Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Mario Gabiria-rekin elkarrizketan.
Mario Gabiria aspaldiko ezaguna dugu mobida ekologistatan. Leku askotan ibilia, besteak beste idazle, irakasle, gizarte ikertzaile eta antinuklear porrokatua dugu. Berau izan zen Euskal Herrian zentralen kontra aritu zen lehenengoetarikoa, eta aintzindari dugu ekologismo politikoan. Bizitza ederraren teorizatzaile sutsua Irañean bizi da, bertako 'Escuela de trabajo social delakoaren zuzendaria delarik.
Mario Gabiria: "Indarra estatuen imagina da".
GALDERA: Urteak dira 'La buena vida' teorizatu eta 'E1 buen salvaje' idatzi zenuenetik. Zer aldatu da ordudanik?
ERANTZUNA: Hamar urte igaro dira. 'El buen salvajetidatzi nuenean baneukan, beste askok legez, apurketa gertatuko zenaren itxaropena: mugimendu libertarioa–ni beti gehien identifikatu naizenarekin– gora zihoan, bazen HBren sasoi asanblearioa... Beranduago, mugimendu iraultzailea geldotuz doa, eta Europan mende erditan iraun duen urratsa, estatu demokratiko formaletan sartzea, estatu espainolean–zeren Euskadin ez–hamar urtetan ematen da. Honek neutralizatu du eritzi publiko kritikoaren atal handia, eta iristen da aldaketa biologikoa ere, egun batzu barru berrogei ta hamar urte izango bait dut.
Bestalde, gizarte ikerlaria izanik lanbidez, planteiamendu hotzagokak egiten ditut; beroagoak aktibista naizelako, eta hotzago ikerlaria izatean. Zeure profesioa dela eta eten gabe erabiltzen dituzun datuak 'borroka tipikoa' baino eszeptikoago egiten zaituzte. 'Borroka tipikoak' aldaezineko usteak ditu, bestela ez bait litzateke iraultzarik ez independentziarik izango, noski.
Estatuen independentziak izaten dira beti borroka armatuaren ondorio, indarra da historiaren emagina. Nik ez dut, eta ez dut sekula izan indarraren aldeko joera berezirik, eta horregatik ez dut egundo erabili borroka armatua. Hala ere kontutan hartu behar dugu badirela sasoi egokiak jauziak egiteko eta egoera biziki aldatzeko, eta beste batzu ezetz.
Estatu berrien sorreraren azterketa eginez gero, eta pentsatzen ari naiz etorkizuneko euskal estatu independientean, ikusten dugu mende haseran bazirela 25-30 estatu planetan; lehen mundu gudaren ondoren berrogeitaraino handitzen dira , bigarre na bukatutakoan 65-70era, eta gaur egun 160 inguru, baina azken guzti hauek hirugarren mundukoak dira. Ez dago estatu berrien kasurik eskualde industrializatu aurreratuetan non estatu berririk sortu den, ez bada katastrofe handiren baten ostean. Badira une batzu zeintzuetan holakorik ezin daitekeen gertatu, eta honek eszeptizismoz hondatzen zaitu.
'E1 buen salvaje'–ren Mario Gabiriatik Iruneko Mario Gabiriara badago eszeptizismorako bidea eginda, eta ahalegin handia egunerokoa bizitzeko. Ezin daiteke beti hurrengorako utzi eguneroko bizitza. Sasikristautasunez, batzu zeru horren zai daude, eta beste batzu, aldiz, Euskadi independiente eta zoriontsua itxaroten.
GALDERA: Hamar urte diozu, baina denbora horretan Euskadin ganza asko gertatu da ekologia alorrean...
ERANTZUNA: Bai, alde batetik Lemoizko zentrala gelditu genuen borroka moeta desberdinak konbinatuz, herriaren mobilizazioz eta borroka armatuaz ere. Beranduago, mugimendu hori geldotuz joan zen, eta urte batzutan mugimendua nahiko apal egon da. Orain sortzen ari da belaunaldi berria, ekologismo politikotik urrundu dena, eta gehiago zentratzen dena naturan, zuhaitzetan, abereetan eta abar.
Hamar urtetan Nafarroako militarizazioa handitu egin da, eta hor daude lekuko E1 Perdongo koartel berria, Buñuelen jarri nahi zuten arma fabrika –eta zorionez gelditu duguna–, eta abar. Bataila batzutan garaile atera gara, eta beste batzutan ez.
Beste arazo garrantzitsua daukagu Bardeetan, mundu guztiak dakienez, NATOren aire bonbazketak gertatzen bait dira han, entrenamendu eremua bait da. Egunero hegazkinek lehergailu mordoa jaurtitzen dute, baserritarren nahiaren kontra. Gune hau berreskuratzeko ekintza ugari egin beharko dugu oraindik. Gaur egun borroka inportanteena da obra erraldoien kontra eramaten dena. Irurzungo autobia, esaterako, diseñatua dago daukan trafikoa baino zortzi aldiz gehiago izateko, eta horretarako ingurune natural osoa aldatu behar dute, krimen ekologikoa da. Hor dago Itoizko urtegia ere.
GALDERA: Nola ikusten duzu Nafarroako egoera?
ERANTZUNA: Nafarroako gizartean eszisioa gauzatu da munduko bi kontzepzioen artean, bata mesianikoagoa, milenaristagoa, iraultza edo euskal askapenari lotuagoa, eta bestea bizitzen eta ea zer gertatzen den begiratzen dagoena. Nire ustez, positiboa litzateke negoziaketak ondo burutzea, eta itxarotea momentu historiko hobeak iristea aurrerapen sozial eta politikoak posibilitatzeko. Bitartean, gizarte mingotsa da, tensioduna, zatitua daukagu... kalean nabarmen dena baino gehiago. Kalean kartelak edo manifestapenak ikus daitezke, baina guzti hori baino gehiago da, ondoez sakona.
Beste herrialdeetan bizi zaretenak gauzak desberdin ikusten dituzue, nahiz eta han ere gizarte zatitua izan, eta hor daude etorkinak lekuko. Hemen gauza garratzagoa da, beti bertan bizi izan garenon arteko etena bait da. Nafarroan azken 200 edo 300 urteotan beti elkar bizi izan dira bi etnia, euskalduna eta erdalduna, azken hau Erriberan sinbolizatua. Hala eta guzti ere, eta honek ematen dit esperantza, Diputazio Foralak lortu zuen nola edo hala biak txertatzea; jakina, menditarren boterea baino gehiago euskara eta bere kultura menpean jarriaz. Merindadeen gobernuak permititzen zuen orain diotena ezinezkoa izango zena Nafarroa barne duen gobernuan: Euskadi bakarra hizkuntza zaharraz–euskara–eta beste hizkuntza bi gehiago gaztelera eta frantzesa, eta praktikan hiru etniaz. Suizak baditu 23 kantoi, bost hizkuntza eta da Europako herririk hoberen antolatuena, kapitalismoaz profitatuz, noski. Aipatzen duten koesistentzia hori ez bakarrik ez da ezinezkoa, baizik eta mendeotan erakutsi da urteotan funtzionatu dena Nafarroan. Horregatik edozein bazterretatik planteia daitezkeen intransijentziak jo dezakete integrazio oso eta sakonaren kontra etnikoan. Txertatze hau da benetakoa, egunen batetan iritsiko den estatu aske eta independientea baino gehiago.
GALDERA: Azken bolaran ibilia zara HIESaren aurkako batzordeetan, eta bestelako hiri batzordeetan ere...
ERANTZUNA: Nire ardura nagusienak orain bi dira. Bata Nafarroako HIESaren aurkako batzordea bultzatzea eta bestea txirotasun modu berrien kontrako borroka da.
"Eguzki"rekin ari gara Gipuzkoako batzordea sortu nahian, eta martxan jarri dugu Aragoikoa ere. HIESa izango da hurrengo hamarkadetan tamaina handienetako arazoa, eta estatu espainolean borroka antinuklearrea sartu nuen bezala, gaitasun handia dauket etorkizuna antzemateko. HIESaren kasuan estatuak zentralak, ez Eusko Jaurlaritzak, ez Nafarroako diputazioak egiten dute nahiko.
Iruñea osasun egituretan hoberen dagoen hiria dugu, mundu osoan. Badago osagile bat 185 biztanleko, eta oso zaila da opera ez zaitzaten, baina hala ere HIESaren arriskuaren aurrean ez dago politika seriorik, ez gastu foralean ez INSALUDen. Lehengo egunean etorri zen HIESaren kontrako Plan Nazionalaren idazkari orokorra, eta ez zeuden hitzaldian bi edo hiru osagile baizik.
HIESa zerbait madarikatutzat hartua izan da haseratik, arriskutan dagoen jentea ikutzen du, eta neurri batetan madarikatutzat hartuak daudenak: homosexualak eta heroinomanoak. Zabaltzen ari da geldiro baina eten gabe. Nafarroan badakigu badirena bi mila eramale, HIESa zabaltzen dutenak, eta inork ez du ezer seriorik egiten. Serio diodanean esan nahi dudana da horretan aurrekontuak higatzea. Sistima kapitalistan ez baduzu ikusten aurrekonturik egokitzen zaionik, horrek esan nahi du ez dela medio humanorik sartzen, inork ez bait du dohainik lan egiten.
HIESa ez da uste bezain arriskutsua, eta ez da igortzen ere esaten duten errez, gaixo benereoa da. Arazoa da ez dagoela osabiderik, baina besterenganatzea oso zaila da. Jenteak batuko balitu askatasun sexual handiagoa, garbitasun neurriak, eta preserbatiboen erabilpena, nik uste jentea oso lasai egon zitekeela.
Ez da gauza handirik egiten, gaixorik daudenak egun batetan gartzelatik irten eta hurrengoan sartzen direlako, eta gaixoa da modu bat horiek akatzeko. Estatuko gartzeletan badira 27.000 preso sozial, bataz besteko adina 23 urtetan dutenak, eta horietatik erdia baino gehiago, kasu batzutan %70a ere HIESaren eramaileak dira. Zerbait egiten ez bada zortzi–hamar urtetan ez da preso sozialen herena ere geratuko.
GALDERA: Bestalde, aipatu duzu baita txirotasunaren aurkako lana. Zertan da hori?
ERANTZUNA: Ekintza ekologikoak albo batera uzti ditut, obra handien kontrako ekintzetan salbu, zeren orain dela hamar urte 'Navarra abundancia' liburuan deskribatzen nuen Nafarroan, abe rastasuna handituz joan da. BPGa (barne produktu gordina) urtean %2,1an hasi da, hau da estatu espainolean baino gehiago eta herri aberatsetan baino gehiago.
Hazkuntza ekonomikoa egon arren, marjinazio eta de gainbeheratze sozialaren prozesua egon da. Langabetu asko dagoenaren aitzakiz, boom ekonomikoa dago, eta aldi berean krisi sozial eskandalugarria. Azken urteotan NACOTUR, Iruñeko hiri garraio konpainia pasatu da 32 miloi bidaiari izatetik 18ra urte betetan, honek esan nahi du jente askok kotxea erabiltzen duela. Gasolina orain dela hamar urte baino merkeago da pezetaren balioa adituz.
Sasoi txarra dabil ekologistentzat, xahutze gizartean bizi gara, baina badago %10–l5a txiroa dena. Txiro hauek bi edo hiru moetatakoak lirateke: alde batetik ohizko zortzi edo hamar milak, betiko egoeran daudenak nahiz eta ongitasun sozialeko egoera izan; bestetik gazteak daude. Langileen semealabek, batez ere inmigraziotik etorri ziren azkenak, ez dute lekurik topatzen, leku bakarra da gartzela edo droga. Hirugarren kasua da emakume gazteena. Nafarroan emakume bazara, semealabaren bat baduzu, eta ezkongabea, seguraski langabea eta txiroa izango zara. Nafarroan guraso bakarreko etxeak asko handitzen ari dira. Guzti honek eramaten gaitu krisi ekonomikoa krisi soziala bilakatzera, eta hau onartezina da gizarte honen aberatsean.
GALDERA: Hiriak laguntzen du txirotze prozesu horretan?
ERANTZUNA: Marxek zioen hiriak gizona askatzen duela. Ertaroan baserritik ihes egiten zuenak lortzen bazuen onartua izatea hirian, pertsona askea izatea lortzen zuen, ez zen morroia. Gaur egun jentea ez dator hirietara. Banaketa sakona dago langileria eta sindikatuetako buruzagitzaren artean, eta haien semealaben artean. Guzti hau gurasoak heurek nozitzen dute, baina inor ez da prest ageri ordutegia jaitsi, eta soldatak banatzeko, eta noski kapitala ez dago gertu murrizteko etekinak.
Iruñea oraindik ere gazteen askagune da. Nafarroako iparraldean badira eskualde batzu oso zapaltzaileak direnak neska gazteentzat, eta bertatik ihes egiten dute guttienezko askapena lortzeko, eta honek eragiten du Iruñean gazte pilatzea. Gure hirian, sektore tertziarioa eta kuaternarioan lan egiten dutenak industrian dihardutenak baino gehiago dira; 17.000 unibertsitari dago... Iruñea gizarte postindustrialaren ezaugarriak hartzen ari da. Aldi berean honek marjinazioa dakar, badirelako lana lortzen ez dutenak.
INAKI GOITIOLTZA
44-45
GaiezGizarteaIngurugiroaEkologiaEkologia
GaiezGizarteaBesteak
PertsonaiazGAVIRIA1
EgileezGOITIOLTZA1Gizartea