"Belaunaldien arteko arazoa nabari da Iparraldean"


2021eko uztailaren 23an
Lucien Etxezaharreta kazetariari elkarrizketa.

LUCIEN ETXEZAHARRETA
"Belaunaldien arteko arazoa nabari da Iparraldean"
Euskal kulturaren inguruan Iparraldean egiten den ekitaldi gehienetan present egon ohi den irratigizona dugu Lucien Etxezaharreta, 'Gure Irratia'ren mikrofonoak harat eta honat eramaten dituela. Iparraldean gertatzen denaren lekuko aparta izanik –errealitatearen behatzaile eta so egile bezala definitzen du bere burua–, Hegoaldeako errealitatea ere hurbiletik ezagutzen du. Donostiako 'Gladys-enea' parkean aritu gara 42 urteko kazetari eta poetarekin hizketan.
Badira zortzi urte Lucien Etxezaharreta komunikabideen munduan murgildu zela Baionako 'Gure Irratia'n. Halarik ere, afizio moduan, komunikabideekiko atxikimendua haurtzarotik datorkiola aitortu zigun, batik bat irratiarekikoa: "munduko oihartzun horiek gustokoak zitzaizkidan, eta txikitandik hartzen nituen albisteak irratitik". Prentsa idatziarekin ere harreman luze bat izan du, lehenik 'Herria' agerkariarekin –"nire alfabetizatzea horrela egin nuen"-, Lafitteren garaian.
Euskarazko prentsa oso irakurria izan da Iparraldean.
Bai, eta prentsak ematen zuen halako batasun bat, hasieran euskararen aldetik, eta gero, 60. hamarkadako urte erditsu horietan. politikako gauzak aldatzen hasi zirela eta, mundu abertzaleko politika gaiak prentsan agertzen.'Enbata'ko bultzada gertatu zen orduan. Gogoratzen naiz eztabaida guztiz famatu batez, 65eko udan, Daniel Landart eta Jean Pierre Curutchet heletarraren artean, Kristian Etxaluz preso zela eta. Abertzaletasunaren gaia piska bat inguratu zen publikoan, euskarazko prentsan.
'Enbata' inguruan ere aritu zinen...
'Enbata'ko hasierako urteetan, nahiz eta nere lehen kontaktua 65ean izan nuen. 'Enbata'alderdi politiko inportante bat zela iruditzen zuen orduan gazte batentzat. Nik 18 urte nituen, eta euskal errealitatearekin topo egin nuen: euskara izaten ahal zela proiektu nazional baten funtsa. Hori enetako gauza oso harrigarria izan zen. Nere lehen politizatze garaia heldu zen; Aljeriako gerla bukatuta zen –deskolonizatze fenomeno horiek hor ziren–; eta horiek guzien arteko lotura bat bezala ikusten ahal zen piska bat analizatuz. Kubako garaia ere bai...
Eraginik izan al zuen Aljeriako gerrak han izandako euskaldunen nazio kontzientzia pizte horretan?
Ez pentsa gerla kolonialek efektu onik baizik duten. Gorrotoa, gerla, FLNko militanteen kontrako jarrera... Baina, bazen sektore giristino bat oso hunkitua izan zena; Jean Louis Davant bezalako batek, eta beste ainitz ezezagunek ere gogoetatu zuten euskal nortasuna Aljeriako gerlaren bidez. Horko trajediek marka guztiz gogorra izan dute.
Baina, nik, alderantziz ere, agian marka bat ikusi dut: Iparraldean poliziarekin topatzea. Horrek harrituta utzi ninduen. Ez nuen uste abertzaletasuna zela halako burruka bat. Abertzaletasunaren lehen pausu bat izan zen euskaltasuna zure espazio naturala bezala onartzea, baina bapatean aurrez jotzen duzu poliziaren zurekiko gorrotoarekin. Asko gogoratzen dut hori, nola polizia horiek askotan Aljeriatik etortzen ziren, eta banuen inpresionea horiek ulertu zutela euskal gauza beren aurkako gerla baten hasiera bezala. Frantzian garai hartan esaten zen, abertzaletasun hori nonbait agertzen zelarik kolonia bat galtzekotan zela. Hori uste dut botere publikoek, politikoek, poliziek ondo ulertuta zutela: norbaitek erabiltzen baldin bazuen herriaren mintzaira, galtzen zela herri horrek zuen menpekotasuna, eta boterea zalantzan jartzen zela.
Lucienek kontatzen zigun, nola abertzaletasunaren kontrako lehen erreakzio gogorrenak Iparraldeko herri txikietan bertan gertatu ziren. Hauteskunde batzu zirelarik, eta 'Enbata' alderdiaren aldeko boza galdegiten ari, gurasoek beren semeei adierazten zieten propaganda hartu, zimurtu eta pilotak egin, eta abertzale haien kontra jaurtikitzeko, irri eta trufa zegiten bitartean.
Herria zenbat eta euskaldunago orduan eta gorroto handiago?
Hala zen, nahiz eta ezin ulertuzkoa izan. Baina hori uste dut kolonialismoaren irudia zela. Nola euskaldunak beti menperatuak izan ziren, frantses sistiman onartuak izateko behar zuten bestek baino gehiago frantses agertu. Hori da bebarbada Iparraldeko tradizionea, gendarme euskalduna, aduanako langile euskaldunak... eta besteak baino langiletsuago, kontrolatzaile hobeago.
20 urteren buruan aldaketak antzematen al dira?
Orain alderantziz ere ikusten da: leku euskaldunenetan dela, heriotzaren mehatxu eta kanpoko agresio zerbaitengatik, leku horietan dela abertzaletasuna azkarrena Baxenafarroan ikusten da laborari klase gazte bat euskal nortasuna balore nagusi bezala duena, eta horren defentsan dena. Oso serioak dira –nahiz eta terroristak bezala ekarri nati dituzten botere publikoek–, eta abertzaletasunaren indar handi bat hor oinarrituta dago.
Gero eta ageriagoan dagoen abertzale fronte indartsua ez duzu uste mementu honetan atomizatu samar dagoela? beharbada Hegoaldeko egoera politikoaren pareko mimetismoz edo?
Nere ofizioagaik behatzaile edo so egile bat naizen neurrian, ez dut ikusten aipatzen duzuen atomizatze hori egiazkoa litzatekeenik. Belaunaldien arazoa nabari da gehiago. Euskal nortasunaren konzepzio estilo ezberdinak dira, perspektiba politiko argi baten faltaz edo.
Adibidez, 'Maiatz'taldearen inguruan oraintsu esaten genuen agiri probokatzaile baten bitartez, euskal presoen egoera ez bada konpontzen ez dela kultur egoera konponduko. Bestek uste dute aldiz, aurreratze batzu badirela, euskara onartua omen delako, nahiz eta euskal instituziorik onartua izan ez.
Dena dela, esan behar da abertzaletasuna oso bizkortu dela; aski da hauteskundeetako emaitzak behatzea: %20a izan da. Iparraldeko historian oso gertakari handia da, batez ere delako giza eskubideen aitorpen orokor horren 200 urtemugaren aurrean. Eta kontsideratzen dute euskal nortasunaren defentsa hau zerbaiten aurka dela.
Eta nola ikusten duzu Hegoaldeko indar abertzaleen politika Iparraldearekiko? Uste duzu Iparraldea ahantzi eta Hegoaldeaz bakarrik arduratzen direla?
Beldur piskat hor senditzen dut segurik. Euskal hegoaldean ez dutelako halako kasurik ematen Iparraldeari –beren arteko arazoak konplikatuak dira–, badago halako kontsentsu bat Iparraldeko abertzale askoren artean, guhaurek beharko dugula gure Euskal Herria konpondu. Duela hogei urte gehiago begiratzen zen Hegoaldera orain baino.
Hegoaldean ikusten dut gizartea asko aldatzen ari dela; eta demokraziaren arma ezagutzen ez zena, orain, euskal nortasunaren aurka dagoela ere jabetu dela jendea. Demokraziaren izenean, demokraziaren diskurtso faltsuarekin, gehiengo horren arrazoiarekin higadura efektu bat egiten ari da. Eta demokraziak ito egiten du piskat. Politikak beharko ditu aukera berri batzu egin, instituzioak ere aldatu beharko lirateke, Konstituzioak ez dio erantzuten jendearen bizi berriari...
Komunikabideek abertzaletasunaren eta euskal kulturaren indartzen jokatutako lanaren inguruan solastatzeko tenorea profitatu genuen ondorenean 'Gure Irratia'n hainbeste urtetan diharduenaren lekukoa aurrez aurre genuela; neurri handi batean, irratia izan bait da euskal gizarteko jendearen erreferentzia puntu nagusienetarikoa.
Estima handiko komunikazio maila erdietsi dute Iparraldeko euskal irratiek gizartean, ezta?
Irratiaren medioz milaka jende mintzatu da euskaraz urte hauetan zehar. Ingurumenak euskararen soinua galtzen duelarik, irratiak ordaintzen dio konpentsazio inportante bezala. Euskalkien arteko ezagutza handitu egin da gainera, eta beraz euskara batu baten bidea azkartzen ari da horrela.
Gero, informatiboetan eta, Hegoaldea Iparraldeko euskaltasunean integratzea ere ekarri du, naturalki aipatzen ditugula Hegoaldeko aferak, gure etxekoak balira bezala.
Eta ekarpen kulturala daukagu bereziki: antzerki, liburugintza, musika... euskal produkzio orokorretaz hitz egiteko gune bihurtu dira irratiak.
Irratiek, azken finean, garantia bat eskaintzen dute, hau da, elkarte edo batasun batzuren inguruan sortuak direla eta, subentzioak ukan arren, ez direla Estatuak kontrolaturik. Oraindik ere irratiok herriaren sostenguarekin bizi dira. Honek esan nahi du herriaren instrumentu direla. Pena dugu Hegoaldean ez dela antzekorik; gauza instituzionalizatuago batzu dira, eta ez dugu harreman berezirik; irrati libreen fenomeno hori, adibidez, ez da gure fenomenoaren parekoa.
Ze nolako proiekzio somatzen diozu irratigintzari?
Euskal kulturak perspektiba eskas bat badauka, euskal nortasunak bezala. Zergatik euskaldun gara eta zertarako? Zertarako horrek oztopo bat ekartzen dio beharbada euskal kulturari gaur egun. Zer proiektu dugu munduarekin komunikatzeko?, zer da gure produkzioa?, bada berezitasunik gure mintzairaz aparte? Gure mintzairaren defentsa egiten dugu, baina mintzairarekin zer? Badugu ia euskal literatura berezi bat, baina zer ekartzen diogu munduari? Erantzun horien bidean, irratiek beren funtsa dute, euskal prentsak orokorki. Oso leku inportantea da irratia debatea egiteko, gai minberakor ugari bait daukagu.
Irulegi Irratia, Xiberoko Botza eta Gure Irratiaren artean ez da elkar batzeko proiekturik entseiatu?
Elkarren auzo gara hiruak, eta emankizun asko ere elkarrekin egin ohi dugu, sistema arin bat baliatzen bait du irratigintzak.
Hasiera batetan 'Gure Irratia'ren proiektua zen Iparralde guztirako izatea, baina teknika eta diru batzuren arazoengatik hiru urtez Lapurdiko txoko batean baizik ez ginen egon, eta bestek irrati gose zutelarik, egin zuten bat Irulegin eta beste bat Maulen. Bakoitzak bere pertsonalitatea gordetzen du, eta hori da aberasgarria. Bakoitzaren pertsonalitatea galtzea gauza uniformizatu batentzat ez litzateke ona gure eremu txikian ere.
Hala ere Federazio proiektu hori posible da beti eta egiten ahal genuke; geroari begira agian eginen da. Baina horrek mikroinformazio lan handia eskatuko du gero, eta kazetari asko beharko lirateke.
Egia da orduan Iparraldeko irratiak direla euskal kulturaren sostengurako komunikabide nagusienak?
Bai, hala esan liteke. Baina kontuz, irratiak gaur egungo komunikazio prisatu hortan sartzen bait dira; informazio kontsumo laister bat da, belarri batetik sartu eta bestetik ateratzen. Eta guk ere jotzen dugu munduko beste prentsaren fenomenoarekin: gauzak aipatu gaur eta bihar ahantzi.
Zerbaiten ausnartzeko behar da irratitik beste zerbait: liburuak, aldizkariak... Ez dira buruan abiadura berdinean sartzen, eta gehiago egoten dira horrela buruan.
"Maiatz" literatur talde eta argitaldariko bultzagileen artean buru agertu ohi dena ere badugu Lucien, Iparraldean euskal literaturaren kaleratzeko plazarik sendoena bilaka dadin erdietsi duenetarikoa. 'Maiatz'en aldizkari eta liburuen bitartez dira ezagun hainbat idazle gazte, literatur molde berriak lantzen dihardutenak. Gaiak beste okasione baterako aitzakia emango bide digu, zalantzarik ez.
GORKA ARRESE IMANOL MURUA
27-30


GaiezKomunikabidIrratiaGure Irrati
PertsonaiazETXEZAHARR1
EgileezARRESE1Komunikabid
EgileezMURUA2Komunikabid

Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude