Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Joxe Angel Iribar, "Makatza", Bilbao Athletic-eko entrenatzaile izango denari elkarrizketa
Joxe Angel Iribar: "Euskal Jokalarien Aldekoa Nauk Gauza Guztien Gainetik"
Ez zaigu batere erreza suertatu Joxe Angel Iribar "Makatza"rekin elkarriketa hau egitea, mundu guztiak dakien bezala, Ingalaterratik ailegatu berri den Howard Kendall aurkeztu bait dute Bilboko Athletic taldean, eta zarauztar entrenatzaileak makina bat bilera eta mintzaldi egin behar izan ditu klubeko zuzendaritza batzarrarekin, hemendik aurrera bere etorkizana zertan izango den argitzeko, baita halaber britainiar mister berriarekin ere iragan den denboraldiko lanen berri emateko. Bilbao Athletic-en gidaritzapean jarriko da berriz ere "Makatza" Lezamako harrobia zaintzen eta mamitzen. Hala kontatzen digu behintzat, Errealak Zaragozan lortu duen kopako garaipenaz patxadaz solastu eta ospatuz gero.
GALDERA: Bilbao Athletic taldean hasi hintzen lehendabizikoz entrenatzaile gisan Lezamako zelaietan. Urte onak emaitzen aldetik eta urte gutxian maila gorenera nahiko berehalako erabakiz.
ERANTZUNA: Lehenengoz beheko mailan hasi nintzen entrenatzaile bezala, Athletic-eko infantilekin alegia, uan Bilbao Athletic-era pasatzeko gero. Eta lau urte pasatu nizkian bigarren taldearekin. Aurrenengo urtean bigarren postua lortu genian klasifikapen onenarekin, baina beste hiru igaro genizkian erdi aldeko tokitan. Uste diat ez nintzela segituan igo lehendabiziko taldera, baizik eta lau urteko lan luzearen ondorioz ailegatu nintzela, behetik hasita eta ondo ezagututa. Ez lortutako emaitzengaitik. Bilbao Athletic gainera jokalariak ateratzeko helburuz aritu duk beti.
GALDERA: Ordea, hi Athletic-era igotzean bazegok aurretik afera sonatu zenbait, direktiba une larrian ipini zuena eta bazkideak eritziz zatitu antzera: Clemente-Sarabia istiluak alde batetik, eta baita Guzmán-en bahiketa ere tartean...
ERANTZUNA: Itxura txarra zian hark jokalarientzat. Eztabaida horiekin krisis baten barrenean sartu huen, bai taldea eta direktiba batez ere. Nik krisis hori konpondu barik hartu nian ekipoa. Nabaria duk. Gainera, gero ikusi behar duk oso emaitza onak lortzetik zetorrela Athletic–bere historian zehar lortu dituen berezienak, beraien zailtasunagatik–, eta istilu horiek bazeudela hasiera batetik banekian. Baina poliki poliki irtenbide bat bilatzeko asmoz, klubeko militante bat gehiago bezala hartu nian bete beharreko lana nere gain, zeuden arazo guztiak asumituz.
Denboraldi Istilutsu Baten Ondotik Lehendabiziko Taldeko Entrenatzaile
GALDERA: Zein kondiziotan burutu huen kontratua. Eta zein helburuz hasi zen bukatu berri denboraldia, klubaren intentzioz eta hire ikuspegiz?
ERANTZUNA: Entrenatzaile bezala, entrenatzaile guztiek bezala, emaitza onak, ahalik onenak lortzeko asmoekin ekin nion denboraldiari, jakina. Hauek lortu ezkero gauzak ongi joaten dituk leku guztietan. Betiko helburu nagusia duk, ezta. Baina aurtengo amaieran erakutsi diate emaitzek ez dela helburua lortu.
GALDERA: Bai, begibistan da gauzak ez direla pentsatu bezala atera. Lehendabiziko bueltaren ondoren arazoak pilatu dira bata bestearen ondotik.
ERANTZUNA: Nolabait kirolariek dituzten arazo fisikoak dituk horiek. Aurtengo denboraldia atipikoa egin duten arazoak zaurienak izan dituk batez ere. Hainbeste zauritu eta hainbeste denborako luzapenaz, dinamika batean sartu izan gaitu gainditzea oso zaila izan denai Ekipo bat osatzea, talde sendo baten moduan jokatzea, eta jokalari bakoitza indibidualki forma berezi bat jartzea egoera horretan ez duk batere erreza. Dena batera ailegatu huen gainera.
GALDERA: Hain zuzen, hori adierazgarria duk, ze azken boladatan Athletic-eko jokalarien prestakuntza fisikoa guztiz enbiriagarria bihurtu huen. Delgado seleziora eraman ziaten preparatzaile gisan eta segidan erori dituk orduko txapeldunak. Apostu hartan erreketarik gertatu huen ala?
ERANTZUNA: Kirol guztitan nabaria duk, bost urtetan gorputz bat, talde bat halako lan berezia egiten, mailarik lehen lehenean mantzentzen edukitzeak, horrek faktura pasatu behar dik. Garbi eduki behar den kontua duk. Eta eliteko deportean normala denez, ba horrek ez du esan nahi erreta daudenik, baizik eta ez dagozela lehen bezala. Honen azterketa bat egiteko denbora duk oraingoa.
GALDERA: Ez da kontraesankorra jubenilak hain gogor ibiltzea eta Bilbao Athletic lasai samar, eta bestalde lehendabiziko ekipoa ezin egokitzea.
ERANTZUNA: Kontraesana ez. Ze ez duk berdina Lehen Dibisioan jokatzea, ezta pentsatu ere. Oso desberdina duk. Bitartean etapa batzuk erre behar dituk nahita nahi ez. Eta etapa bat erretzen ari gaituk orain.
Hogeitabost urte bazeramazkiat Bilbon, eta pasatu dizkiat orain baino egoera txarragoak emaitzetan. Hiru partidu faltan eta bigarren mailara jeisteko zori bizian. Horrenbestekoa ez diagu aurten pasa. Athletic-ek daraman politikarekin "Errealak daramana bezala" momentu batzutan derrigorrez pasa behar dituk halakoak. Erre egin behar dik hori nolabait, baina beti epe luzera begira hurrungo gorakada horren bila, eta etorriko duk piskat burua hotz mantenduz, lana ondo eginaz eta planifikazio on batekin.
Athletic-ek hogeitazazpi urte pasatu dizkik berriro txapela bat lortu ahal izateko. Guk daramagun politikak eskatzen dik etapa horiek jasan behar izatea. Politika hori asumitzen dugun neurrian halako egoerak ulertu behar dizkiagu.
GALDERA: Prentsa aldetik kritikak eta erasoak ez dituk faltatu behin eta berriro. Donostian Ormaetxearen ondotik Toshack ekarrita, antzeko zerbait iragartzen arituko balira bezala Bilbon. Ingeles bat Iribarren ondotik!
ERANTZUNA: Ezin jakin. Baina prentsak taldeari, eta era berean neri, hasiera hasieratik kritika haundiak egin zizkiok, baita pretenporadan ere. Halako lehendabiziko buelta eginda ere, Real Madrid-eri han irabazita ere. Prentsak presio haundia egin ziok taldeari nere ustez. Lehenagotik zetorren krisis horrek zekarren kontua duk igual. Eta orain berriz ilusioz agertzen dik prentsak Kendall-en presentzia... Berak eskatzen dizkidan lanetan lagunduko zioat ahal dudan guztitan.
GALDERA: Lezamako estilo ingelesak sarritan hitzegiten da. Baloi luzeak hutsunetara bota medio aurkakoaren atera bizkor iristea errezten duena. Aurrelariengana zailki heltzen da ordea larrua eta golak eskazian izan dituk.
ERANTZUNA: Esango niake Lezaman ez dela futbol ingelesaren eskola segitzen. Estiloa gurea da gutxi gorabehera, Athletic-arena. Ereduak beti hurreratzen dituk hala ere, baina gure estiloa desberdin samarra duk, ze guk asko arriskatzen diagu, ingelesek baino gehiago. Horregatik galtzen dizkiagu hainbeste baloi. Esango diate hango taldeak hobeto organizatzen direla, beste mentalidade batekin.
Guk arrisku gehiagorekin jokatzen diagu zalantzarik gabe, eta arriskua hartu dugunean, talde ona tokatuta, orduan emaitza onenak lortu dizkiagu. Funtzionatzen ez duenean, ba taldea ondo erabili gabea izan delako da, ekilibrioa lortu ez dugulako. Etapa honetan ez zeukagu talde egokirik. Arazoak errez ugaritu dituk aurrelarien lesiotan. Bigarren bueltan batez ere: Noriega, Argote, baita De Andres, Urtubi. Lerroen arteko ekilibrioa bilatu behar diagu. Hori duk Lezamako lehen lana.
GALDERA: Zaila omen duk Athletic-en aurka jokatzea. Zelai guztian barrena egundoko presioa egiten bait dik etengabe. Baina golik ez.
ERANTZUNA: Azpimarratu behar dena zera duk, lehendabiziko bueltan golik gehiena egin duen bigarren taldea izan garela. Gero jokoa aldatu behar izan diagu jokatzeko era, aurrekaldean sartu behar izan diren jokalari berrien ezaugarri desberdinak zituztelako, eta ezaugarri haiek eskatzen zutenera egokitu behar izan dugulako. Hirugarren-laugarren... toki horietan borrokatu diagu aurrenengo bueltan, denera hogeitasei gol lortuz.
Ez da zarauztarra delako, baina nabarmendu nahiko niake Argotek suposatu duena, eta bere faltatzeak ekarritakoa: Estanisek eman dizkik golik gehienak, eta berak ere sartu dizkik dexente. Bera falta izan denean sortu dituk arazoak eta korapiloak. Hogeitasei goletik hamaika golera jeistea bada aldea.
GALDERA: Datorrenerako Howard Kendall ailegatu da Lezamara–ez da kasualidadea britanikoa izatea–. Badaezpadako emaitzak Ingalaterran, eta Bilboko taldea iraultzeko asmoz. Bere ikuspegiak marraztutako egituraketa burutu ahal izango du, ala, aitzitik, mementu honetako jokalarien ezaugarrietara egokitu beharko duk bera. Oso goiz hasiko den denboraldi honetarako zalantzak!
ERANTZUNA: Horretaz hitzegin diagu orain arteko aurrenengo gure enkontrutan. Horretaz Errealak Zaragozan jokatutako finalean eta baita aurretik ere. Aurrera eraman dugun lanaz, jokalarien ezaugarri zenbaitetaz eta abar. Bazekik jende berri asko ekarri behar izan dudala joan den denboraldi honetan, eta horiekin kontatu beharko duela neurri haundi batean behintzat.
Gure esperientziak garti erakutsi ziguk taldea moldatu arte lan asko egin beharko duela, buelta asko eman beharko dizkiola eta zenbait egituraketa probatu beharko dituela benetako egitura lortu bitartean. Gero eta errezago gertatuko zaiok denhora pasata, baina hala eta-guztiz ere denbora eman beharko zaiok, eta hartu beharko dik!
Nere eritziz, nahiko du, bai, bere futbolaren ikuskera aplikatu, hain emaitza onak eman dizkion sistema erabili. Baina horretarako jokalarian beharko dizkik, eta segun eta zein jokalari eduki horretara moldatuko duk. Hala ere positiboa duk berak abipuntu eta helburu finko bat ekartzea bai harrobiaz baliatzeko bai taldeari bere gustoko moldeak emateko.
GALDERA: Euskal entrenatzaile asko ibili duk eta zebilek kanpoko taldetan: Azkargorta, Maguregi, Irulegi, Aranguren, Clemente, Ormaetxea... Baina euskal taldeetan kanpotarrak dituk maisu: Brizc izan duk Osasunan, Toshack Errealean, Kendall Bilbora. Ez zegok gaitasunik euskaldunen artean? Entrenatzaileengan da arazoa?
ERANTZUNA: Ez. Neretzako prolema zera duk, emaitzak egun batetik bestera lortu nahi direla. Eta ematen dik hori lortuko bada beren kalitatea sobera erakutsi dutenekin bakarrik lortuko dela, kanpotik ekarritako entrenatzaileekin. Gertatzen duk liga nolabaiteko karrera batean murgildu dela erresultadoak lehen bait lehen eskuratzeko, eta bazirudik kanpotarren jakinduriak segituan ekarriko dituztela!
GALDERA: Begibistan da karrera hori indartu nahi izan dela gainera. Gero eta euskal jokalari gehiago joaten dituk Estatuko beste taldeetara, diruaren bueltan, harrobiko politikak epe laburrera ematen ez duen arrakastaren bila...
ERANTZUNA: Pixkanaka enpresak bihurtzen ari dituk klubak, eta enpresari direktiboak. Kirolarentzako ona izan zitekek akaso, antolakuntza hobea egon daitekeelako. Euskal taldeentzat ordea kaltegarria izango duk, dudarik gabe. Komertzio libreko ekonomia horretan abiatuz gero, dinamika gatza izango da harrobian oinarritzen diren gurea bezalako klubentzako. Gogoratu bestela Julio Salinasekin gertatu zena iaz, Zubizarretari eskeini zitzaion aukera. Filosofia hori ez zegok gure faboretan, eta emaitzak lortzea gero eta zailago izango dela esan nahi dik horrek.
GALDERA: Eskubaloian eta saskibaloian kanpotar jokalariak bazeudek. Baina futbolean ez duk oraindik halakorik gertatu. Zergatik kanpotar entrenatzaileen aldeko baietza?
ERANTZUNA: Tradizioa akaso. Normaltzat hartu duk kanpoko entrenatzaile-maisuak ekartzea. Eta ez duk hola gertatu jokalariekin. Pedagogia erizpidea edo, nik zer dakit. Ni euskal jokalarien aldekoa nauk gauza guztien gainetik, nahiz eta beherakada asko jasan behar izaten ditugun horregatik. Baina tira, eutei.
GALDERA: Ez zaik burutik pasatu beste Lehen Dibisioko talde bat entrenatzea?
ERANTZUNA: Ez, ez. Nere asmoa Athletic-en segi eta bertan bukatzekoa duk. Ez zeukat bestelako helbururik. Bilbao Athletic-en lana egiteak ilusio haundia egiten zidak, lehen neukan adina. Lan honen ardura berriro ere nere gain hartzeko egundoko motibazioa zeukat, betiere taldearentzako mesedagarri izaten jarraitzen duen bitartean. Pixkat militante lana duk alde batetik eta nere ogibidea bestalde, bien arteko harreman estu bat.
ANTXON PELAIO. GORKA ARRESE
35-39
GaiezKirolaFutbolaTaldeakAthletic Cl
GaiezKirolaFutbolaEntrenatzai
PertsonaiazIRIBAR1
EgileezARRESE1Kirola
EgileezPELAIO1Kirola