Lazkao-Txiki bertsolariari elkarrizketa
Lazkao Txiki : "Eskatzen Didatena Eman Beharrak Erre Nau"
Ba ote da oraindik Lazkao Txiki bertsolaria ezagutzen ez duen animarik! Azaletik ezagutuko dute gehienek halere. Sakontzea merezi zuelakoan, euskaldun izaeraren pertsonifikazio berbera izan litekeen Joxe Miel Iztueta izan dugu solaskide oraingo honetan, eta ez digu huts egin. Nahiko desliluraturik eta eszeptiko samar samatu dugu nortasan handiko gizan hau. Urteetan aurrera doan arren, badu badaezpadako hamaika kontu, eta zer esateko galanki huntaz eta hartaz, ezinezkoa gertatu bazaigu ere geurekin ekartzea kontatu eta kantatutako guztiak.
GALDERA: Zure izena ahotan dabilenean, gehienetan irribarre batekin batera doa. Zure kirakoek aparta zarela diote. Maitatua sentitzen zara?
ERANTZUNA: Gazteek ez haute maitatuko eta zaharrek maitatu behar. Nik uste Euskal Herriko zoko gehienetan bertsolarisk maite dituztela. Bat ala bestea bereiztea zaila duk, zale bakoitzak izango dizkik bere faboritoak.
Galdera: Baina zuk gozatzen duzu entzulea, hala barrez nola negarrez jarri duzu jendea, txalotua zara...
ERANTZUNA: Ni ez natxiok batere fio egun bateko famarekin, egun bateko txaloak hurrengoan igoal izango dituk bestaldekoak. Txalo asko jotzen dituena ere ez duk izaten bertsozale onena, bertsozale onak isilik egoten dituk.
GALDERA: Mendiari, Aralarri, artzantzari eskeini dizkiezu zure bertsorik bikainenak. "Goierriko Bertsolariak" diskako onentsuenetakoa omen da zuk botatakoa.
ERANTZUNA: Nere gustorako, bertso dotorenetakoak bertsolari gazteek bota zituztela. Zergatik artzaiei kantatu? Izan ere artzai errukiorrek daramaten bizimodua ikusita! Egon hadi han, mendi puntan. Lan asko eta esker gutxiko lana dik artzantzara ematen denak.
GALDERA: Beraz, nekazal munduaren kantorea sentitzen zara...
ERANTZUNA: Beno, beste hainbat gaietan ere berdintsu aritzen gaituk, hainbeste gai jartzen zizkigutek! Beste batzutan ama bat haizelako papera egin behar duk, nahiz eta ama izateko emakumezkoa izan behar duan, uste diat. Emakume paperarena ttikia naizelako izango duk. Zeren ezin diagu sentitu emakumeak bezala. Bestela badakizue zer izango ginatekeen? Hortik bazabiltzek bada emakume sentitzen diren gizonezkoak, bada horietakoak . Hala ere itxura egiten aritzen gaituk, zein gai jartzen den paper hura segitu behar diagu bertsolariok.
GALDERA: Gaia emakumea izan denean, trataera egokia izan da?
ERANTZUNA: Zenbat eta atzerago joan denboran orduan eta okerrago tratatua izan duk. Garaian garaikoa izaten duk ondo. Guk egiten duguna atzerakoia izango duk gerokoentzat. Orain dela urte mordo bat apaizei 'berorika' egiten ez bahien eta eskuan musu eman eta beste zilimoniak, 'galdu' bat hintzean.
GALDERA: Zerorrek esana, gai tristeak alde batera utzi behar izan dituzu gai txistosoen mesedetan, hori espero zelako zugandik. Ikusten duzu zeure burua paper horretan?
ERANTZUNA: Gai txistosoetan baino nahiago, gustorago ibiliko ninduan gai ilunagotan. Behin hartu haute horrela eta horren arabera jartzen dizkiate gaiak. Nola eman haizen, hala hartzen hau jendeak. Hartan ez bahaiz ere. Norberak eramaten dizkik horiek barruan.
GALDERA: Zu ez zara beti horrelakoa?
ERANTZUNA: Beno, neri umore ona asko gustatzen zaidak, jende artean moduan ipintzea ere bai. Bestaldekoak ere jartzen dizkiate azken bolada honetan zoritxarrez; bai bada, jende artean umorez ibiltzea atsegin diat. Bestela ere nahiko zera badituk hortik, gu asteburutan ibiltzen gaituk plazarik plaza, baina aste egunetan nahiko trixte ibiltzen duk gizakia. Umore eza nabaria duk. Garai batean baserritar jendea lanez itorik bizi zena, etxetik lanera eta lanetik etxera txistu joka eta kantari ematen zian bizimodua. Gaur berriz, elkarri kristonak esaten eta maldizioka. Nonbait, aldatuta gaudek.
GALDERA: Inondik, tarte txikia dagoela batetik bestera.
ERANTZUNA: Nahikoa da esatea farra egiten duenak negarra ere egiten duela. Batek egiten dizkik biak.
GALDERA: Ezagutu dituzu lehenagoko bertsolarien belaunaldi bikainak. Denbora pasatu da, nola ikusten dituzu garai hauetatik?
ERANTZUNA: Haiek giro txar batetan aritu hituen bertsotan. Haiek eman zioten ospea ez balu eskuratu bertsolaritzak, gaurko bertsolari asko ez hituke honetan ibiliko, esango ziaten mixerableen lanak liratekela. Garai hartan etxean galerazi egiten zigutean bertsotan aritzea. Halakoxe fama txarra zian. Don Manuel Lekuonak jendea akordatu arazi zian bertsolaritza ez dela mozkor eta tabemazaleen txorakeriarik. Badakizue zergatik izan den bertsolari mozkorraren fama? Mozkor guztiak ez dituk bertsolariak baina mozkortutako denak bertsotan aritu bai. Hortik irudi faltsu hori.
GALDERA: Nola ikusten duzu belaunaldi berria?
ERANTZUNA: Uneren batean oso ondo. Arriskua bertsolaritan zegok. Bertsolariak puntan egoteko hizkuntza egon behar dik korrituan. Bestela alfer alferrik duk. Hori badakizue zer den. Paretarik ez bazegok alferrik ari haiz brotxarekin aidea pintatzen. Orain moda berri batean gaudek Euskal Herrian, bertsolaria goran zegok baina baita arriskuan ere; garai batean, bertsolaritzak fama txarra zuenean, baserriko giroak agindu, eta bai neska, zein andre eta gizaseme guztiek memoriaz ikasten zizkiaten bertso paperak. Denak mundu hartan bizi hituen, eta gaur berriz bertsolari jaialdietatik kanpo inor ez duk bizi mundu horretan.
GALDERA: Bertso-paper, bertsolari eskola eta lehiaketa frango bada ba hortik.
ERANTZUNA: Euskaldunok berez kirolzaleak gaituk, eta zein garaile aterako den begiratzera zihoak gehiengoa. Mutiko ginenean gogoan hartzen genizkian bertsoak, hainbeste gustatzen zitzaizkigun. Gaur egungo umeak gustora joaten dituk bertsoak entzutera, denak bertsolari izango ez badira ere. Izan ere bertsoa zer den ikasita bait daude. Alde onak eta txarrak zeudek, askotan pilota partiduetara bezala zihoazek, jendea ez duk joaten tanto edo joku politena ikustera, baizik eta zeinek irabaziko duen.
GALDERA: Nola segitu duzu azken txapelketa?
ERANTZUNA: Txapelketa ondo. Ni ez ninduan beti joan, batipat galderak egiten bait zizkidatek, eta nola nahi ez dudan inork ezer esan dezan neregatik, ez diat inorgatik ezer esaten.
GALDERA: Doinu berriak badira. Ezin daiteke uka arraza hobetu denik, ezta?
ERANTZUNA: Teknika hobeagotu duk gehienbat. Doinu asko ez e! Doinu berri direlako batzu orain dela berrogei urtetakoak ere izan ohi dituk. Amurizak eta horiek nolabait sortu dizkiate batzu, nonbaiteko kantetatik hartu zerbait eta.
GALDERA: Ezin daiteke esan txapelduna hotza denik, ezta?
ERANTZUNA: Ez, ez. Baina ni beti aritzen nauk esaten herria ere lehenagokoa baino handiagoa dugula, eta orain dela bi mende inguru Billabonan 4.000 bertsozale juntatu zirenekoa ere ez zela makala izango.
GALDERA: Jendeari zugandik espero duena eman ohi diozu, berez agertzen zaren bezalakoa zara? Kontrakoak ere eman dituzu, jarrera bietatik, nondik atera daitezke bertsorik onenak?
ERANTZUNA: Ni naizena natxiok askotan. Bestetan ez, jendeak eskatzen duena ez baduk ematen jai daukak. Beste kasu hori ere egin genian Mattinek eta biok, baina kontra egitegatik egin ere. Berriketarako gai bat ipini ziguten eta esan nioan Mattini: «Hauek uste ditek beti txilibituen moduan gabiltzala, orain bestaldera egin behar diagu». Publikoarentzat frakasoa bezala izan huen baino bestela bezain ona atera.
GALDERA: Garai batetik honuntz gero aldaketak eman dira bertso munduan. Jartzen diren gaiak ere aldatuz doaz?
ERANTZUNA: Bertsolariak ez dituk beti gaia emanda. Lehenago alderantziz huen, lehen gai bat eman eta bertsolariak bide hartara ezin joanik ibiltzen hituen. Orain berriz, gai librea utzi eta ezin asmaturik zer esan. Gazteak ohitu gabe zeudek eta guri ahaztu egin zaiguk. Hainbeste gai eman zizkigutek herri guztietan!, eta apur bat geuron gaia aurkitzea ahaztu zaiguk. Gaurko onena, jaialdia bukatu eta libre haizela, hori duk politena.
GALDERA: Duzun txispa eta pipar hori nondik datorkizu?
ERANTZUNA: Bertsolari izateko ikasketa horiek norberarenak izaten dituk, hori berezkoa duk. Bertsotan denak ikasi zezaketek, lehenago ere afizioa zian edozein aritzen huen noizpait. Batzuk onak eta besteak txarrak. Lazkanok esan zian bezala, apaizak denak estudiatzen diate baina ez dituk sermoiak berdinak.
GALDERA: Zuek ere sermoilari samarrak ez al zarete?
ERANTZUNA: Hire kasa hasi behar haiz eta goizeko hamaiketan zer esan behar duk? Oso zaila duk. Nonbaitetik sortu behar, eta erantzuteko ere akordatu egin behar duk. Beasaingo baten ateraldia bezala. Joan zaio apaiza eta "orain ere hiltzeko zoritik atera haiz hi", " Belar txarra ez duk behinere galtzen". Eta besteak: «ez hik aitzurra hartuta behintzat». Pasata gero akordatzeak ez dik ezertarako balio.
GALDERA: Noizpait mintzatu zara euskal bertsolarien fintasunaren galeraz?
ERANTZUNA: Gureaz ere. Esan nahi niake lehenago erdiesate batekin gauzak entenditzen zirela. Niretzat askoz politagoa huen horrela. Ez zegok zergatik bertso zatarrak kantatzen aritu beharrik. Ez niake esango gaurko bertsolariak finak ez direnik, ugariak dituk, baina esan eta esateko posturak zaudek. Fintasun bat.
GALDERA: Ironia esaten dena. Eta beste errekurtsoak, metaforak...
ERANTZUNA: Beharko. Norberak asmatutakoak, horrelakoak asmatu zitezkek oraingo artekoak leitu gabe ere. Bai bada, jokuak.
GALDERA: Zure piuraren inguruan irudipen bat egin da. Txiste afaritan parte hartu duzu. Pemando amezketarra edo leiendaren bat izateko bidean zara?
ERANTZUNA: Ia behin ere ez diat kontatuko txisterik jende askoren aurrean. Lagunen arteko istoriak dituk, horrela hasi behintzat. Eskatzen zizkidatek, eta ez duk ona. Azkenekoan amorru eginda etorri ninduan, ahaleginetan aritzen haiz jendea pozik jartzeko, baina izaten dituk bada halako 'santa mari' batzuk eta haserre. Jenio txarrean bueltatu ninduan.
Zenbat eta entzulego handiagoa ordun eta diferenteagoa izaten duk, horregatik ez zaidak batere gustatzen txiste kontaketan aritzea.
GALDERA: Zirikatzaile fama izan duzu betidanik.
ERANTZUNA: Zer esango dizuet bada... Berriketako gizona bezala hartzen haute. Gainera askotan aritzen nauk pentsatzen etxera ailegatuta: «adin honetan banebilek ba ni txorakeri hauek esaten!». Utziko niake lanbide hau gustora, egia esaten diat. Bertsolaritzak gaztetan ematen dizkik pozak, hastean; adin honekin mundu hau triste eta astuna duk. Eta behin gainera nik plublikoa ohitu dudan bezala, are txarrago. Nigandik espero dudana eman behar eta erreta, emegaturik ibiltzen nauk sarritan. Zahartu gaituk, bizimoduak erre egiten dik, eta beti baietz esateak aspertu egiten hau. Beste inorekin atrebitzen ez badira ere nirekin bai. Horrela goazek.
GALDERA: Bertsolariak elkarturik al zaudete?
ERANTZUNA: Ondo eramaten gaituk jeneralean. Izaten dituk geuron artekoak ere, baina ondo, pentsa ezazue, elkarri esaten dizkiogunak esan eta lagun jarraitzeko...!
GALDERA: Ez al zarete apurtuko, orain arestian izan dituzue kritikak.
ERANTZUNA: Patxi Perurenak igoal arrazoia edukiko dik, baina hortara bagoaz erantzungo nioke txamarra zaharra ezingo duela bota abrigu berria eduki arte.
Kantari protestalariek ere horrelakoak esaten zizkiaten. Gero apurtu hituen haiek ere–haiekin ere ibili gintuan–. Akordatzen nauk, atzoko protestalaria igoal gaurko agintaritzan ari duk. Gaur egun ere nahiko protesta egin beharra zegok, ez bait dago gauza onik. Txaloak jasotzeko ere nahiko protesta egin beharra zegok.
GALDERA: Nola ikusten duk euskararen egoera?
ERANTZUNA: Euskara indartzen ez baduk ez zegok zer eginik. Gurasoek erdara indartzen diate. Andereinoak ere titulu bila ari dituk euskara traketsean. Eta umeak biengandik ihesika.
GALDERA: Herri honekiko konpromezua nabaria da bertsolarariengan?
ERANTZUNA: Koupromezu hori betetzea nahi bada besteek ere hartu egin behar diate, hi! Bestela koupromixua guk bakarrik edukiko diagu. Guk esaten badiagu besteek entzun egin behar diate. Zertan ari gaituk bestela? Herria eta bertsolariok uztarturik egon behar diagu.
GALDERA: Euskararekin kezkaturik agertu zara.
ERANTZUNA: Erderakadak biharko egunean gauza arrunta izan zitezkek. Bizibideagatik hartua duk euskara eta ez sentitzeagatik. Sentitu egin behar duk. Askotan pentsatu ohi diat, "Hobe nian jaio banintz Txinan", sufritzen egoten nauk askotan. Jendeak erderaz pentsatzen dik. Jendeak noruntz jotzen duen hartara ohitzen duk. 'Desibili' esan eta gelditu egin beharko diagu laister.
GALDERA: Garai bateko bertsolari sonatuek ere erderakada bitxietarako joera bazuten ba.
ERANTZUNA: Hori lainezaz egiten ziaten.
GALDERA: Libururen bat egin beharko duzu egunen batean.
ERANTZUNA: Asmoa badiat baina lanetik erretiratutakoan hasi beharko diagu. Hala ere, horrezaz gain, jendeak badizkik nik hainbat nere gauza. Estudiatua izan banintz zerbait egingo nian hizkuntza mailan. Baina orain ez zeukat denborarik, nola bada? Baserri bat diat eta oporrak ere ez dizkiagu hartzen eta.
J.J. PETRIKORENA. J. ARANO
35-39
GaiezKulturaBertsolaritBertsolariaLAZKAO-TXI1
PertsonaiazLAZKAO-TXI1
EgileezARANO1Kultura
EgileezPETRIKOREN1Kultura