Antonio Zabala, Bertso Zaharren Artxiborik Behinena


2021eko uztailaren 20an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Aurrera Daraman Auspoa Liburutegiaz Eta Bertsoaren Munduko Gaiez Aita Zabalarekin
Antonio Zabala, Bertso Zaharren Artxiborik Behinena
Ezin jakin herri literaturaz eta bertsolaritzaz zer jakinduria izango genukeen orain, Aita Zabala 1960. urte irian bilaketa eta jasotze lanetan abiatu ez balitz. Zabala hasi ez balitz egingo ote zuen beste inork bera hain galanki burutzen ari den lana? Batek daki. Pello Errota eta Otañoren bertsorik ez zen galduko, baina bai agian Gaztelu, Saikola Txabalategi edo Anduagaren batzu. Horregatik, hainbeste lan egin eta informazio bildu duen Antonio Zabalarekin nahi genuen egon. Bere apalean, guzti hauek kontatu zizkigun:
GALDERA: Auspoak egundoko bertsolari pilaren bertsoak eman ditu argitara, baina asko eta asko ahiturik daude, zergatik ez dira berriz kaleratzen?
ERANTZUNA: Begira, gauza bat esango dizut, ni gehien kezkatzen nauena liburu berriak ateratzen jarraitzea da, aurrera jotzea. Baina bestelako arrazoiak ere badira. Liburu baten bigarren argitalpena ateratzerakoan beldurrik handiena 100 ale bakarrik saltzea da, nekez salduko duzu gehiago, herri ttikia gara, irakurlego urria dugu. Beharbada, aurki Txirritaren heriotzearen 50. urteurrena denez bere bertsoak atera litezke.
Beste arrazoi bat eta ez azala, argitaratutako bertso-liburuak sortzen duen fenomenoa dugu. Bertsolari horren auzo, herri edo inguruko jendea, ikusiz halakoren bertsoak argitaratu direla, bere kabuz hasten da bertsolari haren bertsoak gogoratzen, adiskideei haietaz galdezka, eta liburua kaleratu eta aste batzuetara, nik harrapatu ez nituen bertso mordoxkaren berri iristen zait. Kaskazurirekin esate batera, horixe bera gertatu zitzaidan. Mendiko baserri galdu batetik jaso nuen liburua kalean zela penitentzia-bertso sail bat. Honek, jakina, eskatzen du, berrargitarapen bat egin behar baldin bada, lehengo liburua hobetzea, geroztik bildutako bertso eta pasadizoak sartzeko, erdaraz "edición corregida y aumentada" esaten dena. Askotan, norbaiten bertso erdia iristen da nere eskuartera, argitaratzen dut eta berehala bertso sail osoa datorkit, horregatik, bigarren argitalpenak ere kontuz egin beharrak dira.
GALDERA: Azken bost urtetan prosa-liburuak kaleratzera jo duzu. Gauza jakina da ere animatu egiten duzula hainbat edadeko jende bere pasadizoak eta idaztera.
ERANTZUNA: Egia da, aspaldi konturatu nintzen hainbat jendek gauzak kontatzeko doai berezia zuela, Uztapide bat bazkalondokide tokatzea ez zen suerte urria. Guzti hori ere ahozko literaturaren barrenean kokatzen da eta ezin da galtzera utzi. Horretatik ale batzu atereak gaude Auspoan. Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua, Salaberriaren gerrako gogorapenak, Uztapideren "Lengo egunak gogoan", Txirritaren iloba Erauskinen liburuan garai bateko ohitura zaharrak, Alkainen gerrateko ibilerak eta beste batzu.
Honetaz ari garenez, bi gertakizun kontatuko dizkizut. Behin batean Irazustak telefonoa jo zidan artikulu bat egina zuela esanez. Joan naiz, hasi naiz ikusten eta berehala konturatzen naiz han ez dagoela inon artikulurik, nobela mardul baten hasiera baino. Atañorekin ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Aita Intzak ba omen zituela Iruñean bere idazki batzu. Joan nintzen Intzarena eta gero "Txantxangorri kantaria" izango zen hain liburu famatu eta ederraren irazkia eskutaratu zidan. Berehala, joan Atañorena eta idazten segitzeko eskatu nion. Orrazketa batzu eta halako liburua atera zen gero.
Halakoetan, eskolaren falta da nabarmenena, Uztapide batek ez zizun ez puntu ta ez komarik jarriko, eta askotan beregana jo behar zer esan nahi zuen zehazki jakiteko. Kapituloekin ere hala gertatzen da. Dena den, honek denbora eskatzen du eta nik ez dut astirik. Oraintxe bertan, bada 80 urteko baserritar bat, bere bizikizunak magnetofoian jaso dituena, eta Goierrin ere badira beste bi, baina hortik liburua kalean ikusi arte, oso prozesu luzea da, eta beta behar.
GALDERA: Bertsoen bila ibilia zaitugu luzaroan: fitxero, bertso-paper zahar e.a. izango dituzu ezta?
ERANTZUNA: Bai, badut artxiboa egileka, gaien arabera sailkatua...
Guzti honek gauza bat dakar, ikasi egiten duzula, garai batean neretzat berriak ziren bertso zahar asko jasotzen nituen, ez dakiena rentzat dena ikasgai, baina denborarekin gauza asko jasotzen duzu. Lehen gehien bat herriz herri eta baserriz baserri ibiltzen nintzen bertso bila. Orain ez, zaila baita datu berriak sortzea, beharbada arratsalde oso bat pasatzen dut bertso asko dakien gizon edo emakume zahar batekin, baina neretzat ezezaguna bat edo bi, horregatik orain ez naiz hainbeste mugitzen. Nire joera hau izaten da: bertsolariaren iloba edo bilobena jotzen dut edota bestela herri horretako bertsozaleenena. Horrela bertso horiek zergatik jarri ziren e.a. jabetzen gara.
GALDERA: Nola sortu zen Auspoa, zer martxa eraman izan du urteetan barrena?
ERANTZUNA: Arreba eta biok hasi ginen. Medio exkaxez gainera. Orri bat zabaldu genuen harpidedunak eskuratzeko. Lehen orain baino gehiago ziren, gu eta Kulixkakoak bai kinen bakarrik, orain aukera askoz joriagoa da euskaraz eta badakizu, lanik eza ta. Nik uste orain dendan gehiago salduko den, baina esan behar da harpidedunak bakandu egin zaizkigula. Ezin bazterrean Gobernua eta Diputazioaren laguntza utzi, horiek garaiz etorri ziren, haiek gabe gureak erreka joko bait zuen.
GALDERA: Zertan ikusten duzu gaur egun galerarik handiena herri-literaturaren aldetik?
ERANTZUNA: Hara, gu erdarak kutsatuta gaude, gogoan erdara daukagu erroraino sartuta. Beharbada euskara hutsez mintzatu eta pentsatzen zutenen urritze hori da ni gehien kezkatzen nauena. Uztapideren liburua irakurri ahala, aise konturatuko zara hura euskaraz pentsatu eta mamitua dagoela, hartu gaurko euskal egunkari bat eskuartean eta somatuko diozu halako euskarazko sasi jazkera, baina azpitik erdara.
GALDERA: Zergatik hain publizitate gutxi Auspoako liburuei?
ERANTZUNA: Ni ez naiz gehiago arduratzen ateratako liburuez, bota eta aurrera segitzen dut, gauza berriei ekiteko, ez dut ateratakoa irakurri ere egiten, ez diot publizidadeari garrantzia gehiegi ematen.
GALDERA: Nola ikusi zenuen gerra garaiko bertsolaritza?
ERANTZUNA: Gerra zela ere, bertsolaritzak iraun zuen, ez indarrean baina. Alde batetik nahiz bestetik, oso bertso gutxi atera ziren. Karlistadetan ezberdina izan zen, bigarrenean adibidez, makina bat bertso atera zen.
Gerra garaian, propaganda egiteko erabiltzen ziren bertsoak gehien bat, baina halere ez zen gehiegi aditzen. Bertso-paperen bat, irratian zerbait, egunkariren batean, "Eguna"n adibidez.
Baziren pasadizo bitxiak ere. Trintxera batetik bestera bertsotan aritzen ziren. Alkain adibidez, abertzaleen bandutik Amezketako artzai batekin aritu zen bertsotan trintxeratik trintxerara. Rekete batek hori toki frankotan gertatu zela omen zioen. Beregana jo nuen, baina ni iritsi baino egun batzu lehenago hil zen. Frentetik etxera bertsoak bidaltzea ere eguneroko gauza zen.
GALDERA: Nola sartu zinen bertsoaren munduan?
ERANTZUNA: Nik uda Adunan igarotzen nuen eta han entzun nituen aurreneko aldiz. Jaiak egin behar zirela baina, bertsolariei ordaintzeko adina diru ez, orduan Batixte Asteasukoa diru biltzen aritu zen baserriz baserri haiek ekartzeko.
Garai hartan Zepai, Txapel, Basarri eta lehendik zetorren Lujanbio ibiltzen ziren.
GALDERA: Bertso-paperak eta?
ERANTZUNA: Maiz entzuten da gerra ondoren gauza guzti hauek galerazi egin zirela, baina ez da hori egia osoa. Zenbait tokitan segitu zuten, alkatea segun eta zein zen izaten zen. Oroitzen naiz nola nagoen 41.ean Tolosako eliz-atarian bertso-paper saltzailea ikusia, Hondarribiak estropadetan irabazi zuela ta. 54-55.eraino saldu ziren banaka batzu. Nik dakidala Saikola Zestuakoak saldu zituen azkenak. Mendaro Txirristaka ere aritzen zen saltzen, hark euskaraz eta erdaraz egiten zituen.
GALDERA: Txapelketa gehienetan edo guztietan epaile izanak nolako esperientzia eman dizu?
ERANTZUNA: Esperientzia baino gehiago eskarmentua, ez da ez atsegina izaten. Behin Bordarik esan zidan bertsoa ez zela neurtzen pixuz, metroz edo erlojua bezala, neurtzeko zailtasuna hortik zetorkiola, eta arrazoi handia zuen. Hor bada gainera iritzi morala edo "apreciación moral" deitu genezakeen zerbait. Egia esatea nahi baduzu, txapelketetako epai-mahaitik kanpo oso lasai sentitzen naiz, gustora.
GALDERA: Txapelketetako zein bizikizun dituzu gogoan?
ERANTZUNA: Ez dakit ba zer erantzun. Gogoan ditut bi txistualdi. Bata Xalbadorri jo ziotela uste dut. 100.000 ptako sari bat zegoen, eta bere izena eman zenean txistu hotsak entzun ziren jendartean. Bestea Xalbadorri egindako txistualdi ezagun hura da. Lazkao Txiki, Lopategi eta Gorrotxategi zeuden ere, baina batek Uztapiderekin jokatzeko pasa behar zuen aurrera. Epai-mahaiak Xalbador zela eritzi eta txistualdia. Ez bait zion jendeak Xalbadorri ulertzen. Errimak "hauteman, atxeman, eman" egiten bazituen, jendeak potto zela uste zuen, eta haserretu egiten zen. Gero, hemengoek ikasi egin zuten pixkana hangoen hizkera eta Xalbadorrek ere hemengoa. Hura urte batzu beranduago ez zen inola ere gertatuko. Gipuzkoak oso maitekiro hartu zuen geroztik Xalbador.
Gertatzen zen bestetan ere norbaitek errietan ematea beren kuttunen bat aurrera pasa ez zelako. Behin Lopategi ez genuen finalerako utzi eta bizkaitar batzuk errietan egin ziguten Donostiako Parte Zaharrean.
GALDERA: Zer nolako jokabidea erakusten zuten bertsolariek garai hartako zentsura eta Euskal Herriaren aurkako giroan?
ERANTZUNA: Begira, berek bazekiten muga non zegoen, eta ez zen istilurik sortzen. Garai hartan Arrue genuen behar ziren baimenak eta lortzeko.
GALDERA: Aldaketa iritsi omen da gazteekin forma nahiz edukiaren aldetik teknika dela ta. Bertsolari eskolak ere hor dauzkagu. Nola ikusten duzu guzti hori zuk?
ERANTZUNA: Mugimendu berri hori ez dut jarraitu, ez borondate txarrez, baina nere ahaleginak bertso zaharren bildumarako dauzkat gordeak, hori da nere lana, nere neurria horiek betetzen dute, aski lan dut zaharrekin gaurko mugimenduan ere sartzeko.
GALDERA: Aurtengo txapelketa. Puntuaketa sistima, zaharra eta berria, ongaitzak.
ERANTZUNA: Txapelketari ere ez diot segitu. Puntuazioa eta, ez dakit oso zehatz esateko nola dagoen, esan dizut lehen ere epai-mahaian ez nagoenetik askozaz ere gustorago sentitzen naizala.
GALDERA: Asko dago gaur egungo bertsolaritzaz teorizatzeko, freskotasuna e.a. Hor ibili zaizkigu Zulaika bat nahiz Fito Rgz Bornaetxea bat, baina Aita Zabala isilik egon da.
ERANTZUNA: Ez dut teorizatzen hasteko gogorik, nere lana gainera, materiala ematea da, hori da nere kezka, lehen bailehen argitaratzea, ez dut astirik beste ezertan aritzeko. Herri-prosa mailan zerbaitxo egiten ere denbora asko joaten zait, horrek denbora handia eskatzen du, ezin iritsi. Laguntza handia behar dute prosa hori idazten dutenek, begiratu egin behar ea ongi dagoen puntuazioa, eta ondo badago tira aurrera, ematen du prosaren sail hori ongi doala.
GALDERA: Zer eskeiniko diguzu hurrena?
ERANTZUNA: Orain bizkaitar baten bertsoak argitaratzear nago, oso bertso-jartzaile polita da, errima eta neurria oso ondo ematen dituena, zeanuritarra da, hori da oraingoz hurrena datorrena.
Iñaki CAMINO
27-31

GaiezKulturaBertsolaritBesteak
GaiezKulturaArgitalgintArgiteletxeAuspoa
PertsonaiazABALA2
EgileezCAMINO1Kultura

Azkenak
Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Eguneraketa berriak daude