Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Saskibaloiko Askatuak taldeko lehendakaria den Iñaki almandozi elkarrizketa.
IÑAKI ALMANDOZ
Oso gaztetan hasi zen Iñaki Almandoz donostiarra lanean: egunkariak saltzen, harategi batean gero, eta aurrezki kutxa batean ari da orain. Gaztetan heldu zion ere saski baloiari, eta halaxe, zaletasunak bultzatuta, Askatuak taldeko presidentea izatera iritsi da. Hamaila ordu jan dizkio afizioak honezkero Iñakiri! Hamaika borroka gogor ere gaindu behar izan du 14 urtez! Momentu larri baten erdian ikusi dugu, ekipo haundiaren etorkizuna kili-kolo, "urteetako lanak zertaralo?" galdezka.
Duela 14 urte sortu zen Askatuak taldea. Urte hauetan, garai onak eta txarrak ezagutu ditu, baina antza, orain dago momentu larrienean. Duela gutxi aipatu zenuen Donostiak ez duela honelako ekipo bat edukitzea merezi. Nola ulertzen da hori?
Nik gutxienez zalantzan jartzen dut. Zergatik? Ikusten dudalako taldea aurrera ateratzea oso gogorra dela, eta batez ere, beste lekutan saski baloiak daukan laguntza hemen ez daukala. Ez da urratira joan behar: Gasteizen eta Bilbon laguntza haundiak dituzte eta horrek eragiten du talde horiek guk sekulan izan ez dugun indar bat izan dezaten. Mota askotako laguntzaz ari naiz: jende gehiago joaten da leku horietara, instalazio gehiago daukate, komunikabideek bestela erantzuten dute, ze kasu, aurten, lehendabiziko mailan talde bakarra izan gara gure bidaietan kazetariak joan ez direnak.
Hemen behar haundi bat dago: taldeak egin behar dira etxeko jendearekin; alde batetik, gure filosofia hala delako, eta bestetik, beste erremediorik ez dagoelako. Ez dago dirurik kanpoko jokalariak ekartzeko. Ondorioz etxeko gazte jendea landu behar da eta jokalariak atera. Baina horretarako lekua behar izaten da. Eta saski baloiak erakusteko lekurik ez dago. Orduan, saski baloia Donostian aurrera ateratzeko badaude zenbait oztopo lehen aipatu duzun galdera hori sortarazten dutenak, benetan pena merezi al du hemen saski baloi talde on bat aurrera atera nahian ibiltzea? Askotan pensatzen dut ezetz.
Arazoa beraz oso sakonetik antzematen duzu. Azpian dago akatsa, ezta?
Hor arrazoi asko dago; egia da, azkeneko 8 urteotan, Donostia goi mailako talde bat izan ez den neurrian ohitura galdu egin dela eta berriro berpizteko denbora behar dela. Baina hori lortzeko laguntza gehiago behar litzateke. Denok bat eginik jarri behar dugu horretan. Talde indartsu bat egitea ez da bakarrik direktibaren gauza bat. Baizik eta direktibarena, jokalariena, zaletuena, udalena, komunitatearena azken batean. Beste lekutan gauzak honela sentitzen dira. Eta hori ez badago ez dakit pena merezi duen.
Guk ez genuke nahi Askatuak lau direktiboren jostailu bat izatea; hemen helburu batez gaude batipat: gure herriari beste aberastasun bat emateko, guk saski baloi talde euskaldun bat egin nahi dugu, eta hori izango litzateke herriari kirol mailan lan eginez egingo geniokeen aportazioa. Saski baloiari nortasuna eman nahi diogu. Eta pensatzen dugu hemen honelako zerbait ez balego hutsune bat egongo litzatekeela. Eta horregatik ez dugu toaja bota nahi, baina egoera benetan latza da...
Azken kontua da Cacaolat-ek goreneko mailan jarraitzeko 150 milioiren truke saltzen zuen postua ez duzuela lortzerik izan. Hor gauza arrarorik gertatu da. Hasiera batean zuei eman zitzaizuen aukera, eta azkenez 'Balbi Girona'k eskuratu du postua.
Azken finean gertatu da, beste hainbat kasutan bezala, beste lekutan hemen baino askoz ere diru gehiago erabiltzen dutela. Hasiera batean amets bat zen guretzat eta ez genuen planteatu ere egin: egunkariak hasi ziren aipatzen eta orduan eutsi genion serioago. Baina beno, beste taldeak guk baino diru gehiago jartzen zuen, guk baino garantiago gehiago (gure eskeintza mantzoa zen, mailegu bat eskatu behar genuen direktiboen artean...).
Esponsorrekin beti izan dituzue arazoak. Aurten ere, Gipuzkoako Kutxarekin tratua asko kostata egin zenuten. Zer gertatzen da, esponsorrek ez al dute argi ikusten saski baloian inbertitu daitekeenik?
Arazo hori ez da gurea bakarrik. Gipuzkoan egiten den kirolak orohar nozitzen du arazoa. Hor bi gauza daude: alde batetik, Gipuzkoako enpresariak ez daukate mentalitate ireki bat kirolarekiko. Bestetik, Gipuzkoan ez dago enpresa askorik kirolaren bitartez promozionatu daitekeenik. Adibidez: egokiak izango lirateke promozionatzeko txokolatea, ardoa, olioa, eta agian askoz ere gehiago ez.
Gipuzkoako Kutxak zer asmo dauka aurrera begira?
Alde batera utzi gaitu. Orduan, gure etorkizuna, etorkizunik baldin badugu, beste nonbait bilatu behar dugu. Esponsorrak bilatzeko egundoko arazoak daudenez bestalde, ez dakit nondik jo beharko dugun. Momentu honetan, urtero bezala, egoera larrian gaude: jokalariak urduri jartzen hasi dira, jarraitzeko erabakia hartu gabe dago... ateratzen bagara ere egundoko arriskuaz arituko gara, diru aldetik noski, esponsor gabe, ze duela urte pare bat honelatsu ibili ostean atera ginen eta beno, sekulako urte gogorra izan zen, eta noski, horrek erre egiten zaitu, eta azkenean zera galdetzen diozu buruari egiten ari garen lana zertarako? Gero gainera beste gauza bat gertatzen da: mutil on bat ateratzen denean kanpotik hartzen dute, eta hori ere beste oztopo bat da... seguru izan laguntza hori izango bagenu ez nintzatekeela honela arituko, gauzak bestela ikusiko genituela.
Ze beste arrazoi daude alde eta aurka B mailan jarraitzeko ala ez jarraitzeko?
Ez jarraitzeko bi: diru falta, eta beti egoera horretan gabiltzalarik gu ere nekatzen ari garela, indar faltan gaudela. Urteak joan urteak etorri berdin, ez dugu ez argirik ez etorkizunik antzematen, eta honen aurrean gure bizitza hemen erretzea pena merezi al du?
Jarraitzeko berriz, orain arte idatzi dugun historia horretan oraindik gauza asko geratzen dela egin gabe, lan asko geratzen dela lehen aipaturiko helburu horren lortzeko, talde euskaldun bat sortzea; uzten badugu... horrek indarra ematen du jarraitzeko baina ez bada laguntzarik bilatu ahal ezin.
Zer gertatzen da jokalariekin ekipoa desagertuz gero. Egundoko ahaleginak egin ondoren ekipoaren mantentzeko, orain zer?
Batzuk ez lukete arazo haundirik izango beste nonbait lana bilatzeko azken urteotan profesionalak izan diren neurrian. Beste batzuk bai. Gure aldetik ahalegin guztiak egingo ditugu.
Antza denez, beste inon kontraturik sinatu aurretik ekipoaren esku jarri dira, ezta?
Gehienak bai behintzat; badago baten bat zai ez dagoena, Alvaro Coca, eta ez da bere errua, errua Baskoniarena da, hor dabiltza jokalaria eraman nahian, eta esango nuke metodo garbiak ez direnak erabiltzen...
Nik jokalariari eskertzen diot daukan pazientzia eta gugan jarri duen konfidantza, baina ez dago gure esku beren etorkizuna.
Azter dezagun aurtengo denboraldiaren azken partea. Play-off-etan sartuta zeundetela, oso momentu inportantea zen, eta sarrerak dohain jarrita ere ez zen polikiroldegia betetzen. Non zegoen eta non dago afizioa?
Okasio haunditako afizioa da gurea. Jende edo ekipo ospetsuenak etortzen direla bete-bete jartzen da polikiroldegia. Baina urtean zehar jendea ez da etortzen. Eta hauxe da gipuzkoarren nortasuna. Bereziak gara honetan. Haundizaleak gara. Halere esan beharra dago, play-offeko lehen partiduan, ETBk eman arren bete egin zela, bigarren partiduan gutxiago etorri zen, pentsatzen dut lehendabiziko partiduan galdu ostean jendeak atzera egin zuelako edo.
Eta honi afizioa deitzerik ba al dago? Benetako afizioa al da?
Ez, ez da afizioa, baina hau ez da gurekin bakarrik pasatzen, bazter guztietan gertatzen da. Oso kontutan hartu beharra dago halere, oso eskeintza zabala suertatzen dela aste buruetan.
Espektakulu piskat eskainiz gero konponduko al litzateke?
Agian bai. Aurten eduki dugun taldeak ez du espektakulu onik eskaini, talde triste bat izan da, partidu asko galdu dugu, eta normaltzat uler daiteke jendeak atzera egitea.
Segi dezagun konparazio batez: nola ikusten duzu Euskadiko saski baloia?
Gasteizen konpetentzia gutxiago izan dute eta gauzak hemen baino hobe egin dituzte. Azkeneko 20 urteetan lehendabiziko mailan egon diren neurrian han zaletasuna finkatuta dute, eta horrek beste aukera batzuk eskaintzen dizkie. Bilbon berriz, lehen izan zen talde famatu bat, 'Agilas', eta hura desagertu zen; gero, zaletasuna eta ohitura galduta egon arren behar den giroa sortu dute eta talde bat osatu dute diruz lagundurik, esan daiteke agian artifizial samarra dela, baina martxan dago, eta ondo gainera. Bi planteamenduak ezberdinak dira. Guk berriz, ez daukagu ez bat ez beste.
Hemendik aurrerantzean sozietate anonimoak izan beharko dute klubak. Kirolaren onerako erizten al duzu erabaki hau?
Kirol munduan, goiko mailetan behintzat, nolabaiteko neurriak hartu behar dira. Hor direktibo askotxo dabil zentzu haundirik gabe dirua gastatzen, kristoren zorrak uzten, fitxaje garestiak... Saski baloian ere hori gertatzen da; ez dakit direktiboak erotu diren edo zer arraio! daukatena baino gehiago gastatzen dute, inflazio bat sortzen dute gainera. Ez naiz atrebitzen lege berri hori honen mozteko nahikoa izango den esatera. Ze maila batean arriskutsua da, dirua bakoitzak bere poltsikotik jarri behar duelarik, demagun gure kasuan, hainbeste lan egin eta gero gauzak gaizki ateraz gero gainera boltsikoa ustu beharrak atzera botatzen zaitu! Gauzak positiboak ere baditu: dirua jarriz gero hobeto pentsatuko da diru horrekin zer egin. Lege honekin lehendabizi lortu nahi dutena zera da: futbolak sortarazi dituen arazoen ostean ez da nahi saski baloian gauza bera gerta dadin.
Harrobia lantzeak zentzurik ba al du gero hor gainean ez badago ekipo bat?
Nik uste dut ezetz. 17 edo 18 urte dituztela, eta guk jokatzen erakutsi ostean, kanpora joateko! Planteamendua begiratu egin beharko litzateke: lan horrek gure esku egon behar al du? edo eskoletara pasa behar da ardura hori?
Saski baloiko euskal liga egitea utopia al litzateke?
Bai. Talde batetik bestera egundoko diferentzia dago. Urtero saiatzen gara Liga Txapelketarekin, baina azkenean, beti, finalean hiru talde izan dira: Gasteizkoa, Bilbokoa eta azken aldiotan gu. Horietatik behera egundoko hutsunea dago. Eta txapelketak interesa izan dezan orekatua behar du izan. Kontutan hartu goiko taldeek amerikarrekin jokatzen dutela, eta besteek ez. Bilbok 200 milioi du presupuesto gisa; Gasteizkoak 180; gurea 90-100, baina hurrengoak, laugarrenak, 2 milioi ditu. Zer esan nahi du? Goikoak jokalari guztiak kentzen dizkiola behekoari. Eta jokalari guzti horiek nahiko ez direnean kanpotik ekartzen dituztela gainera. Atera ondorioak beraz.
Pentsa dezagun oraintxe erabaki behar duzuela ekipoaren etorkizuna. Zein izango litzateke zure botoa?
Momentu honetan ezin dut erantzun. Bihotzez jarraitu egin nahi nuke; baina bihotza bakarrik ezin leike nagusitu, burua ere erabili behar da, errealitatea ezin da ahaztu, ez gaude xaboizko ponpa batean sartuta, zailtasunak hor daude... oso erabaki gogorra da.
JUAN JOSE PETRIKORENA
38-41
GaiezKirolaSaskibaloia
PertsonaiazALMANDOZ2
EgileezPETRIKOREN1Kirola