Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Iñaki Azkune zezenzaleari elkarrizketa
Iñaki Azkune: "Zezenketan Sadismorik Behintzat Ez Dago"
San Ferminak amaitu arren, Euskal Herrian pizturik dirau zezenekiko zaletasunak; ikusi besterik ez aurreko astean goizeko zortziretan entzierroa ikusteko iratzartzen zen jende mordoa. Iñakik guzti honen berririk badu baina datu historikoak erabiliko ditu Euskal Herrian zezenekiko dagoen zaletasana eta honen jatorri sendoa froga ahal izateko. Bestalde inolako polemiketan murgildu nahi ez duen pertsona dela zalantzarik ez zaigu geratu eta pertsonal puntuak alde batera utziz zezen korritzearen jatorri, garapen eta bestelako argibideak eskeini dizkigu inolako arazorik gabe. Hitzak ederki asko neurtzen dakien zezenzale hau kale mailan dagoen desinformazioaz eta zezenketaren aurka eman den politikaren ahuleziaz mintzatu zaigu. Hitz apalak bereak.
GALDERA: Nondik datorkik hiri zezenekiko zaletasun hori?
ERANTZUNA: Nire jaioterrian, Zestuan, beti egon dituk zezenak eta betidanik izan diat nik historiarako zaletasun piska bat.
Historian murgiltzen bagara, orain dela hirurehun eta piko urte, herriko plazak egin ohi ziren zezenak korritzeko, horregatik dizkitek hango etxeek aldenik aldeko balkoiak. Toponimoak ere hor zeudek zezenarekin erabat lotuak: Zezenarro, orain Ezenarro esaten dena, papeletan agertzen da XIV. mendean eta Unamendi eta hori Unaiatik zetorrek, zeina zezenak zaintzen dituen artzaia baita. Xenpelar-ek dauzkan bertso famatu horiek... Pasaiakoak... ba hori Anduzmendian hazitako zezena huen putzura salto egin zuena eta bere nagusia Zestua-ko baserri batetako nagusia huen. Guzti hau herri bati begiratuta eta,piskat geroago sakontzen baduk, XVIII. mendean esportatu egin zen Euskal Herritik kanpora.
GALDERA: Esan zitekek jatorria bertakoa dela, alegia?
ERANTZUNA: Nafarroako datu batzuren bilduman agertzen denez, eta Tutera sortu zeneko ageri batzu agertzen dituk bertan. Alfontso gudalariak, Nafarroako eta Aragoiko erregeak, XII. mendearen hasieran foru bat eman ziola konkistatu zuenean Tutera. Ba, foru honetan agertzen dituk sokamuturraren arauak. Sokamuturrak batzutan kalteak sortzen zizkian eta kalte horiek jabeak ordaindu behar zian hiltegira eramaten bazuen. Hiltegira eramatekoan kalteak sortzen bazituen, ba zezen jabeak ordaintzen zizkian. Festa baldin bazen edo apaiz batek meza berria kantatu zuela edota ezteiak zirelako, orduan herriak udalak edo beste bide batetik ordaintzen duk hori, baldin eta pikardiagatik soka nahita askatu ez bada edo eta hori 1117. urtean, XII. gizaldian ari nauk.
GALDERA: Entzuna zeukeagu artzaien ohitura zela guzti hau...
ERANTZUNA: Hori ezinbestekoa duk. Hori ez duk orain XII mendetakoa, gaur egungoa ere baduk, gaur egun gertatzen duk hori. Nik neuk ezagutzen dizkiat, Zestuan bertan, Jose Mari Elortzak esana, nire aitaren adinekoek-eta, Olazabal baserrikoek egiten zutena. «gu gaztetan igandetan eta aspertzen ginenean horrelexe dibertitzen ginen, Saletxera eraman larre-behiak eta zezenkoak, betitsuak, alegia eta gu barrara sartu, atea itxi eta bertan aritzen ginen korrika jolasean».
GALDERA: Jolastzat jotzen zen orduan?
ERANTZUNA: Gauza bat jolasa duk eta bestea, lanbidearen eraginez ematen den derrigorrezko kontaktu hori. Zezen kontua Euskal Herrian aizkolarien, harrijasotzaileen eta estropaden kontestu berean kokatu behar diagu, eta honelaxe joan duk plazara. Iztuetak kondatzen duenez Ataungo Amilletako baserriko unai batek Amezketako San Bartolome jaietan herri-zezena menderatzeko apustua egin zian. Herri behar bat duk festetan zezena korritzekoa. Gure historian atxurkada bat eman eta zezenak azaltzen dituk, nonahi egonda ere.
GALDERA: Esan al zitekek bertako jatorririk dugunik?
ERANTZUNA: Jatorria hemen bazegok eta ziurtatua zegok. Honek ez dik esan nahi beste lekutan ez zegoenik. Cretan, zibilizazio mineikoan ba ziren eta beste leku askotan ere bai. Erdi Aroan gure inguruan notiziarik zaharrenak hemen zeudek. Gero esportatu egin huen.
GALDERA: Norantz, hegoalderantz?
ERANTZUNA: Kontuz, hegoaldera bai baina iparraldera ere bai. Ipar Euskal Herrian ere hemen bezain zaharra duk hori. Garai hartako zezenketa, XVI-XVII.enekoa, askoz ere garbiago edo-ta bere hartan gehiago eutsi ziotek. Parisen ere zezenketak egin hituen.
GALDERA: Esportatzerakoan nolako garapena ematen duk?
ERANTZUNA: Lehen Amilletaren kasua aipatu dugunean zezenketa apustuaren bidez sartzen dela ikusi diagu, atletaren indarren neurketa bat gehiago huen eta alde horretatik segitzen dik. Ez da ahaztu behar poliki-poliki Nafarroan kapa sartzen hasia dela, XVIII. mendean Moratin-eta Kapeadore nafarrez ari dira, horiek nafarrak diotenean euskaldun ulertu behar duk. Sustraitara joz gero, hasi Bordeletik eta Soriaraino, Huesca harturik, hau da, XI. mendean euskaldun guztiak zetro baten azpian hartu zituen erregearen dominioak, Santxo Nagusi Nafarroako erregeren dominioak. Hor bazegok toreatzeko territorio definitu bat.
Garapenik handiena Euskal Herrian eman duk. Honela entzungo duk «capeo a la navarra» eta gaur egungo pase batzu haietatik eratorria dituk, "chicuelina" eta "molinetea" nafar pasetik eratorritako paseak dizkiagu. Banderillak ere baziren, ezpatak erabiltzen hituen eta muleta ere bai. Aldaketa gehienak XVIII. mendean eman hituen.
GALDERA: Garai hartan ere hiltzen ziren orduan zezenak?
ERANTZUNA: Bai. Denak egon dituk, hiltzeko jokuak, eta ez hiltzekoak ere bai. Zezenak hiltzea oso zaharra da. Nafarroako Antso Ramirez erregea ezkondu zenean zezenak korritu hituen eta garaiko kronistak garbi esaten dik: "occidebant". Hori aspaldikoa duk.
GALDERA: Zezenak korritzeko eran, giza mailak zerikusirik izan al du?
ERANTZUNA: Giza mailak zerikusirik inoiz izan badik, Euskal Herrian oso gutxi, zaldiz toreatzea izan duk. Rejoneoan jauntxoak, aristokratak soilik aritu izan dituk.
GALDERA: Betidanik entzuna diagu bertako ganaderiaren ospea eta izena.. Karri Kirrik izen handia dik.
ERANTZUNA: Karri Kirri bankari aberats bat huen eta gauza askoren artean ganadutegi bat zian. Nafarroa esaten duk baina Ebro inguruko zezenek izen handia baditek ere, Gipuzkoan ere beti izan dituk, hori arraza pireineikako zezena duk. Bizkaina. Araban eta Iparraldean ere bai. Ganaduzale pilo bat zegok, Karri Kirri, Gendulain, Lekunberri, Zalduendo, Alaiza, Lizaso eta... mordo bat. Hori izeberg-aren punta besterik ez duk.
GALDERA: Zein desberdintasun dik hegoaldeko arrazakoarekin?
ERANTZUNA: Normalean kolorez gorria, txikia, esaera bat bazegok bada «Arratiako zekorra txikia baina gogorra», malizia handikoa, hau da, gauzak azkar ikasten zizkiaten, plazara joan eta kontu handiz tratatzekoak; pikatzaile askok tamainari begiratuz engainatu egiten hituen, erdi farrez hartu baina jokoan hasten zirenean ez huen giro. Gaur egun ere, bazeudek arrastoak; miurek ere Nafarroako arraza honen bereizgarriak dizkitek. Toreaketak bide estetiko-plastikotatik jo zuenean, akrobazia alde batera utziz, arraza hau goitik behera etorri huen, hau biziegia bait huen. Horretan zerikusi handia izan ditek andaluzek, bere folklorearean esku mugimenduak dik garrantzia; euskalduna berriz hanketan oinarritzen duk. Honela hemengo zezenak desagertuz joan ziren.
GALDERA: Gaur egun zezena hazterakoan egungo toreo eta toreroaren mesedetarako hazten al duk?
ERANTZUNA: Bai. Derrigorrezkoa da. Larre behiei "zezenketa" egiten zaiek, horretarako bi froga dituk nagusi: eztena sartzerakoan zaldiarengana joateko zein jokaera duen neurtzen duk. Atzera egiten badik hiltegira ziek haragitarako. Zaldira behin joan eta bultza eta segi egiten badik, zezena hazteko uzten duk. Bigarren frogan toreatzaile batek toreatu egiten dik honela ikusten ditek muletara ongi doan ala ez. Egun, bigarren honi garrantzi handiegia ematen ziotek ganadutegiek. Honela zezenketa modu berezi bat destilatzen ari dira estetikako toreo bati zuzenduz. Indar eta kasta gutxiko zezenak dira gaurkoak.
GALLDERA: Eta toreatzaileek zezen bizirik eskatzen al dute?
ERANTZUNA: Besterik ezin duenak horiek toreatzen dizkik baina ahal dezakeenak beste hauek aukeratzen dizkik, erosoagoak bait dituk. Miurak dira oraingo gogorrenak. Tuliak ere gogorrak dira.
ERANTZUNA: Nola interpretatu behar dizkiagu San Ferminetako entzierroak?
GALDERA: Beste lanbide baten ondorioak dituk. Ganadua leku batetik beste batetara eraman behar duk eta garai batetan hori oinez egiten huen, transumantzia huen; hori entzierroa. Gisa berean, herriko festetara zezenak oinez eramaten zizkiaten eta zezenak korritu arte herriko ingurutan egoten- hituen eta festa eguna iristen zenean hirira ekartzerakoan egiten huen korrika saiotatik atera hituen Iruñeako entzierroak. Faltzes-ekoa berriz, mendiko bidaiakoa duk.
GALDERA: Joko horiek lanbidearekin lotuak zeudek, baina nola uler zitekek korrida ospatzea eta zezena hiltzea?
ERANTZUNA: Hiltzea ere lanbidearekin lotuta zegok. Kontsumoarekin.
GALDERA: Krudeltasunean egon zitekek esplikaziorik?
ERANTZUNA: Krudeltasuna aipatzerakoan desinformazio ikaragarria zegok. Krudeltasuna non zegok? Hiltegian bazegok?
GALDERA: Baina hiltzea ez al da espektakulu bihurtu?
ERANTZUNA: Espektakulua ez duk hiltzea bakarrik, espektekulu horrek arau zehatz batzu dizkik. Hori galdetzen duenak korridaz ezer ez dakien jendea izaten duk, normalean. Futbolari buruz penaltia zer den ez dakien pertsonarekin hitzegitea bezalaxe duk. Krudeltasuna edo-ta sadismorik behintzat ez zegok gaizki hiltzen duenak zezenzalearen txistuak jasoko dizkik eta, aitzitik, ongi eginez gero sariak jasoko dizkik.
GALDERA: Orduan hemen jakitun gutxi zegok.
ERANTZUNA: Ez. Proportzioan kanpoan baino gehiago zegok. Gainera dakien jendea alde batetik bestera mugitzen duk, hemengo plazetan ibiltzen bahaiz hasi Baionatik eta Fiteroraino jende ezagun asko ikusiko duk. Hemen zaletasun oso jantzia zegok.
GALDERA: Hemen, Euskal Herrian, herri kultura izan duk, bizibideari oso lotua egon bait duk, gauza bera esan zitekek Andaluzia eta honelako herrietaz?
ERANTZUNA: Hemen jendeak berehala herri kultura politikarekin nahasten dik. Ez zekiat zergatik baina futbolarekin eta ziklismoarekin ez dituk honela sartzen eta zezenekin bai. Agian Franco ri gauzak gehiegi sinetsi zitzaizkiolako,ea bere erabilpena egin zuelako baina futbbolarekin erabilpen politikoa ere egin zian. Herri kultura: nik apustua egingo niake Baionatik Fiteroraino 50 bat korrida ematen direla urtero eta zenbait lurraldetan hori ez dagoela. Hemen Andaluzian baino intentsitate handiago zegok eta Bizkaiak Salamancak baino toreatzaile gehiago eman dik.
Aparatu propagandistiko hori egiteko ez al da izan motibu handiagoa orain gutxi Zaragozan? Errege borboi baten koparen atzetik hainbeste milaka pertsona ibiltzea? Denak, hasi eskuin-eskuinetik eta bestetaraino. Gustatzen zaiona joan dadila eta besteari hor konpon.
GALDERA: Toreroek ere jasan dute garapenik?
ERANTZUNA: Izugarria Lehen toreroek gladiadore lana egiten ziaten, beste erremediorik ez bait zeukaten. Mugarri batzu egon dira, Lagartijo, Guerra, Machaquito eta Bombita garaian ere eman huen eta Juan Belmonte. Edertasun plastikoaren bidetik jo ziaten. gaur egun bide honetatik doazen toreatzaileak ez diate Miuraren bat inoiz eskatuko.
GALDERA: Nola ikusten duzu Donostiako Plaza egitea eta horren inguruan sorturiko polemika?
ERANTZUNA: Niri gustatuko litzaidake. Euskal Herrian zezen plaza asko, partikularrek egin dizkitek eta amortizatu izan denean instituzio publikoetara pasa izan dituk, interes altruista handia egon izan duk, ez diat uste inon emankizun benefiko gehiagorik eman denik zezen plazetan baino.
Polemika: proiekzio piska batez begiraturik, amaitu ezinezko polemikak direla esango nikek, hauek ia bostehun urte izango dizkitek. Arrazoiak era guztitakoak dira: politikoak, etikoak, erligiosoak, ekonomikoak... hori beti izan da, beda eta izango da. Zezenzale multzoak badira eta beren eskubideak badizkitek ere, nik ikusten diat polemika hauetan batzurentzat erabiltzen diren arrazoiak beste batzurentzat ez dutela balio, hau da, plaza egin nahi duenak ordain dezala, konforme, baina stadium-a egin nahi duenak ordain dezala, ziklismoko karrerak ikusi nahi dituenak antola ditzala eta jazz kontzertuak entzun nahi dituenak guztia ordain dezala.
LOREN ARISTI. N. ARRASTOA
35-39
GaiezGizarteaBesteak
PertsonaiazAZKUNE2
EgileezARISTI2Gizartea
EgileezARRASTOA1Gizartea