«Goi-mailako moda mass-mediak erakartzeko publizitatea da»


2021eko uztailaren 19an
Paco Rabanne diseinatzaileari elkarrizketa
«Goi-mailako moda mass-mediak erakartzeko publizitatea da»
PACO RABANNE
Arkitekto izan nahi zuen baina gauzak berak nahi ez bezala atera ziren. Azkenean, munduko diseinatzailerik ezagunenetariko bat bihurtu da. Paco Rabanne, kosmetikoen munduan iraultza ekarri zuenarengana hurbildu gara eta Pariseko bulegoan hartu gaitu. Euskal Herriaz ezer gutxi gogoratu arren, euskal herritarra dela eta izango dela dio. Moda ez da nahikoa gizon polifazetiko honentzat. Duela gutxi haragiztapenari buruzko liburu bat idatzi du.
ARGIA. Pasai San Pedron jaio zinen, baina 5 urte zenituenean joan zinen familiarekin. Euskal Herriaz zerbait oroitzen duzu?
PACO RABANNE. Oso gutxi egia esan. Nire aita Ipar Armadako komandantea zen eta gerra zibila bukatu zenean alde egin genuen. Gernikako bonbardaketa gogoratzen dut, bertan egon baikinen. Amak arkatz bat jarri zigun ahoan lehergailuen uhinek gure belarriak mindu ez zitzaten.
A. Gero Bretainiara joan zineten.
P.R. Frantziara heldu ginenean II. Mundu Gerra hasi zen eta gobernu frantziarrak Bretainian ezkutatu gintuen.
A. Bretoieraz hitz egiten badakizu.
P.R. Noski. Gu bizi ginen herria oso txikia zen eta nirekin jolasean egoten ziren bretainiar neska-mutilek ez zekiten frantsesez eta bretoieraz konpontzen ginen. Euskaraz hitz batzuk besterik ez dakizkit, ama eta amona euskaldunak izan arren.
A. Euskal Kultur Bideetan taldeko bazkidea zara.
P.R. Bai, oso lagunak ditut Rogelio eta Paco Ibañez. Frankoren garaietan Frantzian geunden errefuxiatu politikoek harreman handiak izan ditugu. Oso ideia ona iruditu zitzaidan, baina ez daukat nahi beste denbora taldearen jarraipena egiteko. Euskal herritarra naiz eta halaxe sentitzen naiz.
A. Arkitektoa zara. Nola sartu zinen goi-mailako joskintzaren munduan?
P.R. Ama jostuna zen eta Balenciagaren etxean lan egin zuen. Berak oso gustoko zuen moda, eta asko hitz egiten genuen horretaz. Garai batean bitxiak, botoiak, brodatuak eta abar saltzen ibili nintzen, eta orduan konturatu nintzen izugarrizko diferentzia zegoela frantziar kultur mugimendua eta goi mailako joskintzaren artean. Azken hau 60ko hamarkadan oso atzeratua zegoen.
Artistek ohizko euskarriak eta materialak baztertu eta material berriekin esperimentatzen hasi ziren. Aldiz, moda munduan, ez zen horrela gertatzen. Ni hasi nintzen oihalak baztertzen eta garai honetako materialak erabiltzen, hau da, aluminioa eta plastikoa. Beste arte batzuetan egin ziren esperientziak modara egokitzearena. Nik ez nuen jostun izan nahi. Esperientzia hau probokazio saio bat besterik ez zen izan, baina hainbesteko arrakasta lortu nuenez, jarraitzea erabaki nuen.
A. Haragiztapenari buruzko liburu bat idatzi duzu. Nondik datorkizu interes hau?
P.R. Nire ama oso marxista zen eta amona, aldiz, fededuna. Oso txikitatik esperientzia harrigarriak izan ditut eta nire amonak asko lagundu zidan ahalmen hau ulertzen. Gure familiak zuen ahalmena zela esan zidan. Berak kontatu zidan euskaldunen jatorri misteriotsua: Atlantidatik gentozela, 78.000 urteko historia dugula eta abar.
Gure amak, marxista legez, ez zuen horrelako gauzetan sinesten. Hasieran ni marxista nintzen. Baina gure familia barruan ere, oso pertsona desberdinak ginen. Beste bizitza batzuetako esperientzia desberdinen emaitza da hori, bizi dugun bizitza beste bizitza batzuen emaitza da.
Txikitatik bidaia astralak egiteko ahalmena izan dut. Hau da, nire gorputzetik atera eta denboran zehar bidaiatzekoa. Horrela izan dut nire aurreko bizitzen berri, ikusi egin ditut. Liburua nire esperientziei buruzkoa da, autobiografikoa. Badakit gauza hauek kontatzen dituztenak zorotzat hartuak eta mesprezatuak direla. Eta nik, Paco Rabannek, nazioarteko arrakasta lortu eta dirutza handia egin duen pertsonak, horrela hitz egitea ez dute ulertzen.
A. Zure diseinuetan erabiltzen dituzun metalak, zerikusirik daukate sinesmen horiekin?
P.R. Jakina. Indiar filosofiaren arabera, Urre eta Zilar Aroak eta gero, Metal Aroa dator. Hori da guk bizi duguna. Horregatik emakumea metalez estaltzen dut, aro honen amaieran gaudela adierazteko. Osatzen edota hiltzen duen guztia, gaur egun, metalezkoa da, bonba atomikoa bera ere. Gero Acuario edo Urre Aro berria etorriko da eta oso zoriontsuak izango gara. Baina Urre Aroa heldu baino lehen III. Mundu Gerra jasan beharko dugu. Arabiarrak Espainia hartuko dute eta hortik Europa osora zabalduko dira. 1995ean gertatuko da, Jugoslavia ohiko aferagatik. Hori Nostradamusek idatzitako profezietan irakur daiteke.
A. Dena den, zure sinesmenez gain, oso negozio gizon handia zarela diote. Adibidez, kosmetikatik arropa diseinuetatik baino diru sarrera oparoagoak lortzen dituzu.
P.R. Baina hori erraza da. Erne egotea eta gizartea aztertu eta ulertzea besterik ez da. Inteligentzia analitiko handia dut, gertaerek ni gainditzea ez zait gustatzen. Nire burua eta nire ingurua aztertzen ditut, lehenalditik etorkizunera eramango nauen ikuspuntua dut. Horrela erraza da etorkizunean zer gertatuko den jakitea. Niretzat guzti hori naturalki ematen da. Arnasa hartzea bezala da. Ni argikuslea naiz. Badakit Mitterrand otsailean joango dela, Jugoslavia ohiari behin-behineko konponbidea emango zaiola, baina ez da nahikoa izan lehen aipatu dizudanagatik.
A. Beraz, gaur egun zarena... bazenekien?
P.R. Gaztetan izan nuen ikusmen hori, eta amari kontatu nionean zoratuta nengoela esan zidan.
A. Gai hau alde batera utziz eta zure lan konkretura itzuliz, zure ustez zein da egun diseinatzaileen papera? Pertsonei itxurazko edertasuna ematea?
P.R. Kontrakoa da. Sakoneko pertsona janzkeran ikusten da. Lehen janzkera sinbolo soziala zen. Absolutismo garaian adibidez, maila sozialaren adierazgarri zirenez, jendeak goi-mailako arropak erabiltzen zituen. Gaur egun desberdina da, janzkera izaeraren erakusgarri da.
A. Goi-mailako joskintzan, zeintzuk dira negozioan eman diren aldaketak?
P.R. Bizitzen ari garena oso garai txarra dugu. Mundua aldatzen ari da, gure zibilizazioa ere bai. Egun munduan ditugun arazoak horregatik daude, mundu zaharra atzean utzi eta beste bati hasiera ematen ari garelako. Modan berdina gertatzen da. Orain arte, maila sozialen artean izugarrizko diferentziak egon dira, eta goi-mailako jendea zen, diruduna, moda horren inguruan zebilena. Moda aldatzen ari da, mundua ere aldatzen ari delako. Baina jostunek eta diseinatzaileek ez dute aldatu nahi. XXI. mendean sartuko gara, eta honek beste lengoaia, ikuspuntu, taupada batzuk ditu. 10 urte barru gauzatuko dira aldaketa horiek.
A. Goi-mailako modari dagokionez, non dago artea eta negozioaren arteko muga?
P.R. Goi-mailako joskintza ez da janzkera bat. Bizitzeko era bat, ikusleiho bat da, mass-media-k erakartzeko publizitatea da. Publizitate horren bidez izen ona lortzen duzu beste gauza batzuk saltzeko. Goi-mailako joskintza kazetarientzat egina dago, eta diseinatzaileen artekoa norgehiagoka bat da. Horregatik, gero eta gehiago, artea da.
Hemendik aurrera gero eta gauza arraroagoak egingo dira, arroparekin aukera artistiko gehiago landuko ditugu. Eta, aldiz, janzteko pret-a-porter-a erabiliko da, gauza xumeagoak, komertzialagoak. Jada, 90eko hamarkadan pasabidea aukera artistiko horiek lantzeko erabiltzen da, laborategi bezala. Baina bestetik, behar artistikoa da, une poetikoa, amets bat bezala. Amets egiten ez duen zibilazioa hildako zibilizazioa delako, komunismoari gertatu zaion bezala.
A. Emakume edota gizon eredu bat duzu inspirazio iturri bezala?
P.R. Ez, munduko toki desberdinetatik deitzen didate. Japoniatik, Amerika osotik, Europatik... Ez dago emakume eredu orokor bat, denak dira desberdinak. Bilduma berean daude jantzi desberdinak. Pret-a-porter-a, agian, bada emakume gazte bati zuzendua, 30 urte ingurukoa, ausartagoa... Paco Rabanne estiloa nabaritzen da. Arrunta ez den estiloa, konbentzionala ez dena, modernoagoa, esperimentalagoa.
A. Berdina al da gizonentzat eta emakumeentzat lan egitea?
P.R. Gizona janztea oso zaila da, pinguino batzuk direlako. Pinguinoak bezala janzten dira. Euren gizontasuna galtzearen beldur dira eta ez dituzte koloreak erabiltzen, protestanteak eta juduak beti beltzez joaten diren bezala. Gaur egungo gizonek lerro hori jarraitu dute. Maritxutzat hartuak izatearen beldur dira. Oso zaila da eurentzat lan egitea, gizontasuna eta janzkera nahasten dutelako. Ziur nago pinguinoen artean ere maritxuak daudela.
A. Inoiz saiatu al zara gazteentzat lan egiten?
P.R. Nire epealdirik arrakastatsuena 70eko hamarkadakoa izan zen. Gaur egungo gazteak garai horretara itzuli dira, 70eko moda janzten dute eta horregatik nire estiloa berriro ere modan jarri da, eta gazteek erabiltzen dute batez ere.
Myriam Gartzia
Myriam Gartzia
28--32


GaiezGizarteaModa
PertsonaiazRABANNE1
EgileezGARTZIA3Gizartea

Azkenak
Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


Eguneraketa berriak daude