«Madrilen ez dute begi onez ikusten euskal zinemagintzaren gorakada»


2021eko uztailaren 20an
Karra Elejalde aktoreari elkarrizketa
«Madrilen ez dute begi onez ikusten euskal zinemagintzaren gorakada»
KARRA ELEJALDE
Antzerki girotik zinema mundura iritsitakoa, Julio Medem zuzendariaren «La ardilla roja» filmean ikusi ahal dugu egunotan Karra Elejalde. Aurretik «Accion mutante»n ere ikusia genuen, gaizto baino gaiztoago. Gasteiztar hau, gainera, aurki edukiko dugu ostera begien aurrean bere herrikidea den Juanma Bajo Ulloaren «La madre muerta» filmean. Karrak ez du lan faltarik. Hurrengo astean Pedro Almodovarrekin hastera doan obra horren lekuko.
ARGIA. Orain hamalau urte hasi zinen antzerkia egiten, «La farandula» talde gasteiztarrean.
KARRA ELEJALDE.
Hamabost urte ingururekin hasi nintzen. Hasieran beste talde batean egon nintzen. «El coleccionista de mariposas» izeneko obra prestatzen ari ginela, hango batzuk soldadutzara joan behar izan genuen. Soldadutzan «La farandula» taldeko partaide bat ezagutu nuen, eroarena eginez libratu nahi zuena. Eta hark esan zidan: «Hi, hau bukatzean etorri hadi gurekin». Eta horrela hasi ginen.
A. Gogoan al duzu orduan egindako obraren bat?
K.E. Guk idatzitako bat, «Adios hasta güevo» izenekoa. Kanpotik etorritako balizko pertsonaia bati buruz ziharduen; ezer ez zuen ulertzen eta bere burua nahiko egoera xelebretan ikusten zuen: poliziarekin zela, trabesti batekin... Nik eginiko lehen lana izan zen. Hamahiru pertsonaia ezberdin antzezten nituen. Orduan antzerkia era amateur batean egiten genuen, lotsagabe. Ez ginen interpretazio betebeharrez kezkatzen. `Borroka-antzerkia' zen. «La farandula»n beti egiten zen ideologikoki konpromezu handia zuten obren aldeko apustua. Ez dakit Nikaraguan antzerkia nola egiten den, ez du akaso kalitate artistiko handiegirik izango, baina bai kalitate ideologikoa.
A. Orain sei urte «Etc, etc» izeneko monologoaren lehen antzezpenak egin zenituen. Hiru urtez ibili zinen obra hori Espainia osoan antzezten...
K.E. Testuak Abel Martinenak ziren eta zuzendaria Jose Antonio Ortega zen. 170 bat emanaldi egin genituen. Izugarria izan zen, herriz herri, gaur hotel garesti batean eta bihar ostatu zikin batean... Gogorra zen gauero nire burua bakarrik ikustea, taldearen beharra sentitzea. Monologoa jenero arriskutsua da, ordu t'erdiz bakarrik zaude munduaren kontra. Gaizki ateraz gero zure errua da, ondo eginez gero zure meritua. Baina emanaldiaren ondoren ere bakarrik zaude.
A. Esperientzia aberasgarria izango zen.
K.E. Ikusleen aurrean bakarrik zaudela kristorena ikasten duzu. Antzezteari tankera ematen diozu.
A. Nola ikusten duzu euskal antzerkiaren egoera?
K.E. Ni ez nintzateke euskal antzerkiaren egoeraz mintzatzera ausartuko euskal kulturan dauden babaloreez hitz egin gabe. Badira dagoeneko hamar urte Eusko Jaurlaritza kultur politika egiten ari denetik, eta izorratzen baino ez dira ari. Egoera negargarria da, baina beti izango da horrela antzerkiak multizinemak irekitzeko ixten baldin badira.
A. Zergatik diozu hori?
K.E. Zuri pertsona txiro bat etortzen baldin bazaizu, goseak, langile taberna batera eraman eta egun horretako gosea kenduko diozu. Baina horrela arazoa ez da konpontzen. Guri Eusko Jaurlaritzak ez digu lanik eman behar, badakigu lana ederki bilatzen, gure obrak idatzi, zuzendu eta antzezten. Konpetitiboak garela erakusten ari gara, bai zineman bai antzerkian kanpotik deika ari zaizkigula. Baina Euskal Herrian ezin da antzerkirik egin, ezin da hiriburuetan eta beste hiru herri handitan bakarrik arituz obra bat aurrera atera. Eta euskaraz izanez gero askoz okerrago. Ez du zentzurik azpiegiturak oraindik jartzeke daudela dirulaguntzak ematen jardutea. Horrek aldatu beharko luke. Baina hori ez da egun batean egiten, ezta 60 milioirekin ere.
A. Euskarazko antzerkia aipatu duzu, amateur izatera behartuta al dago?
K.E. Euskarazko antzerkia ez dago amateur izatera kondenaturik. Profesionaltasuna ez da ikusentzule kopuruaren arabera bakarrik neurtzen, zuk ematen diozun denbora eta kalitatea ere neurtu beharrekoa da. Eta horretaz bizi ahal izatea, noski. Euskal Herrian badago horretaz bizi denik. Baina militantzia kontua ere bada. Hor daukazu «Bi eta bat» saioa. Espainian egiten diren komedia asko baino profesionalagoa da. Baina kanpora ateratzea zaila egingo zaie.
A. Azken boladan buru belarri zabiltza zinema munduan. Julio Medem, Juanma Bajo Ulloa eta Alex de La Iglesiarekin lan egin duzu. Enrique Urbizurekin batera, euskal zuzendari belaunaldi berriaren aurrean al gaude?
K.E. Ez dute elkarren inolako antzik, eta horregatik ez dute batere atsegin inor haiengatik `euskal ez dakit zer' direla esaten aritzea. Lanean oso ezberdinak dira. Juanma Bajo Ulloa antzezleekin oso gogorra da, zer nahi duen argi izaten du eta. Juanmak agian ez dizu filmatzen hasi aurretik pertsonaiaz gehiegi hitz egingo, kezkatuago egoten delako akaso muntaian edota joko narratibo eta estetikoetan. Julio Medem zinemaren intelektuala da, poeta. Ideologikoki oso argi izan ohi du zure pertsonaiak nolakoa izan behar duen, eta egoera ezberdina sortzen du. Alex de la Iglesia umore handiko ganberroa da, baina kontuz, kategoria handiko ganberroa. Urbizurekin ez naiz aritu, baina Espainian jenero zinema hobekien egiten duen zuzendaria dela iruditzen zait.
A. Laurak ere oso proposamen ausartak egiten ari dira.
K.E. Zuzendari hauek ez dira Espainiako betiko zinema egiten ari, zinema aspergarria, zaharkitua, pandereta tankerako komedia hori. «Accion mutante», esate baterako, ondo atera da, eta gainera badu hemengo zuzendari guztiek lortzen duten gauza bat. Zuk filme horren kromatika edo proposamena ikusten duzu eta ez dirudi Espainian egina denik. Nik hori asko atsegin dut. Ez argazkia, ez kontatzeko era... ez da espainola, ez da betiko gauza. Eta Julio Medemen kasuan ere ez. Beharbada ez zait zinema espainiarra gustatzen, ez dakit. Eta ez naiz Espainiako zinema kritikatzen ari, argi. Baina jende hau, bai planoak direla, bai kontzeptzio dramatikoa dela, eta batez ere lanaren kontzeptzio mekanikoari dagokionez _kameren lekutzea eta abar_, erabat berritzaileak da.
A. Ezaugarri komunik bada, beraz.
K.E. Europako Ekialdeko zinema berehala bereizten da, frantsesa beste hainbeste, eta suposatzen dut hemendik kanpora Espainiako zinema ere bereiziko dutela. Jende hau autore zinema egiten ari da, ezaugarri pertsonalak dituena. Nazioarte mailan oihartzun handiagoa dute, eta normala da, erdipurdikotik atera direlako. .
A. Bai «Alas de Mariposa», bai «Behiak», baita «Accion mutante» ere nahiko filme gogorrak ziren. Indarkeria ugari ageri zen denetan. Juanma Bajo Ulloaren filme berria ere nahiko gogorra izango omen da... Euskal Herriko egoerak ba ote du zuzendari hauengan eraginik?
K.E. Ez dut uste zerikusirik duenik. Hemen bizitzeak izango du eragina, hemen bizitzeak baduelako inplikaziorik istorioak kontatzeko orduan eta moduan. Euskaldunak maldizioka bizi gara, hori arnastu egiten da hemen. Baina suposatzen dut ez duela hemengo egoera politikoarekin zerikusirik. «Accion mutante» komedia bat da, eta badu indarkeria umoristikoaren kutsurik. «Behiak» izugarrizko amodio istorioa zen, indarkeria testuinguru batean gertatzen zena, baina indarkeria erromantikoa, ideologikoa zenbait kasutan. Juanmarena indarkeria psikikoa zen ia. Zuzendari hauek ez dira atzera botatzen adierazi nahi dutena adierazteko orduan. Hemen nahiko astaputzak gara, hori ere ezagun dugu.
A. Julio Medemen «La ardilla roja» filmeak kritika gogorrak izan ditu, eta hala ere Canesserako hautatua izan da.
K.E. Juliori kritika gogorrak egin dizkiote, baita Alex de la Iglesiari ere. Nik uste dut Madrilen dagoeneko izorratu egiten diela estatu mailan hain zuzendari gutxi ikustea, eta horietatik gehienak euskal herritarrak izatea. Eta hemendik atera eta sekulako arrakasta izatea gainera. Julio Medem Canessera eraman dute, eta ez Trueba, ez Aranda eta ez beste horiek, agian batzuek nahiago luketen bezala. Bai, izan daiteke baten bat dagoeneko haserretuta egotea hainbeste vasquito ikusita. Ezin dut esan antolaturiko azpijokoa denik. Beharbada oker nengoke edo beharbada zuzen, baina ez ninduke harrituko. Entzun diren kritikak, oso modu susmagarrian, elkarren antza dute.
A. Kritika horiek alde batera utzita, egia da, halaber, zere zuzendari hauek oihartzun handiagoa dutela nazioarte mailan Euskal Herrian baino.
K.E. Hemen zaborra gara zentzu horretan. Inor ez da bere herrian profeta, hori topikoa da, baina hala da. Gurea gutxiestera jo ohi dugu, eta kanpoan loreak botatzen dizkigutenean baino ez gara hasten hemengoa estimatzen. Retegi eta Perurenarekin beste hainbeste gertatzea besterik ez zaigu falta, Argentinan ospetsu egin beharra hona etorri ahal izateko... Ez gara gurea baloratzeko gauza. Horregatik dago hainbeste euskal herritar kanpoan. Hara zenbat zuzendari euskaldun dagoen kanpoan, zenbat antzezle... Jendea kanpoan egiten da, hemen kaka zara. Negargarria da guri kanpotik esaten aritu beharra hemen zerbait garela.
A. Orain arte egin dituzun filme denetan bigarren mailako paperak egin dituzu. Juanma Bajo Ulloaren «La madre muerta» filme berriaren protagonista zara. Almodovarrek ere bere filme berrirako deitu dizu. Bigarren mailatik lehen planora pasatu zara.
K.E. Euskal antzezle batentzat bigarren mailako paperak egitea asko da. Oso gutxik izan dugu horrelako aukerarik. «La madre muerta» filmean ni naiz protagonista. «Behiak», «Accion mutante» eta «La ardilla roja»n nahiko paper garrantzitsuak nituen. Almodovarren filmean ez dut lehen mailako papera egingo, baina dagoeneko kazetari denak deika ari zaizkit. Almodovarrekin lan egitea ez da inoiz inorren kalterako izan. Baina ni ez naiz orain Almodovarri loreak botatzen hasiko, ez naiz horrelakoa. Espainiatik kanpo Almodovar baino ez dute ezagutzen, ez Aranda, ez Erice, ez Buñuel handia ere... Euskal zuzendari berri hauekin kanpoan ere ikusten zaituzte, baina ez Almodovarrekin adina.
A. Telebistan ere lan egina zara. Medio bezala, erakartzen al zaitu?
K.E. Telebista medio arriskutsua iruditzen zait, hoberena berarekin pare bat aldiz larrutan egin eta aldegitea da. Telebista lotsagarria da, zaborra ematen baitigute jateko. Telebistan lan arrakasta baldin baduzu, paper horretan sailka zaitzaten arriskua duzu.
A. «Hertzainak» taldeko partaideen laguna zara, jotzen zituzten zenbait kantutako hitzak zuk eginak dira.
K.E. Giro eta leku beretan mugitu izan gara beti. Hamar bat letra ere nik egin nizkien, «Salda badago», «Euskalduna», «Arraultzak pinu batean»... Leku beretik gatoz denak.
Alberto Irazu
34-38

GaiezKulturainemaAktoreakELEJALDE1
PertsonaiazELEJALDE1
EgileezIRAZU1Kultura

Azkenak
Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute, Palestinari keinu eta arrazakeriari aurre egiteko

Donostiako herri mugimenduak artikulatuta hainbat auzotan antolatzen den Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute (11 + 5, beraiek dioten bezala, eraitsitako Kortxoenea gaztetxeko bost urteei erreferentzia eginez). Aurten sei proiekzio egingo dituzte ondorengo... [+]


2024-09-13 | ARGIA
Tematzearen emaitza: errepide seinaleak euskaraz

Herritarrak eskatzen du seinaleak euskaraz jartzeko. Gobernuak erantzuten dio legeak ez duela horretara behartzen. Behatokiak erantzuten dio, legeak ez badu derrigortzen ere, euskaraz jartzeko debekurik ez duela. Gobernuak bereari eusten dio. Alabaina, herritarrak tematzen dira... [+]


2024-09-13 | Euskal Irratiak
Baionako zitadelako eraikuntza proiektuak arrangura piztu ditu ekologistengan

Baionako zitadelan proiektu berriak ditu armadak. Eraikin berriak egin nahi ditu eta horretarako oihanaren zati bat deseginen dute eta ura atxikitzeko bi gune ere sortu nahi dituzte.


Aysenur Ezgi Eygi-ri zuzenean egin zioten tiro burura Israelgo soldaduek, autopsiaren arabera

Turkiar-estatubatuar aktibista irailaren 6an hil zuten Beiti herrian, Nablus hiriaren ondoan, Zisjordanian, Palestinako Lurralde Okupatuetan. Orain forentseen azterketek iradokitzen dutenez, Israelgo soldatuek zuzenean egin zioten tiro aktibistari.


Iturbide, Jiménez eta Azkona estatuaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.


Madrilgo Rolando kafetegiko hamahiru hildako haiek ETAm-ren eta ETApm-ren zatiketaren erdian

Ostiral honetan betetzen dira 50 urte ETAk, 1974ko irailaren 13an, Madrilgo Rolando Kafetegian bonba bat lehertarazi eta hamahiru pertsona hil zituela. Ofizialki 2018an onartu zuen erakundeak ETAren egiletza, bere burua desagertze bidean jarri zuenean.


2024-09-13 | Gedar
Bi lizarratar epaitu dituzte, Voxen salaketa baten harira

Faxisten aurka protesta egiteagatik auzipetu zituzten Lizarrako bi kideak. Asteazkenean, epaiketaren egunean, Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea egin zuen epaitegi aurrean. Voxeko faxistak jarrera probokatzailearekin agertu ziren bertara, eta Guardia Zibilak... [+]


2024-09-13 | Ahotsa.info
Urriaren 12an Tafallan eginen du manifestazioa Ernaik “españolismo eta faxismoaren aurka”

“Españolismoaren eta faxismoaren normalizazioan” Hispanitatearen egunak jokatzen duen papera salatzeko urriaren 12an Tafallan mobilizatuko da Ernai. “Gu, Nafarroako etorkizuna gara, haiek, aldiz, iragana. Faxismoak herri honetan lekurik ez duela argi... [+]


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Donostiako bi familia etxegabetze arriskuan daudela salatu du Kaleratzeak Stop plataformak

Zaurgarritasun ekonomikoaren baldintzak betetzen dituzten arren, Santander bankuak ordainketak epe batez etetea ukatu die bi familiei.


Eguneraketa berriak daude