Arrazoiari baino gehiago sentimenduari lotzen zaio nere "pintura".


2021eko uztailaren 23an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Xabier Eganarekin elkarrizketan.
XABIER EGANA
Arrazoiari baino gehiago sentimenduari lotzen zaio nere "pintura".
Hogeitamar urte daramatzan arren pinturari lotuta inor gutxik ezagutzen du oraindik Xabier Egañak egin-duen lan bikaina. Arantzazuko paregabeko arte eskolaren urte hobenetan hainbat lan burutua, bertako Amabirginaren kapera kasu, etengabeko eboluzio batean murgildu den artista dugu, estilo konfundiezina sortu duena denboraren poderioz, sentido jatorrizkoan nahiz modernoan, aditu orok diotenez.
Galdera topiko-tipiko batez hasiko gara. Nondik sortu zitzaizun pintatzeko zaletasuna?
Ni, beste asko bezala, gaztetatik ondo margotzen zuen horietakoa naiz, baina besterik gabe. Gaztetan marrazkilari bezala gauza batzuk egin nituen eta hor bukatu zen dena.
Gerora, fraide egin nintzen, frantsiskotarra, eta apezgaitzarako ikasketak burutzen ari nintzelarik Zarautzen, arte plastikoetan sakontzeko zomorroa piztu zitzaidan berriro, eta esango dizut nola: medizinan erabiltzen dituzten koaderno horietako bat nere eskutara iritsi zen, orri goxo goxoak zituela gogoratzen dut, eta han marrazki batzuk egin nituen. Olitera filosofiako ikasketak egitera joan nintzenean Alvarez de Eulate margolaria ezagutu nuen, Kubatik etorri berri zena eta kreazio mailan indar handiz zebilena. Halako gizon bat ezagutzeak, kasu hauetan gertatzen den lez, osoro erakarri ninduen eta lehen aipaturiko koaderno horretan egindakoak erakutsi nizkion, eta bera izan zen aurrera egin nezan alimoak eman zizkidana.
Han zebilen ere kubatar bat, zeinak egurra lantzen zuen. Harengana ere hurbildu nintzen nere kezka plastikoaren asetzera. Kubatarrarekin zenbait obra kasualitatezko burutu nuela gogoan dut: Egur zati batzuk betuneztatu eta erre nituen. Alvarez de Eulateri erakustea izan zen hurrengo urratsa, eta berak argitu zidan Lucio Muñoz-en artelanen antza izugarria zutela nahiz eta nik ez nekien gizon hura zein zen. Nola diren gauzak! Sasoi hartan Arantzazun ari zen lanean. Lucio Muñozen liburuak erakutsi zizkidan eta liburuen bidez arteari begiak ireki nizkion. Segituan egurrezko tallak egiteari ekin nion, koloristak... Halaxe hasi nintzen nere bizitza artistikoa bideratzen. Aurrerantzean fraideek obra ofizialago zenbait egiteko eskaera luzatu zidaten. Hiru urte pasa nituen dinamika honetan, konbentuan eta egin beharreko berrikuntzak osatzen, horretara jarri ginen koadrila batekin, dekoratzera eta.
Picasso, zeharka bada ere, garai hartan ezagutu zenuen, ezta?
Eulatek berak utzi zizkidan Picassoren liburuak, eta liburuetatik deskubrimendu handi bat etorri zen nere begietarara. Hain zuzen ere, Picassok irudiak askatasun osoz marrazteko zuen gaitasun hura liluragarria egin zitzaidan, gorputzak erabiltzeko modua: hankaz gora, hankaz behera...
Arantzazun egin zenituen segidako urteak. Joxe Azurmendik, duela gutxi zure erakusketa batean aitatzen zuenez, Arantzazu izan da inoiz Euskal Herrian egin den arte tailerrik emankorrena. Zuretzat zer izan zen Arantzazu?
Hogeitasei urte nituelarik iritsi nintzen hara. Teologiari zuzendutako mundua zen hura, egoera sozio-politiko oso nahastu baten erdian aurkitzen zena; 65. urtea zen, eta orduan gertatu ziren Goardia Zibilaren eskutik Urbiako zelaien okupazioak. Hori medio arras sensibilitaturik aurkitzen ginen, egundako saltsa nabari zen gure artean, eta gauzak honela, arte plastikoak leku berezia hartu zuen gure zereginetan.
Nik egoera hartan margotzen jarraitu nuen, haserako Lucio Muñoz-en estiloari jarraikiz, hiru urte beranduago, 68an, Oteiza ezagutu nuen arte. Oteizarekin lokatza lantzen hasi ginen, eta kreazio zurrunbilo batean sartu nintzen.
Arantzazun, garaia bateko artista on guztiak bildu ziren. Puntako arkitektura egiten zen bertan, errealitate gatazkatsuaren islada zena, polemikaz jantzi zena gainera, balore berrien atzetik beti. Lucio Muñoz-ek egiten ari zen lan bikaina batetik, ezabatuak izan ziren Basterretxearen lanak bestetik, pintura soziala, erlijiosoa, politikoa nahasten ziren, egundoko tentsioa zegoen...
Zuk hamar urte beranduago, 76an, Arankazuko Amabirginaren kapera margotu zenuenean, bertako fraideen artetik kritika latzak jaso zenituen irudietan azaltzen ziren hiru gizonezko biluzien kontura. Arte erlijiosoa izan behar zuenari buruz eztabaidarik gertatu zen beraz?
Egia da arte erlijiosoa deitu denaren baitan bide berriak irekitzeko asmoa izan zela hura. Haserako maketa batean abtraktuaren bidetik abiatzea iruditu zitzaidan egoki, egurrezko pieza batzuk pinturarekin lotuz, baina Oteizak desanimatu ninduen, Arantzazun helakorik nahiko bazela eta errepikatzea zela argudiatuz. Arte figuratiboaren hiltotik jorratzea erabaki nuen orduan, bozetoak prestatu nituen eta ekin nion lanari, zeina hiru hilabetetan burutu nuen.
76. urtea zen, eta sasoi hartan egundoko eragina izan zuten nigan Txiki eta Otaegiren fusilaketek, eta sozialki bizi zen egoera harek, zerbait egin behar zela, ez zela egin behar... Kontextu horretan, Otaegiren hilarria egiteko eskatu zidaten eta egin nuen. Eta zera niozun, garai hartan egin nuen pintura fusilaketa hark nere baitan markaturik utzi zuen imagina latzez betea zegoen, bortxa zela, etab. Pinturaren bidez esperienizia hura teologizatzea nuen helburu, esperientzia hura berrirakurri nahi nuen teologia mailako klabeak erabiliz. Kaperaren eraiketan klabeetariko bat hortarik sortu zitzaidan.
Kapilaren gaiari atxekiz, gizon biluziak hegan marraztu nituelarik, pertsonaren askatasuna azaldu nahi nuen, muga hori behintzat, gizakia batzutan libro da eta horregatik azaltzen da biluzik. Finean, hor sortu zen eztabaida: hori arte erlijiosoa al da? Iruti horiek deboziorik pizten al du kristauarengan? Ordura arte sortutako imagineria guztia bestalde, santu eta mirarien inguruan mugitzen zen, eta karo, nereak beste zerbaiten adierazle ziren. Agian, ez nien argiro adierazi fraideei nere ideia; eta horretan saiatu nintzenean ez zidaten inongo kasurik egin. Horrek halako samintasun bat sortarazi zuen nigan.
Arantzazun sortzen al dira gerora zure obran etengabeki erabiliko dituzun erreferentziak?
Bai. Han sortu zen nere espresionismoa, Oteizaren eragin handia duena, Picassorena ere. Arantzazun bizitako urteetan ezagutu nuen Chagal ere "Paris Mach" baten bidez, eta orduntxe esnatu zen nigan koloreen mundua eta indarra. Chagal-en koloreez mozkor-mozkor eginda geratu nintzen. Guzti horiek osatu dute gerora nere pinturaren hizkuntza.
Nola ikusten duzu hogei urte beranduago Oteizarekin izan zenuen harreman hura?
Nere lan figuratiboetan batipat nabari daiteke bere eragina: Hutsuneak direla... Baina berarengandik jaso nuen aportaziorik handiena amesteko zuen eta duen kapazitatean datza. Oteizak ez zigun formularik erakusten galderak sortu baino, galderak eta galderak, akaso erantzun ezinak direnak. Kromlecha euskaldunon arima al da? Nik ez dakit, baina izan daitekeela amestea zoragarria gertatzen da. Sinbologiaren jokuan sartu ginen Oteizaren eskutik, lurrari lotuak zirenak, une politikoari, erlijiosoari erantzuten ziotenak, Euskadirekin lotutako kezkak azken finean.
Pentsatzen dut zure pinturak izan duela bilakaerarik duela 30 urtetik hona. Esaiguzu nola eboluzionatu duzun.
Nere pintura definitzekotan esistentzialista, espresionista dela esango nuke, arrazoiari baino gehiago sentimenduen mundura lotzen dena, eta bizipen politiko gogorren islada dena: Romero, El Salvadoreko arizapezpikoaren asasinaketak erabat unkitu ninduen adibidez; Pasaian hil zuten komandoaren gertaera bortitza egin zitzaidan oso; adiskide baten ETAko kide zen anaia poliziak akabatu zuenean ere zerbait lehertu zen ene baitan. Egoera guzti horiek present egon dira nere obran, baretu ezina gertatzen den zerbaiten adierazgarri gisa, egoera mikatzak...
Hasiera batean nere pintura erlijio kutsu handi batez busti zen lehen esan bezala. Azken etapa honetan berriz, 84tik aurrerantzean, krisi pertsonal latz batean sartu nintzelarik–fraide izateari utzi nion, emakume bat ezagutu nuen–etab, bestela margotu dut, kaotiko itxura batez, imaginak, sinboloak ere aldatu dira. Nere bizitza guztiz berritu den neurrian, beste oinarri batzutan funtsatu dut lana. Emakumea beste modu batez ikusten dut orain, etxea azaltzen da pinturatan, nere alaba...
Badira halere erreferentzia zenbait nere obra osoan etengabeti errepikatzen direnak, hil ala bizitzearen gaia, airean geratzen diren imaginak, misterioaren, arimaren, errealitateaz bestalde dagoen zera horren adierazgarri direnak, muga galtzen den espazio idiliko horretan kokatzen diren imaginak, gizakiaren ametsak, gure herriaren ametsak, maitasun ametsak direnak akaso.
Txatarra, ohial zatiak, arropa, aulki puskak, lehioak.. eta bestelakoak ere erabili dituzu zure lanetan. Arte pobretzat ere jo da zure lana. Zerk hurbildu zaitu eremu hauen jorratzera, eta zer adierazi nahi duzu horien bidez?
Arriola izan zen honetan nere maisu handia. Bide berrien irekitzeko arras aproposak irudikatu nituen halako objetuak, bazterrera botatzen diren objetuak, eta plastikoki, espresiboki, aparteko aukera eskaintzen dutenak. Lehioak, ateak kasu, paisaia distorsionatu baten adierazle bezala ulertu behar dira nere obran. Atea, ireki, itxi egiten da, sartu, irten egiten da pertsona, eta hauetariko egoera bakoitzean gizakiak sikologikoki diferente jokatzen du, eta hor joku anitz sortzen da.
Azken bizpahiru urteotan collage-ak landu ditut, batipat alaba baten hazitzen ari naizela apenas bait dut sakontasun handiko obrak egiteko betarik. Egoera horrek bultzatu nau honetara. Joku estetikoetan nabil, papel puskak hartu, fotoak, eta nahastuz, irakurketa ludiko surrealisten egiten, gozatzen, duela urte batzutako gogortasun eta irudi mikatz haiek utzita.
Zer derizkiozu oraingo korronte berriez?
Oso momentu bizian murgildurik gaudela uste dut. Garai batean, Txillida, Oteiza, Mendiburu eta Basterretxea ziren bakarrak. Orain taldea izugarri handitu da. Jende anitz dabil oso gauza interesgarriak egiten, harrotasunez, ausardiaz, eta inportantea dena, etxeko mitoengandik askatuz. Garai batean ez zegoen beste erreferentziarik, ordea gaur leku askotatik jaten du artistak, hori bai, mitoak ahaztu gabe baina beste askatasun batez jokatzen du. Horrek, bestalde, egoera ekleptiko batean murgildu gaitu, inork ez daki non dabilen, bakoitza bere aldetik mugitzen da genio originalak izateko grinak bultzatuta. Hori inportantea da, baina zintzoki jokatu behar da; onartu beharra dago bakoitzaren originaltasunaren atzean mitoen erreferentziak egotea ezinbestekoa dela. Autentikoa izan behar da nahiz eta horrek ez duen bestea kentzen.
Finkatu al daiteke zer den euskal pintura? Finkatu al daitezke bere ezaugarriak?
Filosofia mailan planteatuz gero, arte beltzaz izendatu daitekeenik ba al dago? Ekialdeko arteaz mintzatu al gaitezke? Italiak ba al du Suizak ez duen arterik? Nik ez dakit honela planteatzeak merezi duenik ere. Nere ustean, funtsean, gure buruari zera galdetu behar diogu: Ni nongoa naiz? Nongoa sentitzen naiz? Nik kasu, euskalduna nahi dut izan eta herri honen iturrietatik edan. Era batera jazten dugu, itsasoa hor dugu, kolore grisak, azpilainuak, basoak, egurra... horietatik edan nahi dut, hemengoa naiz eta pintura da herri honen alde zertait egiteko dudan arma, autentikoa izanez.
J.J.PETRIKORENA
27-30

GaiezKulturaArteaPinturaPintoreakEGAÑA4
PertsonaiazEGAÑA4
EgileezPETRIKOREN1Kultura

Azkenak
2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Burlatako gaztetxearen aldeko protesta amaitutzat eman dute Gazte Asanbladako kideek

Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]


Etxegabetzeetara ohitu zaitezke, baina egon, badaude

Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]


2025-03-20 | ARGIA
“Kateekin ateak hautsi” goiburupean ospatuko da Nafarroaren Eguna apirilaren 27an

Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean eta Baigorriko Bixentainean aurkeztu da aurtengo Nafarroaren Eguna, egun berean. Ohi bezala, apirileko azken igandearekin bat egingo da festa Baigorrin, eta horrez gain, apirilean hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean.


2025-03-20 | Patxi Azparren
Europa eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa

Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako... [+]


Hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Ikamak deitutako ikasle greban

Hezkuntza eredu propioa "ezinbestean" independentziatik etorri behar dela adierazi dute, eta sistema propio hori "publikoa eta komunitarioa" izatea nahi dutela. Ikamak deituta, goizean zehar piketeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat hezkuntza zentroetan.


Euskal Pilotan euskal selekzioa aitortzearen alde kokatu da Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko lehendakaria

Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren eta Espainiako Federazioaren arteko gatazkak bere horretan jarraitzen duen bitartean, Jose Manuel Rodriguez Uribesek euskal selekzioaren aldeko adierazpenak egin ditu. Desadostasunak direla eta, Nazioarteko Pilota Federazioaren eta... [+]


2025-03-20 | Iñaki Inorrez
Euskaraldia ez! Euskal Oldarraldia bai!

Badakizuenok badakizue, beste gauza asko bezala, euskararen aldeko borrokan ere politikoek, eragile batzuek eta hedabideek beraien antzezlana saldu nahi digutela, benetakoa balitz bezala.

Lehen urtean pozik jaso nuen, "Euskaraldi" hau. Zer edo zer zen, ezer ez zegoela... [+]


Euskararen zapalkuntza sistematikoa

Euskarak, mendez mende, zapalkuntza sistematikoa jasan du, eta oraindik ere borrokan dabil egunerokoan bere leku duina aldarrikatzeko. Hizkuntza baten desagerpena ez da inoiz berez gertatzen; planifikazio politiko eta sozialak eragiten du zuzenean. Euskaldunoi ukatu egin izan... [+]


2025-03-20 | Sustatu
‘Eta erasotzailea ni banaiz?’ ziberjazarpena ikuspegi berri batetik

Puntueusek eta Cyberzaintzak elkarlanean ikusentzunezko baliabide pedagogiko bat sortu dute gazteentzat eta haiekin lan egiten duten profesionalentzat: irakasle, guraso eta hezitzaileentzat. Ikusentzunezko honen bidez, ziberjazarpena ezohiko ikuspegi batetik... [+]


BSHko lantokiko sarbidea itxi dute langileek euren etorkizuna negoziatu nahi dutela aldarrikatzeko

Kamioiak ez sartu ez atera. Horrela eman dute goiza BSHko Eskirozko lantokian. Parez-pare langileak aurkitu dituzte protestan. Hilkutxa batekin, elkarretaratze formatuan lehenbizi eta Foruzaingoak esku hartu behar zuela jakin dutenean eserialdia egin dute erresistentzia pasiboa... [+]


Ekologismoaren kontrako oldarraldia AEBetan: Greenpeace 660 milioi euro ordaintzera zigortua

Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.


Eguneraketa berriak daude