"Ez da eskuzabaltasunik behar, solidaritatea behar da"


2021eko uztailaren 27an
Jose Maria Bengoa medikuari elkarrizketa bere bizitzaz eta lanaz

JOSE MARIA BENGOA
"Ez da eskuzabaltasunik behar, solidaritatea behar da"
Bere gurasoak, "Oteizarenak bezala", esaten digu, euskaldunak zituen, Dima eta Arrigorriagakoak, Bilbora iritsi ordea eta, "laborarien lotsa horregatik, euskaraz ezin zirelako lehiatu-edo", Jose Mariari behintzat, erdaraz baizik ez zioten erakutsi. "Osatu gabeko euskalduna", beraz, bere usteari jarraiki. Valladoliden medikuntza ikasi gainera eta laster 1936ko gerrak egin zuen eztanda. Hogeitabost urte zituen Bilbotik Frantziara ihes egin zuenean, eta Venezuela zuen helmuga.
J. M. BENGOA. Orduan, han lehendik zeuden jesuita batzuek lagundu gintuzten lana bilatzen eta toki bat egin genuen.
ARGIA. Venezuelan mediku aritu zinen.
J. M. B. Bai: mendian 1.500 metrotan zen Sanare izeneko nekazari herri tiki batean hiru urte egin nituen eta esatea badut esperientzia hori izan dela nire bizitza profesionalean gehien bete nauena. Hori eta gero Medicina social en un medio rural venezolano idatzi nuen, eta 1940an argitaratu nuenean Gobernutik deitu zidaten eta Caracasen Instituto Nacional de Nutrición sortu genuen.
55ean Nazio Batuen Erakundeak Genevera igorri ninduen, eta han Osasunerako Mundu-Erakundearen Elikadura saileko buru aritu nintzen, hemeretzi urtez. Gero jubilatu nintzen, eta Bilbora ala Venezuelara?, galdetu nion neure buruari, eta Franco bizi zelarik oraindik ba hara itzuli nintzen, urtero Bilbora etortzen naiz baina.
A. Zein ezberdintasun atzematen duzu hemengo, Europako gaisoa eta hango, adibidez Venezuelako gaisoaren artean?
J. M. B. Hasiera batean jendearen hizkera ez ulertzea izan nuen arazo. Gero berriz, hemengoen aldean ezberdintasunik handiena da, hemengoak, europarrak, gaisotasuna non duen behatzez seinalatzen dizun bezala, eta noiztik duen ere zehazten dizun bezala, hangoak berriz denetan izaten dituela sintomak, mina ez da hain konkretua. Gaisotasun kronikoak, hemen, tuberkulosia salbu, zaharretan ikusten dira, Venezuelan berriz, gazteek ere badute disenteria, badute gosea, estetako parasitoak, paludismoa, denetik.
A. Afrikan ere ibili zara. Zer ikasi zenuen han?
J. M. B. Kenian, Tanganikan (gaur Tanzania), Rhodesian (gaur Zimbabwe) ibilia nauzu. Artean, koloniak ziren horiek, eta ni arraza bereizkeriak izugarri galerazten ninduen, oso fuertea zen. Behin, Salisburyko parke batean nintzela beltzenizako banku batean eseri nintzen eta polizia bat etorri zitzaidan altxatzeko esanez. Horrelako gauzak... Beltzen artean oneza nabari zen baina, oso gutxi preparatuta zeuden Kongo belgiarrean esate batera (gaurko Zairen) hamar pertsonak zuten preparakuntza unibertsitarioa independentzia baino lehen. Gure lana, beka bat edo beste bideratzea, ur ttanttak ziren hondarretan. Kenian lagun batek esan zidan bezala, han ingelesek futbol zelaiak (herri guztietan badira) eta konzentrazio zelaiak (mau-mauentzat) besterik ez zituzten utzi. Urte haiek hala ere oso inportanteak ziren, oso dezisiboak. Gaur egun berriz narriadura antzematen da, Afrika batipat atzeraka doa, eta Latinoamerikarekiko urte batzutako aldean.
Apal-apal gora zetozenak, egun arin beherantza bait doaz. Eta Afrika, ez dakit aterako denetz. Latinoamerikan badut esperantza gehiago, han "subdesarrollo"aren kontzientzia bait dago, multinazionalek puñeta egiten ari direna.
A. Atzo entzun nizun hitzaldian zahardadeaz mintzatu zinen. Non bizi dira zoriontsuago zaharrak?
J. M.B. Venezuelan zaharra hobeto bizi da, familiari lotua bait dago; han familia handia ez da hautsi, Europan bezala. Familia nuklearra zaharraren kalterako da, zaharra sobran bait dago eta erresidentzian baztertu egiten da. Orain, han ere, gogoz ez baina baldintza ekonomikoek behartuta, zaharra ez bait da apartamentuan kabitzen, baztertzeko joera areagotzen ari da.
Hango beste abantaila bat klima da, zaharrari hotzak kalte handia egiten dio eta han ez dauka horren abrigaturik ibili behar. Finean, hango bizitza esperantza, ume hilkortasuna salbatuz gero, handiagoa da.
A. Ez ote dugu bizitza gehiegi luzatu nahi?
J. M. B. Hori Cajal-ek esaten zuen, gizakia bait da ugaltze fasea igarota bizitza gehien luzatzen duen animalia. Naturaren legeen kontra ari ote gara? Hortik etortzen dira endakatze gaisotasunak, geroz eta gehiago ikusten direnak. Nik horretaz beti esaten dut urteen kantitateari baino bizitzaren kalitateari begiratu behar diogula: ez dizkiogula bizitzari urteak erantsi behar, urteei bizitza eman behar diegula.
Zahartzaro on baterako hiru baldintza ipintzen ditut: zalantza ekonomikorik ez izatea, minik ez izatea eta ezintasunik, ezgaitasunik ere ez.
A. Elikadura eta maitasuna ere erlazionatzen dituzu.
J. M. B. Bai, zerikusi handia dute. Erakartze sexuala elikadurarekin oso erlazionatuta dago: pertsonaren gorputzean koipea non-nola banatzen den... Ongi hazi den pertsona, proportzio hobeak dituena, gehiago gustatzen da. Horra hor [Donostiako Kontsa parean gaude, gosalondoan, eserita] gazte batzuk korrika, edo paseoan, horiek ongi kontserbatu nahi dute, zertarako? Besteei gustatzeko, maitasunaren bila dabiltza. Elikadurak zeresan handia du. Jakina, kulturak ere badira: Afrikan adibidez, emakume gizenak gustatzen dira. Eta arrazak: zergatik, esate batera, ateratzen dira Venezuelatik hainbeste "miss Mundo"? Arraza nahasdura handia dagoelako.
A. Beste gai batera pasatuz: Osasunerako Mundu-Erakundeak, zein paper betetzen du egun?
J. M. B. Dauden arazoak gogorarazteko papera. Begira: Munduko gerra eta gero, hogeitamarren bat urtez, mundu azpidesarroilatuak gora eta gora egin zuen, poliki-poliki: bizitza esperantza 46 urtetik 62ra pasa zen, alfabetatuen kopurua %43tik %60ra pasa zen, ume hilkortasuna erdira jeitsi zen. 80etakoa aldiz "hamarkada galdua" deitzen da, arrazoiz. Hirugarren munduak nozitu du, ikaragarri: gelditu egin da desarroiloa.
Ekonomi zorraren ondoriozko ajusteek populazioari gerrikoa estutu arazi diote eta pobrezia emendatu da. Hottik sortu da "zor soziala" dei dezakeguna. Egokitze prozesu honetan ez genuke perspektiba humanoa galdu behar, eta malgutasun handiagoa beharko genuke. Baina oso fase arriskutsuan sartzen ari gara: Ekialdea erori denez gero, kapitalistak harrotuta daude, ez bait dira ezerren beldur. Gogoan hartu lehen, mende honetan zehar, soldatak igotzen baziren, kapitalistak iraultza sozialaren beldur zirelako igotzen zirela.
A. Izango dira, bada, iraultza sozial berriak...
J. M. B. Bai, baina ez dira iraultza ideologikoak izango. Intsekuritate soziala nagusitzen ari da, orain Latinoamerikan gertatzen ari den bezala: azken urte gutxiotan Lima, Caracas edo Bogotan, ezin zara gauean atera. Badira asaltoak, bada prostituzioa, bada mendizitatea, kartzelak mukurru beteta, nonahi ere biolentzia...
Miseria horri berriz, irtenbide okerrak bilatzen zaizkio; adibidez, dohainikako jana edo arropak banatzen dira. Horrekin pobrezia kendu ez baina pobrea seinalatu egiten da. Merkeago jarri, bada, gauzak, ez dadin pobrerik izan!
A. Zeinek du situazio honen errua?
J. M. B. Joan den hamarkada honetan, Ongizate-Estatuaren proiektua gelditu egin da. "Neokontserbadurismoak" merkatuaren legeei jarraitzen die, eta gastu sozialak desarroiloa galerazten duten zama gisa ikusten dira. Berdintasunaren eta zahardade seguroaren eskubideak galdu egiten dira... Ongizate-Estatuak, Latinoamerikan behintzat, porrot egin du.
A. Nola gainditu, gurean, erakutsi ohi dugun intsolidaritatea? Nola lagundu dezake Europako jendeak?
J. M. B. Europak eta EEBBek ez dezatela eskupekorik bidali. Estatu pobreago horiek beren errekurtsoez garatu behar dute –hemengo Estatuen laguntzaz-. Europak-eta, kreditoak eman ditzatela, kredito "bigunak", beren interesak erlatiboki moderatuak izan daitezela. Ez da eskuzabaltasunik behar, solidaritatea behar da.
Azken hamar urtetan, Venezuelak zor gisa 30 mila milioi dolar ordaindu ditu –eta berdin-berdin dago, ezer ordaindu ez balu bezalaxe dago! FMIk-eta interes fabulosoak ipintzen dituzte!
Pentsa injustizia soziala zein punturaino heldu den, arestian jakin bait dut Nederlanden jaboia egiteko mantekila erabiltzen ari direla. Mantekila, hainbeste A bitamina duen produktua! Monstruosidade maila horretara iritsi gara!
Nazioarteko foro berri bat zabaldu beharko litzateke. Orain merkatuaren prezioak zeinek ezartzen ditu? "Hamar handiek", eta horiek. Nahikoa litzateke kafearen prezioa %40an igotzea, Brasil eta Colombia bezalako Estatuek beren burua salbatuta ikusi lezaten. Eta Europari, dolar erdi baten ordez dolar bat ordaintzeak, zer dio? Berdin dio!
A. Norberekeria...
J. M. B. Parlamento europarrean ahotsak entzun beharko lirateke; baina, deputatu gehienek goiklasea ordezkatzen dute eta.
A. Aditu dugunez, Venezuelan aspaldian sortu zenuten Elikadura Institutuaren antzeko batetaz aritu zarete, Euskal Autonomi Elkarterako. Zein ezaugarri izango lituzke Institutu honek?
J. M. B. Gasteizen Gobernu berria osatzen denean, Osasun kontseilariari bisita egingo diot, eta ea zer egiten dugun. Ni neu etortzeko prest egongo nintzateke, inoiz behinka, Euskadira.
Eman beharko genituzkeen urratsak, nik uste, honakook dira: Bat, egoeraren diagnostikoa egitea. Bi, Euskal Herriarentzat [ Autonomi Elkartearentzat] elikadura jomuga batzuk ipintzea: zenbat kaloria, zenbat bitamina behar diren; bigarren honetan instituzioek inplikatu behar dute: zer ekarri behar den etabar erabakitzeko.
Hirugarrenik, populazioari begira, elikadura gidak egin beharko lirateke: gatz gutxi, koipe gutxi hartzeko aholkatuz, eta beste. Gero, elikadura sistema bat koordinatu: zenbat produzi dezakegun, zenbat inportatu, Europako Elkartearekin zein erlazio izan, esne edo haragi edo zein industria desarroilatu behar den. Hurrengoa, elikaduraren segimendu bat –"monitoreoa" deitzen dena– egin beharko litzateke: umeak, emakume haurdunak begiratu, inkestak egin... Eta, boskarren edo seigarren, ez dakit zenbat puntu esan dudan, dietista eskola bat sortu; Gasteizen ba omen dago bat, baina ez dakit bere berririk.
NORTASUN AGIRIA
Errepublika garaitik oroimen gezamina du, Guadarramako Fuenfrían egon bait zen gaisorik, birika tuberkulosiak jota. Valladoliden "Universidad Vasca" erreibindikatzen zuen "Euskal Ikasleak" erakundeko presidentea izan zen. Marañón, Ortega ditu gustoko, eta osaba Pío baino Caro Baroja du gustokoago. Gorgorio Renteria idazlearen alaba elantxobetarrarekin dago ezkonduta. Hainbat bidaia eta gero, gero eta gutxiago gustatzen zaio abioia. Barazkiak eta frutak aparte, arraina gustatzen zaio, eta haragitan arkumea bakarrik. Pelay de Orozcoren Oteizari buruzko liburua eta Agirreren Errepublikarentzako informea irakurtzen ari da eta orain Obabakoak-en espainolezko bertsioa erosi nahi du.
Pablo Sastre
"Han zaharra hobeto bizi da, familiari lotua bait dago".
"Parlamentu europarrean zuzena den egoera honen aurka ahotsak entzun beharko lirateke; baina, deputatu gehienek goi klasea ordezkatzen dute".
"Ez dizkiogu bizitzari urteak erantsi behar, urteei bizitza erantsi behar diegu".
32-36


GaiezGizarteaOsasunaBesteak
PertsonaiazBENGOA1
EgileezSASTRE2Gizartea

Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude