«Euskal kulturgintzak denon arteko birdefinizio sakon baten beharra du»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Joseba Arregi Kultura saileko Kontseilariari elkarrizketa
«Euskal kulturgintzak denon arteko birdefinizio sakon baten beharra du»
JOSEBA ARREGI
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko kontseilaria eta bozeramailea, 1984etik betetzen duen karguagatik _tartean epe labur batean utzi egin bazuen ere_ pertsona polemikoa eta eztabaidatua. Askotan herri mugimenduaren proiektuei muga jartzea leporatu izan zaio. Oraingo distentsio garaian ere berak dirudi EAJ eta Jaurlaritza aldetik dagoen azken oztopoa. Hala ere, berak tinko dirau bere karguan, nora iritsi nahi duen ederki asko dakiela.
ARGIA. Zeintzuk ziren Kultura Sailera iritsi zinenean zenituen helburuak?
JOSEBA ARREGI. Neure helburuak bi ziren: euskara indartzea, gizartean egoera normaldu batera iritsi dadin, eta hizkuntzak behar duen euskal kulturaren mamia lantzen eta garatzen joatea. Horretan ari gara eta ariko ere.
A. Helburu horiek erdiesteko, zein proiektu gauzatu dira eta zeintzuk daude garatzear?
J.A. 1984etik 10 urte bete ditut karguan, tartean urte bete t'erdi kanpo izan nintzela. Epe horretan, lorpen nagusiak EITB, HABE eta herri aldizkariak genituzke. Komunikabideei esker hizkuntza normaltzeko bidean dago. Bestalde, euskalduntze-alfabetatze munduan egituraketa sakona osatu eta funtzionatu egin du eta sare profesionaldua da, eta gizartean txertaturik dago udal euskaltegien bidez. Hirugarrenik, hainbat eta hainbat herri eta bailaratan sortu diren herri aldizkariak ditugu, guk bultzatuak eta arrakasta handia izan dutenak, herriz herri irakurri egiten direlako.
Lortzeke ditugun helburuen artean, nahiz eta gure esku bakarrik ez dauden, hauek aipatuko nituzke: euskal kulturgintzan diharduten hainbat eta hainbat erakunderen birdefinizio bat, denon arteko elkartze bat, programak definitze bat, lan programa profesionaldu eta sistematiko bat etorkizunari begira garatuko duena... Gure ondare espezifikoa bere berezitasunean landuz, jaso eta sakondu egingo duena.
A. Atalez atal azterturik, EITBk 10 urte bete ditu. Telebista ereduari buruzko eztabaida udazkenerako atzeratu da. Zein balorazio egiten duzu proiektu horretaz?
J.A. Ez dut uste udazkenerako eztabaida handia izango denik, urte osoan zehar eztabaidatu baitira zenbait puntu. Azken batean, eredua bere horretan geratuko da. Garatzen ari da eta etengabe garatu beharko du, baina sendoturik dago 10 urteko bide luzean. Lorpen nagusia etxeko jendearekin euskaraz edozein gairi buruz gauzak txukun egin daitezkeela frogatzea da.
A. Hainbat alderdik EITBren Administrazio Kontseiluan erakunde batzuei lekua egiteko proposamena egin dute, orain arte alderdi politikoak bakarrik zeudela.
J.A. Ez da inolako debekurik egon parte har dezaten, baina neure ustez egokiagoa litzateke politikariak profesionalek ordezkatzea, irizpide politiko hutsetatik gaindi bestelakoak izango dituzten profesionalei lekua egitea alegia. Baina beharrezkoa da EITBren ereduaren inguruan bakerik izatea lanik egin ahal izateko.
A. EITB Euskal Herri osora iristeko hedapenaz zer egiten ari da Kultura Saila?
J.A. Estatu frantziarreko eta Nafarroako agintariekin hitz eginak gara, eta orain eurek erabaki behar dute. Nafarroan baiezkoa eman berri dute herrialde osoan ikusi ahal izateko, baina Ipar Euskal Herrian gure emisiorako antenak ezartzea debekatu egin digute.
A. Bigarren puntua HABE erakundeari dagokio. Gaur egun euskalduntze eta alfabetatze mailan, ez ote gara muga batera iritsi, euskara ikasteko jende kopuruari dagokionez?
J.A. 1988an eman zen beherakada bat, baina eman da geroztik gorakadarik, Administrazioaren euskalduntze prozesuari esker, merkartu berria zabaldu baita. Baina HABEk, nahiz eta bide luzea egin behar duen oraindik, tresna hutsa denez, herria euskalduntzen denean desagertu egin behar du.
A. Ezarri diren bideak nahikoak al dira euskal funtzionarigoa euskalduntzeko?
J.A. Hori ez da lortuko sekula HABEren bitartez, ez baitzen horretarako sortu, oro har helduak euskalduntzea eta alfabetatzea da helburua. Helburua, era berean, ez da funtzionariak euskalduntzea, Administrazioan euskaraz lan egitea baizik. Baina beti patxadan egin behar da lan, oso korrika ibiliz bere kalterako izan daiteke eta. Prozesuak luzeak izango dira.
A. AEKrekiko urtetako tirabira eta arazoek tinko diraute. Akordiorako bideak ez dirudi erraza. Zer dela eta desadosatsun hori?
J.A. HABEpean euskaltegi sarea osatu genuen, pribatuak _libreak eta homologatuak_ eta publikoak _udal euskaltegiak eta Jaurlaritzarenak_. Gure ahalegina homologatuetara joan da. AEK-k baditu hainbat euskaltegi homologatu besteek bezala dirulaguntzak biltzen dituztenak. Baina arautegi batzuk bete egin behar dira eta AEKren irakaslegoaren kopuru handienak ez ditu homologaziorako baldintzak betetzen.
A. Baina AEK-k bere lanaren eta erakunde bezala errekonozimendu publikoa eskatzen du, urtetan egindakoaren onarpena.
J.A. AEK-k herriaren legitimazioa duela esaten du, bera dela herriaren ordezkaria eta bere metodologiak eta onartu behar direla. Orain beste jarrera batzuk ere ikusten dira eta aldatzen joan daitezke, bide berri batzuk irekiz.
A. Hirugarren urratsa herri aldizkariei dagokie. Bakoitzak bere hedagunean lortu du arrakasta eta euskaraz irakurtzea fenomeno arrunta bilakatu da. Baina bada proiektu orokorrik guzti horiek biltzen dituena, «Euskaldunon Egunkaria» hain zuzen ere. Bere aldeko iritziak ugaltzen doaz, azkena Euskaltzaindiarena. Zein jarrera du gaur egun Kultura Sailak, proiektu ofiziala alde batera utzirik dagoen honetan?
J.A. Euskal egunkari bat askotan eskatu izan da, 1984ean ere baziren horren inguruko eztabaidak eta mahainguruak. Orduan ere nik esaten nuen egunkari bat diru publikoarekin ezin egin zitekeenik, hemendik kanpo ere horrelako eredurik ez baita ezagutzen. Bestalde, zenbat milioi behar ditu egunkari batek urtero? 1.500 milioi pezeta. Gainera, egunkariak normaldua behar du izan euskararen normalkuntza bultzatzeko. Euskara menpeko izan gabe, itzulitako hizkuntza baino, beste zerbait ere izateko. Gaur egun ez dago dirurik Jaurlaritzak bere egunkaria kaleratzeko.
Eta bitartean, orain lau bat urte publikoa izan behar ez zuen egunkari baten proiektua aurkeztu ziguten. Eta laguntzak behar zirela. Hori posible da, baina jakin behar duguna nora joan nahi dugun da eta zein tresna erabiltzen ditugun. Egoera normaldua duen egunkaria izan behar du. Eta guk zenbat diru eman beharko genioke? 500 edo 600 milioi? Orduan egunkaria publiko egiten da. Eta orduan jakin beharko genuke nola egituratzen den, enpresaren kapital osaketa nolakoa den, nork izendatzen duen zuzendaria... Proiektu hauek ezin dira egin korrika eta presaka, orain ezin baikara minimoetan oinarritutako proiektu batekin hasi. Galdu ezin daitekeen apustua da eta irabazteko baldintzetan egin behar da.
A. Euskal kulturgintzan, hainbat erakunderen artean elkartu eta helburuak birdefinitzeko beharra aipatu duzu egitear dagoen proiektu bezala. Aspaldi honetan EKB eta HPINen artean elkarrizketak ematen ari dira. Bide horretatik doazela uste duzu?
J.A. Lehen EKB eta AEK eta horiek ziren herriaren benetako ordezkari eta gu deabruak baino ez. Ezin zen elkarrekin lan egin. Orain ordea alderantzizkoa predikatzen da. Onarrizko adostasuna eta pluraltasuna beharrezkoak dira edozein lanetarako, baina horretarako zer garen eta zein proiektu ditugun axola du, eta horren inguruko adostasunak bilatu. Beraz, bitartekoak, harremanak, honekin bildu... esaten dena da «goazen denok elkarrekin», esan gabe nora eta zertarako. Eta Kultura Saila ez zaio inori itxi. EKBk, ordea, HPINera joatea erabaki zuen, agian bidea hortik errazago izanez presioa egiteko aukera ematen zuelako.
Nik behintzat proiektuei buruzko eztabaidan ez dut aurrerapauso handirik sumatu. Alde horretatik helburuak beharrezkoa dira, euskarak eta euskal kulturgintzak une honetan goitik beherako birpentsatze, birdefinitze osoa behar dute eta, patxadan jarriz eta eztabaidatuz, baina traumarik gabe. Diferentziak izango dira, baina gauza askotan ados jar gaitezke. Elkarrekin joan gaitezke, baina helburuak eta norberaren ibilbidea argi izanik.
A. Orain arte HPIN eta EKBren arteko harremanek ozpindu egin al dituzte HPIN eta Kultura Sailaren arteko harremanak? Eman diren aurrerapausoak ez zituen Kultura Sailak burutu behar? Mari Karmen Garmendiak gainditu egin al ditu HPIN sortu zenean zituen mugak?
J.A. HPINen helburua koordinazioa eta irizpideak ezartzea da, baina materializioa sail bakoitzak egin behar du. HPIN eta Kultura Sailaren artean eman dena da hainbat gaitan perspektiba zertxobait diferentea izatea, baina kuestio honi ez diot garrantzia berezirik ematen.
A. Oso eztabaidatua izan zinen 1992ko aurrekontuetan murrizketa eman zenetik.
J.A. Niri harrigarria egiten zait, kultur munduko jendea kalera ateratzen denean, bere babarrunak lortzeagatik borroka egin beharrean aldiro kulturaren alde borroka egitea. Kultur Kezka sortu zen, baina desagertu ere egin da. Eta gero? Jaurlaritza eta Diputazioen artean izugarrizko dirutzak banatzen dira.
A. Guggenheim proiektua aukeratzeari egotzi zaio Kultura Saileko aurrekontuak murriztea. Ez ote zegoen beste lehentasunik euskal kulturan?
J.A. Beste herrietan ez da dudarik egiten bertako museoen garrantziaz. Ez dut uste azkarregi jokatu dugunik. Aukera orain eskaini digute, eta hartu edo uzteko egoeran geunden, ezinezkoa zen erabakia atzeratzea. Euskal Herriak aspalditik behar zuen arte garaikideko museo bat.
A. Zein iritzi duzu onartu berria den Euskal Eskola Publikoaren aurrean eta ikastoletan eman den partiketaz?
J.A. Penagarria izan da hainbat ikastolen zatiketa ikustea. Baina 1986an EAJ bakarrik gelditu zen EIKE defenditzen, ikastolek bizkar eman baitzioten. Denok oroimen ona dugu eta badakigu jendea libre sentitzen dela nahi duena esateko, baina gero ez ditu erantzukizunak beregan hartu nahi.
Legea onetsia izan da eta oraindik bide luzea dago gure aurrean. Guk eskola transferitua jaso dugu eta oso mugatua da: irakaslego funtzionari bat dago, sindikatuak, LODE ere oinarrizkoa da. Oraingoan helburua bategitea zen, baina legeak tresna ere badira lanean aritzeko eta lege horiek aldatzerik ere badago. Gu izan ginen EIKErekin hirugarren bidea defenditu genuen bakarrak. Orain sinplifikatu egin behar izan da, eta erdiko bidea eskatu dute.
Ritxi Lizartza
34-38

GaiezKulturaKulturgintz
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEAJ
GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakJaurlaritza
PertsonaiazARREGI5
EgileezLIZARTZA2Politika



Azkenak
Martxoak 3tik 49 urte
“1976ko Gasteizko greben mugimendua eskola politikoa izan zen”

Martxoak 3ko sarraskiaren 49. urteurrena beteko da astelehenean. Grebetan eta asanblada irekietan oinarritutako hilabetetako borroka gero eta eraginkorragoa zenez, odoletan itotzea erabaki zuten garaiko botereek, Trantsizioaren hastapenetan. Martxoak 3 elkartea orduan... [+]


Memoria bala bat da buruan

1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]


2025-02-28 | ARGIA
1936-1976an Nafarroan errepresaliatutako 407 irakasleak, nortzuk ziren?

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Memoriaren Nafarroako Institutuak "Maistrak eta maisu errepresaliatuak Nafarroan (1936-1976)" hezkuntza-webgunea aurkeztu du.


2027an ixten hasi behar diren zentral nuklearrak mantentzeko eskatu diote Iberdrolak eta Endesak Espainiako Gobernuari

Espainiako Estatuko zentral nuklearrak itxi ez daitezen aktoreen presioak gora jarraitzen du. Otsailaren 12an Espainiako Kongresuak itxi beharreko zentral nuklearrak ez ixteko eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta orain berdin egin dute Endesak eta Iberdrolak.


2025-02-28 | ARGIA
“Erdalduntzeko makina” salatzeko kanpaina abian jarri du Bilboko Guka mugimenduak

Gukak “Bilbo erdalduntzen duen makina” ikusaraziko du kanpainaren bidez. 24 orduz martxan dagoen makina salatuko dute, eta berori “elikatu eta olioztatzen dutenek” ardurak hartzea eskatuko dute. Euskararen aldeko mekanismoak aktibatzea aldarrikatuko dute.


'Errealitatearen harribitxiak'
Arreta galdu barik

ERREALITATEAREN HARRIBITXIAK
Nork: Josu Iriarte, Nerea Lizarralde, Jare Torralba eta Amets Larralde. Mikel Martinezek zuzenduta eta Jokin Oregiren testuetatik abiatuta.
Noiz: otsailaren 21ean.
Non: Bilboko 7katu... [+]


2025-02-28 | Gedar
Adin txikiko neska bati eraso dio Sarako kirol entrenatzaile batek

 15 urteko emakume bati egin dio eraso Izarra klubean jarduten zuen pilota entrenatzaile batek.


Nafarroako Gobernuak Estatuaren indarkeriaren beste zazpi biktima aitortu ditu

Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortu ditu gure lurraldean giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten Estatuaren indarkeriaren beste zazpi biktima. Horien artean, hitzez hitz “motibazio politikoko biktima gisa” aitortzen ditu Patxi Erdozain, Eneko Compains,... [+]


Odon Elorzak Donostiako San Bartolomeko merkataritza zentroaren kontrako plataforma aurkeztu du

Donostiako alkate ohiak webgune bat sortu du, eta plataformarekin bat egiteko eskatu die herritarrei.


2025-02-28 | Sustatu
Webtest.eus: webguneen segurtasuna autoebaluatzeko tresna

PuntuEus-ek doako tresna erabilgarri bat jarri du edonoren eskura, webguneen segurtasuna erraz ebaluatzeko. Webtest.eus izeneko autoebaluazio-tresna honi esker, erabiltzaileek beren webgunearen segurtasun-maila modu sinple eta argian azter dezakete.

 


Okzitaniako A69 autobidea
Justiziak ezeztatu du obren gauzapena zekarren prefetaren ordenantza

"Historikotzat" jo du otsailaren 27an plazaraturiko epaia Lurraren Altxamenduak sare ekologista antikapitalistak. Bere aldetik, epaiaren "krudelkeria" salatu eta helegitea jarriko duela jakitera eman du Frantziako Estatuak. Duela hogei urte baino gehiago jarri... [+]


Arabako ospitaletako komunen irisgarritasun falta salatu du Eginaren Eginez elkarteak

Elkarteko Elena Avalosek salatu du aulki gurpildunarekin komunera sartzea oztopatzea, pertsona desgaituen eskubideen, autonomiaren eta duintasunaren kontra doala.


Txema Monterok EAJ birsortzea proposatu du, ‘Deia’-k zentsuratutako artikulu batean

Joan den asteartean La Vanguardia-n argitaratutako artikuluan egin zuen proposamena Txema Montero abokatu bizkaitarrak. 30 urtez Deia egunkariko kolaboratzailea izan da eta lehenik hara bidali zuen bere artikulua, baina egunkariak ez zion argitaratu.


Eguneraketa berriak daude