«Euskal Kultur Erakundeak bere lanak mugatzen hasi beharko du»


2021eko uztailaren 19an
Seomin Hegi eta Daniel Landart aurrez aurre
«Euskal Kultur Erakundeak bere lanak mugatzen hasi beharko du»
Txomin Hegi eta Daniel Landart, Euskal Kultur Erakundeko gidariak
Euskal Kultur Erakundea sortu zelarik, herrien sindikatua asmatu zuten Ipar Euskal Herriko herri gehienak bilduz eta herri horiek biztanle bakoitzarentzat libera bat ematen zutela euskal kultura sostengatzeko. Txomin Hegi zuzendaria eta Daniel Landart zuzendariordeak adierazi digute zein lan mota saiatu diren egiten eta bereziki nolako beharrak dauden Iparraldean etorkizuna prestatzeko.
ARGIA. 1990ean sortu zen Euskal Kultur Erakundea. Zeintzuk izan dira hiru urte horietan zuen lanaren helburu nagusiak? Lortu al dituzue helburu horiek?
TXOMIN HEGI. Uste dut lehen puntu baten egiteko sasoian gaudela, nahitanahiez pentsatzen dugu bihurgunean gaudela. Bi urtez funtsezko aldaketarik ez da izan, abiatu dugun segida daramagu, baina une honetan ,abiatu genituen gauza batzuen egituratzen ari gara iraupenerako. Guk eraman dugun lana antzinako garaietan eramandakoaren araberakoa izan da. Euskal kultur zentroen esperientzia baliagarria izan da gaur egun daramaguna erabakitzeko.
Botere publikoek ideia bat baitzeukaten hemen eginen zen lanaz. Helburu nagusiak aipatzeko, oro har, kultura osatzen duten sail guztiak kontuan hartzea da, hori araudietan finkatua baita. Hori, dudarik gabe, Pizkunde elkartearen barnean eztabaidatuak izan ziren puntuak dira, eta bertan zeuden elkarteen kezkak kontuan hartzea saiatu gara. Herri honetan lanean aritu eta jarraitzen dutenekin partaidetza bat martxan ezartzen aritzen gara, eta lan egiten. Botere publikoen aitzinean azkarki defenditua izan den ideia.
ARGIA. Konparaketa bat egiten ahal ote da euskal kultur zentroak eta Euskal Kultur Erakundearen artean?
DANIEL LANDART.
Euskal kultur zentroak sortu zirelarik, ez botere publikoek, ez euskal kultur mundukoek, elkarteetakoek, zer nahi genuen ere ez genekien. Gauza guzti horiek ez ziren definituak. Aldiz, Euskal Kultur Erakundea sortu delarik euskaldunek bagenekien bederen zer nahi genuen, esperientzia bat hartu genuen eta ikasi. Bestalde, gogoratu behar da, eta uste dut hori ez dela behin ere sobera errepikatuko, Euskal Kultur Erakundea sortu zelarik, herrien sindikatua sortu zela: 133 herri bildu ziren euskal kulturaren alde. Jakinez 158 herri daudela Iparraldean, horrek izugarrizko ofizialtasuna ekarri zuen euskal kultur elkarte guztientzat, bai Seaskarentzat, bai guretzat... kultur munduan aritzen diren guztientzat.
Bestalde, sindikatu honek autofinantzaketa eskaintzen digu, eta parada ematen digu, eta funtsean gure eginbeharretariko bat da ekitaldiak edo kultur asteak edo nik dakit zer antolatzeko zailtasun horiek arintzea. Aritzen gara dirulaguntzak ekarriz, baina beste lan bat da luzerako proiektoak ere sortzea, bultzatzea, eta hori da «Xirrixta» aldizkariarekin egiten ari garena.
ARGIA. Kultura konzeptu biziki zabala da, ez al duzue pentsatzen sobera antolaketa sortzea itogarria izan daitekeela?
DANIEL LANDART.
Euskal kultura beti gogo onez eta amateurrei esker egina izan da, musutruk, alta beste herri guztietan kulturan aritzen diren profesionalak badira. Ez dut erran nahi Hegoaldean gertatu den pareko zerbait behar genukeela hemen, inondik ere, han profesional sobera sortu baitzituzten eta horrek egoera kezkagarri bat ekarri du diru iturriak agortu direlarik. Dena den, erran behar da, bestalde, musutruk egiten zen lan hori anitz txikitu egin bada ere, biziki garrantzizkoa dela herriko lan hori. Baina nire ustez, luzerako lan bat martxan jartzeko profesional batzuen presentzia eta laguntza beharrezkoa da.
Sinetsi behar dugu euskal kulturak etorkizun bat daukala eta horretarako jendea osatu behar dugu. Ahalkea, lotsa sartu digute, Errepublikako eskolaren bidez euskara debekatuz, horregatik gure kulturarekiko konfiantza hori galdu dugu.
ARGIA. Hain zuzen, gaur egun ez al zarete aitzakia bat botere publikoentzat? Euskal kultura, herrietan hiltzen den momentuan sortzen den tresna, kontzientzia ona atxikitzeko.
DANIEL LANDART.
Beharbada, baina harria ez da beti besteari bota behar, euskaldunek berek indar bat egingo balute euskaraz egiteko eta normalki mintzatzeko, edozein frantses hitz hartu gabe, euskara lantzeko eta hizkuntza normal bat bezala hartzeko beste egoera bat genuke.
TXOMIN HEGI. Bistan da, arriskuak badira eta benetan horren kontra gogoz eta azkar jokatzen ari gara. Azken urteetan gauzak irekitzen hasi badira ere, gure egoera biziki kezkagarria da eta lan bolondres bat ez bada egiten, eguneroko bizian eta gizarte mailan, ez dakigu ea hamar urteren buruan hemen izanen garen, euskal kulturarik izanen ote den. Hegemoniarik ez zegoelarik gure kulturaren bizia bestelakoa zen. Gaur egun gure problematika bestelakoa da, eta gure eginbeharra da euskal kulturara jendea ekartzea. Aitzakia bat gara nonbait, eta horren kontzientzia osoa daukagu. Beste alde batetik, untzia urperatzeko arriskuan dagoelarik zuloak esataltzeko tresna da beharbada, baina egia da ere gutizia, nahikeria berri batzuk sumatzen ari direla. Danielek gauza inportantea erran du: konfiantza. Ez badugu sinesten gure gauzetan, ez dugu deus ere lortuko. Erran behar dugu hor garela eta badugula zer erran.
DANIEL LANDART.
Produktuak landu behar ditugu, gutxiago sortu beharbada, baina landuagoak euskal kulturara ekarri eta erakutsi euskara ez dela bakarrik gaizki ahoskatua eta arrunkeriak errateko tresna bat; baizik eta plazerra hartzea, gauza ederrak egiteko gai garela, horrela irabaziko dugu.
ARGIA. Militantismoa lotzen al duzue egiten duzuen lanari?
TXOMIN HEGI. Kultur munduan ari garenok denak militantismotik heldu gara. Nire lana ez dut militantismotik banatzen ahal, eta datorren hamar urteetan militanteek eta profesionalek elkarrekin lan egin beharko dugu.
DANIEL LANDART.
Adibide bat emateko, Baionara puntako antzerki talde bat ekartzen bada ez dut egokia atzematen euskal antzerki bat ekartzea euskaraz zerbait ematearren, gure aurka atera baitaiteke azken batean. Ahul agertzen baikara, ez dira gauzak nahasi bahar. Haatik, euskarak urte ederrak ditu aitzina, baina indar handi bat egin behar dugu denak borroka honetan.
ARGIA. Bihurgune batean zaudela diozue. Nola pentsatzen duzue hartzea eta nola ikusten dituzue datozen hilabeteak?
TXOMIN HEGI. Geroari buruz uste dut gaurko egoera oso hauskorra dela, seinale batzuk daude: herrien sindikatua hiru urterako egina zen eta aurten bere eginkizuna berplanteatuko da. Azken berriek diote 134ek esperientzia jarraitzeko asmoa agertzen dutela. Oso epe laburra genuen beharrezkoak garela edo egiten dugun lana beharrezkoa dela frogatzeko. Afera gure eskuetan da zeren hemengo sindikatua desagertzen baldin bada, frantses ministerioak ere bere arrautzak aterako ditu saskitik. Euskal kultur etxeak zeudelarik, ministerioek Baionako Herriko Etxea zeukaten bitartekari gisa. Gaur egun, aipaturiko herrien sindikatuak betetzen du ardura hau.
Bestalde, hasi gara erraten erakundeak bere lanak mugatu beharko dituela edo bost pertsona gehiago egon beharko garela hemen. Nik ez dut defenditzen jende gehiago behar denik erakundean bertan, baina zenbait egituratan profesionalak beharko dira. Gure borroka guztia da eremu batzuk antolatzea.
Guk dugun aurrekontua da gaur egun Miarritzeko Herriko Etxeak kulturari ematen dion aurrekontuaren erdia, eta beste konparaketa egiteko Baionako liburutegiaren herena: Baionako liburutegiak baditu 36 langile. Konparatu behar da konparatzen ahal dena.
Ixabel Etxeberria
44-47

GaiezKulturaKultur ErakEKE
PertsonaiazHEGI1
PertsonaiazLANDART1
EgileezETXEBERRI11Kultura

Azkenak
Stop azpikontratazioa

Esku-hartze sozialeko sektore publikoaren alde.


Pablo Gonzalezen aurkako mendekua ikusten du haren abokatuak, Poloniako Gobernuaren jarreran

Pablo Gonzalezek Errusian jarraitzen du, Poloniako Gobernuak pasaporteak konfiskatu zizkion kazetariari eta "Poloniako autoritateen esperoan" daude, Euskal Herrira bueltatzeko. Hala azaldu dio Gonzalo Boyé abokatuak Berriari.


Garikoitz Aspiazu euskal presoa Martutenera lekualdatu dute Lannemezandik

Etxeratek jakinarazi duenez, ostegun honetan gauzatu dute lekualdatzea. Orain, bost euskal preso gelditzen dira Frantziako espetxeetan.


Bideko Autobidearen ordainketa 2027tik 2030era atzeratuko du Nafarroako Gobernuak

Ordura arte Nafarroako Gobernuak 477 milioi euro ordaindu beharko dizkio Abertis konpainiari, 2023an honek erosi baitzuen Autobidearen ustiaketaren emakida 110 milioi eurorengatik. Itzalpeko ordainketek urtero modu gogorrean baldintzatzen dituzte Nafarroako Gobernuaren... [+]


Jon Irazabal Agirre hil da, 30 urtez Durangoko Azokaren zuzendaria izandakoa

63 urteko iurretarra Gerediaga Elkarteko kudeatzailea izan zen 1982tik 2018ra. “Bere kezkei eta borrokari esker”, Durangaldeko historia ikertu eta zabaltzeko “erreferentzia nagusietako bat” izan dela nabarmendu dute elkartetik.


112 hitzetan emergentziak saihesteko prebentzio-aholkuak
Umeak uretan, belarriak tente


2024-08-23 | ARGIA
Burlatako sexu erasoa dela eta 18 urteko gazte bat atxilotu dute

Joan den astean izan ziren Burlatako jaiak eta aste honetan jakin da adingabeko neska gazte batek izandako sexu erasoa. Espainiako Poliziak, halaber, jakinarazi du erasoarekin lotutako 18 urteko gazte bat atxilotu zuela joan den igandean.


Eguneraketa berriak daude