Chile: "Agian sorpresaren bat gertatu daiteke armadaren barnean"


2021eko uztailaren 28an
Jorge Edwardsi, Chileko idazle eta diplomatiko ohiari elkarrizketa.

Jorge Edwards chiletar idazle eta diplomatiko-ohiarekin solasean
Chile: "Agian sorpresaren bat gertatu daiteke armadaren barnean"
Jorge Edwards diplomatikoa izan zen 1973 arte, Pinochet-ek Allende-ren gobernua agintetik indarrez bota eta Chilen diktadura ezarri zuen arte. Parisen harrapatu zuen kolpeak Edwards, eta bost urtez exilioan segitu zuen. Berriro Chilen, idazle bezala aritu da azken urteetan eta Idazle Iberioamerikarren Topaketa batzutan hartu zuen parte pasa den astean Donostian.
ARGIA.–Berreskuratu ditu Chilek askatasun publiko eta politiko osoak?
JORGE EDWARDS.–Batez ere adierazpen eta pentsamolde askatasunak berreskuratu dira, ia osorik, baina gainean diktadura garaian egindako legedi oso errepresiboa dugu, bereziki prentsaren arloan. Orain legedi berria dago estudioan, aurreko legeak aldatzeko. Parlamentuan eta kazetal eta intelektual inguruetan ardura hori badago.
A.–Aylwin hautatu zutenean, abenduan, 400 preso politiko zeuden. Gartzelan diraute?
J.E.–Baten batzu askatu dituzte, baina ez denak. Preso politikoak badaude oraindik eta hauxe da gaurko Gobernuak duen arazoetariko bat. Arazo konplexua da, kasuren batzutan hildakoak suertatu diren atentatuetan hartu duten jendea bait dira. Gobernu eta oposizioko alderdi pinochetisten artean negoziatzen ari ziren lege bat prestatzeko, eta erdibidiko akordioa ere lortu zuten preso politikoen auzia konpontzeko. Baina, oraintsu, desagertutakoen gorpuak agertzen hasi dira ezkutuko hilobietan, diktaduraren krimenak hobetu ezaguzten ari dira, eta honek negoziazioen apurketa ekarri du ondorioz giro bortitza bizi bait da orain Chilen honengatik. Sozialistek, adibidez, hildakoen artean militante asko zuten eta bertan behera utzi diete eskumarekin zituzten negoziazioei.
A.–Zatiketarik gertatu da Kontzertazioan (Aylwin boterera eraman duen 17 alderdi politikoko koalizioa)?
J.E.–Ez dago zatiketarik. Gobernuak kontsentsu handiaz dihardu lanean, hasi zuenean baino handiagoaz, eskumako alderdi batek Kontzertazioarekin kolaboratzea lortu bait dute. Ados ez daudenak ezker muturrekoak dira, baina Alderdi Komunista eta ultraezkerra ez da egon inoiz Kontzertazioarekin. Hauek, jakina, preso politikoen gaiean azkarrago joka dadin nahi dute.
A.–Konstituzioaren arabera, alderdi marxista-leninistak debekatuta daude oraindik?
J.E.–Pinochetismoak ezarri zuen artikulu hori konstituzioan, baina praktikan ez da betetzen, Komunistak agerian ari dira, ez klandestinitatean. Parlamenturako hauteskundeetan ere aurkeztu ziren eta emaitza oso kaskarrak lortu zituzten. Bistakoa da oso ahul dabilela Alderdi Komunista; batetik, Pinochet-ek galdutako plebiszitoan hartu zuten jarrerarengatik, haren kontra egin zuten ustez ezin zela hura irabazi eta azkenean, ba irabazi egin genuen. Nire ustez huts handia egin zuten hor, eta gainera Eki Europakoak ere eragiten die eta barne arazoetan dabiltza.
A.–Pinochet oraindik armadaren buru izatea ez da oztopo larria normalkuntzarako?
J.E.–Oztopo galanta, zalantzarik gabe. Baina oraingoz bera hor dela bizi beharko dugu, hori ezin dugu aldatu.
A.–Ez al ditu Pinochet generalak aldakuntzak geldiarazten?
J.E.–Generalaren presentziak problema larriak sortuko ditu orain hilobi guzti hauen agerpenaz eta pinochetismoaren krimenen gainean hedatzen ari den ezagutza zehatzagoaz. Adibidez, duela gutxi, armadak kereila sartu du Ikerkuntzetarako Zuzendari Orokorraren kontra. Pertsona hau general-ohia da eta Aylwin-ek berak izendatu du, eta telebistan zera esan zuen, errepresioarekin ohorea zikindu zuela armadak eta gertakari hauek lebenbaitlehen konpondu behar zirela. Ba horregatik sartu du auzitan armadak; hala ere, gobernua bere alde jarri da.
A.–FPMR-k (Frente Patriótico Manuel Rodriguez) atentatu egin ditu Aylwin boterean dela, Gustavo Leigh generala koman utzi zuen apirilean eta Berdiola koronela hil maiatzean. Nola hartu ditu armadak ekintza hauek?, zein eragin izan dute bizitza poltikoan?
J.E.–Gobernuak argi esan du terrorismoaren kontrakoa dela erabat, eta tribunaletan eta ikerketa komisioetan behar ziren neurriak hartu ditu. Gobernua ez da dudatan egon puntu honetan, eta armada ezin izan zaio kexu agertu. Nire ustez, trantsizio demokratikorako arrisku bizia suposatzen dute atentatu hauek.
A.–Zer nolako onespena dauka Patricio Aylwin-ek jendearegan?
J.E.–Datua emango dizut, Aylwin-en gobernuak ehun egun bete zituenean CEP erakundeak (Centro de Estudios Público), inkestak egiten dituen erakunde oso pinochetista duela ez asko, inkesta bat kaleratu zuen; horren arabera, Aylwin-en gestioa ontzat ematen du chiletarren %73,6ak, %8ak txartzat jotzen du eta gainontzekoak ez dio ezer ere. Pinochet-en alde botoa eman zuten asko Aylwin-ekin daudela orain demostratzen du honek. Aldi berean, gorpuen agerpenak nazioa astindu egin du; bagenekien desagertuak eta errepresioa egon zirela baina desberdina da detaileak ezagutzea, ikustea ageri diren gorpuak fusilatu edo mutilatu zituztela, gertakariak ikusi zituzten eta isilik geratu ziren nekazarien testigantzak entzutea. Guzti honek Pinochet bere populartasunaren puntu baxuenean ezartzen du, eta Patricio Aylwin gorenenean dago. Hala ere zaila da Pinochet aurka egitea, baina faktore honek armadan eragiten du dena dela, eta prozesu demostratikoa finkatu egiten delakoan nago.
A.–Hasi dira prozesu judizialak, gertakari hauen inguruan?
J.E.–Noski hasi direla, familietakoek hasi dituzte. Baina zera dago tartean, pinochetismoak ezarritako amnistia legea, 1976 baino lehenago eginiko delituak amnistiatzen dituena. Orain planteiaturiko arazoa zera da, jakitea ea amnistia lege hau egon arren, ikerkuntza aurrera eraman daitekeen. Epaileak azkeneraino hel badaitezke, jakingo dugu nortzu diren errudun, nahiz eta gero amnistiatu horiek. Horrela ofizialen baten kulpa erabat demostratua geratuko litzateke eta zaila luke horrek armadan segitzea. Puntu honen inguruan emango da borroka, nire ustez.
A.–Eta generalak noiz edo nola utziko du gaur daukan tokia?
J.E.–Ez dut uste oraingoz Pinochet-ek errenuntzia aurkezteko inolako asmorik duenik. Baina, zalantzarik gabe, armadan kanpoan ezagutzen ez ditugun saltsa asko daude, egonezina izango da seguruenik, krimen hauen agerpenaren ondoren batez ere, eta sorpresaren bat gertatu daiteke agian.
A.–Botere presidentzialak ezin du eskurik sartu Pinochet-en jarraipena galerazteko?
J.E.–Ezin du, Pinochet-ek utzitako konstituzioagatik. Baina aurrerago gertatu daiteke egoera parlamentario hobea, eta konstituzioa alda liteke orduan, presidenteak armadako burua aukeratu ahal dezan. Baina erreforma konstituzionalek gehiengo nabarmena eskatzen dute, eta hori eman zedin eskumaren parte bat ados egon beharko litzateke.
A.–Diktadura garaian probeziaren irudiak heltzen zitzaizkigun Chile-tik, lapiko amankomuna, miseriazko auzoak... Non daude horiek orain?, ez dut uste desagertuko zirenik horren epe lapurrean.
J.E.–Ez dira desagertu, ez eta urrik eman ere. Pinochet-en garaian prentsa ekonomikoa Chile-ko mirakuluaz asko aritu zen, makroekonomiaren neurrietan oso ondo bait zegoen ekonomia, eta onartu behar dugu langabezia gutxitzen ari zela. Inflazioaren maila txikia zen eta asko esportatzen zen. Baina hobekuntza hau ez zen iritsi oraindik sektore pobreenaraino, eta sektore hauek behar zuten hain zuzen eliza eta oposizioaren laguntza. Horrela sortu ziren lapiko amankomun horiek.
Gaur egun, horrek segitzen du eta, esango nuke, egoera larriagoa ere badela. Pinochetismoaren azken garaiaren herentzia da hori, aldi horretan politika oso irrespontsablea egin bait zen eta dirua harrika atera zuen gobernuak bere hauteskunde kanpainak finanziatzeko, eta inflazioak goraka egin zuen. Orain, inflazioa berriro baretzeko, egokitze plangintza oso gogorra bultzatu behar izan du gobernuak, honen ondorioz industriak krisialdia jasan du eta langile asko eta asko kalean geratzen ari dira orain. Hala ere, gobernuak zerga erregimenaren aldaketa proposatu du, eta zerga berrien bidez bildutako guztia sektore pobreentzat izango da, osasun eta hezkuntza planak bulizatzeko bereziki. Pinochetismoaren garaia osasun eta hezkuntza publikoak ia deuseztatuta geratu ziren.
LUIS FERNANDEZ
Pinochet-en kolpearen ondoren, bost urtez egon zen exilioan Jorge Edwards.
Edwards: "Oraingoz Pinochet hor dela bizi beharko dugu".
Aylwin presidenteak ez du botererik armada-buru den Pinochet-en gainean.
17-19

GaiezPolitikaNazioarteaEstatuak/NaTXILE
PertsonaiazEDWARDS1
EgileezFERNANDEZ3Politika

Azkenak
2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


Eguneraketa berriak daude