J.M. Iriondo: "Sozialistak badatoz itxi egingo dute ETB-2"


2021eko uztailaren 16an
ETB-2 eta ETB-1 presupostuen eta hauteskundeen mende
J.M. Iriondo: "Sozialistak badatoz itxi egingo dute ETB-2"
ETBn produzitutako programak desagertzen ari zirela pantailetatik eta horrezaz jakin nahian deitu genuen ETBra. Joxe Mari Iriondorekin hitzegin behar genuela esan ziguten han. Bitartean, J.M. Gorordok ETB-1 euskara hutsez izango zela iragarri zuen. Bataz zein besteaz hitzegiteko aukera izan genuen ETBren zuzendariarekin.
"Programa bot hasterakoun epe batekin hasten da. Eman dezagun orain hasitako bat uztaila bitartean izango dela. Abuztuan programazio berezi bat egin eta irailetik aurrera berriz beste programa berria. Egia duk atzeratu egin garela, programa batzuk kendu egin ditugula eta horien ordezkoak zein izango diren oraindik ez dugula aditzera eman. Baina horren ordezko programak bazeudek" esan digu Joxe Mari Iriondok gure kezka agertu eta segituan.
Programazio berriari errepaso bat eman diogu elkarrekin eta ikusten da ez dagoela barne-produzioko programa gehiago. Gehienez dagoena da lehen produzitutako programen antzekoak izen-berri eta itxura berriekin.
"Guk daukagun diruarekin ezin dugu gehiago egin. Nik ez dabit Euskal Herriak noiz konprenituko duen presupostu hauekin ezin dela telebistarik egin. Eta asuntua duk gure presupostuekin lana nola egiten den. Adibide bat; Munduko Pilota Txapelketan bost ordu eman dizkiagu egunero zuzenean; zortzi egunetan 25 lagunek egin dute lan hori dena. Edozein telebistak 150 lagun beharko lituzke ordu horiek eskaini ahal izateko. Horrek zer esan nahi du, gure jendeak lan askoz ere gogorragoa egin behar duela".
Langile gutxi, lan asko
Langile gutxi izateak lan gehiago egitera behartzen ditu ETBko langileak Joxe Mari Iriondoren hitzetan. Langileez gain materiala ere ez daukate behar adina, edota nahi adina behintzat.
"Donostiako estropadetan bezala. Bi kamarak failatu eta gure emankizuna pikutara joan zen. TVEn zergatik ez da hori gertatzen? Guk bost kamara eraman genituen, haiek hamar edo hamabost eramango dituzte. Zerbait gertatuz gero errepostua izango dute. Euskal Telebista ordea telebista txikia da eta ez dago. Ez dago gehiago".
Telebista telenobelaz, telesailez, zine amerikarrez eta kirol amerikarrez betetzearen arrazoia hortxe bilatu behar da. Merkatuan dauden produktorik merkeenak bilatzen dira telebista programazio ordu batzutan mantendu ahal izateko.
"Askoz ere merkeago ateratzen duk. Erlazioa izan daiteke, NBAren partidu bat 300.000 kosta bazaigu, pilota partidu bat 3 milioi. Gutxi gora behera guk egindako produzioaren ehuneko hamarra kostatzen dik enlatatuta ekarritakoak".
Ordaina sasikultura amerikarra gure etxean ere zabaltzea da, eskaintzen den produktoaren kalidade eskasarekin batera. Produkto eskasa eskaintzen du ETBk...
"Daukaguna. Ahal dugun programa eskaintzen dugu. Eta konpetentziara joaten bahaiz, zer gehiago eskaintzen da? Eskatu zigutek liburugintzaz programa bat egitea. Astean orduerdi bat. Frantzian egiten da, baina hemengo liburugintzak ematen al dik astean orduerdi egiteko lain?".
Bertan produzitzeko hutsuneak
Bertan egindako telenobela, filme etabarrik ez dagoela dio Joxe Marik Iriondok. Gidoigileak, aurkezle onak, telebistagile onak... guzti horien falta nabarmentzen du.
"ETBko jendea ez zegok oraindik preparatuta. Hemendik urte batzutara jende ona izango duk. Eskola egiten ari gaituk. Informatiboak dituk ETBren fuertea. Urte gutxi barru jende trebea izango diagu informatiboak egiten".
Aspaldian hasi ziren Donostiako Miramon-en ETBrako obra berriak egiten. Labaien-ekin hasiera batean onartutako planak murriztuta geratu dira obrak presuposturik gabe geratu direlarik behin eta berriz.
"Barne produzioa dela eta, hor zegok Miramongo obra. Durango informatiboak egiteko dago, eta produzio osoa egiten da hemen. Urte hasieran Miramongo zati bat martxan jortzen bada ere ez gara erabat lasaituko. Han unidad movil batekin egiten dira grabazioak eta ez duk oso erosoa. Presupostua izaterakoan kontrol nagusi bat jarriko diagu. Baina noiz? Hurrengo urtean jartzen bada gustora".
K-2.000, ETBri begira produzitzen
Jakina da Euskal Telebista sortu zenetik bikoizketa enpresa pribatuak ere eraiki zirela Euskal Herrian. Hasiera batean bikoizketara dedikatutako enpresa horietatik sortu dira bertan produzioa egiteko iniziatibak ere gero ETBri edota beste telebistaren bati saltzeko. K-2000 izeneko enpresa dugu kasu honetan punta puntakoak. Euskal Telebistak berak baino grabazio estudio handiagoak, ekipamendu hobeagoa eta post-produziora dedikatzeko tresneriarik modernoenetakoa daukana Europa mailan. Euskal Telebistan lan egindako jende pizkorrenetako batek erikitakoa eta, zurrumurruek diotenez, PNVk bere sostengu ekonomikorako sortu dituen enpresatako bat bezala. Enpresa pribatu batek lortu ahal du normalean ente publiko batek ezin duen prezioa. Bertako produzioa egin, ETBri saldu, eta honi berak egitea baino merkeago aterako litzaioke.
"Saltzeko produkto bat ateratzen badute, bai. Erosiko genuke. Baina oso arriskutsua duk gure aldetik begiratuta. Hemen enpresa publiko bat eraikitzen baduk egiteko, orain ez zeukeagu erabat enpresa pribatu batengana makurtzerik ere. Gu ari gaituk produzioak egiten K-2.000rekin, eta gauzak ondo ateratzen badira magazin bat egingo da. Horri bueltaka gabiltzak aspaldian. Nork egin, nola egin eta zein presupostutan egin. Orain miloia, miloia eta berrehun mila pezetatan ateratzen ari duk ordua. Hori bera barruan egitea lau miloi kostatzen zaigu. Horrelako lan batekin hasi al gaitezke K-2.000n? Bueno, hasi K-2.000n eta gero Miramon martxan dagoenean Miramon-era pasatu. Bitartean gure jendeak ikas dezala haiek nola funtzionatzen duten. Guk egiterik ez daukaguna duk, hain lotsagabeki enpresa pribatu bat potentziatu ere! Orain, K-2.000ak baldin badauzka, eta badizkik, esaterako Unibertsitateko programa bat bazegok hor, bailarei burazko beste produzio bat ere bazegok hor, horiek denak erosiko dizkiagu. Horiek oraingoz guri begira eginda zeudek".
Iñigo, ETB-2ren fitxajea eta TVEren betoa UERen sartzeko
Jose Maria Iñigo telebistarako hasiko dela argitaratu du prentsak duela gutxi. Iriondok esan digunez bera eskaini da ETB-2rako 13 programako ziklo batekin.
"Hiri etortzen zaik Iñigo bat eta, onerako ala txarrerako, izena duen tipo bat, eta eskaintzin dik prezio batean. Guk Euskal Herrian ez zeukeagu inolako posibilitaterik norbaiti holako bat enkargatzeko. Horrek astero bi ordu emango dizkio zuzenean ETB-2ir. Guri doblea baino gehiago kostako litzaiguke programa hori produzitzea".
Europako Irrati-Telebisten Sarean, UER delakoan, sarrerik ez dauka oraindik ETBk, TVEk jarria dion betoa dela medio. Gailego eta katalanak ere kasu berean daude eta azaroan izango den bilera batetan puntu hau ikutuko dute berriro ere UERekoek.
"Garbi dago TVEk bideak ixten dizkigula eta ito egin nahi gaituela, ez dutelako onartzen inolako konpetentziarik".
ETB-2, ETB-1, hauteskundeak, sozialistak...
"ETB-2k aurrera segitzen badu, eta hori presupostuak onartzearen arauera zegok, informatiboak eta pelikulak erdaraz izango ditu, eta haur programak eta kirolak euskaraz ETB-lekin konektatuta. ETBko informatiboak euskaraz izango dira" esan digu Joxe Mari Iriondok, Gorordok prentsan azaldutakoa jasoaz.
Hauteskundeak gainean direla eta dagoen saltsa politikoa atera dugu harira.
"Saltsa politiko honekin zer gertatuko den? Bueno, legez egiten dena da, hurrengo urteari dagozkion presupostutatik tiratzen jarraituko dugu oraingoa aprobatzen den bitartean. Eta ETB-2ren presupostuei ezetz esaten badiete zer gertatuko da? Gerta daiteke ETB-2 segitu egingo duela. Oraingoxe egoeran segitu egingo dik programazio esperimentalean. Segitu egingo du oso presupostu txikia duelako eta gobernuak, legez, ETBren presupostuaren ehuneko 10a eman dezakelako beste inolako kontsultarik gabe. Beraz horrek iraun egingo du. Ixteko agintzen dutela? Aginduak ez dik baliorik izango tanketekin etortzen ez diren bitartean. Dena zegok presupostuen araueran eta iruditzen zaidak orain inpass hilabete batzuk izango ditugula".
Eta inork ahaztu nahi ez duena: sozialisten mamua.
"ETB-1 eta ETB-2 planteumenduak funtzionatuko dik presioa dagoen bitartean. Baina ez zegok presio handirik. Hik jo ezak oraingo hauteskundeetan, sozialistak etorri daitezke agintzera. Sozialistak etxe honetara baldin badatoz garbi zegok ETB-2 itxiko dutela eta ETB-1 elebidunduko dutela. Presio gogor bat ez badago pikutara joan daiteke dena".
Hau da, ez dago batere garbi datorren uztailan ETB-2 zabalduko denik eta ETB-1 euskara hutsez izango denik. Edozer gerta daiteke hauteskundeotan, eta ETBren presupostuak onartu egin behar dira hori horrela gertatzeko.
Iñaki URIA
32-34

GaiezKomunikabidTelebistaETBuzendariak
GaiezKomunikabidTelebistaETBBesteak
PertsonaiazIRIONDO2
EgileezURIA3Komunikabid

Azkenak
2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langileek soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


2024-12-19 | Gedar
Europan, pentsiodunen %13k jarraitu behar dute lanean

Erretiroa hartu berri dutenen %4,9k uztartu behar dituzte pentsioa eta lanen bat Espainiako Estatuan. Estonian %55 dira.


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


Ernairen kontrako 290.500 euroko isunak indargabetu ala nabarmen apaltzea onartu dute epaileek

Isunak baliogabetzeko helegitea jarri zuten Ernaiko gazteek eta arrazoi eman die epaileak. Naiz-ek eman du epaiaren berri eta ostegun honetan 10:30ean eginen du prentsaurrekoa Ernaik, zehaztapen guztiak plazaratzeko.


2024-12-19 | Julene Flamarique
TikToken karbono-aztarna Greziako urteko emisioa baino handiagoa da, ikerketa baten arabera

Sare sozialik opakoena da TikTok: ez du bere isurketei buruzko daturik argitaratzen. Gainontzeko sare sozialek baino gehiago kutsatzen du. 2030erako "karbono neutral" bilakatzeko konpromisoa hartu duela esana du.


Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude