«Euskal ekonomiak daukan arazorik larriena enpresariak dira»


2021eko uztailaren 19an
Mikel Navarro, Euskal Herriko siderurgiari buruz
MIKEL NAVARRO
«Euskal ekonomiak daukan arazorik larriena enpresariak dira»
Orain dela hiru urte amaitu zuen bere tesia Mikel Navarro donostiarrak. Bertan, gaur egun Euskal Herriko siderurgiak bizi duen egoera larria aurreikusten zuen. Acenor, AHV, Forjak... euskal altzairugintzaren erraldoien erorketa heltzear zegoela zioen. Arrazoia eskuraturik, egoera honen eragileez, ondorioez eta konponbide posibleez mintzatu da gurekin egun ESTEko irakaslea den gizon hau.
ARGIA. Zure tesia birmoldaketari buruz idatzi zenuen. Zer azterketa mota egin zenuen? Zer egoerarekin aurkitu zinen idatzi zenuenean?
MIKEL NAVARRO. Bi gauza aztertzen nituen bertan: alde batetik birmoldaket politika orokorra, hau da, sektore desberdinen markoa; eta bestetik, aplikazio konkretua egiten nuen siderurgian. Siderurgian dauden hiru azpisektoreak bereizten nituen: integrala, altzairu arrunta eta altzairu berezia. Nahiz eta hirurak siderurgian kokatu, bakoitzak arazo desberdinak zituen eta bakoitzaren birmoldaketa ere bide desberdinetatik joan zen. Gaur egun ere hiru sektore horietatik bat ondo dabil, altzairu arrunten sektorea. Nahiz eta krisian egon, errentagarria da. Beste biak, aldiz, oso egoera txarrean daude.
A. Zein lirateke sektore hauen perspektibak?
M. N. Altzairu arruntetan perspektibak onak dira. Errentagarritasun aldetik, ez enplegu aldetik. Sektorea ongi ibili arren ez da sortuko enplegu berririk. Are gehiago, etorkizunari begira logikoena enplegua gutxitzen joatea da. Instalazioak teknifikatuz doaz eta gero eta langile gutxiago beharko dira. Hori ondoen doan sektoreari dagokionez. Beste bietan oso beltz ikusten dut etorkizuna. Bizkaiko Labe Garaiek datorren urtean izugarrizko mozketa jasango dute eta ene ustez epe laburrera sektore integrala desagertu egingo da. Hori da posibleena. Altzairu berezien kasuan ere, krisiaren hasieran hamahiru bat mila langile bazeuden, hiru milara jaitsi dira gaur egun, eta nere ustez hemendik bost urtetara edo, mila langilerekin geratuko da. Gauzak ondo egingo balira, konpetitiboki behintzat, sektorea manten daiteke.
A. Acenor edo Labe Garaien porrotaz asko hitz egiten da, baina zer gertatzen da enpresa erraldoi hauen atzetik datozen enpresa txikiagoekin?
M.N. Enpresa hauetatik bi enpresa mota egoten dira zintzilik. Alde batetik enpresaren mantenimendua, garbiketa eta beste zerbitzu auxiliarrez arduratzen diren enpresak daude. Normalean fabrika kokatua dagoen herrian bertan eragin handia izaten dute. Hernanin, adibidez, Pedro Orbegozo desagertuko balitz ez lirateke galduko Orbegozoko langileen lanpostuak soilik, baizik eta hamaika lanpostu desberdin baita ere.
Horrez gainera, kontutan hartu behar da Pedro Orbegozo, Laudioko altzairua... desagertuko balira sektore eraldatzailea ere ukitua izango litzatekeela.
A. Labe Garaiak beste Acenor bat izango al dira azkenean?
M.N. Bai. Nik hori aspaldian esan nuen. Ez dago kondiziorik Bizkaiko Labe Garaiak dauden egoeran mantentzeko. Ez dut ikusten aukerarik enpresa hau errentagarri bihurtzeko. Egiturazko akats asko dauzka. Instalazio txikiak, sakabanatuak, portu handi baten hurbiltasun eza. Zalantzan jartzen dut Bizkaiko Labe Garaien bideragarritasuna.
Beste gauza bat da horren aurrean zer egin. Moldaketak egin behar badira, kontrapartidak eskatu behar dira, lanpostu berriak sortzeko konpromezuak. Ezin da salbatu siderurgia integrala. Acenor bai.
Doikuntzak egin behar direla garbi dago, eta zenbait eta beranduago egin okerrago. Arazoa da Administrazioak ebakuntza bakarrik daukala gogoan. Ez da konturatzen horrekin batera planifikazioa eta irteerak landu behar direla, baina moldaketari uko egiteak ez dauka zentzurik.
Acenorren kasuan, adibidez, Europako berrienetarikoak dira bere instalazioak. Alde horretatik, dauden soberazko produkzio ahalmenak gutxituko balira manten daitezke. Instituzioetatik laguntza ematen bazaio arazo bat sortzen da, Acenor salbatzean Afora eta Patricio Etxeberria pikutara joango direla. Beharrezkoa da ikuspegi sektoriala, eta eztabaidatu beharko litzateke ea zein planta mantendu beharko litzatekeen. Puntu honetan ikerketa serio baten falta somatzen da. Birmoldaketa ez da arazo ekonomikoa soilik, funtzio politikoak ere baditu, eta erizpideak bi faktore hauek kontutan harturik osatu behar dira. Ikuspegi ekonomiko huts batetik Bizkaiko Labe Garaiak herstea bada nere ustez irteerarik egokiena, politikoki ez litzateke posiblea izango. Sortuko lukeen erantzun sozialagatik, oso gogorra izango litzateke. Horregatik, erizpide politikoetan oinarritutako erabaki bat hartu behar baduzu, beharrezkoa duzu zer nolako egoera ekonomikoa duten jakitea. Eta momentu honetan ez dago ikerketarik egoera ekonomiko horiez.
A. Nola ari da jokatzen Eusko Jaurlaritza birmoldaketa honen aurrean?
M.N. Hasiera batean, balio erantsi handiko altzairuen sektorearen elkartzea bultzatzen saiatu ziren. Nere ustez ez zen oso praktikoa izan ikuspegia. Epe laburrera ez zitzaien pil-pilean zeuden arazoei heltzen. Balio erantsi handiko altzairuak gure etorkizuna zirela zioten Jaurlaritzakoek. Acenor nola zegoen ikusita ez nuen gehiegi sinetsi. Eta Acenorren arazoa guztiz garatu denean planteamendua askoz ere pragmatikoagoa egin da.
A. Ezertarako balio izan al du orain hilabete batzuk Madrilen Gobernu zentrala eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien arteko bilkurak?
M. N. Ez dago oso garbi. Uztailean Madrilen Azua Plana aurkeztu zenean, madrildarrek errefuxatu egin zuten. Joan den urtean sortutako enfrentamendu batengatik, ez zuen ezer jakin nahi beste sektoreetako euskal enpresekina eta Acenor eta FOARSArekin beste plangintza bat antolatu nahi zuen. Horregatik, komunikazio falta erabatekoa zen. Alde horretatik uztaileko gailurrak aldaketa bat suposatu du. Komunikazioa hasi da. Nere susmoa da presio politikoaren eraginez izan dela. Industri Ministeritzak Acenor eta FOARSAren egoera konpondu nahi zuen eta Soltxagak dirua ukatzen zion. Erreakzioak oso gogorrak izan dira, eta oraingoz behintzat forma aldaketa bat eman da, gailurra antolatuz.
Hala ere, Madrilekoek bileretara joan arren, ez dute sektore honen etorkizunean sinesten. Sindikalista batek esaten zidan bezala, han ez dute industri politikan sinesten. Nahiago dute merkatuak arazoak konpontzea. Ez dute pezeta gehiago jarri nahi arazo hau konpontzeko. Agian arazo soziala konpontzen saiatuko dira, dirua emanez kaleratzen direnentzat, baina ez gehiago. Estatuko aurrekontuetan ez dago pezetarik birmoldaketarako. Kontraesan asko daude.
A. Beti esan izan da Madrilek Euskal Herriko buruaskitasun ekonomikoarekin bukatu nahi izan duela. Birmoldaketa honen atzean horrelako asmo politikorik ikusten al duzu?
M.N. Zenbait kasutan, nere ustez, botere ekonomiko guneak kontrolpean edukitzen saiatu da Madril, Acenor eta Labe Garaiak, adibidez. Agian horrek ekarri du Eusko Jaurlaritzan sortzen ziren hainbat ekimeni uko egitea. Beste gauza bat da Madrileko Gobernuak Euskal Herria basamortu industriala bihurtu nahi ote duen. Eta nik ez dut gehiegirik sinesten horretan. Begiratzen baditugu nora joan diren birmoldaketa guztietan diruak, gehienetan hona etorri direla ikusten da. Presio sozialagatik, politikoagatik agian.
Beste gauza bat da Madrileko Gobernuak merkatu legeei jarraitzen diela esatea, eta gaur egun garapen ardatzak ez daude Euskadira zuzenduak. Euskal Herrian arazo sozial eta politiko asko dauzkagu, eta atzerri inbertsioa hona ekartzeko oztopo gehiago daude. Honako kasuetan Gobernuari eska diezaiekegu merkatu legeen kontra joatea, eta hori da ikusi ez dena. Ez dut uste Euskal Herria basamortu industriala bihurtzeko politika konsziente bat jarraitzen denik, baina ia horretara garamatza egitez. Estatu espainiarrean industri politika aktiborik ez dago, politika liberalaren eraginez. Eta politika liberal horrek hondamendira eramango gaitu gu.
Etorkizuna nahiko kaotikoa ikusten dut. Beti Euskadiko ekonomiaren ardatzak izan diren papelerak, forjak, bizikletak, Michelin eta Firestone, Irungo eskualdea... beherala doaz eta. Iraganean, birmoldaketa gogorrenetan ere beste sektoreak nahiko ondo ikusten ziren, baina orain denak daude gaizki.
A. Euskal enpresariak era egokian prestaturik al daude?
M.N. Neretzat euskal ekonomiak daukan arazorik larriena enpresariak dira. Ez daude profesionaldurik. Ez dute nazioarteko ikuspegirik. Merkatu konpetitibo batean murgiltzera ez daude ohiturik. Ez diote jaramonik egiten marketing-ari, nazioarteko sareak eratzeari. Indibidualista hutsak dira. Gaur egun beharrezkoa duten elkartasuna lortzeko gai ez dira, beraien arteko gorroto eta ezin ikusiak gainditzeko gai ez diren bezalaxe. Ezin dute sindikatu eta langileekin harreman parte hartzaile bat eraman, ez dakite. Gizarte arazoa ere bada, ez bait zaio konturik eskatzen gobernuari.
A. Nork inbertitzen du euskal enpresetan?
M. N. Beherabada orokor bat eman da inbertsioetan. Gertatzen dena da Estatu espainiarrean atzerritar inbertsoreak azalduz joan direla. Euskadin gertatu ez dena. Krisia egiturazkoa da bereziki hemen. Agian ondoen joan dena hemengo kooperatibismoa izan da, baina horiek ere arazoak dituzte, eta erdi epera ikusteko dago nola moldatuko diren Europako merkatuan sartzeko.
Bertako enpresariek inbertitu dute. Herriarekiko nolabaiteko lotura dutela esan daiteke. Baina beraiek ere birmoldatu behar direla esan behar da.
A. Zure ustez Euskal Herriko egoera politiko bereziak ba al du zer esanik inbertsio beherakada horretan?
M.N. Bai. Atzerritar inbertsio asko ez dira gauzatu hemengo egoera dela eta. Hainbat erakundek ere bere zentruak Madrilen kokatu ditu, bai botere gune interesgarriagoa delako Madril, eta baita ere enpresa buru asko ez zeudelako eroso hemen.

NORTASUN AGIRIA:
Donostian jaio zen, duela 37 urte. ESTEn egin zituen enpresa ikasketak. Karrera amaitu bezain laster euskara ikasteari ekin zion. Lau liburu argitaratu ditu, gai ekonomikoei buruzkoek denak Zinemaren maitalea, 40ko hamarkadako zine beltza gustatzen zaio. Gai historikoez irakurtzea oso gustokoa du.
Amagoia Iban
34-38

GaiezEkonomiaIndustriaSiderurgia
PertsonaiazNAVARRO2
EgileezIBAN1Ekonomia

Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude