«Euskal antzerkia osasuntsu dago, nahiz eta dena distiratsua ez den»


2021eko uztailaren 19an
Helena Pimentari elkarrizketa
«Euskal antzerkia osasuntsu dago, nahiz eta dena distiratsua ez den»
HELENA PIMENTA
Errenteriako Ur antzerki taldeko zuzendaria da. Oraintsu, William Shakespeareren «Sueño de una noche de verano» obraren beren bertsio berria dela eta, Espainiako Antzerki Sari Nazionala jaso dute. Abendurako lan arrakastatsuaren 200 emanaldi inguru eginak izango dituztela, emakume honen zuzendaritzapean diharduen taldea euskal antzerkiarentzat lortezinak ziruditen mugak hausten ari da. Berak, dena den, ez du protagonismoa maite. Talde lanean sinesten du. Hizketa erraz eta atsegineko solaskidea.
ARGIA. Beste hainbat sari garrantzitsurekin batera, Espainiako Antzerki Sari Nazionala jaso du Ur taldeak. «Sueño de una noche de verano», saritutako obra beraren izenak dioen legez, egia bihurtutako ametsa izan al da arrakasta izugarri hau?
HELENA PIMENTA.
Ametsa izan da hau dena bizitzea. Arrakasta, baina, galdera multzo handi baten fruitua izan da, urte askotan jende askok egindako lan eta ahaleginaren emaitza. Gaur egun, Shakespeare maisu handiaren laguntzaz beti ere, talde bezala oso une garrantzitsua bizitzen ari garenik ezin da ukatu. Obra orain urtebete estreinatu genuen, eta berehala ikusi zen bide handia izango zuela.
A. Antzezlana literaturaren klasiko batean oinarritua egoteak zerikusia izan ote du obrak izandako arrakastan? Beste era batera esanda, benetan lagundu al zaituzte Shakespearek?
H.P. Batzuk baietz diote. Hainbeste denbora pasatu arren, gaur egun oraindik gaurkotasuna duen obra dela. Alde horretatik, batzuen ustez, irabazteko dena genuen. Nire iritziz, tankera honetako lan bat ikuspuntu okerretik eginez gero, akats izugarria egin dezakezu, eta baita betirako hondoratu ere. Nahi eta nahi ez _kontuan hartu ezazu obra honen 20 bertsio ospetsu izan direla gutxienez_, konparazio erreferentzia asko izaten dira. Abantaila baino, beraz, balazta izan zitekeen, handi-mandikeriatan ari ote zaren esan baitezakete, sasimaisutzat jo zaitzakete.
A. Zenbaitek euskal antzerkia kalitate eskasekoa dela diote. Hemendik kanpora lortu duzuen arrakasta ikusirik, zuek al zarete salbuespena?
H.P. Ez nuke esango salbuespena garenik, euskal antzerkia oso bizirik dagoela erakusgarria baizik. Ez dago euskal antzerkia gaizki dagoela esaterik, alderantziz. Ur hemendik atera da, eta begibistakoa da Euskal Herrian egindako antzerkia dela. Nik badakit guk lan ona egin dugula eta onarpen handia izaten ari garela, baina, nolanahi ere, hemen egiten den antzerkiaren erakusgarritzat jotzen dut hori.
A. Zeintzuk dira euskal antzerkiaren egungo egoera ulertzeko klabeak?
H.P. Aldaketa garaian bizi gara, baina oso garai itxaropentsuan. Orain dela gutxi arte, antzerkia mantentzen zuten produkzio egiturak talde egiturak ziren, independenteak. Gaur egun, berriz, logikoa denez, lan egiteko beste modu batzuk azaldu dira. Batzuetan argi eta txaloek nahastu egiten zaituzte, eta batek pentsa dezake helburua hori dela, baina hori baino askoz konplexuagoa da. Nik uste dut antzerkia osasuntsu dagoela, nahiz eta dena distiratsua ez den. Proiektu amateurrak eta proiektu profesionalak behar dira, estilo ezberdinak lantzea, batzuk kanpora begirako proiekzioarekin eta beste batzuk leku eta zirkuitu txikiagoetara zuzenduak.
Ona litzateke hori dena definitzea. Baina oso urte gutxi dira funtzionatzen hasi ginenetik, eta denok heltzen ari goazen heinean, gauzak sistematizatzen hasteko ordua da. Serioak izan behar dugu, egiten dugunarekiko kritikoak eta kanpotik datorrenarekiko kritikoak. Eta batez ere eskuzabalak eta irekiak, mugak irekitzeari eta akatsak onartzeari beldurrik izan gabe. Elkarlana ere premiazkoa da; instituzioak sentsibilizatzea antzerkiaren garrantzia bere osotasunean uler dezaten.
A. Hemengo antzerkia osasuntsu dagoela diozu, baina asko dira gaixorik dagoela eta ez zaiola sendatzeko botika egokirik ematen diotenak.
H.P. Egia da, eta denok dugu hor erantzukizunik, ez dugulako oraindik antzerkiaren bizitza osasuntsua izan dadin eta ikusleekin harreman koherentea izan dezan formula egokia topatu. Antzerkiak bitamina asko behar ditu, eta ez dut uste dirulaguntzena salbatzeko modu bakarra denik. Ni antzerki politika sistematiko on baten alde nago, zirkuitu erregulatu batean eta lan kondizio onetan arituko dena. Zirkuitu egitura ondo araututakoa balitz, eta lana serio egiteko toki egokiak baleude, ikusleek dinamika hori berenganatu eta antzerkia ohizko gertakaria bihurtuko litzakeela pentsatzen dut.
A. Ur taldeak halako arrakasta eduki izanak lagundu al dezake planteamentu berri horien inguruan eztabaida sortzen?
H.P. Sari guzti hauek irabazi izanak, objezioak ahaztu gabe, hemengo proposamen artistikoak garrantzitsuak eta kontuan hartzekoak direla erakusten du. Beste gauza bat litzateke hori garbi ikusiko ez balitz; baina hori garbi ikusten da. Garrantzitsuena antzerki politika serio batekiko konpromezua da, eta hor beharrezkoa da antzerki mundukook gure esperientziak nolakoak izan diren esan dezagun. Baina ez dut uste hori instituzioek bakarrik egin behar dutenik. Ez naiz antzerkiaren arazoak modu paternalistan konpondu diezazkiguten aldeko.
A. Nola ikusten duzu euskarazko antzerkiaren etorkizuna? Erdarazkoaren ondoan are larriagoa baita bere egoera.
H.P. Euskarazko antzerkiaren papera oso garrantzitsua da. Etorkizunik hoberena edukitzea nahiko nuke. Antzerki munduko profesional bezala, baina, ez litzaidake egokia irudituko euskarazko antzerkiak hizkuntzaren sustapena helburu bakartzat hartuko balu. Antzerkia lengoaia da berez, hizkuntzetatik harantz doa. Zentzu horretan, ez dut uste antzerki politikaren helburua hizkuntza bat sustatu, zabaldu eta babestea denik. Uste dut bi aldeak suertatuko liratekeela kalteturik. Hemen, zirkuitua erregulatu gabe, sekulako kolpea ematen ari zaie euskaraz dihardutenei. Urtean hamabost emanaldi eginda bizi behar dute. Zer egin behar duzu? Goseak hil?
A. Zirkuituan datza, beraz, giltza.
H.P. Zirkuitu ona edukita posible da euskaraz aritzea, eta baita kanpora ateratzea ere. Gertatzen da helburua linguistikoa baldin bada soil soilik, gerta daitekeela gero antzerkiaren maila konpetitiboa ez izatea. Hor duzu Kataluniako adibidea. Katalanerazko lanekin leku askotara ateratzen ari dira. Zirkuitua erregulatu gabe ezin zaio jendeari euskarazko antzerkia egin dezan eskatu.
A. Antzerki mundua alde batera utzirik, Bernardo Atxagak lehengoan esandakoez galdetu nahi nizuke. Euskal Herriak bere historian izandako une kultural baxuena bizi duela.
H.P. Nik hamabost urte daramatzat hemen, eta ez dut uste horrelako diagnosi bat egiteko pertsona egokia naizenik. Berak askoz argiago eduki dezake hori. Dena den, arrisku une batean gaudelakoan nago. Uste baldin bada herri baten garapena maila ekonomiko eta sozialean neurtzen dela bakarrik, sekulako akatsa da. Herri batek kulturazko oinarri sendoak eduki behar ditu. Zentzu horretan, planteamentu sakonak egiteko garaian gaudela uste dut, bestela tren hori galdu egingo dugu. Euskal Herriak bere oinarri kulturalak bultzatu behar ditu, dudarik ez dago. Galtzen ari den guzti horren beldurra, baina, leku guztietan gertatzen ari dela iruditzen zait. Une arriskutsu eta erabakiorrean gaude. Munduak, bere burua janda ikusten duenean defenditu nahi izaten du kultura. Krisi uneak onak dira zentzu horretan, egiak ikusi eta esan egiten direlako. Krisiak beti ondoriora eramaten zaitu. Kontraesanak aberasgarriak dira.
A. Amatiñok esandakoa da, bestalde, intelektualek telebista kritikatzen baldin badute medio hori menderatzen ez dutelako dela. Antzerkiak telebistan duen presentzia ikusirik, kritiko taldetxo horretan egongo zara zu ere.
H.P. Ez dut uste antzerkiaren zeregina telebistan ateratzearen alde borrokatzea denik. Ni ez naiz iritzi horretakoa, telebista beste medio bat iruditzen baitzait. Bere zeregina, zentzu horretan, antzerkiari buruzko informazioa behar bezala ematea dela uste dut. Beste adierazpen horietaz, ez nuke topikoan erori nahi, ez naiz ni izango telebista erabateko zaborra denik esaten hasiko dena. Baina kontrakoa ere ez dut onartzen, adierazpen horiek onartezinak baitira. Zein da intelektualen kategoria hori gainera? Niretzat erabat abstraktoa da. Telebista beldurra ematen didan medioa da. Audientzi mailei bakarrik erreparatuta egindako saioak ikusten dira, seriotasun minimorik gabeko programazioak. Ez bata eta ez bestea.
A. 2.000. urtearen atarian gaude, irudia eta teknologiaren kultura gailentzen denean. Ez al du antzerkiak hiletarako bidea hartua izango?
H.P. Ez dut uste. Ez da izango garai batean izan zena, noski, beste mediorik ez zegoenean. Gaur egun, baina, antzerkiak beste zeregina du. Antzerkia, horren komunikazio zuzena izateagatik hain zuzen, ordezkaezina izango da beti. Medio eta maila ezberdinez ari gara, eta ez dute zergatik elkar jan beharrik. Antzerkia, zuk aipatu duzun masa kontu horregatik, egoera larrian egon daiteke, baina nork ordezkatuko du sekula mendian buelta bat ematea ekintza bera telebistan ikusteagatik? Bi aukerak hor daude. Antzerkiak, pertsonak geratzen diren bitartean, hor iraungo du. Pertsonen arteko komunikazio zuzena baita. Ordezkaezina.
A. Orain hamasei urte etorri zinen Euskal Herrira. Antzerkiaren metafora erabilita, izan al duzu sekula Euskal Herria antzerki handi bat denaren irudipenik?
H.P. Ni hona hemen zer topatu behar nuen jakin gabe etorri nintzen, eta gero ez nuen hemendik joaterik izan nahi. Hemen bihotzera iritsi zaizkidan gauza asko ikusi ditut. Iritsi nintzeneko lehen fase hura gaindituta, kritikoa izaten saiatu naiz, eta gauza asko ulertzea dexente kostatu zait. Gizaki bezala hemen asko eman zait, eta azkenean ulertu dut hemengo jendearen izaera. Ni eremu horretan mugitzen naiz, harreman zuzenen eremuan. Ez dut eszenografia handi eta ikuskizunaren zuzendari urrunez gehiegi ulertzen. Batzuetan ez da erraza leku batetik etorri eta beste toki batean integratzea, Salamancakoa eta hemengoa erabat umore ezberdinak dira, esate baterako. Leku guztietan, dena den, jendearen arima topatzea da kontua.
Alberto Irazu
36-40

GaiezKulturaAntzerkiauzendariak
GaiezKulturaAntzerkiaTaldeakUR
PertsonaiazPIMENTA1
EgileezIRAZU1Kultura

Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Sostengua adierazi diote Marieniako lurren aldeko borrokari hogei kolektibok

Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Langile bat hil da Zornotzan, Forest Trafic SL enpresan

Boroa industrialdean hil zen 41 urteko I.P.C langilea, abenduaren 30ean biltegiko inbentarioa egiten ari zenean. ELA eta LAB sindikatuek, eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman dute istripuaren berri.


Eguneraketa berriak daude