«Baldintza onenak behar ditut Boc Challengea irabazteko»


2021eko uztailaren 19an
Didier Mundutegi kirolariari elkarrizketa
«Baldintza onenak behar ditut Boc Challengea irabazteko»
DIDIER MUNDUTEGI
Hizkeran Parisen hazia dela sumatzen bazaio ere, gaur egun Didier Mundutegik Euskal Herriarekiko dituen loturak ezin azkarragoak dira. Arrantza eta bela, bi mundu horien artean zatitzen ditu bere ordurik gehienak. Mundutegik 1994eko Boc Challenge lehiaketan parte hartzea erabaki du, eta horretarako diru mordoa behar du. Horretan ari da buru-belarri. Sos bila. Indibiduala den kirol horren plazerra Euskal Herriko jendearekin partekatu nahian. Horretaz aritu gara berarekin.
ARGIA. Non eta nola hasi zen Didier Mundutegiren bidaia handia?
DIDIER MUNDUTEGI.
Historia luzea da oso, hasieratik abiatuko naiz, beraz. Baionan sortua naiz 1953ko maiatzaren 19an, eta sei hilabeteren buruan nire gurasoak Parisera joan ziren. Horregatik lehenbiziko hogei urteak Parise inguruan bizi izan naiz. Euskal Herria niretzat leku zoragarria zen. Hiri handi batean biziz, hemen itsasoa, mendia, familia aurkitzen nituen. Niretzat leku paregabea zen, oroitzapen ederrak eramaten nituen hemendik urtero. Gero Parisen ikasi nuen itsasbela, bizi ginen herrian elkarte mugimendu oso azkarra baitzen, eta aintzira batean ikasi nuen belagintzan. Denborarekin nire helburua honat bizitzera etortzea zen, eta hori lortu nuen 1979an.
A. Noiz parte hartu zenuen lehen aldikotz nazioarteko bela lehiaketa batean?
D.M. 1977an, Larroxelan. Garai horretan, neska lagunak eta biok lehen untzia erosi genuen, hilabetesari bat guretzat eta beste bat untzia ordaintzeko. Pixkat berantago lan bat eskaini zidaten Yacht Club Basque izenekoan, eta iritsi nintzelarik haize hegoa zegoen. Jada erran nuen ezin nuela gehiago alde egin.
A. Zeintzuk dira horrelako lehiaketa gogor batean parte hartzeko, untzi bat prestatzeko, ikusten dituzun oztopo nagusiak?
D.M. Bi arazo nagusi ikus nitzake. Lehenik, bela munduan lana eta azpiegitura aurkitzea ez da inondik ere lan erraza, sail horretan ekintza oso gutxi baita hemen inguruan, are gutxiago duela hamar urte. Hori «Cote Basque» izeneko proiektua bultzatu genuelarik ikusi genuen, fenomeno horren adierazgarri argia izan baitzen. Bela ez da arras hemengo jendearen kultura, ez da batere Bretainian bezala. Maila horretan ez dago historiarik. Hemengo jendea joanen da txibiak harrapatzera, ez bela egitera. Giro honen aitzinean aurkitu nintzen nire lehen proiektu hura aurkeztu nuelarik.
A. Nola sortu zen «Cote Basque» untziaren proiektua? Gogoratzen naiz abertzaleen artean aski gaizki ulertua izan zela turismoaren kontrako kanpainen garai horretan. Nola aztertu duzu hori geroztik?
D.M. Ordura arte eraiki nituen proiektuak nireak eta nire lagunarenak ziren, gure diruz antolatuak eta abar. Hori, aldiz, beste era bateko proiektua zen, beste dimentsio batekoa. Bestalde, 1982-1984 bitarteko urteak ziren, untzi bati izen hori emateak bere ondorioak zituen. Tentsio handiak ziren. Gogoratzen naiz untzia itsasoratu behar genuen egun berean pintada bat aurkitu genuela gainean: «Ikastola bai» idatzia izan zen. Ni kanpotik etorria nintzen, paristarra. Bestalde, proiektu hori gauzatzea nire betiko ametsa begi aurrean ikustea zen.
A. Dirua eskatzen aritu zinen unean zer harrera egin zizun jendeak?
D.M. Harridura izan zen nagusi. Orduan hemen horrelako proiektuak ez zuen gauza handirik erran nahi. Euskal mundukoen artean ez zen ulertu, ez bainintzen ezertan inplikatua. Horretaz aritu naiz geroztik abertzale batzuekin, eta trukatze, elkartzeak egin dira hala ere untzi honen inguruan. Baina, erran nezake, untzi hori jende batzuek proiektuan zeukaten nahikeria eta diruz lagundu diotelako itsasoratu zela. Diru aldetik egiazko ziloa izan da, ordaintzen ari naiz oraindik egin nituen zorrak.
A. Aginte publikoek laguntzarik eman al zizuten?
D.M. Hor ere eremu guzti horiek ez genituen ezagutzen, ez genituen behar bezala landu. Guretzat proiektu xumea zen, eta pentsatzen genuen jende guztiak ulertuko zuela gure helburua. Baina ez zen horrela gertatu. Sortu genuen elkarte bat eta horri esker zazpiehun mila libera bildu genituen untzia eraikitzeko. Ezin sinetsia zen. 1984ean Greneten laguntza lortu genuen, departamenduaren diru bat eman zigun. Ondorioz, untzia «Cote Basque-Bearn» deitu zen. Horri esker bi txapelketan parte hartu nuen. Untzi horretaz jendea gogoratzen da, komunikazio mailan uste dut emaitza baikorra lortu dugula. Kostaldeko garai hartako gertakizun garrantzitsua izan da, eta gaur egun hori aipatuz aurkezten naizelarik erreferentzia bat da.
A. Zer ondorio atera duzu esperientzia horretatik?
D.M. Lehenik nire ofizioa ikasi dut, untzi mota berria baitzen. Bestalde, itsasgizon ospetsu batzuekin lan egiteko aukera eman dit, eta hori oso baliagarria izan zait ondoko urteetan. Antolaketa mailan ere gauza asko ikasi ditut; untzi bat eraiki nahian egiten diren aurriritzi eta huts askotaz ohartu naiz. Bukatzeko, prentsarekin lan egiten ikasi dut.
1988an Mike Birchek Fujicolore-ren untzian partaide izateko deitu zidan, «Cote Basque»ren historia ezagutzen zuen eta harrigarria atzematen zuen hainbeste jende ikustea horrelako untzi ttipi baten sostengatzeko. Fujicoloreren inguruan, noski, enpresako langileak daude. Baina gure kasuan hemendik ere autobusak abiatzen ziren, eta portuetan izugarrizko giroa sortzen genuen. Mikek ez zuen behin ere horrelakorik ikusi, kolektiboki hain indibiduala iduri duen abentura. Ugarte Sables d'Olonnera iritsi zelarik berdin gertatu da. Jendeak ez zuen ulertzen hainbeste pertsona zain izatea. Kirol batek emaitzak ekartzen dituelarik jendeak laguntzen du eta jendea etortzen da.
A. Orain Boc Challenge mundu itzulian parte hartu nahi duzu.
D.M. Nire proiektua munduko itzulia egitea da, baina hemendik abiatuz, Euskal Herriko jendearekin. Beraz, Miarritzeko jendearekin hasi gara horren aipatzen, eta Miarritzeko auzapeza, Borotra, eta zenbait hautetsi interesatuak dira itsas erakustokiarekin zenbait gauza egin daitezkeelako. Adibide bat emateko, pentsatu dugu itsas erakustokian informazio zentro bat jar genezakeela zuzenean ibilaldi guztia segitzeko. Soinu eta irudiak izanik, Pariseko edo Ameriketatik bidalitako informazioez baliatu gabe. Oraingoz, Miarritzerekin klub bat antolatu dugu, proiektu horretan parte hartzeko prest dauden Ipar Euskal Herriko enpresekin hitz egiteko. Hego Euskal Herrian ere partaideak bilatzen ari naiz. Mugaz bi aldeetan aritzen diren elkarte, enpresa eta egitura guztietara jotzen saiatu naiz ere. Hori da gehien interesatzen zaidana. Begi onez ikusiko nuke EAEko Gobernua eta Akitania arteko partaidetza nire untzia dela eta.
A. Zein gauza behar dira munduari bira emateko?
D.M. Horrelako lehiaketa batean parte hartzeko kalitate handiko untzia behar da, eta entrenamendu asko. Nik lau milioi libera berri behar ditut proiektua martxan jartzeko, milioi bat t'erdi untzia eraikitzeko eta bi milioi t'erdi urteko ibilbiderako. Txapelketa 1994eko irailaren 17an abiatuko da Hego Carolinako Charleston-etik. Erabakia dut munduko itzulia eginen dudala, ezin dut atzera egin. Nire buruan sobera urrun joana naiz orain atzera botatzeko. Orain baldintza hoberenak lortu behar ditut lasterketa irabazteko. Hori da helburua.
A. Nola ikusi duzu Jose Luis Ugarteren itzulia?
D.M. Biziki hurbiletik jarraitu dut Ugarte, ezagutzen dut gainera eta arrakasta handiko itzulia izan da berea. Oihartzun handiko lana egin du. Ni Bilbon egina izan zitzaion ongi etorrian izan nintzen, eta une hunkigarriak izan ziren. Hainbeste jende biltzea oso ederra izan zen. Untzi horrek zeukan izena ere oso erakargarria zen. Orain dela urte batzuk ezin zen pentsatu horrelako izen bat eramatea. Bestalde, Ugarte bera pertsonaia handia da, eta Bilbok eskaini zion ongi etorria ezin definitua da. Uste dut berriz ere Boc Challenge frogan parte hartuko duela, eta asko gustatuko litzaidake hor bi euskal herritar bagina. Horrek Euskal Herrian kirol honen biziarazteko azpiegitura aski badela erakutsiko luke. Froga ezin hobea litzateke. Norgehiagoka ona da babesleak lortu eta interesak sortzeko.
A. Bela mundutik at arrantzaleen mundua ezagutzeko parada izan duzu, azken urteotan Donibane Lohizuneko portuko egitura berrien eraikuntzaz arduratzen baitzara. Emaiguzu horren berri.
D.M. Gehienbat Donibane Lohizuneko portuaz arduratzen naiz, erabakia izan baita eraikitze berri batzuk egitea. Horretan Baionako Merkatal Ganbara partaide da, eta horren ardura daukat. Portu hori aski interesgarria iruditzen zait, lanbide asko elkartzen baitira bertan. Gauzak hobe orekatzen dira horrela.
A. Nola arrazoitzen dituzu Ipar eta Hego Euskal Herriko arrantzaleen arteko istiluak?
D.M. Kultur ezberdinek ekartzen dute ezin ulertze hori. Luzatuko den arazoa da, zeren eta Frantzian erabiltzen diren teknikak ez baitira Hego Euskal Herrian onartuak, eta hori ez da egun batetik bestera aldatuko. Hego Euskal Herrian ere sare pelagikoak sartu dira, ezin da hori ukatu. Gero arrantzaleek, denek, arraina bilatzen dute. Bizitzeko denek ekarri behar dute arraina portura. Beraz, ekologia bigarren mailan jartzen da zenbait kasutan. Ez dut uste horrela konpon daitekeenik. Beharbada, egun batez erreserbak agortzen direlarik, arrain kopuruak benetan ttipitzen badira eta ez bada deus gelditzen, denen interesa elkar ulertzea izanen da. Bitartean...
Ixabel Etxeberria
34-38

GaiezKirolaBesteak
PertsonaiazMUNDUTEGI1
EgileezETXEBERRI11Kirola

Azkenak
2025-01-29 | Julene Flamarique
Greba mugagabea hasiko dute Trapagarango MFS enpresaren 104 langileen kanporatzearen aurka

ELAk eta LABek EREa baztertu eta berau erretiratzea galdegin dute. Sindikatu biek gogoratu dute 2023an antzeko neurriak geldiaraztea lortu zutela mobilizazioen bitartez


2025-01-29 | Julene Flamarique
Marokok “inolako azalpenik eman gabe” El Aaiunen sartzea eragotzi die Eusko Legebiltzarreko ordezkariei

Mendebaldeko Saharako giza-eskubideen egoeraren azterketa egiteko bidaia egin dute Euskal Fondoko eta Eusko Legebiltzarreko kide batzuek. Hegazkinetik ezin izan dute jaitsi ere egin. Legebiltzarkideek Marokoren jarrera “lotsagarria eta onartezina” dela adierazi dute.


2025-01-29 | Leire Ibar
Urriaren 7ra atzeratu dute Korrikan migratzaileei muga zeharkatzen laguntzea egotzi zietenen epaiketa

Astearte honetan Baionan egitekoa zen zazpi herritarren aurkako epaiketa zortzi hilabetez atzeratu dute. Iazko Korrikan, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia zeharkatuz, 36 migratzaileri Ipar Euskal Herrian sartzen lagundu izana egotzi die Frantziako Justiziak. Defentsak... [+]


2025-01-29 | Aramaixo Bizirik
“Itsaraz” zentral eolikoaren kontrako ingurumen txostenaren balorazioa

Urtarrilaren 16an, Madrilgo administrazioko Trantsizio Energetikorako Ministerioak irrikaz eta kezkaz itxaroten genuen “Itsaraz” proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktu adierazpena argitaratu zuen. Ebazpenak makroproiektu honen aurkako erabaki irmoa bezain argia... [+]


Teknologia
Estetikoa

Asteburu honetan 'estetikoa' hitzaren inguruan pentsatzen aritu naiz, lagun batek esandako esaldi baten harira: “Lan hau estetikoa da”. Estetikoa hitzaren etimologia aztertu dut, badirudi jatorrian zentzumenen bidez hautematea zela bere esanahia, eta gerora... [+]


2025-01-29 | Leire Artola Arin
Isela González eta Amada Chavez
Elkar babestuz borrokatzen duten emakume ekintzaileak

Mexikoko bi emakume hauen bizitzak indarkeriak eta desplazamenduak zeharkatzen ditu. Haien familiako edo komunitateko kideak hiltzen ikusi dituzte, eta krimen antolatuak zabaltzen duen terrorea azalean sentitu dute; mehatxuak, jazarpena... ohiko dituzte. Baina horrek guztiak... [+]


Nortasuna

Aurreko egunean, Bilbon, lagun batekin elkartu nintzen Bira tabernan. Tar-tarrean ari ginen oso gustura eta esan nion: “Noski, Giputxia zarenez, kar-kar-kar”. Eta berak nabarmendu zuen ez zela gipuzkoarra. Nik ongi ulertu gabe, jarraitu nuen esaten, “A! ez?... [+]


Gurasotasun baimena

Zalantza asko izan ditut, meloia ireki ala ez. Ausartuko naiz, zer demontre! Aspaldian buruan dudan gogoeta jarri nahi dut mahai gainean: ez da justua erditu den emakumearen eta beste gurasoaren baimen-iraupena bera izatea. Hobeto esanda, baimen-denbora bera izanda ere, ez... [+]


2025-01-29 | Andrea Bartolo
Gerra inperialistari gerra

Mundu mailako erasoaldi inperialista betean gaude, mendebaldeko burgesiak gidatuta. Ofentsiba inperialistak hartu duen forma gerrarena da, aldaera guztiekin: gerra ekonomikoa, gerra kognitibo eta kulturala, lawfarea; eta, noski, gerra militarra. Mendebaldeko inperialismoak... [+]


Industria politikak: noren erreminta?

Azken urteotan, industria politikaren kontzeptua hainbat mailatan indarrez berragertu da. Neoliberalismoaren mailua izandako erakundeak, Nazioarteko Diru Funtsak, gaur egun zera azpimarratzen du: merkatuek baliabideak modu eraginkorrean esleitzeko eta arazo horiek konpontzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude