"Ez naiz ondo sentitzen gizarte honetan kantari"


2021eko uztailaren 23an
Gorka Knorr-ekin, musikaz, kulturaz, politikaz...
Gorka Knör
"Ez naiz ondo sentitzen gizarte honetan kantari"
Orain hogei urteko otsailean hasi zen abesten Gorka Knorr. Besteenak abesten zituen hasiera batean, 1972an serioski hartu zuen arte. Herriz herri, 'Pertur' izan zuen laguntzaile, honek ihes egin arte. Harrez gero bakarrik aritu zen. 1977ean dagoeneko kaleratua zuen bere lehen diska. 1977an talde bat osatu zuen eta gaurdaino ihardun da hortik abesten. Politikan, azken urteotan EAko partaidea izan da.
ARGIA. Zergatik hasi zinen zu abesten, ideologiaz edo afizioz?
GORKA KNORR. Euskaraz kantatzera bultzatu ninduen arrazoi nagusia euskararen aldeko militantzia izan zen. Hori horrela izanik, zenbait gauza lagungarri izan ziren nire inguruan: kitarra jotzeko lehen urratsak eman arazi zizkidan laguna, 'Pertur' nire kasuan; herri kantekiko grina urratu zidana, Joxe Austin Arrieta, Donostiako alkategai ohia. Bera euskara irakaslea zen ezagutu nuenean eta biziki gogoratzen dut bere klaseetara joaten nintzenean, egunero abesti edo bertsoren bat eramaten nuela apuntaturik koadernoan. Musikak izugarri lagundu izan dit euskara ikasteko orduan. Horrela hasi nintzen, eta 1970 urtean, Martutenen nengoelarik, hango giroan, abesteko beharra sentitu nuen, eta horrela eskatu nion hango zuzendariari kitarra jotzeko baimena.
Garai hartan nire inguruan ezagutu nuena adierazi nahi dut hitz hauekin. Gainera, orduko euskal kantari guztiak, salbuespen batzu ezik, Gipuzkoa eta Bizkaikoak zirela konturatu nintzen. Eta arabar bezala, nire alea eskaintzeko nolabaiteko beharra sentitu nuen.
A. Zure ama katalana zen, eta ez dirudi familia barruan giro euskaltzale handirik bizi ahal izateko aukerarik zenuenik... Nola deskribatuto zenute egoera hau?
G. K. Garai hartan nire etxean inork ez zekien euskaraz. Hamabi neba-arreba ginen, eta nire anaia Xabier izan zen lehena ikasten. Ondoren, gaur egun euskaltzaina den Endrikek ikasi zuen, eta ni izan nintzen hirugarrena bide hori jarraitzen. Egia da urte haietan Gasteizen oso giro erdalduna zegoela. Gogoratzen naiz hirian ezagutzen zen Gorka bakarra ni nintzela, ez zegoen beste inor izen horrekin. Eta oraindik ere biratu egiten dut burua kalean norbaiti entzuten dioda
Nahaste-borraste bat naiz ni. Esan bezala, ama katalana dut. Eta neuk ere katalantzat jotzen dut nire burua. Bai hizkuntzaz eta bai jaiotzez euskalduna baino gehiago katalana naiz. Baina gero gerokoak, euskaldun bezala askoz ere gehiago ekiten bait diot katalan bezala baino.
Etxean, katalanak izaki, guk beti izan dugu tokian tokiko ezaugarriak konprenitzeko ikutua. Hala ere, guk bizi izan genuen giroa zeharo erdalduna zen. Eskolan ere, euskaraz hitz egiten zutenei 'los vascos' deitzen genien, eta gaur egun ere gasteiztarren artean bada joera 'los vascos' esaldia euskaldunekin lotzeko. Hizkuntza erabiltzen dutenei horrela deitzen zaie. Bertakoak? Arabarrak dira, besterik ez. Hori nabarmen ikus daiteke gaur egun azken hauteskundeetan eman diren emaitzetan.
Bartzelonan ezagutu nituen lehen aldiz euskal kantarien lanak, ikaskide batzuren eskutik. Etxean berriz, euskaltzaletasuna nahiko handia izan da. Baina nire familiaren historia beste askotan ikus daiteke gaur egun, denetan bait dago euskaldunberriren bat.
Iragana eta orainaldia gonbaratu nahiez gero, orduko euskal zaletasunaren sua bizpahiru pertsonak mantentzen zutela biztuta esan behar da. Gaur egun hori ez da gehiegi aldatu portzentaiaz. Batzutan itxaropentsua naiz eta bestetan ez. Alde batetik ikusten duzu gauza asko egin direla, ikastolak direla eta. Baina ikusten duzu baita ere gazteen artean garai bateko euskararen aldeko grina hori, punch hori, galdu egin dela. Eta horrek asko kezkatzen nau. Hori politika mailan ere gertatzen ari da, guk konprenitzen ez badugu ere. 18 eta 25 urte bitarteko gazteen %60k ez du botorik eman. Oso kezkagarria da hori. Eta hori dena gizartean isladatzen da. Azkenean, demokrazia zer da? Ez dakit noraino ari garen eramaten demokrazia. Hori ez da ezer. Liburutegiren batean geldituko da demokrazia, eta egunen batean norbait joango da bertara Tockevilleren liburua hartzera, benetako demokrazia zer den jakin asmoz, gaur egungoak liburuetan azaltzen den demokraziarekin inolako zerikusirik ez bait du. Eta ez nau batere harritzen gazteak gero eta urrunago egotea politikarengandik. Neuri ere gauza berdina gertatzen zait. Baina honek berak kezkatu egiten nau zenbait arlotan, guri tokatu zaigun euskararen munduan oso eragin zuzena bait du.
A. Zuk, eta zu bezala berriz herri abesten ibili zirenek, eginkizun garrantzitsua izan zenuten euskararen aldeko lan horretan. Egungo euskal musikarien papera berdina dela uste al duzu?
G.K. Ez dakit zer paper bete dezakeen gaur egungo musikariak. Oso ilun ikusten dut arlo hori. Azken hamahiru urteetan kontsumozko musika izugarri nagusitu dela uste dut. 77an oraindik euskarazko musikak eremu zabalak estaltzen zituen. Baina hori apurka galtzen joan zen. Sinextarazi ziguten euskarazko kantagintza erresistentziari lotua zegoen zerbait zela, eta erresistentzia hori amaitzen ari zen heinean euskarazko espresio horiek ere bertan behera geldituko zirela. Hori sinetsi egin dugu nonbait. Politikak kantagintza kutsatu egin duela uste dut. Herri honetan konpondu ez den arazo bat dago, eta konpontzen ez den bitartean, egonezina egongo da. Horrek kutsatzen du guztia. Garai hartan 'felipeak' ziren bitartean gaur egun 'paktokoak' daude. Jendea markatuta dago. Hori oso tristea da.
Orain dela dozena erdi urte kantagintzan segitzea erabaki nuen, baina ez naiz ondo sentitzen gizarte honetan kantari bezala. Horregatik abesten dut Iparralden eta kanpoan.
A. Musika piska bat baztertu zenuenean beste gauza batzutara jo zenuen.
G.K. Bai, 1980a arte izan nintzen profesionala. Beste zereginak oso marjinalak ziren denbora faltagatik. Baina neure ikasketak nituen eta tarteka-marteka nire lantxoak egiten nituen, marketing eta komunikazio ingurukoak.
1983ko ekainaren 10ean Jaurlaritzan hasi nintzen lanean. Oso ondo gogoratzen dut, ekainaren 16an HBko buruzagiekin elkar hizketa izan bait zuten Ajuria Eneakoek. Politikan ez nintzen sartu Jauriaritzan bai. Lebendakaritzaren komunikazioaren logistika guztiaren buru gisa. Eta hor pare bat urte iraun nituen EAJk bere krisia izan arte. Ordutik aurrera lan bila hasi behar izan nuen. 1985eko uztailean hasi nintzen Lagun Aron lanean eta gaurdaino. Askoz ere lasaiago. Zeren eta nere lagun batek dioen bezala, denok francokumeak gara eta frankismoaren tik bat badugu politika egiterakoan. Gainera politika eta politikariak autoelikatzen dira, besteek zer diotenaz bakarrik arduratzen dira. Beraien munduan gero eta gehiago murgiltzen dira politikariak, neuri ere asko kostatu zitzaidan bertatik ateratzea. Horregatik ez da harritzekoa jendeak axolagabekeriaz bizi izatea politika. Francoren garaian gauza bera gertatzen zen. Beste maila batean izan arren, konformismotik hori berdina da. Adibidez, Juan Gerraren kasuan, herriak ez du jipoitu PSOE, eta uste dut partidu hori baino deslejitimatuagorik ez dagoela. Baina hala ere irabazi egin dute.
Nik oso gutxi militatu izan dut politikoki eta, egin dudanean, gauzak era desberdinean egin asmoz izan da. Baina ezinezkoa dela konturatu naiz. Horregatik gero eta mesfidantza handiagoa dut politika eta politikariekiko. Hala ere segitzen dut, baina oso libre. Nire alderdia, adibidez, arrazoi zaleegia dela uste dut. Gaur egun bizitza emozioen bitartez manipulatzen da, artea bezala. Politika ere bai. Eta manipulatu esaten dut zentzu onean eta txarrean. Txarrean, ikusi duzu UA, "para que no tengas que hacer las maletas" zioten. Efektiboa oso. Euskara, euskara eta euskara. Zure semeak ez badaki euskaraz joan beharrik izan ez dezan. Eta irabazi egin dute. Garai batean Fragak baino gehiago manipulatu dute gai hau.
A. Hau dena esanik zein izan da beraz zure eboluzio politikoa?
G.K. Nire belaunaldiko jende askok bezala, politikoki mugitu nahiez gero harrika ibili behar nuen. Euskal borrokan sartu. Gero, hauteskundeen garaia heldu zen eta gero eta interes gutxiago izan dut mundu horretaz Niretzat badira oinarrizko militantzia batzu: ni abertzale kontsideratzen naiz, eta abertzaletasuna eta euskararen aldeko borroka izan dira beti oinarrizko erreferentziak. Nik horretan segitzen dut, eta beste guztia bigarren maila batera pasa da.
Nire lanean nago murgildurik gaur egun, eta besterik egiteko asti handirik ez zait gelditzen. Euskal Irrati eta Telebistan egiten dut lan baita, irratian batez ere.
A. Zuk "Euskaldunon Egunkaria"rekin zenkusia izanik nola ikusten duzu Joseba Arregik esandakoa?
G.K. Lotsagarria da benetan esan zuena. Esango nuke EAJk izugarrizko joera duela komunikabideak bere kontrolpean egon daitezen saiatzeko. Hori ez da berria, badute horrelako obsesio bat... hori gertatzen da "Egunkaria"rekin. Ez dute nahi beste inoren eskuetan eror dadin. 900 milioiko galera aipatzen dute, baina dirua ez da osagarri bakarra eta ezta garrantzitsuena ere. Diruak ez du egunkari bat egingo. Eta honekin jarraituz, ez dut begi onez ikusten prestatzen ari diren proiektu berri hori non telebista, irratia eta egunkaria bateratuko liratekeen. Kontrol nahi hori dago atzean. Eta gainera "Egunkaria" inoiz irakurri ez duela onartzen duen sailburu batek dio hori. Publikoki. Ikusteko jaioak. Momentu honetan bi proiektu hauek egotea alukeria bat da. Eta euskara erabiltzen dutenen kopurua erabiltzea orain 25 urteko argudio berdinak erabiltzea da. Garbizaleak ekartzen dizkidate burura pertsonaia hauek. Normalizatu beharreko gauzak badira "Egunkaria"n, baina hori aitzakitzat hartzea eskandalo bat iruditzen zait.
A. Etorkizunerako nahiko ezkor azaltzen zara orduan.
G.K. Orain hiru urte grabatutako zinta bat daukat kaleratu gabea oraindik. Beti esaten diot nere buruari disketxekoekin hitz egin behar dudala, baina beti uzten dut gerorako. Adinagatik agian, gero eta mugitzeko gogo gutxiago daukat. Maila guztietan. Nahiz eta gauza gutxi egin lanetik kanpo argi daukadana da hemen geratu nahi dudala. Ez dut nire burua ikusten hemendik kanpo.
Etorkizuna oso beltz ikusten dut. Gaur egun gertatzen ari diren gauza guztiak ikusita, oso zaila da mundu honetan sinestea. Azken finean kalera irtengo gara pankartarekin batzuren edo besteen interesen arabera. Imajinaren eragina ere izugarria da horretan, kultura deuseztu egiten bait du, uniformitate bat sortuz. Horregatik neure burua oso borrokalari ikusten dut batzutan eta bestetan oso lasai, ezer egiteko ilusio handirik gabe.


NORTASUN AGIRIA
Tarragonan jaio zen 1 950eko otsailaren 2an
Jorge Marí­a de la Purificación Jaime Domingo da bere izen osoa
Saskibaloia eta herri musika dira bere zaletasun handienak
«Zeruko ARGIA» eta «Deia»n idatzi izan du
1973an lortu zuen pasaportea, eta Carrero Blanco hil zutenean kendu egin zioten
Ezkondua, bi haurren aita da
Sei diska kaleratu ditu orain arte
Bizitzaren poeta etsitu bat dela dio

Amagoia Iban
35-38


GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakKNÖRR2
PertsonaiazKNÖRR2
EgileezIBAN1Kultura

Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude