Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Jesus Altuna arkeologoari elkarrizketa
Jesus Altuna: "Lehen Euskal Gizona Aztertzen Espetializatzea Erabaki Nuen Gaztetan''
Donostiako San Telmo museoan sartu eta, hirugarren pisuan, hezur, liburu eta artxiboz beterikako laboratorio baten barruan aurkitu dugu JesusAltuna, idazmakinaren aurrean. Barandiarango Joxe Migelen ondorengorik handiena dugu seguruenik lehen euskal gizonaren azterketetan. Halabeharrez, gaur egungo jakintza mailak hala eskatzen duelako, arkeologiaren alorrean sakondu ditu bere azterketak. Zientifiko planta izateaz gain izaera bera ere halakoxea du. Hasieratik utzi dugu garbi dibulgazio mailako elkarrizketa bat nahi genuela eta eskolak trebatu dituen maisuen erraztasunez kontatu dizkigu guztiak.
GALDERA: Nola heldu zenion gai honi? Zerk bultzatu zintuen honetara?
ERANTZUNA: Nik lehendabizi biologia ikasi nuen Madrilen eta batez ere gizona aztertzea gustatzen zitzaidan. Orduan ikusi nuen heldu zela Barandiarango Joxe Migel Barandiaran bestaldetik eta ikusi nuen han proportzio oso ona neukala jakintsu honekin lanean hastea. Orduntxe amaitu nuen karrera eta orduan hasi zituen berriro hemen on Joxe Migelek lehen gizonaren azterketak. Gerra aurretik aritu izan zen Aranzadi eta Egurenekin, baina gerra garaian aldegin egin behar izan zuen, eta 53. urtean bueltatu zen.
Nik gizona, Euskal Herriko gizona ikasi nahi nuenez geroz jakintsu horrengana joan nintzen. Halaxe hasi nituen nere esperientzia eta azterketak bere ondoan.
Berak bi atal aztertu ditu batez ere: gaurko gizona, alegia gaurko euskalduna, eta bere garaian berak aurkitu dituen kulturak hemen inguruan, baina kultura horiek oinarri batzuk dituztelako eta kultura guztiak lehendik datozelako on Joxe Migel lehengoa ere aztertzen hasi zen, ez gaurkoa bakarrik, bai eta lehengoa ere.
Gaur egun gauza askoz ere gehiago dakigu noski, asko gainera on Joxe Migelek berak erakutsi digulako, eta orduan dena hartzerik ez dago. Garai hartan bai, on Joxe Mi gelek dena aztertzen zuen, baina gaur, beharbada asko dakigulako, nahi eta nahi ez espezializatu beharra daukagu, on Joxe Migelengan ere ikusten da, azken denboraotan etnografia bakarrik egiten du, denetarako denborarik ez dagoelako.
Nik hasieratik mugatu nuen nire alorra. Orduan esan nuen , "lehen gizona bakarrik aztertuko dut, dena aztertzeko, sakonki aztertzeko, denborarik izango ez dudalako". Eta halaxe, lehendabiziko azterketak egin nituen on Joxe Migelekin Lezetxikin, Arrasateko kobazulo batean, hemen Aizpitarten, Errenteriako beste kobazulo batean etabar. Gero handik urte batzutara ni neroni hasi nintzen. Ja azterketak kobazuloetan, eta tri kuharrietan, eta cromlech-etan eta zuzentzen... eta horixe da hasiera.
GALDERA: Gerora, zure inguruan egin da berriz halako beste eskola moduko bat...
ERANTZUNA: Bai... eskola baino gehiago ba..., noski, gu irakasleak izan gara on Joxe Migelekin hasi ginenak... Gu hasi ginen, batez ere lau lagun, esango nuke nik, hemen... segitzen dugunak, eh... beste batzuk etorri ziren garai hartan, asko hasi ziren hasieran baina, utzi egin zuten gero. Baina honetan segitzen dugunok, orain gaude hemen ba, Juan Mari Apellaniz, Deustun dagoena, Armando LLanos bestea, Gasteizkoa, Inazio Barandiaran, Euskal Herriko Unibertsitatean dagoena, eta ni. Guk lauok Jarraitzen dugu. Hiru irakasle gara gainera, Inazio Barandiaran, Apellaniz eta ni. Eta noski, orduan irakasleak ere hurbildu zaizkigu guri, gu on Joxe Migelengana garai batean joan ginen bezalaxe, eta horiekin ere halako talde bat egin dugu eta orain lan gehiago egiten da, on Joxe Migel bakarrik ibiltzen zen orduan, bi lagunekin nahi baduzu, orain berriz batera egiten ditugu ba, azterketa asko, eskabazio asko.
Lehen gizona aztertzeko nahi eta nahi ez lehendabiziko pausua da prospezio bat egitea, hau da, ikusmira ibili alde guztietan ea non dauden aztarnak, lehen gizonaren aztarnak. Hori da lehen prospezioa. Aztarnategi bat aurkitzen baduzu, kobazulo batean edo beste leku batean, hura aztertu, eskabatu, industu. Eta eskabazioak denbora asko behar du. Mantso mantso egiten dira lan hauek, ezin da aitzur batekin joan, lurra altxa eta han dagoena bakarrik jaso. Ikusi egin behar da nola dagoen han aurkitzen duzuna, inguruko beste gaiekin ze erlazioa duen, ze lur-mailetan zegoen, ikusteko zein den zaharrena, zein berriena etabar... Hori kontu handiarekin egin behar den lana da, orduan eskabazioak denbora asko behar du. Baina hori da oinarria, hortik aterako bait dira gero aztertuko ditugun materialak. Hortik aterako dira gizon hark egiten zituen tresnak, alde batetik, bere hezurrak ere bai batzutan, aurkitzen ditugu, bere arraza nolakoa zen jakiteko, eta berak jaten zituen aberen hezurrak ere hantxe aurkitzen dira. Horiek dira gero, laborategian aztergai.
Hemen jeneralean. kanpo azterketak, udan egiten ditugu, batzutan Aste Santuan ere bai, baina jeneralean udan, eta gero kurtsoan zehar, gainera klaseetara joan behar dugu eta kurtsoan zehar ezin dugu horrela hilabete pasa aztarnategi batean, orduan, kurtsoan zehar aztertzen ditugu udan bildutako material guzti horiek, eskabatutako material guzti horiek.
GALDERA: Bildutako material horietatik, ze gizon mota, ze inguru eta ze datatakoa den aterako duzue...
ERANTZUNA: Hori da. Lehendabizi hezurrak, giza-hezurrak azaltzen baldin badira, ba orduan jakin dezakezu zer nolako gizona zen. Esatebaterako hemen, trikuharrietan azaltzen zaigun gizona, gaurko euskalduna bezalakoxea zela. Orduan, brontze aroan, hor ja euskaldonak bizi ziren. Indoeuropearrak hona etorri aurretik; ari naiz orain dela 4.000 urteko kontuekin. Hezur horietatik hori ateratzen duzu garbi.
Gero, aztarnategi batean aurkitzen dituzu zenbait tresna. Batzutan harrizkoak bakarrik, harri-aroan gaudelako, eta tresna horien morfologiatik dakizu ze garaitan gauden: magdalen garaian gauden, edo solutre garaian gauden, edo moustier garaian gauden... hauek denak kultura desberdinak dira, prehistoriako kultura desberdinak.
Brontzezko tresnak aurkitzen baditugu, brontzezko aizkorak, edo brontzezko gezi-mutturrak, edo azkonak etabar, badakigu brontzea ja ailegatua zela garai horretan. Burni aztarnarik ez badago badakigu brontze garain gaudela oraindik, burni aroan sartu aurretik.
Hezurretatik ere gauza asko ateratzen da. Hezurretatik atera dezakezu gizon hura ehizetik bizi zen, edo artzaia zen, esaterako. Basabereen hezurrak bekarrik aurkitzen badituzu aztarnategi batean, guk Lezetxikin edo Errallan aurkitu ditugun bezala, oreinenak, basauntzenak, orkatzenak, basazezenenak, bisonteenak etabar, badakizu gizon ehiztariak zirela. Oraindik domestikazioa ez zen azaldu. Beste aztarnategi batean aurkitzen badituzu ahuntzak, ardiak, zerriak etabar badakizu hori artzaia zela gutxienez.
Gero askotan, sukarrietan ere ikusten da, mikroskopioz begiratuz, sukarri horrek ze lana egin duen Esatebaterako, sukarriekin garia edo garagarra ebaki baldin bada, garagarrak eta gariak arrasto berezi batzuk uzten dizkio sukarriari. Mikroskopioan nabari nabari ikusten dira. Orduan badakizu nekazariak ere bazirela. Izan zitezkeen artzaiak bakarrik eta oraindik nekazaritza sartu gabe egotea.
Horrela, piskana piskana, rekonstruitu egiten dugu gizon horren bizimodua, gizon horren joan etorriak... etabar. Batzutan, aztarnategi batean, nahiz eta kostaldetik oso urruti egon, ba maskor asko aurkitzen dituzu, molusko asko, kontxa asko, lapak etabar. Orduan, lapa horietatik badakizu, nahiz eta itsasoa urruti egon itsasaldera ere askotan joaten zela kontxa horiek hartzera, elikagai bezala. Beste batzutan berriz, Amaldan ikusten ari garen bezala, Amalda Zestoan dago, kostatik urruti; Amaldan kontxa asko aurkitzen dira, baina oso txikiak, jateko balio ez dutenak. Orduan, zertarako eramaten zituzten? Orain ari gara hori aztertzen, baina badirudi apaingarri bezala eramaten zituztela; zulatu eta zintzilikario bezala eramateko. Kostaraino joaten ziren. Eta kosta orduan ez zegoen orain dagoen toki berean, baizik eta hamabi bat kilometro urrutirago. Hemen, izoztaroan, itsasertza askoz ere urrutiago zegoen, hamabi bat kilometro bai urrutiago. Amalda urruti dago kostatik, gero hamabi kilometro itsasertzera joateko, eta beste hainbeste bueltatzeko... eta hala ere haraino joaten ziren kontxa txiki horiek hartzera. Nonbait zer edo zer esaten zien apaingalu haiek. Horrela piskana piskana osatzen duzu haien bizimodua, haien izakera, haien pentsakera ere, eta haien erlijioa ere bai askotan. Aztarnategi batean, Altxerrin eta Ekainen gertatu zen bezala, barruan aurkitzen badituzu halako irudi zoragarri batzuk, ba zerbaitetarako egin zituzten irudi haiek. Ez zituzten egin kobazuloa apaintzeko bakarrik, hala egin izan bazuten kanpoaldeago egingo zuten, argia sartzen den lekuan, berak bizi ziren lekuan, atarian... eta atarian sekula ez zituzten egiten. Han sakonean, argirik ez dagoen lekuan, bizi ez ziren lekuan... Atarian bakarrik bizi ziren berak. Barrualdean ez da aztarnarik, irudiak bai.
GALDERA: Hainbeste lanen ondoren, ze irudi atera duzu lehen euskal gizonaz?
ERANTZUNA: Historian zehar aldaketa handiak ikusiak ditugu. Lehendabizi aurkitzen ditugu paleolito garaiko tresnak, zaharrenak. 100.000 urte baino zaharragoak. Garai horretan hemen, neanderthal arrazako gizakia bizi zen. Neanderthal hau zabaldu zen Europa osoan eta beste lekuetan ere bai, eta bueno, artean ez zen euskalduna. Gaurko arrazak ez bait ziren sortu oraindik, ez hemen ez inon. Gaurko gizakia ez bait zen artean sortu. Gizakia bizi zen, batez ere Europan, Asian eta Afrikan, poblatu gabe zegoen Amerika, oraindik ez zen gizona hara ailegatu. Gero, goipaleolito aroan hasten da gaurko gizona. Eta orduan, hemen ikusten da piskanaka, paleolitoa bukatzera doanean, kromagnon arrazako gizona zabaldu zela Europa osoan. Eta kromagnon hori ere zabaldu zen hona. Eta kromagnon horrek izan zituen zenbait eboluzio, zenbait bilakaera, zenbait tokitan diferente. Esatebaterako, kromagnon horrek leku batzuetan gaurko arraza mediterraneoa eman zuen. Beste leku batzuetan gaurko arraza dinarikoa eman zuen. Beste lekuetan, hemen, kromagnon gizon horrek eman zuen euskal arraza. Euskal arraza ez zen beste leku batean sortu eta hona etorri, baizik eta hementxe sortu zen, kromagnon enda horretatik. Hori arraza aldetik.
Kultura aldetik ez da erraza lotzen paleolito aroa eta geroztikako garaiak, baina bueno, Barandiaranek lotura batzuk ikusi ditu, brontze aroan zehar, burni aroan zehar gaurko euskaldunekin. Alegia, berak jasotako zenbait ohitura eta ipuinek badutela oinarri zaharra. Noraino ailegatzen diren oinarri horiek ez da gauza bat ere erraza. Halaz ere, euskara ere oso zaharra dela esan daiteke, ba etxeko abereen izenak esaterako, ez direlako indoeuroparrak. Indoeuroparrak sartu ziren hemen gutxigora behera, Kristo aurretik zortzigarren mendean edo horrela. Indoeuropearrak bere pentsaerak etabar sartu zituzten baina guk hemen ditugun abere izenak ez dira indoeuropearrak. Behia, eta zezena eta zaldia eta... ez dute zerikusirik indoeuropear hizkuntzetan erabiltzen diren izenekin. Orduan, etxeko abereak sartu zirenean hemen, neolito garaian, handik piska batera ere euskara hitzegiten zen hemen. Gero sartu izan bazen euskara, izen horiek indoeuropearrak izango ziren. Hortik atzera jotzea oso zaila da. Harriak hor geratzen zaizkizu, hezurrak ere bai, baina ideiak eta hizkuntza ez zaizkizu fosilizatzen.
GALDERA: Hemengo historiografian, historiaurrea, Erdi Aroa eta Aro Modernoa dexente landu badira ere, ez al daude hutsune nabarmenak?
ERANTZUNA: Bai, hor badaude oraindik ere betebeharrak. Erromarren garaiko azterketa asko egin behar da, datu asko jaso behar da, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan eta Araban nahiko ondo ezagutzen da erromarren garaia, baina hemen azterketa asko egin beharra dago. Lehendabiziko Erdi Aroko gizaldietan ere bai. Horretaz oraindik gutxi dakigu. Hemen, Unibertsitatea sortu zenetik, ikasle askok bukatu du bere karrera, eta historia hain zuzen asko ikasi da, eta horiek ari dira beren tesinak, beren tesi doktoralak eta mamitzen. Hortik, hemendik urte batzutara, askoz ere gehiago jakingo dugu. Orain dela urte gutxi gehiago genekien prehistoriari buruz urte horiei buruz baino. Hutsune hori betetzen ari da.
GALDERA: Duela urte batzuk dexente erabiltzen zen antropologia fisikoa edo etonologia euskal nazionalismoa azpimarratzeko eta. Orain ez da halakorik...
ERANTZUNA: Alde batetik, zientzia gauza bat da, eta politika bestea. Batez ere ikusi dugunean politikak alde guztietan sartu nahi duela, sartu behar ez duen tokietan ere bai, ba orduan guk geuk ere piska bat atzera egiten dugu. Esan nahi dizut, azter ditzagun gai hauek kritika onarekin, metodo onarekin eta bueno, hortik zerbait ateratzen bada ikusiko dugu, baina behinik behin askoz ere kontu handiagorekin jokatzen dugu honetan. Eta politikoak gehiegi sartzen dira nere ustez. Unibertsitatean ere gehiegi sartu dira. Unibertsitateak librea izan behar du, independientea. Politikak noski behar ditu politikoak. Baina hainbeste sartzea gure herrian, gai guztietan, hori ez da hona gure herriarentzat. Zientzia egin behar da independentzia hanndiarekin eta kritika haundiarekin, bestela ondorioak gaizki aterako zaizkizu. Hari baten atzetik joango zara, eta hori ez da zientzia egitea, gaiak ematen dizuna hartu behar duzu ateratzen den bezalaxe, eta hortik aurrera segitu.
GALDERA: Zuk mikromamiferoak eta erabiltzen datatzen omen dituzu aztarnategietan jasotako materialak.
ERANTZUNA: Gaur prehistoria zientzia interdisziplinar bat da. Garai batean ia tresnak bakarrik aztertzen zituen eta kitto. Baina gaur egun ikusi da aztarnategi batetik beste gauza asko ere ateratzen direla. Aprobetxatu egin behar ditugula lehen gizonaren ingurune osoa ondo ezagutzeko. Ingurua nahi eta nahi ez ezagutu behar dugu hobeto jakiteko gizon haren bizimodua. Inguruak asko ematen dio gizonari, eta lehen gizonari gehiago. Gu asko independizatu gara ingurunetik. Ingurune hori ezagutzeko aztertzen ditugu, zuk esan duzun bezala, ugazdun txiki horiek. Behar bada, ugazdun txiki horiek, sagu-txiki horiek, eta satitxu eta satañe eta... ez zituen gizonak harrapatzen jateko, berak sartzen ziren kobazuloan, edo batzutan, hontzen bat bizi zen han bertan, eta hontzak harrapatzen zituen bere saguk edo satañak eta gero han botatzen zituen bere hezurrak atarian. Hezur txiki horiek sedimentatzen dira gizonaren tresnekin, edota gizonek jandako abere hezurrekin etabar. Sagu-txiki horiek oso onak dira ingurunea ezagutzeko. Zer nolako klima, zer nolako giroa zegoen, landaredia... Eta ez hori bakarrik. Lurrean ere geratzen da lorautsa ere, polena. Hori ere fosilizatu egiten da. Lur hori hartu eta polena jaso egiten da. Landare bakoitzak lorautsa diferentea izaten du. Hortik dakizu ingurune hura harizti bat zen, pinudi bat zen, pagadi bat, edo belardi bat zen... Palinologia deitzen den zientzia honen bidez inguruko landaredia zein zen jakin daiteke.
Gero, hobeto jakiteko noizkoak diren gauza guzti horiek, hezurrak datatu egiten dira. Datazio hau guri Iparrameriketan egiten digute. Hezur mordo bat bidaltzen dugu eta esaten digute hezur bakoitza zein datatakoa den. Fisika erabiliz egiten dira azken datazioak. Karbono-14aren bitartez.
Iñaki URIA
27-31
GaiezGizarteaientziaAntropologi
PertsonaiazALTUNA7
EgileezURIA3Gizartea