"Goiz edo berant negoziatu egin beharko da"


2021eko uztailaren 23an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ttotte Etxebeste euskal presoari elkarrizketa.

Totte Etxebeste, Ivry-ko ospitaletik
"Goiz edo berant negoziatu egin beharko da"
88ko otsailean polizia frantsesak Bokalen eginiko operazione batean Ttote Etxebeste urruñarra, Filipe Bidart eta beste lau Iparretarrak erakundeko militanteekin atxilotu zuen. Polizien balek Ttotte lurrera bota ondoren polizi bat hurbildu eta bizkarrean tiro egin zion. Geroztik, eta egun 27 urte dituelarik, gurditxo baten gainean elbarritua dabil paraplejiak jota. Fresnes-eko espetxetik elkar hizketa egin dugun Pariseko Ivry-ko ospitalera eraman dute, Euskal Herrira itzultzea debekatua duelarik.
ARGIA.–Jende askok egiten duen galdera egingo dizugu; zer moduzko osasunaz zabiltza?
Ttotte Etxebeste.– Fresnesen baino hobekiago naiz, operazio berri baten zain nago baina bestela ongi naiz. Denok dakizuen bezala paralisisak jota nago, bereziki goi partean eta nere bizitza osoan ez dut sekulan korrika egin ahal izango, gelditzen zaizkidan egun guztiak gurditxo honetan egingo ditut. Pixa egiteko sentsibilitatea galdu dudanez, esfinter artifizial bat ipintzekotan dira nire beharren kontrola izan dezadan.
A.–Hala ere, gorriagoak itusi izan dituzu, ezta?
T.E.–Bai, presondegitik atera naizenetik 10 kilo hartu ditut, orain behintzat ez nabil kaiola baten barruan eta ibiltzen-ibiltzen indarrak hartzen ari naiz. Bestalde, ez da espetxean bezala, hemen gaizki sentituz gero, enfermerari deitu eta berehala analisisak eta, egiten dizkizue, espetxean berriz...
A.– Ikusten dudanez irrati bat duzu ohe ondoan.
T.E.– Beharko. Txalaparta Irratia entzuteko eta Euskal Herriko berriez jakin nahi badut ez dut besterik.
A.– Letra pakete bat ere dakusat.
T.E.- Hori da Euskal Herriko lagunen sustengua. Gutun horiek atsegin anitz egiten didate.
A.– Lotura hori hain isportantea al da?
T.E.– Bai. Biziki inportanea. Hori ezin da esplikatu, bizi egin behar da. Euskal Herritik jende bat datorrenean edota gutun bat iristerakoan, ez naiz baztertua sentitzen, lotura hori, biziki inportantea da.
A.–Familia ere etortzen da.
T.E.–Bai. Nire lagunak datoz, semea ere ikusten dut eta ama ere bai. Erran behar dut bisita hauek ez direla errazak, semea etortzen da baina aita beti urrun da... ez da batere erraza.
A.–Beste gai bati helduz, zertan da zure statusa: inkulpatua zara, libre zara, graziatua zara... zein baldintzatan atera zara presondegitik?
T.E.–Jakin behar da ez naizela graziatua. Behin behineko askatasunaz nago, hau da, beti inkulpatua naiz, jujamenduak pasatuko ditut, eta jujamendu horietan presondegirat kondenatzen banaute, presondegia egin beharko dut. Horrek erran nahi du bihar edo etzi berriro presondegirat eraman nazaketela. Libratu naute sendatzeko, tratamendua ukaiteko, sendagileek erran dutelako. Baina ezin dut Frantzia osoan ibili, Bordelen badago paraplejikoentzako zentro bat baina ez didate joaten uzten; gauza bera gertatzen zait Perpignan-go zentroarekin. Libratu naute baina leku hertsi batera ekartzeko.
A.– Behar bada, Euskal Herrira ekartzeko arrazoinik ikus dezakete, baina Perpignan-go zentrora ez eramatea... eman al dizute arrazoinik?
T.E.–Arrazonik ez da, hori erraten dute eta kitto.
A.–Bada zerrenda luze bat jende batek ezin dituzula mintzatu ahal.
T.E.–Badira 61 bat jende mintzatu ezin ditudanak. Presondegitik pasatu direnak, nire laguna ezik. Hala ere, bada gauza arraro bat, zeren zerrenda horretan nik inoiz ikusi eta ezagutu ez dudan jendea bait dago, justiziarekin inolako arazorik ez duen jendea gainera.
A.–Eta sendatuz gero edota hobetuz gero bederen, presondogira eraman zaitzakete, berriro ere zigortzeko.
T.E.–Ekainetik hona hartu ditut indarrak, hobekiago naiz, aitortu beharra daukat, ongi naiz, hasi naiz berriro ere bizitzen, nire gurditxoaren gainean, baina bihar berdin presondegian naiz eta erortzen naiz orain sei hilabete nintzen bezala. Eta hori biziki grabea da.
A.– Presondegian hiltzeko arriskuan zinela aipatzen zen ainitz.
T.E.–Hala izan da. Aitortzen dut. Ama etorri zen egun batez oroitzen naiz biziki beldur nintzela, edozein mugimendu edo esfortzu egiten nuelarik flakatzen nintzen, oso ahul nengoen, oso gaizki. Indar ttipi batekin, ekaineko auzian adibidez, erraz flakatzen nintzen, noiznahi. Gertatu zait presondegian flakatzeaz erori eta ez dakit zenbat denboraz lurrean egotea; azkenean arrastaka atera joan eta jo ondoren ni zaintzera etorri izan direla. Handia naizen arren, metro eta larogei, nire pisua 47-48 kilokoa zen presondegian. Presondegian ez dakit hilgo nintzen baina beldur nintzela segur da.
A.–Atxilotu zintuzten egunaz ongi oroitzen zarela erran didazu. Hori alde batera utziaz, nola tratu zaituzte gendarmeek?
T.E.–Lurrean nintzela bizkarrean tiro egin ondoren ezin nuen hatsarik hartu eta besoak gorputzera eramaten nituen, ez dakit zergatik. Baina poliziek zabaltzeko erraten zidaten eta ostikoka zabaltzen zizkidaten gero, Bordela erama ninduten autoz eta operazionea egin ondoren, aste t'erdiz inor ikusi ez nuelarik galdaketa hasi zuten. Errespetoz galdetzen zuten baina ez ninduten bakean uzten. Abokatuarekin ere ezin izan nuen mintzatu.
A.–Eta zu?
T.E.–Nik ez nuen fitsik erraten; ez justizia frantsesari eta are gutxiago poliziari, ez nuela deusik errateko erraten nien. Zerbait badut errateko Euskal Herriari litzatekeela jakin erazi nien.
A.–Bordeleko ospitalean luzez egon zinen?
T.E.–Bi aste t'erdiz. Erran behar da enfermari nahiz medikuek pazientzia handia erakutsi zutela. Nirekin egoten ziren bakoitzen poliziek miatzen zituzten, eta nire gelaren aurrean bost polizi egoten ziren mugitu gabe, ospitalean bi polizi autobus zeudelarik. Seaskarentzat ez dute sosarik baino horientzat...
A.–Eta Bordeletik Fresnes-ko ospitale-kartzelera.
T.E.–Hor beste borroka eman da. 88ko martxoan eraman ninduten eta niretzat leku aproposik ez zutenez hortxe ukan naute bueltaka. Azkenean senide eta lagunen borrrokari esker uda Garches-ko ospitalean pasatu nuen; bertan autonomia ikasi nuen, hau da, gurditik altxatzea, bakarrik bestitzen... ikasi behar nituen guztiak ikasi nituen. Handik atera eta zelda txiki batera eraman ninduten. Zelda hartan ez zegoen fitsik, ohea eta zerbitzua. Zerbitzura joan nahi nuen bakoitzean enfermerari deitzea behartua nengoen, besoetan hartu eta pausatzen ninduen eta gero berriro deitu eta eramaten ninduen. Giro hotza benetan.
A.–Gose greba bat ere egin duzu.
T.E.–Bai. Zeldan ez zen nire gurditxoa sartzen eta Garches-go gurditxo berezia ekarri nuen. Zuzendaritzak ez zidan gurditxoa sartzen utzi nahi, zerbait izkutuan ekarriko nuelakoan eta bizpahiru egunez gose grebari heldu nintzaion. Guztia apaltzeko, eta gizona umilatzeko. Bisitetan ere gurditxoa kentzen zidaten eta erran behar dut Fresnes-go espetxean, urte t'erdiz nere semea eta emaztea ikustea debekaturik izan dudala.
A.–Euskal Herrian presoen aldeko borrokaz eta zureaz bereziki berririk izan al duzu?
T.E.–Nik bereziki izan dudan sustengua ikaragarria izan da. Hor ikusi dut eraman duten borroka eta horrek kristoren indarrak eman dizkit atxikitzeko. Horrek erakutsi dit ere bide onean garela. Niretzat Euskal Herriko sustengu hori ikaragarria izan da. Amak, abokatuak eta Txalaparta Irratiak dira informatzaileak, erran behar dut Txalaparta Irratia preso guztiontzat lotura arras garrantzitsua dela.
A.–Zer errango zonieke zure alde borrokatu diren guztiei?
T.E.–Mila esker handi eta ez dudala sekulan ahantziko niregatik egindakoa, horiek denak nire bihotzean direla betiko, eta egun batez, agian laister, Euskal Herrian elkar ikusiko dugula eta elkar mintzatuko garela laister. Ez dut, ez, ahazten.
A.–Bada zure sustengatzaile artean pertsona berezi bat, anitz borrokatu dena, zure ama. Irratian, prentsan, gose greban... uste dut zerbait zor diozula?
T.E.–Aitortu behar dut amak sustengu handi bat ekarri didala. Betidanik, ez presondegian bakarrik; sasian nintzelarik ere, berari suertatu zaizkion gertakariekin (poliziak jipoitu, mehatxatu...), beti indar handia ekarri dit. Ez dut ama ahantziko. Bada beste pertsona bat sustengatu nauena, nere laguna. Gutun bidez eta, bizi berri honetan indar handia eman dit.
A.–Zuk, Ttotte, nola hartzen duzu negoziaketak aipatzen direnean hori gai politikoa dela eta zuek gaztagin arrunt batzu zaretela erraten denean?
T.E.–Gu gaztagin arrunt batzu gara baina ikusten duzunean zein auzitegira pasatzen gaituzten, zein bizi-neurriak ditugun presondegian ikusten duzu ez garela gaztaginak preso politikoak baizik. Ez gara ezagutuak baina politikoak bezala tratatuak gara.
A.– Hemen journalak irakurtzeko astia duzu, gogoetak ere egingo dituzu Euskal Herriaren geroari buruz, ikusten duzu zein borrokak diren presoen inguruan, Hegoaldean nahiz Iparraldean... zer esperantza berezia duzu, nola dakusazu aldatuko dela egoera hau?
T.E.–Iparraldeari buruz, badira zatiketak, baina mugimendu abertzalea aintzina doa, presoen aldeko kanpainan egin den azken manifestazionean milako bat jende bildu da presoei bere sustengua ekartzeko. Badago sustengua eta mobilizazione bat. Geroari buruz, aldaketak izaitea obligatua dela pentsatzen dut. Aterabide bakarra borroka da eta honen bidez irabaziko dugu. Kanakiekin, Korsikan bezala –nahiz une honetan egoera txartu den–Euskal Herrian gauza beretsua gertatuko da, goiz edo berant negoziatu egin beharko da. Deitzen den borroka armatu hori gelditu nahi badute, aterabide politiko batez izango da.
Gobernuak mintzatu beharko du notableekin, hautetsiekin baina mintzatu beharko du ere abertzaleekin.
Abertzaleek hor azken denbora honetan urrats bat eman dute, EMAk batez ere. Gobernuak badaki euskaldunok zer nahi dugun, Iparretarrak aitatu zuen autonomia, eta bakea hortik etorriko da.
A.–Gauzak aldatzeko era desberdinak daude. Erreformismoa alde batetik, ezker abertzale mugimendua bestetik... Bi gauzen artean kontrariotasunik ikusten duzu edo bientzat lekua bada?
T.E.–Denontzat lekua bada, denek bide berean joan behar dugu. Batzuk departamendu-erregioarekin kontent badira borroka egin dezatela baina inori kritika luzatu gabe ez dut uste departamenduarekin ezer konpon daitekeenik, hau da, Baionari suprefeta emanez ez da ezer aldatuko. Aldaketa instituzional batzu eman behar dira, Iparraldeko biltzarren bat muntatu behar da, lege handiekin, ekonomiaren buruz, euskararen buruz... Euskaldunek eraman behar dute geroa, eta horretarako autonomia edo Iparraldeko biltzarrea da bidea.
A.–Ttotte Etxebeste, zure gurditxo baten gainean ikusteak, gerra guztien ondotik erraten dena galdetzen al diozu zure buruari: hainbeste sufrikarioek balio al dute?
T.E.–Borroka bat aurrera eraman dut eta borroka hori beharrezkoa zen bezala, gaur ere beharrezkoa dela ikusten dut. Nirea borrokaren saria da eta nik horrela onartzen dut. Ikusten dut maleroski ere, beste anai-arreba batzuk nik baino garestiago pagatu dutela eta hori borrokaren saria da. Eta bihar autonomia nahi badugu horrela pagatu beharren bada prest naiz. Berriz hasiko banintz berdin egingo nuke.
A.– Zu urruñar gazte zara. Zerk ekartzen du zu bezalako gazte bat borroka honetan sartzea?
T.E–Betidanik izan dut nire Herriaren amodioa, piskat poetikoa da baina biziki maite dut Euskal Herria. Ez dut sekula nire burua sentitu frantses bezala eta 'Hazia' kultur taldean aritu nintzen, gero Herri Taldeetan militatu nuen eta Estatua gutaz trufatzen zela nekusanez, urrunago joan behar nuela, ez zela aski bistakoa zen. Hala ere, Herria maite duen nornahiri gerta dakioke hori.
LUZIEN ETXEZAHARRETA
"Nere bizitza osoan ez dut sekulan korrika egin ahal izango, gelditzen zaizkidan egun guztiak gurditxo honetan egingo ditut".
"Gobernuak mintzatu beharko du notableekin, hautetsiekin baina mintzatu beharko du ere abertzaleekin".
8-10


GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakAtxiloketakAtxiloketak
PertsonaiazETXEBESTE5
EgileezETXEZAHARR1Politika

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iparretarrak
2021-12-14 | Beñat Espil
Gora Allande gudaria!

Nihau bürüari izigarriko desafio bat ezarri diot: Allande Sokarros, ekialdeko Etxebartar seme eta Iparreko anaiaren bizia, horrialde bakar batean llabürbiltzea... Desafio izigarria Allanderen bizia ez beita izan lasaiezko ibai lüze bat. Bena halerik ere... [+]


2021-12-10 | Axier Lopez
Allande Sokarros kazetari eta militante euskaltzalea hil da

Allande Sokarros kazetari, itzultzaile eta militante zuberotarra zendu da 64 urterekin. Kazetaritzan urte luzez aritu da, ARGIAn eta beste hainbat hedabidetan.


2021-07-21 | Mikel Asurmendi
Manex Pagola: «Frantzian demokrazia oso ttipia da, Filipe Bidart auzia lekuko»
«Carlos Garaikoetxea dimentsio handiko politikaria izan da, Euskal Herriak bere balioa gehiago baliatu izan balu, naski, ez ginateke egungo atakan» diosku Manex Pagolak. Gure solaskidea Euskal Herrian gaindi dabil goizdanik politikaren karietarat: «Nahiago nuke denbora... [+]

2021-07-20 | Mikel Asurmendi
Ttotte Etxebeste: «Kudeaketa politikoaren garaia iritsia zaigu abertzaleoi»
Iparraldeko mugimendu abertzalea erabat, eta jendartea oro har, Filipe Bidart preso baigorriarraren askapena exijitzen ari da etengabe. Frantziako auzitegiek alta, bi aldiz -urrian eta abenduan- errefuxatu dute eskaera. Eskaera otsailaren 1ean izanen da berriz aztertua.


[+]


2021-07-20 | Mikel Asurmendi
LEONGO AFERA
LEONGO TIROKETAREN AUZIA EDO LAU MILITANTEEN OHOREA
Leongo afera gertakari ilun gisara pasako da gure herriaren historiara maleruski. Egun hauetan Parisko asiseetako gortetan Euskal Herriaren alde borrokaturiko hiru militanteen kemena eta ohorea dago auzian. Popo Larre desagertuarekiko gorazarre duina, bestalde.

2021-07-19 | Eider Rodriguez
Filipe Bidart: «25 hilabete horietako laburpen baten azalpenera mugatu naiz»
Liburuaren nondik norakoak?
2000. urtean, Seaskako lizeoan, Etxepare ikastetxean, Elorri ene alabaren ikasgelan bakartasunari buruzko idatziak aztertzen ari zirelarik literaturan, ene lekukotasuna galdein zautaten. Idatzi labur bat nahi zuten, «bi hitzez», baina abiatu eta... [+]

2021-07-19 | Ixabel Etxeberria
«Zaila da Iparretarrak-ek jada biribildua duen autonomia proiektuaz eztabaidatzea»
Mixel Berger arkitekto EBko militanteari elkarrizketa
«Zaila da Iparretarrak-ek jada biribildua duen autonomia proiektuaz eztabaidatzea»
MIXEL BERGER
A lgeriako gerlaren ondotik Euskal Herrira etorria, arkitektoa da lanbidez. Politikagintzan egin du, baina, bide... [+]



2021-07-19 | Ixabel Etxeberria
«Kadira dut askatasunaren prezioa, beste batzuentzat garestiagoa da»
Ttotte Etxebeste, euskal preso politiko ohiari elkarrizketa
«Kadira dut askatasunaren prezioa, beste batzuentzat garestiagoa da»
Ttotte Etxebeste, euskal preso politiko ohia
Polizia frantses batek 1988ko otsailaren 19an atxilotzeko unean bizkarrean jotako tiro baten... [+]



2021-07-19 | Ixabel Etxeberria
«Borrokaren ildoa bateratzeko urratsak zehaztu behar dira»
Iparretarrak erakundearen bozeramaileekin elkarrizketa
«Borrokaren ildoa bateratzeko urratsak zehaztu behar dira»
Apirilaren 10eko prentsaurrekoa baino lehenago mintzatu zitzaigun Iparretarrak:
Borrokan hogei urte egin berri dituela eta, Iparretarrak erakundearen... [+]



2021-07-19 | Mikel Asurmendi
LANDETAKO TIROKETA: AUZI ILUNA ARGITU NAHIAN
Leoneko (Landak) tiroketari buruzko gertaera ulertu aldera, komeni da auzi honetan inkulpatuak diren hiru militanteen erakundeaz hainbat zehaztapen egitea. IK-i buruzkoak, hots. IK 1973an sortu zen. Filipe Bidart izan zen klandestinitatera pasa zen lehen militantea: 1980an. Urte... [+]

2021-07-12 | Mikel Asurmendi
Eneko Bidegain
«Autonomiaren bidea hartu dute IK gogor kritikatu zutenek»
Baiona, 1975. Kazetaria. Ekaitza astekarian hasi zen kolaboratzaile lanetan eta Euskaldunon Egunkarian zaildu egunerokoaren zereginean. Berria egunkarian dihardu gaur egun. Idazlea da, halaber. Besteak beste, Anbroxio eta Mahatsaren begia eleberriak eman ditu argitara. Oraindik... [+]

2020-06-15 | Mikel Asurmendi
Baigorriko parrokian Filipe Bidartek Jamattit aitari eskainitako hitzezko gorazarrea

Jean Batiste Bidart Kuxkurrio, 2020ko ekainaren 8an zendu zen Baigorrin, 93 urte zituelarik. Ekainaren 11n, Baigorriko parrokian, Filipe Bidartek Jamattit aitari eskainitako hitzezko gorazarrearekin amaitu zen ekitaldia.


Gaurko egunez, Iparretarrak-eko Maddi Hegi eta Gabi Mouescak Pau-eko espetxetik ihes egin zuten

Gaurko egunez, 1986ko abenduaren 13an, larunbata zen, Iparretarrak erakunde armatuko militante Maddi Hegi eta Gabi Mouescak Pau-eko espetxetik ihes egin zuten. Espetxe aldaketa bat irudikatuz, hainbat ekintzaileren plana ongi atera eta espetxeko ate nagusitik atera ziren.


2018-08-07 | ARGIA
Duela 35 urte desagertu zen Popo Larre jendarmeekiko tiroketa batean

Gaur bezalako egun batez duela 35 urte, 1983ko abuztuaren 7an, desgertu zen Jean-Louis Larre, Popo ezizenez ezaguna, Landetako Leon herrian Frantziako poliziarekin izandako tiroketa baten ostean eta inoiz ez da haren berri gehiago izan. Haren adiskide eta burkideek uste dute... [+]


Eguneraketa berriak daude