«Orri t"erdian jipoitu edo goraipatzea eguneroko ogia bihurtu da literaturan»


2021eko uztailaren 19an
Luis Mari Mujika, "Egan"en zuzendari berriari elkarrizketa
«Orri t'erdian jipoitu edo goraipatzea eguneroko ogia bihurtu da literaturan»
Luis Mari Mujika idazle eta ikertzaileak zuzenduko du «Egan» aldizkaria
Hiztegigintzan jardun du. Euskal Herriko toponimia linguistikoa arakatu du goitik behera. Poesia idatzi eta ikertu. EHUn irakasle da ogibidez. Luis Mari Mujika «Egan»en aro berria gidatzera dator, narratiba mailako Azkue saria irabazi duen honetan.
ARGIA. Gerra ostean sortua, hainbat urteren ondoren gainbeheran erori eta desagertua zen «Egan» aldizkaria. Nork bultzatu du berriro kaleratzera eta zergatik?
L.M. MUJIKA. Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearena da jabegoa eta eurek eskatu zidaten ofizialki zuzendaritza hartuko al nuen, gainbehera batean zegoela eta nolabait atera nahi zelako. Nahikoa denbora zalantzan egon ondoren, Gillermo Etxeberriaren laguntzarekin animatu nintzen zuzendaritza hartzera.
A. Zer ikusi dauka oraingoak Mitxelena, Arrue eta Irigaraik eraikitakoarekin?
L.M.M. Honek sei sail izango ditu, garrantzi handiena azterketa literarioak jasoko duela, aldizkariaren erdia edo. 40 kolaboratzaileri lana eskatu diogu. Firmak ahalik eta gehien zabaltzen saiatuko gara. Sorkuntza literarioan berriz, lehengoari eusten diogu eta itzulpengintzan atal batzuk jorratu nahi ditugu.
A. Zer arrazoik eraman zaituzte literatura unibertsala jorratzera?
L.M.M. Euskarazko literaturaren egungo egoera eta beharrak kontuan harturik itzulpenen leihoa ireki nahi izan dugu.
A. Kritika literarioaren bitartez zerbait berria egin nahi duzue. Zer muga ikusten dituzue aldez aurretik?
L.M.M. Oraingoz nahiago dugu helburu handiegirik ez jartzea. Kritika egitea oso zaila da, herri txikia gara eta; objetiboak izaten ahaleginduko gara, posible bada bederen.
A. Azterketa literarioari aldizkari erdia ematea ez al da gehiegi?
L.M.M. Izan daiteke. Apropos jarri dugu maila hori. Sakonketa bat egin nahi genuke, «Egan» hau ez delako masiboa. Arlo zenbaitetan gidatzaile izan daitekeen kritika literarioa osatzea da gure hurbileko helburua.
A. Zeintzuk izan dira idazleak aukeratzeko baliatu dituzuen irizpideak?
L.M.M. Denetarik dago. Aldizkariak serietatea eta jarraipena eduki dezan saiatu gara; euskal literaturak halakoetan pott egiten du eta guk ziurtatzera jo dugu, horretarako diruz hornituz. Laguntzak jaso ditugu, eta horiei esker, orri bakoitza ordainduko da, arreta eta seriotasunean irabaziko dugulakoan. Nire lehen baldintza hori izan zen.
A. Diruaren bidez baldintza berriak sor al daitezke?
L.M.M. Autore batek ikusten duenean bere jatorrizko produkzioak ez duela ezer balio eta itzultzaileari bi eta hiru mila pezeta ordaintzen zaizkiola, izugarrizko konparazio iraingarria sortzen da. Noski baldintza berriak sor daitezkeela.
A. Martxan jarri duzuen adibidea beste esparruetara zabal daiteke?
L.M.M. Ona izango litzateke.
A. Eta posible?
L.M.M. Bai. EAEk kontzertu ekonomikoak ditu eta hori izugarrizko diru iturria da. Arduradunak lotsarazi behar ditugu kulturarako dirua behar dugula esanez.
A. Zer baldintza gehiago jarri dituzu aldizkariaren zuzendaritza hartzeko orduan?
L.M.M. Askatasun osoz lan egitea. Azterketa literarioaren garrantzia honela erabaki genuen, ez dadin aldizkaria bertsoak edo ipuinak sartzeko bakarrik izan.
A. Horrekin zer esan nahi duzu, bertsolaritzak ez duela lekurik izango?
L.M.M. Sorkuntza sailean behar luke izan, nahiz eta nahikoa kritikoa naizen.
A. Kritikoa zertan, daraman bidean?
L.M.M. Euskaldun ez direnei kultura abarkadun batekoak garen irudia ematen diegulako; bertsolaritzan enfasi eta euforia gehiegi jartzen ari gara eta beste alorrak itzaltzen. Ez zaigu komeni, besteen ikuspegitik begiratuta, herri asto bat garenik azaltzea.
Bertsolaritza onartzen dut, gustatzen zait, baina produkzio ez kultoa da. Pentsatzen dute, eta aurriritzia indartzeko arriskua dago, ahozkoa bakarrik saiatzen dugula. Horrek ez digu onik egiten, azken hogei urteotan Euskal Herriak izugarrizko hazkundea eduki duelako alde guztietatik.
A. Zein beste sail itzaltzen ari dira?
L.M.M. Poesia kultoa adibidez ez da ezagutzen, eta zazpigarren kategoriako bertsolariak bai aldiz. Arriskua horretan datza; oreka bilatu behar da.
A. Sorkuntza mailan zer lehentasun azpimarratuko duzue? Poesiarena?
L.M.M. Adibidez. Poesia moderno guztia hartuko dugu, nahiz eta betegarri pixka bat izango den. Hamar bat orri jarri dizkiogu aldizkari honetan, eta antzerkiari ere lekutxo berezia eskaini diogu.
A. Antzekia literaturaren azken muturrean dagoela esan ahal dugu.
L.M.M. Saio berezirik egin beharko genuke, baina ohardun naiz betiko ahizpa itsusia dela...
A. Izen berrientzako plaza izango al da aldizkaria?
L.M.M. Ekartzen badizkigute lanak, noski.
A. Gauza bat da ekartzea eta bestea jendearen atzetik ibiltzea.
L.M.M. Interesik ikusten badugu ibiliko gara. Hala ere gure produkzioa murritza izango da, urtean hiru ale, eta indarrak neurtu beharko ditugu.
A. Zer leku beteko du «Egan»ek aldizkari literarioen arten?
L.M.M. Batez ere aipamen eta kritikari dagokion esparruan leku berezia.
A. Kritika literarioaren osasuna ona, kaskarra ala txartzat joko zenuke?
L.M.M. Autoreak eta kritikak azalki, lan sakonik egin gabe, jorratzen dira. Monografikoak edo azterketa serioagoak egitera jo behar da. Bide bakarra hori ikusten dut, bestela elurrezko bolaren moduan gabiltza, batek hau esan duela eta beste guztiak atzetik...
A. Kritikaren seriotasuna aipatu didazu. Zerk egiten du kritika bat serioa?
L.M.M. 8-10 orriko kritika bati garantia gehiago ematen diot orri t'erdi batean egiten denari baino. Bat kritikari oso ona izan daiteke, zehatza; asma dezake, baina berdin erratu daiteke. Orri t'erdian jipoitu edo goraipatzea eguneroko ogia bihurtu da. Erreseinak egitea zilegizkoa da baina ez badira tremendismoaren kutsupean lantzen.
A. Mundu hori usteldu samarra antzematen al duzu?
L.M.M. Nahikoa hertsia. Taldekeriak funtzionatzen du eta ez bazara talde horietan sartzen marjinazioa paira dezakezu.
A. Aipatzen dituzun talde egitura itxi horiekin puskatzeko zer?
L.M.M. Ahalegindu.
A. Apustu serioa egin duzue unibertsitatearekiko loturak estutzen ere.
L.M.M. Euskaltzaindia egiten ari den bezala. Euskaltzaindiarekin gauden guztiok unibertsitatearekin lotura eginda gaude.
A. Unibertsitateak pentsatzen zena baino gutxiago eman duela diotenekin al zaude?
L.M.M. Ematen ari dela uste dut. Gurekin dabiltzan gehienak bertan dabiltza. Hori bai, orain izugarrizko konpromezua izango du, %40 euskarazko ikasketetan sartuko baita. Mende hau bukatzean 20.000 karreradun euskaraz egindakoak eduki ditzakegula esan nahi du, 1970ean, bi ere ez zeudenean. Izugarrizko iraultza da hori.
A. Hizkuntzaren ikerketen alorrean eta literaturgintzan aritu ostean isilean pasa dituzu hainbat urte.
L.M.M. Zortzi urteko isilunea izan dut, Gipuzkoako toponimiari loturik. Erraz har nezakeela uste nuen eta izugarrizko materiala biltzera iritsi naiz, 18 tomo, 120.000 toponimo guztira. Euskal Herri osokoa bildu ondoren uztea deliberatu dut azkenik, nekatuta.
A. Lizardi eta Mirande aztertu dituzu, lirika tradizionala jorratu. Sorkuntza eta azterketa poetikoan aritu zaren arren zure lanek begirune gutxi jaso dute. Zuzen ari al naiz?
L.M.M. Antologia guztietan azaldu naiz 1970eko belaunaldikoa bezala. Nire postura jartzeak eduki ditut, Arestiren kontra bere momentuan. Sinbolismoaren bidetik hasi nintzen, Mikel Lasarekin batera; beti kanpoko bidetik, barrukoa higuinegia iruditzen zitzaidan, baserrikeria.
Nik landutako sinbolismoaren bidea, surrealismo sinbolistarena hor geratu da. Kritikari batzuek ez dute irakurri, zer nahi duzu egitea? Adibide bakarra naiz, Gaindiaga eta Lekuonarekin, poesia neurtuan. Neurria nahiz errimari lotutako poesia ederrestu eta lehenesten dut, gure hizkuntzak izugarrizko erraztasunak dituelako neurtua egiteko. Bertsolaritzak egiten badu guk zergatik ez? Librea egitea erraza da, erosokeria.
A. Beraz, erresuminik ez duzu?
L.M.M. Ez, nirea eman dut; beste batzuena bezala ez dute aztertu, baina erresuminik ez dut.
A. Zer dela eta hasi zara narratibagintzan?
L.M.M. Nekatuta nengoen eta desafio moduan heldu diot.
A. Azkue sariak zer eman dizu?
L.M.M. Animatu egin nau.
A. Errekonozimendu ofizialerako behar zenuen berma lortu duzu?
L.M.M. Jendeak ez du poesia irakurtzen, eta narratibara etorri naizela jendeak gehiago leituko ote ditu nireak.
Nobela kritikaren ahulezia, gabezia, hain da gogorra Euskal Herrian ezen edozein gertaerek alda baitezakete atentzioa. Sari hau objetiboa iruditzen zait eta beste bi edo hiru nobela ateratzera animatuko nau. Poesia pilo bat dut etxean argitaratu gabe eta ez dut argitaratuko hiru nobela horiek egin arte.
A. Sail askotan aritutakoa izan zara; burua gauza askotan duena ez omen da ezertan tajuz aritzen, dio esaera zaharrak.
L.M.M. Hain zen ahula Euskal Herria ezen urduritasunean bizi baikinen, iritsiko ez ginelakoan. Horren pean gauza asko egin behar izan genituen. Hiztegigintza eta toponimia, kasu. Toponimiako lanei probisionaltasun bat eman diet. Halako multzoa topatu nuen! Argitaratzeari ekin nion, gero lan sakonagoak etorriko zirelakoan.
J.J. Petrikorena
J.J. Petrikorena
56-59


GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaAldizkariak
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaBesteak
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakMUJIKA2
PertsonaiazMUJIKA2
EgileezPETRIKOREN1Kultura

Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Sostengua adierazi diote Marieniako lurren aldeko borrokari hogei kolektibok

Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Langile bat hil da Zornotzan, Forest Trafic SL enpresan

Boroa industrialdean hil zen 41 urteko I.P.C langilea, abenduaren 30ean biltegiko inbentarioa egiten ari zenean. ELA eta LAB sindikatuek, eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman dute istripuaren berri.


Eguneraketa berriak daude