«Hazka egiozu nafar bati buruan eta txapel gorri bat ikusiko duzu»


2021eko uztailaren 19an
Jose Mari Esparza, Txalapartako zuzendariari elkarrizketa
«Hazka egiozu nafar bati buruan eta txapel gorri bat ikusiko duzu»
JOSE MARI ESPARZA
Tafallan sortua eta Tafallan bizia, Jose Mari Esparzak Nafarroako historia du bere grinarik indartsuena. Txalaparta argitaletxeko zuzendaria duela hiru urte sortu zenetik, liburugintza gainditzen duen lan bati eman dio bizitza: bere erroak ezagutzea. Horri esker heldu da bere herriaren, Nafarroaren, ezagutza ia entziklopedikoa izatera. Hainbat liburu idatzi ditu horretaz, hainbat geratzen zaizkio idazteko.
ARGIA. Nafarroako aniztasun kulturala sarritan aipatzen den puntua da.
J.M. ESPARZA. Nafarrek Nafarroa Saltus Vascorum eta Ager-en zatitu zutenean, ez ziren batere makal ibili. Mendi piriniarren magalean, Alaiz, Izko, Uxue... mendizerra piriniarrak bukatzen diren mugan bizi garenok soilik ezagutzen dugu 20 kilometroko eremuan dauden desberdintasun politiko eta kulturalak. Ez dugu ahaztu behar NATOko erreferendumaren emaitza: Nafarroa erdibitu egin zen. Tafallatik gora ezetza gailendu zen, eta Tafallatik behera baietza.
Toponimia eta lexikografia euskaldunean ere muga bera agertzen da. Marra hori klima muga da, arkitekturarena ere, bertan amaitzen baita harriaren erabilera pezuarenari lekua uzteko. Muga militarra baita ere, gerra karlistetan; eta egun ere hauteskunde muga da, botoabertzalea amildu egiten baita mendien hegoaldean.
A. Hori entzun ondoren, zein neurritaraino esan daiteke Nafarroa bat dela?
J.M.E. Desberdintasun guzti hauek ez dute galerazi mila urtez iraun duen komunitate politiko baten sortzea. Eta batasun horretan, aniztasunaren barnean, abertzaleak bat gatoz. Onartzen ez duguna da boteretik nafar kulturaren zati bat soilik bultzatzea, bestearen kalterako. Are okerrago, bertako kultura baztertzeko kanpoko elementuak bultzatzea.
Egun Nafarroan euskal dantza talde bati baino errazago zaio dantza flamenkoko talde bati edota tuna bati dirulaguntzak lortzea, ikurrina eramateagatik kondenatuak jarraitzen baitute. Erriberako hainbat herritan Gabonetan Santa Klaus edota Nikolas Donearen figura ezarri dute, Olentzerorenari lekua kentzeko.
A. Alliren nafar nazioaren ikuspuntuarekin bat al zatoz?
J.M.E. Alli fenomenoak borroka hau maila arrazionalagoan jar dezake, eta honek hobekuntza bat ekarri du Urralbururen garai beltzarekiko. Alli karlista zahar bat da. Herri hau ezagutzen du, bere historia. Eta bere Nafarroa-Nazio erronka oso interesgarria da, Nafarroa Euskal Herriaren ama eta sehaska izatearen proiektuaren berpiztea baitakar. Nafarroa nazio bat da, esan behar dugu berarekin, baina Nafarroa Beherea merindadea eta nafar proiektuari atxiki nahi diezaioketen lurralde historikoekin. Nafarrek «Nafarroa Euskadi da» hori ez genuen inoiz gustuko izan.
1893an jada errepublikarrek Tuteran aurkeztu zituzten etorkizuneko Nafarroa eraikitzeko oinarriak, eta beste herrialdeen nafar nazioaren proiektuarekiko atxikidura horretaz mintzatzen zen.
Euskara elkarteko nafarzaleentzat, Nafarroa abertzaletasunaren ardatz nagusia zen. Gero etorri zen Sabino, aberastasun bizkaitarraren gainean jezarririk, eta ardatza Nerbioira eraman zuen. Orain bidea berreskuratu behar da, eta Euskadi terminoa Konstituzioa eta Estatutuekin ostu digutela eta denbora galdu araziko digun zerbaitetaz eztabaidatzeak ez duela merezi onartu. Hemen lurralde historiko bat dago, Nafarroa izenekoa; Euskadi deritzoten komunitate bat eta Ipar Euskal Herri bat. Hiruren batuketa Euskal Herria da.
A. Nafarroan gerra garaian izandako bi joera politiko nagusiek _errepublikarrak eta reketeak_ norantz jo ote dute gaur egun? Nola izan da bien desagertzea? Edo ez da desagerpenik izan?
J.M.E. Nafarroako errepublikarrez eta reketeez hitz egin beharko genuke aitzin. Reketeek beti izan dute fama txarra Bascongadetan hara multzoka joan zirelako, baina Nafarroan errepresioa Falangearen eskutik etorri zen, ez haiengandik. Nafar reketeak herri eta haran karlistetatik atera ziren, aurreko mendeko karlistadetakoen fede beretsuaz. Azken batean, aurrean zituzten gudari nazionalistak, zer ziren hiritartutako karlistak baizik?
Egun, herri eta haran karlistenetan, oinezkoek ezetz esan zioten NATOri, eta euskara edota euskal batasunarekiko beren jarrera gehiengo `sozialista' duten Erriberako herrietakoa baino askoz ere epelagoa da. Nafar karlismoaren trauma hainbestekoa izan zen, ezen 150 urtetan irabazi zen lehena izan arren, ia bat-batean desagertu baitzen. Egun karlismoak UPN, PSOE edo HBri botoa ematen dieten familia nafar anitzen iraganean txertatua jarraitzen du. Hazka egiozu nafar bati buruan, eta txapel gorri bat ikusiko duzu agertzen...
Errepublikartasun nafarra ere aniztu egin da. Nafarroa Erdia eta Erriberako ETAko preso gehienak, adibidez, Espainiako gerra garaian errepresaliatutako familietakoak dira. Nafarroa errepublikarraren zatirik kontsekuenteena eta oroimen historiko gehien duena ezker abertzaleari gehitu zaio. Gehiengoa, ordea, felipismo espainiarraren mezuan eroso ezarri da, eta hor ikusten da aipatutako desberdintasun kulturala: euskal proiektu nazionalarekin bat egitea oztopatu die.
EAJ eta EA bezalako alderdi nazionalistek duela 60 urteko espazio soziala mantentzen duten bitartean, ezker abertzaleak, proiektu gazte legez, iturri desberdinetatik edan du: mandiopekoa eta herrikoia zen joan den mendeko karlismoaren semea da, Bigarren Errepublikako espainiar korronte ezkertiarren semea den bezala. Eta noski, Campion, Oloriz, Iturralde y Suit eta abarren nafar nazionalismoan ere baditu bere erroak.
A. Zer neurritaraino da egia giputz eta bizkaitarren inperialismoa nafarrekiko? Gaur egun ere nabaria al da?
J.M.E. Bizkaitarrentzat ohargaitza den bezain ebidentea da nafarrentzat, emakumeak, eta ez gizonak, matxismoa sentitzen duen era berean. Joan den mende amaieran eta oraingoaren hasieran Bizkaiak zuen indar politiko eta ekonomikoak bizkaitartasunean izan zuen isla nazionalista, eta ahalmen berak bihurtu zuen Bizkaia espainiar banka, langile mugimendu, PSOE, UGT eta abarren oinarri. Nafarroako euskerismoak Euskal Herri osoa poxpoliñak eta arrantzaleen mundu zoragarri bat bihurtu zuen estetika bati utzi zion lekua. Nafar eskuinak, hasiera batean lau herrialdeen batasunaren alde, EAJren eragin boteretsuaz ez zen fidatu, eta atzera egin zuen, 1917an, Nafarroaren bide bakartiari hasiera emanez, egun `nafarkeria' deitua. Zati aurrerakoienak erakusleihoko euskalduntasun horri zerion kirats erreakzionarioaz lotsatuta zeuden. Nafar nazionalistek ere, Campionen buruzagitzapean, ez zuten bat egin Sabino Aranarekin. Garai hartatik, ondoren Arzalluzek eskuin espainiarrarekin Nafarroako Gobernua negoziatzeko egin zituen ahaleginetara, jarraipen logikoa dago.
Larriena da eragin politiko hori ezker abertzalera pasatu dela, eta urteak daramatzagu antzinako euskal herrien _baskoiak, karistiarrak, barduliarrak eta autrigoiak_ arteko harremanetarako sistema berri bat inposatzen. Hizkuntzak berak ere erakusten du baskoiak zein lotuak dauden aberriaren ideia baskoi-zentrikora: Ardanza ez da Euskal Lehendakaria, euskal lehendakarietako bat baizik. Bestea Alli da, edo bestela ez da inor. Arregi bezain kultur kontseilaria da Markotegi, eta horrela guztiarekin.
A. Nafarroa Beherea eta Lapurdirekin duzuen lotura, noraino da folklore hutsa?
J.M.E. Ipar Euskal Herriko esaera zahar batek zioen: «Tafallako arnoa bidean uzten, Irulegikoa etxerat heltzen». Baxenafar eta nafar nekazari munduen arteko harremanak, esaera hori edota «Iruñeko ferietan» bezalako abestietan islatuak, oso indartsuak izan ziren garai batean, baina egungo belaunaldientzat oso ezabatuak zeuden.
Orain dela 15 urte berreskuratutako harremanei esker bi Nafarroen arteko armonia herrikoitzea lortu da, agian folklorikoki, baina ondorio politiko garrantzitsuagoak izaten ari den eta izango dituena.
Nolabait, ezker abertzalearen barruan baskongadoen nagusigoa ezagutu eta beldur diogun nafarrek hobekiago ulertu ditugu, adibidez, euskal errefuxiatuak eta IK edo EMA bezalako erakundeen artean sortutako arazoak, eta urteak daramatzagu, nolabait esateko, herriko kostaldea eta barnealdearen arteko zubia izaten saiatzen. Eta baxenafarrekin izandako harreman onak ulermen gero eta hobeago baterako bidea izan direlakoan gaude, eta hori ari da jada bere emaitzak ematen, eta uste dugu honek ez diela inolako graziarik egingo Madril eta Pariseko gobernuei.
A. Azken 10-15 urteetan zer aldaketa nabarmenduko zenituzke zure inguruan?
J.M.E. Izugarriak. Noski datu kontraesankorrak daudela. Bihotza apurtzen du euskara nola iheska doan ikusteak, konponbiderik gabe epe laburrera, Baigorri edo Ultzama bezalako bailaretatik. Bestetik, euskara folklore kontu lausotu bat besterik ez zen herrietan errealitate bat da egun, indar kolpe historiko baten bitartez ez bada behintzat, atzera egingo ez duena. Hor ditugu Iruñea, Tafalla eta Lizarrako adibideak. Beste aldaketa garrantzitsu bat da Nafarroako ezker abertzaleak duen aurrerakuntza horien bermatzaile papera. Lurrari atxikita gaude, mahatsondoak edo olibondoak bezala. Ezin gaituzte atera gure ingurua pitzatu ezean.
Azkenik, azken 20 urteetan izandako aldaketen ikuspegia oso garrantzitsua da, askoz ere nabarmenagoa izan dena hutsetik abiatu ginen eskualdeetan. Aldaketa hain da handia, prozesuan parte hartzen jarraitzeko gogoa ematen duela. Euskal Herriko harresia, muga-herriak izatea gogorra da, baina baditu bere alde onak.
A. Txalaparta argitaletxearen lanean sarturik, eta zu bertako zuzendaria izanik, zer leku betetzen dute euskarazko liburuek bere ekoizpenean?
J.M.E. Orain arte aipatutako guztiak Txalaparta bezalako argitaletxe batek, Erribera nafarraren ateetan kokatua, zer paper bete behar duenarekin harreman zuzena du. Erro arraro bat gara, euskal errealitateari buruzko liburuak ateraratzen dituena. Gure hizkuntzetara, euskara eta erdarara, Espainian miopia politiko-kultural edota inkisizio maniengatik argitaratzen ez diren liburuak ekartzen ditugu. Estatuko ezkerrarentzako erreferentzia argitaldaria gara... Beste alde batetik, Euskal Herrian bada euskaraz argitaratzen duten argitaletxe garrantzitsu eta aurrerakoien zerrenda bat. Beraiek estaltzen dute lehiarako nahi ez dugun eremua. Horregatik jarraituko dugu erdaraz argitaratzen, argitaletxe espainiarrek zapal ez diezaguten eremu hori. Gu gara, nahi bada, horma euskarria. Baina, beste alde batetik, herri honetan ezin da bizi euskaraz argitaratu gabe, eta horregatik hazi egingo da gure euskarazko liburuen zerrenda.
Amagoia Iban
34-38

GaiezKulturaArgitalgintArgiteletxeTxalaparta
PertsonaiazESPARZA1
EgileezIBAN1Kultura

Azkenak
2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Eguneraketa berriak daude