«Jendeak uste du Kultura Sailaren zeregina diru laguntzak ematea dela»

Joxe Joan Txabarri, aurki Madrileko parlamentari berria EAJren izenean:
«Jendeak uste du Kultura Sailaren zeregina diru laguntzak ematea dela»
Oso gazte hasi zen lanean urtebetez Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ordea izan dena. Joxe Joan G. Txabarrik ofizio asko izan ditu 35 urte besterik ez baditu ere. Ikastolako irakasle gisa, UZEIko Pedagogia saileko arduradun edota HABEko zuzendari gisa aritu da lanbide berria heldu zaion arte. Orain, Madrileko parlamentari bilakatuko dela eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sallaren norabideaz, egunkariaz, EAJz etabeste hainbat gaiez mintzatzeko parada izan dugu.
ARGIA. Zeintzuk izan dira, Kultura Sailburu orde gisa, batik bat zuk zeuk bete dituzun lanak?
J.J. TXABARRI, Urtebetean ez duzu gauza handietarako betarik. Hori kontuan izanik, hiru lanetan aritu naiz gehien bat. Alde batetik, Ondare Zuzendaritzako programak indartu ditut. Ondare legeak liburu, museo eta artxibategi zentruak eskatzen ditu. Beraz, lan nagusietariko bat, aipaturiko hiru zentru horiek eraikitzea izan da. Honekin topiko bat aipatu nahi nuke.
Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak kendu dituela entzun izan dut. Kultura Sailaren zeregina diru laguntzak ematea dela uste du jendeak. Nik, berriz, gestio kulturala indartu nahi izan dut. Azken finean, Jaurlaritzak, hark bakarrik bete ditzakeen lanak ditu eginbeharrak. Zentzu honetan, liburuen mundua, museoen mundua, Guggenheim delakoaren historia guztia, Bergaran dagoen Ondare Zentrua... Hauexek sendotu ditugu, eta nabarmen gainera.
Orain arteko diru laguntzaren kontzeptua atzean utzi eta programak indartzearen alde jarri gara. Dirua ez dugu helburu finalistetara bideratu. Hau da, orain arte, batek daki zertarako banatzen zuen dirua. Diru laguntzak ez ditugu besterik gabe banatu nahi. Lan inportantea egin dugu EAEko hiru diputazioekin koordinatuta. Azken finean Kultura saileko eginkizun gehienak diputazioetan bait daude. Mapa kultural bat egin dugu, eta horren arabera banatu dugu dirua.
ARGIA. Euskaltzale asko duzue, ordea, haserre.
J.J.TX. Haserreak normalak dira. Nork bere interesak defendatzea guztiz legezkoa den neurrian, ez naiz asaldatzen. Hori ez da nere egitekoa. Baina besterik ere bada. Bertsolarien kasua aipagarria da, esate baterako. Haiek ematen dituzten datuen arabera, dirutza galantak jasotzen dituzte. Puntako bertsolariek 4-6 milioi pezeta irabazten dute. Jakin nahiko nuke dirutza horretatik zer zerga ordaintzen duten, hori nere ardura bait da. Ni zergen arduraduna naiz eta horrelako daturik ez dut. Belodromoa, Victoria Eugenia Antzokia bete, irabazi nabarmenak sortu, eta diru laguntza eman behar al zaie gainera! Diru laguntzak? Gauzak horrela, bat ere arazorik ez dut liburutegiak indartzeko, irakurtzeko zaletasuna bizteko saioan iharduteko.
Politikoa naizenez, erabakiak hartu behar ditut. Lehentasunak zehaztu behar ditut. Bertsolaritza, esate baterako, berez baldin badabil, gizarte zibilak erantzuten baldin badio, Administrazioak ez du zertan lanik hartu behar horretan. Amorrazioa ematen dit, berez dabilena oraindik gehiago bultzatzeagatik ezin egin ahal izana herriari oinarrizkoak zaizkion gauzak. Beraz, oso lasai nago horren aurrean. Ez dut uste maila pribatuan inor kontra dagoenik. Ikuspegi honetatik EAJk beti esan izan ditu gauzak garbi, nahiz eta gero egurra ematen diguten bazter guztietatik. Ardura geurea da, eta asumituta daukagu.
Guggenheim zela eta ez zela hasieran zalaparta ederrak entzun ditugu, baina hasi dira apaltzen. Gogoetak, datuak aurrean izanda egin behar dira. Guk ez ditugu diru laguntzak kendu. Programak bultzatu ditugu. Dena delakoari 50 milioi ematen dizkiozu eta zertarako? Funtzionari pribatuak sortzeko? Herri bizitzan zer eragin du horrek? Hori gizarte zibila antzu bilakatzea da.
Gauzak muturreraino eramanda. AHVkoek protesta egiten dutenean, denok ulertzen dugu. Bidezkoa da lanpostua defendatzea. Inori ez zaio harritzen. Kultura munduko langileak, haien lanpostua defendatzen ari direnean, Kultura defendatzen ari direla esaten dute. Hor dago koska. Ni, behintzat, ez nago konforme. Eztabaida hori bideratu gabe dago oraindik.
A. EAJ euskalduntzen ere lan egin duzu.
J.J.TX. Gauza horietan ni beti izan naiz antidemagogikoa. Beste alderdiek planteatzen dituzten gauzek nere onetik ateratzen naute, gezurra erizpide bilakatzen bait da. Ez zait iruditzen erraz bota ohi diren hitz potolo horiek praktikan emaitza onik ote duten.
EAJren euskalduntzea dela eta, gazteei begira egin ditugu ahaleginak, batik bat. 25 urtetik beherakoek euskaraz egiten dute gehienek gaur egun. GBBn denok gara euskaldunak. Burukideen arteko ahozko harreman guztiak euskarazkoak dira. Jakin nahiko nuke nik, zein beste alderdik burutzen dituen exekutibako bilerak euskara hutsean! Denborarekin topikoak gainditu egiten dira eta bideak berak erakusten du gauzak nola doazen. Antzua iruditzen zait Arzalluzen euskara hobetzen enpeinatzea, esate baterako. Ni, horretan minimorik ez xahutzearen aldekoa naiz.
Donostiako pleno famatu hartan, EAko zinegotziek EAJkoei "español" deitu zieten. Gure lau zinegotziak, ordea, euskaldun alfabetatuak dira, EAtik alerik ere ez. Beraz, gezurretan oinarritzen ditugu apreziazio politikoak. Nahastu egiten ditugu gauzak.
A. Nola ikusten duzu oraingo postu berria?
J.J.TX. Esperientzia politiko berri gisa. Ez dakit zer gertatuko den. Alderdiak talde parlamentaria indartzea erabaki du. Hauteskundeen usaina ere, geroz eta nabarmenagoa da. Bestalde, datorren legealdian garrantzitsuak izango dira hezkuntza eta kultura arloak, protagonismo handiagoa emango zaie. Gainera, telebistaren eredua ere auzian jarri nahi da. Nere presentzia alde horretatik neurtu behar da.
A. PSOE ere gehiengo absolutua galtzeko arriskuan legoke.
J.J.TX. Bai katalanekiko, bai gure taldearekiko harremanak alda litezke.
A. Ministrorik izango du EAJk?
J.J.TX. Izan ditu. Hipotesi horiek dira jokoan daudenak. Printzipioz ez dugu aparteko irrikirik Madrilen. Baina gaur egungo gizarteak, herriaren interesak defendatzeko toki guztietan egotea agintzen du. EAJk Europako gobernuan ministrorik lortuko balu ez litzateke inor beldurtuko. Bai Paris eta bai Madrileko harremanak normalizatuko dira. Hipotesi hori heltzen bada, inongo lotsarik gabe eutsiko diogu
A. Gainontzeko karguak utziko dituzu, Zarautzen zinegotzi izateari, esate baterako?
J.J.TX. Zarautzen oposizioa izatea egokitu zaigu. EA lehenengo indarra da Zarautzen. Gurea bigarrena da. EA, EUE eta PSOE daude gobernu batzordean. Gu berriz, HBrekin batera, kanpoan gaude. Begira zein erraz erortzen diren EAk dituen topikoak. Tristea bada ere, hitzarmenak ez dira herriaren interesaren alde egiten. Ez dira gehiengo naturalaren arabera egiten. Arerioa txikitzeko egiten dira. HBk ere beste horrenbeste egiten du. Horixe da boterera heltzerakoan mantentzen den jokaera.
A. "Euskaldunon Egunkaria"rekin harremanak izan dituzu. Eusko Jaurlaritzako zure ordezkoak, Mikel Etxeberriak emango al dio segida saio honi.
J.J.TX. Hala zait. Nik egiten dudan planteamendua argia da. Eusko Legebiltzarrak erabakia hartua du honen inguruan. Alegia, egunkari euskaldunaren beharra badela, baina bi egunkarik ez dutela merkatuan lekurik. Horretaz gain, bideragarritasun plana egin, proiektu bat aurkeztu eta estilo liburua sortu behar zirela ere erabaki zen. Aurten hiru lanok bukatutzat eman ditugu. Estilo liburua ere amaituxe bait dago. Euskal egunkari publikoa egingo bada erabaki hauei eutsi behar zaie, eta ez 150 milioiko ideia horri, eta ez bestelako emendakinei ere. Horiek ere teoria gezurraren gainean eraikitzen bait dute. Zentzu honetan, "Euskaldunon Egunkaria"k lanean darrai. Kalitate aldetik, nere ustez, poliki eta txukun ari da. Honek irauten duen bitartean besterik ezin bait da egin. Bi egunkari kaleratzea Legebiltzarraren erabakien kontra doa. Bi izango bait lirateke.
Gu "Euskaldunon Egunkaria"ko Administrazio Kontseiluarekin harremanetan jarri ginen. Pare bat bilera egin genituen. Planteamendu horrekin topaguneak bila daitezkeela uste dut, batez ere gaia despolitizatzen den neurrian. Azken finean, horren atzean ETA dagoen neurrian, herri honetako gehiengoak ez du pausorik txikiena ere emango horretan. Hauxe sakontzen, argitzen, baretzen den neurrian, bakoitzak nahi duena egin eta pentsa lezake.
A. "Euskaldunon Egunkaria"ren atzetik ETA egon litekeela esan duzu, ala nik gaizki ulertu dizut?
J.J.TX. Hipotesi horren barruan baldin badago, konponbiderik ez du. Hipotesia besterik ez da. "Euskaldonon Egunkaria" estrategia politiko baten adierazpena baldin bada, ez dago akordiorik. Arazoa ez da euskara. Kasu honetan euskara adjetiboa da, eta sustantiboak bilatu behar dira. Zer da? Komunikazio tresna? Iritzi sortzailea? Definizio arazoak daude. ETA edo "MLNV'' delakoa baldin badaude atzean ez da akordiorik izango. Ez legoke eragozpenik, euskaraz bizi nahi duenari egunero irakurgaia ematea balu helburu, pluraltasunean egingo balitz. Nere iritziz, HBk pluraltasuna bere munduaren adierazpide bezala bakarrik ulertzen du. Azken egunotako gertaerak lekuko. Horri, politikan faszismo gogor eta zorrotza deitzen zaio.
Nik besteek esaten dutena onartzen dut, eta ez da ezer gertatzen, lagun izaten jarraitzen dugu. Horregatik tiroak bota badaitezke...
A. Azken bolada honetan EAJren baitan saltsak daudela kaleratu du prentsak. Zein neurritan da, zure ustez, egia.
J.J.TX. Gipuzkoan eta Nafarroan, behinik behin, horrelakorik ez dago. Araban eta Bizkaian neurri txikiagoan plazaratu dira horrelako zipriztinak. Nere ustez, gehiago dira egoera pertsonalek eta interesek bultzatutako mugimenduak. Baina horretarako egiten dira lau urtean behin hauteskundeak.
Neri pertsonalki ez zait Madrilera joatea interesatzen. Hobe nengoen orain arte bezala, baina batzuek promozio gisa planteatzen duten neurrian isildu beharra daukat. Beste batzuei alderantzizkoa gertatu zaie. Horrek sortzen ditu zipriztinak. Dena den, arazoaren funtsa osagai ideologikoetan aurkitu nahi izatea gehiegizkoa iruditzen zait. Ez zait bat ere ongi iruditzen hainbati "Arzalluzen gizona" deitzea. Gauza hauek hala ere normalak dira. EAJk gauza bat du ona: barruko demokrazia. Burukideak baseetatik aukeratzen dira, eta kazetariek jarraipena egin dezakete. Ezagutzen al duzu horrela funtzionatzen duen beste alderdirik? Horrelako transparentziarik ba al dute besteek?
Garbiñe Ubeda
8-11

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakParlamentua
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEAJ
PertsonaiazGONZALEZ7
EgileezUBEDA1Politika

Azkenak
Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute, Palestinari keinu eta arrazakeriari aurre egiteko

Donostiako herri mugimenduak artikulatuta hainbat auzotan antolatzen den Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute (11 + 5, beraiek dioten bezala, eraitsitako Kortxoenea gaztetxeko bost urteei erreferentzia eginez). Aurten sei proiekzio egingo dituzte ondorengo... [+]


2024-09-13 | ARGIA
Tematzearen emaitza: errepide seinaleak euskaraz

Herritarrak eskatzen du seinaleak euskaraz jartzeko. Gobernuak erantzuten dio legeak ez duela horretara behartzen. Behatokiak erantzuten dio, legeak ez badu derrigortzen ere, euskaraz jartzeko debekurik ez duela. Gobernuak bereari eusten dio. Alabaina, herritarrak tematzen dira... [+]


2024-09-13 | Euskal Irratiak
Baionako zitadelako eraikuntza proiektuak arrangura piztu ditu ekologistengan

Baionako zitadelan proiektu berriak ditu armadak. Eraikin berriak egin nahi ditu eta horretarako oihanaren zati bat deseginen dute eta ura atxikitzeko bi gune ere sortu nahi dituzte.


Aysenur Ezgi Eygi-ri zuzenean egin zioten tiro burura Israelgo soldaduek, autopsiaren arabera

Turkiar-estatubatuar aktibista irailaren 6an hil zuten Beiti herrian, Nablus hiriaren ondoan, Zisjordanian, Palestinako Lurralde Okupatuetan. Orain forentseen azterketek iradokitzen dutenez, Israelgo soldatuek zuzenean egin zioten tiro aktibistari.


Iturbide, Jiménez eta Azkona estatuaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.


Madrilgo Rolando kafetegiko hamahiru hildako haiek ETAm-ren eta ETApm-ren zatiketaren erdian

Ostiral honetan betetzen dira 50 urte ETAk, 1974ko irailaren 13an, Madrilgo Rolando Kafetegian bonba bat lehertarazi eta hamahiru pertsona hil zituela. Ofizialki 2018an onartu zuen erakundeak ETAren egiletza, bere burua desagertze bidean jarri zuenean.


2024-09-13 | Gedar
Bi lizarratar epaitu dituzte, Voxen salaketa baten harira

Faxisten aurka protesta egiteagatik auzipetu zituzten Lizarrako bi kideak. Asteazkenean, epaiketaren egunean, Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea egin zuen epaitegi aurrean. Voxeko faxistak jarrera probokatzailearekin agertu ziren bertara, eta Guardia Zibilak... [+]


2024-09-13 | Ahotsa.info
Urriaren 12an Tafallan eginen du manifestazioa Ernaik “españolismo eta faxismoaren aurka”

“Españolismoaren eta faxismoaren normalizazioan” Hispanitatearen egunak jokatzen duen papera salatzeko urriaren 12an Tafallan mobilizatuko da Ernai. “Gu, Nafarroako etorkizuna gara, haiek, aldiz, iragana. Faxismoak herri honetan lekurik ez duela argi... [+]


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Donostiako bi familia etxegabetze arriskuan daudela salatu du Kaleratzeak Stop plataformak

Zaurgarritasun ekonomikoaren baldintzak betetzen dituzten arren, Santander bankuak ordainketak epe batez etetea ukatu die bi familiei.


Eguneraketa berriak daude