetako elkarteek? Zein funtzio bete dezakete etorkizunean?
MARI KARMEN GARMENDIA. Oso gertakizun interesgarriaren aurrean gaude. Batetik, izugarria da hizkuntzaren alde egiten ari diren lana. Bestalde, Administrazioak edo erakundeek egin dezaketen lanaren osagarri garrantzizkoa direla uste dut. Administrazioak ezin dezake guztia egin, are gutxiago eguneroko bizitzan herri mailan egin beharreko horiek. Euskararen alde egiten duten eta egin dezaketenaz gain, gure gizartearen egituraketan benetan aurrerapauso handia izan daitezkeela iruditzen zait. Bestalde, funtzio garrantzitsua bete dezakete elkarbizitzarako, akordiorako, eztabaidarako eta egitasmoak elkarrekin aurrera ateratzeko.
A. Nola dakusazu Euskal Eskola Publikoaren legea medio ikastolen mugimenduan sortutako egoera berezia?
M.K.G. Ikastolek beren proiektuari eutsi egin behar diote, ez diote bere izateari utzi behar. Nahiz sare publikoan nahiz pribatuan egon, ikastolek gure hezkuntza sisteman ekarpen handia egin behar dute etorkizunean ere. Ikastola proiektu herrikoia da, euskalduna; guraso, irakasle nahiz herritarren partaidetzaz aurrera ateratakoa. Dudarik gabe, horrela ikusten da kontua EAJn, ikusi besterik ez dago zenbaterainoko ardura jarri den Ikastolen Konfederakuntzarekin izan diren eta dauden harremanetan; eta ikastolen aldeko festetan gure ordezkaritza beti hor izaten dela. Ikaragarrizko galera litzateke gure herriarentzat urtetan zehar ikastolaren baitan sortu den kultura hori galduko balitz.
A. Azkenaldion hainbat iritzi plazaratu dira Eusenor proiektuaz. Lur argitaletxeak ere hitz gogorrak esan ditu.
M.K.G. Eusenor proiektua proiektu nazionala da, irekia, eta une egokian iritsitakoa. Orain urte batzuk, ez giza baliabide aldetik ezta hizkuntza beraren garapena horretarako egokitua ez zegoelako, ez genuen modurik izango proiektu horri eusteko. Horrelako garrantzia duen proiektua ezin da esku pribatuetatik garatu eta eraman. Gizarte ekimena eta erakunde publikoen eta parapublikoen ardura, konpromezua eta baliabideak elkartu behar dira. Eusenorrek Euskal Herr osoa hartzen du kontuan, partaidetza aldetik, beraz, Euskal Herri osoko erakunde eta alderdi guztiak jakinaren gainean jarriak izan dira. Horrexegatik onartzen da fundazio izaera izan dezan. Horretarako jarriko diren arauak onartzen dituzten guztiek partaide izateko aukera izango dute. Beraz, Lur argitaletxeak, partaide izan nahi baldin badu ateak zabalik izango ditu.
A. Helduen euskalduntze eta alfabetatze mundua une kritikoan dago egun. Zein da zure analisia?
M.K.G. Helduen euskalduntze eta alfabetatzeak ahalegin handiak eskatu ditu eta garrantzi handia izan du gure hizkuntzaren normalkutzaren prozesuan. Hala ere, urteak ez dira alferrik pasatu eta iruditzen zait inertziaren harlauza gainetik kendu egin behar dugula. Galdera bat dago hemen erantzun beharrekoa: alfabetatze euskalduntzeak bere horretan jarraitu behar du ala ez? Horri erantzun eta hartu beharreko erabakiak hartu behar dira.
Alfabetatze euskalduntzeari eskerrak, biztanleria osoaren % 14 da jatorriz erdalduna izanik euskaraz ondo hitz egiten ikasi duena. Erdaldunen %18k euskaraz ondo ikasi du horri eskerrak. Bestalde, Eusko Jaurlaritzan euskararako dauden egitasmo guztietarako dauden diruak batu eta nola banatuta dauden ikusten badugu, HABEren aurrekontuak guztiaren %45,5 hartzen du. Beraz, ikusi behar da nahiz giza nahiz diruzko baliabide horiek bere horretan jarraitu behar duten, ala galderari erantzunez, inertzia astindu eta eguneratze bat ez ote dugun egin behar. Bestalde, ezinbestekoa da alfabetatze euskalduntze alorrean partaide diren guztien arteko egituraketa. Horrela ezin da jarraitu, sakabanatze honek ez dakar ezer onik.
A. Baina dirulaguntza kendu zaie euskaltegi libreei.
M.K.G. Krisi gogor batean murgilduta gabiltza. Beraz baliabideak ere urritu egin dira. Hala ere, nire ustez baliabide horiek ahal den zuhurrena erabili behar ditugu, dauden beharrei erantzuteko erabiliz.
A. AEKren beharrak begibistakoak dira. Ezin al dira baliabide horiek beste era batera banatu?
M.K.G. Ez dago nire esku, baina ez da nik egingo nukeena. Ur eskasia dagoenean, ura gutxitu egiten da, eta ezin da lehortea egongo ez balitz bezala jokatu. Zer egiten du herriko alkateak horrelakoetan? Herriko auzune guztietara ura iritsi dadin saiatzen da, ez auzune batzuentzat ura banatzen bakarrik. Ur gutxiago baina denei erantzunez. Honetan ere beste hainbeste egin beharko litzateke. Ni sinesturik nago demokraziaren joko zelaian denontzat lekua dagoela eta hor erabaki behar ditugula gure auzi eta arazoak.
A. «Euskaldunon Egunkaria» eta Eusko Jaurlaritzaren arteko konponbidearen atarian al gara?
M.K.G. Ni ez naiz aztia. «Euskaldunon Egunkaria»k euskaldun guztien egunkaria izan behar du, ez ezker abertzalearena. Abiapuntua hori izanik, eta horrek euskaldunon artean iritzi guztietakoak gaudela esan nahi duela jakinik, gauza izan behar dugu auzia bideratzeko. Legebiltzarreko akordioa onerako izan daitekeela uste dut.
A. Ez al da «Euskaldunon Egunkaria» iritzi era guztietara zabalik dagoen medioa?
M.K.G. Bai, denentzat lekua dago, baina aurrerapausoak eman behar dira. Puntu batera iritsita gaude baina hortik aurrera jo behar da. Pausoka joan behar da.
A. Euskalgintza munduan, zuk eta Joseba Arregik oso ikuspuntu ezberdinak dituzuela aipatzen da.
M.K.G. Zortzi urte daramatzat Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako idazkari bezala, eta eman zitzaidan agindua betetzen saiatu naiz. Urte hauetan adierazitakoak nik guzti honetaz uste eta sinesten dudanaren adierazgarri dira. Eta egia esaten badut, ez nahiko nukeen guztiaren adierazgarri. Zorionez etapa bat bete da, urteak ez dira alferrik joan. Lan izugarriak egin dira eta kezka handiak ditugu, baina iruditzen zait hizkuntz politikan ere, bere osotasunari begira, ezin dugula inertziaz jokatu, eta beraz etorkizunari buruzko hainbat pauso berriztatzaile emateko atarian gaudela.
ARGIA. Ia hamaika urte dira Euskararen Normalkuntzarako Legea onartu zela. Zeintzuk dira egungo lehentasunezko puntuak?
M.K.G. Korpusaren alorrean, hizkuntza sendotu eta garatzeko modua egin behar da. Horretan ari dira Euskaltzaindia, Elhuyar, Uzei eta beste zenbait erakunde. Etorkizunerako oinarrizko azpiegiturak ziurtatu behar ditugu. Gainera, hizkuntz transmisioa ziurtatu beharra dago. Bestalde, erabilerarako guneak eta aukerak gehitu egin behar dira. Horrek zer esan nahi du? Guzti honetan gabiltzanon arteko koordinazioa hobetu egin behar dugula, ditugun baliabideak oraindik ere etekin hobea ateratzeko moduan jarri behar ditugula. Euskararen aldeko politikak sustatzailea behar du izan, horretarako gainera herriak duen borondatea kontuan hartu eta garatuz.
A. Euskararen ezagutza gehitu den arren, erabilera ez da hainbeste handitu.
M.K.G. Dakizunez, Euskal Herri osoa kontuan hartzen duen ikerketa soziolinguistikoa egin dugu. Batetik, garbi ikusten da epe erdira edo ertainera ez dugula erabilera kontuan aldaketa handiegirik sumatuko. Batetik, erabilera ziurtatzeko talde batean hamar lagunetik zortzik euskaldunak izan behar dutelako, bestela hizkuntzaren erabilera ahuldu eta aurrera atera ezinik geratzen delako. Hainbat pertsonaren kopurua behar da, beraz. Bestetik, hizkuntz gaitasunak ere ez du motela izan behar, zenbat eta gaitasun handiagoa orduan eta erabilerarako aukera, erraztasun eta zihurtasun handiagoa. Hizkuntzaren Erabilera gauzatu ahal izango duten gune soziolinguistikoak behar ditugu. Guneak ugaldu ditzagun, eta gainera izan dezatela eguneroko bizitzarekin lotura. Gune horiek erabilera bultzatzeko modukoak izan daitezen, borondatea eta argitasuna beharko ditugu, ez dirua bakarrik.
A. Zertan dira gaur egun HPIN eta EKBren arteko harremanak?
M.K.G. Gure egoeraren diagnosian puntu askotan bat gatoz. Bestalde, elkarrekin programa jakinen inguruan lanean dihardugu: hizkuntzaren transmisiorako kanpaina baten inguruan eta UEUren lan programetako soziolinguistika alorrean, esate baterako. Elkarrekin burutuko dugun hirugarren programa ere behehala indarrean jarriko da: hizkuntz plangintzarako graduondoko unibertsitate diplomatura.
A. Esparru zabala ikusten al duzu EKBrekin batera jorratu daitekeena?
M.K.G. EKBren eginkizuna Jaurlaritza eta erakundeen osagarrizkoa da. EKB ez da HPIN, eta HPIN ez da EKB. Bakoitzak bere eremua, bere eginkizuna, bere lekuak ditu. Hori ezagutu eta onartzetik hasi behar dugu bai batzuek baita besteok ere. Elkarlanerako zenbait gune baditugu. Aitortu beharra dago, besteak beste, nahiz eta beste gauza batzuetan ados ez natorren, EKBren eskutik dugula «Bat» aldizkaria, oso aintzakotzat hartzeko lana.
Alberto Irazu
34-38

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakJaurlaritza
GaiezHizkuntzaEuskaraNormalkuntzHizkuntz poEAE
PertsonaiazGARMENDIA1
EgileezIRAZU1Politika

Azkenak
Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


Eguneraketa berriak daude